2021-12-30

Begiekin mintzo


Hiriburuzahagiko kafetegian,

Ernest Hemingway-ren harrizko begirada pean

zu eta biok mahai banatan

elkarrengandik urrun

baina geure gogoan elkarren hurren

elkarri begira soslaian

harik eta burua jiratu eta niri

so zaudela egiaztatu arte

zure begiak zirrikitu bihurturik.

Senarra mahaian utzirik

barrara eskatzera joan eta ni zure atzetik.

Zerbitzariari kafe-esne bat eskatu

eta beste bat, deskafeinatua

Jarraian tabernariak niri galdetu

ea nola nahi nuen deskafeinatua

“Ez, ez gaude elkarrekin”, erran zenion.

“Orain” gehitzea falta zitzaizun.

Aspaldi itxitzat neukan zauriari

zornea zeriola nabaritu nuen.

Begiekin zerbitzariari kontatu nion

gure artekoa nola bukatu zen.

Kafeak ekarri bitarteko tarte eternalean

ezikusiarena egin zenuen maisuki.

Nor bere mahaira itzulirik

senarrarekin eleketan zinen hasi,

baina zeharka niri beha;

nik kaier zahar hau eta luma harturik

hasperenak hasi nintzen tintaz gorpuzten.

Ernest zaharra begiekin mintzatu zitzaidan

bera ez dela nor aholkurik emateko emakume kontuetan.




2021-11-18

On Santosen itzalaren luzea

 

Obanosen irakasle ibili nintzen urteetan, iragan den mendeko azken hamarkadan, On Santos Begiristain apaiz-pistoleroa bizirik zegoen artean. Ohean gaixorik, ezin bizi eta ezin hil, iloba zahar baten zaintzapean eman zituen azken egun eta gau luzeak; beste mundua badenik sinetsita, zain izanen zituenaren beldur, antza, agonia luzatu zen luzatu, haren osasun egoera txarraren oihartzunak eskolara ere heldu zirelarik.

 

Eskola txikian nirekin batera beste bi maistra zeuden, horietarik bat Azagrakoa, eta On Santosen balentziak nik baino hobeki ezagutuko zituen, segur aski. Eskola unitarioa zen, eta Obanosko ume guztiak hiru gelatan zeuden banatuta: “Txikiak” (Haur Hezkuntzakoak), “Ertainak” (lehenengotik hirugarren maila bitarte) eta “Handiak” (laugarrenetik seigarren maila bitartekoak). Gainera, astean bi egunetan etortzen zen On Pedro Crespo apaiza, Erlijio (katolikoaren) eskolak ematera... baina hori beste kontu bat da.

 

Nolanahi, On Santos Begiristain, itzal handiko apaiza, ezin duin bizi ezin lasai hil, ez omen zen ordurako ohetik jaikitzen ahal, baina haren itzal luzeak pisu handia zuen artean herrian. Laudorioak eta losintxak nagusi On Santosen izena aipatzeko tenorean: Erroman ikasia zela, Teologian doktorea zela, Obanosko misterioa zela, Virgen de las Nieves baselizaren sustatzaile zela edo Xabierraldia zela eta.

 

Azkenean, On Santos hil egin zen eta handik gutxira San Juan Bataiatzailearen elizaren ondoko frontoian, (gaur egun zaharberritua) tindaketa bat agertu zen: “Santos Begiristain hiltzaile!”, herrian hautsak dexente harrotu zituena, ekintza horren oihartzunak ere eskolara heldu zirelarik, eta euskaraz egina egoteagatik susmo txar guztiak euskara irakasle honengana bideratzeko balio izan zuena. Entzuteko modukoak izan ziren batzuk, espantuka, horien ustez On Santosen izena ona zikintzeko egindako ekintza guztiz kondenagarri horren kontura, burugabe baten edo lotsagabe baten ekintza zela, agian aldi berean burugabe eta lotsagabe baten lana, dudarik ez, Obanosko misterioaren antolatzaile nagusiaren izena eta izana laidotzeko egindako barrabaskeria, gauez eta azpikeriaz egina gainera! Izan ere, santu izateko nahiko meriturik egin ez bazuen ere, dohatsu izateko, gutxi falta zaio, batzuen ustez bederen.

 

Baina On Santosen aldeko gorazarreak ez zuen zerikusirik antzerkiarekiko zaletasunarekin, ezkutatu nahi zutenarekin baizik. Izan ere, Obanosen hamasei lagun hil zituzten, eta Errepublikaren kontrako haren sermoiek piztu zituzten gerora erabilitako su-armak eta Azagran egindako hilkintzak; hor ibili zen On Santos, esku batean gurutzea, bestean pistola. Egia mingarria ez ikusteko erabiltzen ziren losintxak eta laudorioak, gaizkilea ongile bihurtuta., On Santosek berak idatzita jaso zuen bezala bere Libro de Actos Civiles delakoan: Han muerto, al peso de la justicia, en los primeros días del Movimiento Nacional Salvador de España mis feligreses: (...) Hotzikara batek hartu nau zerrendaren luzea ikustean Izan ere, Azagran hirurogeita hamaika lagun hil zituzten izen-zerrenda, On Santosen eskutik... eta ez da esateko modu bat.

 

On Santos Begiristainen itzal luzea, bere sotana bezain beltza, hor zegoen, eta haren itzal beltza zuritzeko erretolika gogaikarria apalduz joan bada ere. On Santos Begiristainen itzalaren luzea, oraindik itzali ez dena. Eskerrak gure memoriak ez duen preskribatzen.



2021-09-03

Pirinioari idaztea —"pantoum" delako bat—

 Pirinioari idaztea

baratzea ureztatzea da

udaroaren lehorrean edaten ematea Amalurrari

hitz emankorrak eman ditzan




Baratzea ureztatzea da

Amalurrari edaten ematea,

hitz emankorrak eman ditzan

Pirinoaren alde banatan



Amalurrari edaten ematea

ur bizia har eta eman dezan

Pirinioaren alde banatan

dugu egizkigun eta plazer



Ur bizia har eta eman dezan

Pirinioari idaztea

dugu egizkigun eta plazer

udaroaren lehorrean edaten ematea Amalurrari









2021-08-13

Ni hemengoa naiz

Zortzi-bederatzi urteko mutikoa nintzen, osaba Enrike zenaren 4L txurian, aita eta amarekin etorri nintzen udazkeneko igande batez. Maia baserria ez zen eroria, baina hamarkada batez itxita egotearen ondorioak hasiak ziren nabaritzen. Osaba Enriquek ehiza garaian baliatzen zuen, aterpe eta jantoki, baita eskopeta-biltegi ere.


Igande goiz hartan Enriquek ekarri gintuen 4L txurian, ez aitak ez amak ez baitzuten autorik, ezta gidatzen jakin ere; gutxitan izaten zen aukera osabaren autoan etortzeko, eta udazken goiz hura arbasoen baserrira etortzeko profitatu genuen.


Ezkaratzean hotz zen, eta hezedura-usain sarkorrak ongietorria eman zigun. Eskaileratik gora egin genuen bata bestearen atzetik; osaba, aita, ama eta ni azkenik, amak zapaldutako eskailera-maila bakoitzaren aztarnetan nik ere oinak pausatzen, zuraren karraskak lagun.


Gora helduta, iluntasuna nagusi, eta bizitzako usaina sarkorragoa zegoen, eta amak sukaldearen leihoak zabaldu zituen udazkeneko haize epela sar zedin. Leihoaren orriak zabaltzearekin batera, argi izpiek iluntasuna urratu eta orduan ikusi genuen, lanpara baten gakotik zintzilik, basurde bat hilik, odol zurrusta lehorra ahotik zeriola; eskopetak ez ezik, ehizakiak ere biltzen zituen bertan osaba Enriquek, 4L txuria zikintzeko beldur, agian.


Urte anitz iraganik ere, gogoan dut iltzaturik oraindik gure ama zena belauniko, igande goiz horretan zehar, ur beroz betetako balde eta trapu batekin odol arrasto gorri-iluna garbitu nahian; goiz erdia eman zuen, osaba ehizan aritzera mendira joan zelarik.  


Sarrik idatzi zuen “Ni ez naiz hemengoa”; baina ni hemengoa naiz.



Maia baserria, orain dela hogeita hamar urte inguru


2021-06-29

Bertze itsasoaren itzalpean

 

Joan Margarit-en Bertze itsasoaren itzala poema-liburuaren azken poema euskaratzen Olaldean bukatu nuen, 2018ko udaberrian. Negu gorri luzeari udaberria ari zitzaion gailentzen, Olaldean bertan astebete lehenago elurra ikusia nuen arren. Ama zenaren baserriaren ondoko gereziondoa loretan zen, eta leihotik argia sartzen zen artean. Baserriko ordenagailuko zaharraren aurrean eserita, fitxategiaren segurtasun kopia bat egin eta USB batean gorde nuen, zer gerta ere.

Denbora-tarte bat pasatu eta gero, Donibane Lohitzunen, Margarit-en poemak zuzentzen bukatu dudala uste dut. Uste dut hori izan zen galbidea. Zinez sekula ez da zuzentzen bukatzen, are gutxiago olerki baten itzulpena, eta hamaika berridazketa eginda ere beti egonen da zalantzaren itzala bertsolerro baten atzean kukuka, hitzen doinua eta soinua, hitzen hurrenkera baten inguruan, menpeko perspaus baten atzeko koma horretaz... harik eta bukatutzat eman behar den arte.

Peri Rossi poeta uruguiarrak dioenez, idaztea sedukzio prozesu bat da, eta itzulpena, maitasun prozesu bat. Ene kasuan, gaixoaldi luze baten ondorioz hasi nintzen tajuz itzultzen maite nituen olerkariak, gaixoaldi luze bat, ikastaldi luze bat dioen esaera zaharra berrinterpretatuz edo. IdeaVilariño, Wislawa Zsymborska... “Bakarrik emakumezko poeten lanak itzultzen dituzu, ala?” ihardetsi zidan lagun batek... Bada ez. Joan Margariten poemek aspaldi harrapatu ninduten. Miserikordia etxea liburuari esker ezagutu nuen eta, Bartzelonara joan nintzen batean, euskarari ekarritako poema-liburu horretako lekuak bisitatzen ibili nintzen, poemak estakuru.

Orain Bertze itsasoaren itzalak liburuan agertzen diren olerki hauek, Joan Margarit-ek berak hautatuak, euskaratzen bukatu egin ditut, eta gaizki sentitzen naizela aitortu behar. Badakit sentsazio hori egun anitzen lanaren ondorioa dela, mozkorraldia baten biharamunaren antzera, horror vacui edo hutsari beldurra izatearen ondorioz.

Donibane Lohitzunen, Kantauri aitzinean nuelarik, Mediterraneo ez den bertze itsasoaren itzala aurkitu egin nuen. Han pausatu nintzen geldi-geldi eta testu hau idatzi nuen. Eta eguzkiraren argia desagertu ahala, fitxategi hau itxi eta pantailaren goiko eskuin izkinara jo nuen: shut down.


Bertze itsasoaren itzala bilduma osatzen duten poemak 
Maiatz aldizkarian argitaratu dira.

2021-06-16

Euskaldunok pairatzen ditugun zazpi madarikazioak

 

Erdaldunek sortutako guri buruzko astakeriak irensteko

gaitasun neurrigabea,

zorri-izurritea bezain gogaikarria


Gure arteko liskar txikiak muturreraino eramateko

zaletasun ikaragarria,

ultzera-izurrite bat bezain akigarria


Besteen erdipurdikeria eredutzat hartzeko

jokaera etsigarria,

euli-izurrite bat bezain astuna


Borroka kainitiko antzuetan katigatzeko

grina gorria,

abereak hiltzea bezain ergela


Geure burua min eman arte gutxiesteko

gaixo-portaera akigarria,

behe-laino trinko iraunkorrak


Txoriari hegoak ebakitzeko itsukeria

egoaren izenean eta gizenean,

txingor oro-suntsitzailea


Etsaiaren ele ederrez limurtuak izateko

joera suizida.

Zazpi madarikazio biblikoak nola.




Iragan den igandean aurkeztu zen liburua Senperen, COVID 19 malapartatuaren ondorioz ohi baino beranduago aurkeztu ere. Egun ederraren gaineko kronika ttipia Olerkarien Eguna 2021 blogean  eta YouTuben aurkezpen laburra

2021-06-08

Gerraren aurkako hitzak 2021ean

 

Gerraren aurkako hitzak egin eta biltzen ditugu urtez urte, liburuz liburu, jakinik ere gerraren aurkako gure hitzak hitz hutsak direla, hutsak eta hutsalak, eta hutsaren hurrengoa entzun nahi ez dituenarentzat. Egia unibertsalki onartua da, izan ere, ez dagoela gor okerragorik entzun nahi ez duena baino. Beraz, gorraren aurkako hitzak ere badira gureak.

Hori horrela, gerraren aurkako gure hitzak, gerraren aurkako hotsak bilakatuak, hots hitsak eta latzak izan daitezke; baina gure hitzak, ahotsik ez dutenen hitzak dira, eta liburu honetan gelditu dira, zuri gainean beltz-beltzak, haizeak eraman ez ditzan.

Gerraren aurkako hitzak eta ahotsak, gerraren garraren aurkako hitz hotzak, baina ez hutsak, ez hutsalak, gerraren eta herraren aurkakoak, harik eta zuk irakurtzen dituzun arte, hitz hotzak hitz biziak bihurtzen dituzun arte.

Ongi etorri lerroen artera.




2021-05-29

Siria gaur

 

Tximeleta txuri bat, bat eta bakarra
kiratsaren eta haize pozoituaren
lainoen gainetik hegaka.

Ilgoraren argitan sortutako
musuaren ezpainak
erre ziren
eta haiekin batera
ilbetea ikusteko itxaropena
;
iheska doan jendea
ikatz bihurturiko eskuez eta hildakoez negarka;
tximeleta bat bakarrik onik eta osorik
etengabeko doilorkeriaren
eta aire hilgarriaren gainetik hegaka.

Ostiraleko bozkarioa,
masaileko biloa,
hamabost urtekoen pubisa,
isilpeko laztanak,
poetek kantatzen zuten guztia
orain txingar gorria da, begirik gabeko begi-zuloa,

ile harrotuen urakana,
hatz moztuko eraztuna,
korroan dantzatzen ziren neskatoen zapata puskatuen antzera,
usain txarreko kearen eta hautsaren azpiko hondamendia,
eguzki hilgarria eta sekula gehiagorik ez itzal freskagarririk,
ez gaur izartsurik,
ez egunsetiak bustiriko larrerik:
bakarrik onik eta ongi dagoen tximeleta horren hegoak,
bakarrik salbazio hori hainbeste hezur odoletan,
bakarrik hegaldi hori eta ez
lurraren hostoak Arkara zeramatzan usoarena,
baizik eta uso bakan eta bakar baten tximeletarena,
guztia kiskaltzen duen hats horretatik,
batek badaki nola,
iheka doan tximeleta,
guztia eraisten duen zatikatze-bonbatik,

gorputz-atalak erauzitako gizonarengandik eta emakumearengandik,
galipot-usaina darion maitalearen gorputik,
Infernuaren sakonetik oihuka dabilen
lotsaizun gorri eta hutsetik
iheska doan tximeleta.


Gerraren aurkako hitzak izeneko ekimenean sortu zenetik parte hartu ohi dut, urtez urte eta liburuz liburu.  Nafarroako I. liburu azokaren abaroan Gaztelu plazan aurkeztu zen atzo  2018-2019 urteetan egindako ekitaldien testu bilduma non, besteak beste, Daniel Vidart uruguaiarraren olerki eder hau argitaratua agertzen den.







2021-03-01

Saharako umeen eskutitza Joe Biden presidenteari


Lehenik, agur bero bat bidali nahi diegu amerikar guztiei.

Espero dugu zu ez izatea aurreko presidentea bezalakoa, Sahara Marokoren zati bat dela esaten zuen hori bezalakoa, hori egia ez delako.

Gu errefuxiatu kanpamentuetako neska-mutilak gara, eta bertan 45 urte daramatzagu. Pobreak gara gure Lurraldea ez dugulako eta Donald Trumpek gure ametsa hautsi zuelako, baina orain esperantza dugu zuregan, erbesteaz nekatuta gaude eta.

Gu neska-mutilak garenez gure hondartza politetan egon eta igeri egin nahi dugu, eta gure arrain gozoak jan, eta gure airea arnastu nahi dugu. Gure Lurraldean nahi dugu bizi eta bakean nahi dugu bizi, eta munduan gerra gehiagorik ez dugu nahi, are gutxiago hemen.

Nahi dugu zuk jakitea zurekin kontatzen dugula, eta gure Lurraldera itzultzeko gogoari ez diogula sekula etsiko, gure odola delako.

Gu ongi gaude, baina gure aita eta anaia askok gerrara joan behar izan du, Marokok Mendebaldeko Saharan gure jendea jotzen, gartzelaratzen eta hiltzen duelako.

Zuk erokeria hau geldierazten ahal duzu, urteak daramatzagu bakeari eusten eta erreferendumaren zain.


Eskutitz hau idazten dizugu zure lagntza eskatzeko, gure Lurraldera itzultzen laguntzeko mesedez, gure kaleetan barna paseatu nahi dugulako, zeruko izarrak ikusi eta gure Lurraldean zahartu ahal izateko. Ez dugu nahi gure aiton-amonei gertatutakoa gure gertatzerik nahi, gure Lurraldean lurperatuak izan gabe hil baitziren.




Ez dakigu eskutitz hau emanen dizuten eta irakurriko duzun ala ez, baina zure eskuetara heltzen bada, zure erantzunaren zain gaituzu, gerraren amaiera ekar lezakeelako, eta inor gehiagorik ez da hilen, errefuxiatu izateari utzi eta aske izanen gara, independentziaren alde egin eta gure Lurraldera itzulita. Eta kanpamentuetara bisitan etortzera gonbidatu nahi zaitugu, gure aiton-amonekin elkartu eta ohiko hiru teak hartzeko, eta askatasunez bere Lurraldera itzuli nahi duen Herri bat garela ikusteko.

Gure Herriaren izenean, besarkada bat behean sinatzen dugun neska-mutilen partetik. 











2021-02-18

Ordena, Joan Margarit-en poema

 

Ez dira anitz maitasunaren aurpegiak.

Mundu zahar baten ilunantzetik

ateratzen direlarik dakuskit.

Hildakoak eta bizirik daudenak nahasi egiten ditut, galerek

—gela bateko lanparen gisara—

bizitza ematen diote ene intimitateari.

Ordena horren beharra dut. Kontakizun hartan

biziko banintz bezala, Hemingway-ren ipuinik laburrenean,

A Clean, Well-Lighted Place.

Zure poesia horixe da niretzat

toki garbi, argi-argi bat.



Joan Margarit zenak Angel González poetaren omenez idatzitakoa, "Harrigarriki  uros" liburutik aterea. 



 

2021-01-30

LESBOS-eko errefuxiatuendako 600 kilo elikagai

 

600 kilo elikagai bildu dute Sanduzelai eskolako ikasleek Lesbos-en baldintza penagarrietan dauden errefuxiatuentzat, ZAPOREAK elkartearekin elkarlanean

 

Iruñeko Sanduzelai eskolako 6. mailako ikasleek 1936ko gerla landu zuten lehen hiruhilekoan, eta gerlaren kausak eta ondorioak izan dituzte hausnarketa gai. Hausnarketa lerratu zen konfliktoen ondorioetara eta, batez ere, nola ekidin ondorio horietara heltzea.

 

1936ko gerlaz eta memoria historikoa ez ezik, ikasleek gaur egun ere gerlak non dauden, zergatik eta ze ondorioak dituzten ikertu zuten Hori horrela, oraindik gerlak badirela ikasi zuten, Sudan, Kongo, Irak, Afganistan edo Sirian, eta edozein unetan pizten dira berriak, Berriki Armenian eta Saharan gertatu den bezala. Era berean, ikasi zuten, 39ko gerlan bezala, konflikto horien ondorioetako bat errefuxiatuena dela

 

Hausnarketatik harago, 6. mailako neska-mutikoek zerbait gehiago egin nahi izan zuten. Irakasleak ZAPOREAK elkarteko ordezkariekin kontaktuan jarrita eta elkarte honekin elkarlanean, elikagaiak biltzeko kanpaina bat abiatu zuten, Lesbosen pilaturik dauden errefuxiatuei laguntzeko. 



Argazkian ikus daitekeenez, oso emaitza ona lortu dute. Zorionak!