2010-01-26

Berriozarko Irakurle Kluba: liburu aldaketa

Dakizukeenez, Berriozarko Irakurle kluba martxan jarri genuen duela gutxi. Irakurri genuen lehen liburua Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea izan zen. Saio horretan bertan hurrengo liburua zein izanen zen erabaki genuen: Irene Nemirovsky-ren Arimen maisua. Tamalez, Arimen maisua liburua ez dago oraindik eskuragarri eta, gainera, martxoaren hasiera arte ez da izango. Horregatik liburu aldatzea erabaki dugu eta martxoaren 3rako ezarri dugun hitzorduari eutsiko badiogu ere, hauxe da egun horretarako irakurri behar dugun liburua: Pijama marradunaz jantzitako mutikoa, John Boyne gazte irlandarrarena.

Erraz irakurtzen den liburua da, oso laburra ez den arren, eta gazteek ere irakurtzeko modukoa da. Agian, liburuan oinarritutako luzemetraia ikusiko zenuten... bada, nire ustez, liburua hobea da. Nik duela bi urte baino gehiago irakurri nuen eta blog honetan bertan idatzi nuen liburuaz, baina orain gustura irakurriko dut berriz ere.


Gogorarazi nahi dizuet Berriozarko Irakurle klubaren ateak zabalik daudela eta parte hartzeko nahikoa da Berriozarko liburutegian izena izena ematea.

Martxoaren 3ko saioa aprobetxatuko dugu, bidenabar, Irene Nemirovsky-ren liburuaren ale bana jasotzeko eta hurrengo saioaren eguna eta ordua finkatzeko.

2010-01-22

Blog ahantziaren berpizkundea

Nire lagun batek dioenez, hiru hilabetez sarrera berririk gabe dagoen bloga blog hila da. Neronek badut, irakurtzen ari zaren bitakora honetaz landara, Iraganaren Bidea izeneko bloga. Blog hori EIBZn usu eman eta ematen dudan ikastaro batzuen osagarria da eta, hori dela zio, lantzean behin baizik ez da bizirik izan.

Ez dago bitakora ahantzia, baztertua, zokoratua eta bertan behera utzia baino kontu tristeagorik. Oximoron batekin esanda, bitakora abandonatuen isiltasun ozena baino kontu hitsagorik ez dago:

Isiltasun izugarri hori urratu nahian, erdi-hilik zegoen nire blog hori berpiztu nahiz, Iraganaren Bidean izeneko blogean Ipuinlari perfektuaren dekalogoa jarri dut, Horacio Quiroga-k egina eta Jesus Maria Mendizabalek, Bizargorrik, euskaratua.

Blog honetan bertan jar nezakeen dekalogoa, neholako arazorik gabe jarri ere, aurrekoan Mario Benedetti-ren Hizkuntzalariak ipuin hiperlaburra jarri nuen gisara, baina egokiagoa iruditu zait bestela egitea beste blog hori biziberritzearren .

Ikus daitekeenez, Uruguaiko idazleak maite ditut nik: klasikoak ez ezik, garaikideak ere. Gaur Egun, Montevideoren erdigunean bertan, Mercado de la Abundancia delakoan, Casa de los Escritores de Uruguay duzu: hitzaldiak, ikastaroak eta beste jarduera zenbait antolatzen dituzte eta, batez ere, idazleen topagunea da. Asko ikasi dut nik Uruguaiko idazleengandik...


Argazkian duela gutxi arte elkarteko presidente izan den Dina Díaz-ekin.

2010-01-10

Benedetti-ren "Hizkuntzalariak" ipuin hiperlaburra


Aurki bukatuko da Gabonetako oporraldia. Bihar lantokira itzuli behar. Baina, zorionez, badut lanik, badut norajoanik, eta, gainera, maite dudan hizkuntza batean lan egiten den lantokia dudanez gero, ez naiz kexatzen hasiko.

Hizkuntzarekin lan egiten dugunok sarritan sobera serio ibiltzen garenez, Mario Benedetti-ren ipuin bat ekarri nahi dut lerrootara: Hizkuntzalariak. Hizkuntza kontu serioa izanik ere, hizkuntzarekin lan egiten dugunok jakin behar dugu geure buruaz barre egiten. Eta serio demonio diot.

Hizkuntzalariak eta Beronen Inguruko Zientzien Nazioarteko Kongresuari bukaera eman zion txaloketa gogotsuaren ostean, takigrafi neska ederra arkatzak eta paperak jaso eta irteerarantz abiatu zen ehunen bat hizkuntzalari, filologo, semiologo, kritiko estrukturalista eta deskonstrukzionistaren artean, glosematikarekin parekatzeko moduko mirespenaz, haren ibilera lirainari.

Bat-batean gorputz fonikoa hartu zuten burmuin-irudiek:
-Nolako sintagma!
-Zelako polisemia!
-Ze esanahia!
-Nolako diakronia!
-Zein exemplar ceterorum!
-Zelako Zungenspitze!
-Nolako morfema!

Takigrafi neska axolagabe eta goibel iragan zen fonema oihan hartan barrena.
Soil-soilik piztu zitzaion irribarrean atezain gazteak, atea zabaldu baino lehentxoago, belarrian xuxurlatu zionean: "Polittori"

Montevideoko Villa Biarritz-eko neska

Fotokopia maiztu batetik kopiatu dut ipuin hiperlabur hau. Oker ez banaiz, EREINek duela urte anitz egindako liburu txiki batean argitaratua, poltsikoko Milabidai bilduma batean eta, ustez, Gerardo Markuletak euskaratua: ez dakit nori utziko nion liburua eta galdutzat eman dut honezkero. Zuri utzi banizun, itzuliko didazulakoan nago...



2010-01-05

Berriozarko Irakurle Kluba abian

Atzo jarri genuen martxan Irakurle kluba Berriozarren.

Aldi berean liburu bera irakurtzen duen lagun talde bat da irakurle kluba. Irakurri eta gera, liburuaz solas egiteko biltzen gara, nork bere iritzia emateko eta elkarrengandik ikasteko.

Hasteko, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea izan genuen atzo mintzagai. Oso-oso gustura izan ginen Berriozarko Liburutegi Publikoan.



Hurrengo hitzordua bi hilabete barru, martxoaren 3an, asteazkena, 7,30etan ezarri dugu eta irakurriko dugun liburua hauxe izanen da: Irene Nemirovsky-ren Arimen maisua.

Talde irekia da eta ez dago adituei edo literatur irakasleei soilik zuzenduta, baizik irakurle arruntei. Inork nahi badu bat egin, Berriozarko liburutegira jo eta izena eman dezala. Izena bertan emanda, liburuaren ale bat eskura dukezu eta martxoaren 3ra arte zure esku lasai irakurtzeko. Animo!

2010-01-03

Resurrección María Azkue, famosa escritora (sic)

Urte berriak beste urte bat gehiago ekarri dit: urtarrilaren hasiera-hasieran urteak betetzearen zama, urtero urte berriarekin batera beste urte bat gehiago betetzearen zama itzela. Aprobetxatuko dut inork ez duela blog hau irakurtzen – cause nobody reads my stupid blog - aitortzeko gaztaroko nire trauma hori ez dudala oraindik gainditu eta, honezkero, ez dudala uste gaindituko dudanik. Ziurrenik, zaharregia naiz horretan aldatzeko.

Hori horrela delarik, "zenbat urte duzu zuk" itauntzen didanari hauxe ematen diot arrapostu: "Zenbat? Nahi baino gehiago". Halere, ongi pentsatuta, zorioneko ni, jadanik urte batzuk pilatu ditudaneko seinale ona. Zorionez, gazteegia naiz oraindik adinaren kontuaz kezkatzeko.

Funtsean, denbora aurrera doa... eta gu harekin. Laster batean izanen al dut erabiltzerik Azkuek jasotako zahar-hitz hau? Iaz neukan nik bizarra beltza, eta aurten daukat zuria: ez dakit zelan bihurtu naizen urik gabeko errotarria. Ze jatorra, Resurreción Maria Azkue... "la famosa escritora vasca" (sic) behin Espainiako irrati batean entzun nuen gisara. On Resurrección María Azkuek burua jasoko balu...

2010-01-01

Urte barrigon



Argazkiko iturria Urdiainen da. Urdiainen, jakina denez, urte berriaren ur berria hartzeko ohitura dute. Ur goiena, ur barrena izeneko post-en duzue horren gaineko erreferentzia, gaur dela urtebete idatzia.

Iturriko ura baino biziago den beste zerbait edango zuen bart nire lagun ganberro batek, SMS baten bidez ondoko mezu hau bidali zidana:

Dios te salbe
makailu jale,
bost eta sei
hamaika;
txorizorikan ez baldin bada,
igoal dela lukainka

Txorizo onak
eta urte barrigon.