2022-09-25

Hemingway Iratin barna izeneko argitalpenaren aurkezpena

   


    Zenbat eta handiago idazle baten itzala edo ospea, hainbat eta zailagoa da zerbait berri esatea, topikoetatik harago. Horixe gertatzen zait Ernest Hemingwayrekin. Ernest Hemingway gizon poliedrikoa zen. Hemingway Nobel saridunaren gaineko irudi bat erakutsi zaigu, Ernest zaharra sanferminetan eta, zertan uka, total eginda edo, aezkeraz erraten den gisan,  morkor arreilduik. Baina hori ukatu gaberik ere, ikuspegi interesatua da guztiz. Aldizkariaren aitzin solasean adierazi dudan bezala, manipulatua eta estereotipatua: lehen, Frankismoaren irudi folkloristara; orain, interes merkantilista hutsetara lerratua.


    Sanferminetan toreatzailez inguratutako Hemingway hori behin eta berriz erakusten digute… Ez digute erakusten gazte garaiko Ernest Hemingway ,artean kazetari ezezaguna, txapela beltza buruan, eta Irati uhaldean laketua, arrantza profitatzen; hogeita bost urteko gaztea zen, bibote beltz sarrikoa, ez du zerikusirik erakusten diguten bizar-zuriko gizon zaharrarekin. Interes-gunea Hemingway gaztearengan finkatu dugu, zeren eta datorren uretan beteko baita Auritzera estreinakoz etorri  zen mendeurrena   


    Neure buruari galdetu diot: jakin-minez jotako kazetari gazte horrek izanen zuen Hermilio Olorizen berririk? Ostatu hartu zuen hoteletik hurbil dago haren etxea… Eta Larreko ezagutuko zuen? Larrekok Iruñean Pio Barojaren ikaskidea izan zen, eta Hemingwayk Baroja miresten zuen zeren  hil zorian zelarik bisita egin zion Beran. Historiagilea ez izaki, sormenari leiho bat zabaldu egin diot; historiagile bihoztoiak badu zer ikerturik.


    Aldizkarian jasotako testuak Edorta Jimenezek, Iñaki Sagarnak eta hirurok idatziak dira eta anitz uztailean Kultur Etxean egon zen erakusketaren laginak dira. Txalogarria da Auritzeko Udalak izan duen ekimena erakusketa horren lorratz ederra geldi dadin auriztar guztion eskuetan daukazuen aldizkari honen bitartez, Garraldako Jose Etxegoeienek aukeratutako  argazkiekin apailatua.


    Orobat, Auritzeko feriak izanik, Hemigwayren garaikide zen Enrike Zubiri Manezaundiren istorio kostunbrista bat erantsi diogu aldizkariari, duela mende bateko gure hizkuntzaren lagin ederra. Hizkuntzaren haritik, azpimarratu nahi dut testu guztiak euskaraz sortuak izan direla eta gaztelaniari ekarriak, eta ez alderantziz, anitzetan gertatu bezala.


    Ezin ahaztu, Irati Irratiko lagunek emandako laguntza eta Garraldako ikasle eta irakasleek egindako grabazioak, Ernest Hemingwayren testu-zati adierazgarriak, QR kode baten bidez atzigarri; auzolan —edo artelan— baten emaitza da eskuartean duzuen aldizkari hau; ez dadila izan ezeren amaiera, ezpada Hemingwayk Iratin barna egindakoen, bizitutakoen, abiapuntua.



Auritzeko alkate Joxepe Irigarayrekin

2022-09-24

Non gogoa...

 


Non gogoa... argitaratu berri den komiki baten izena da. Pedro Osesek eta Javier Minak aspaldi-aspaldi idatzi eta marraztu zituzten istorio hauek, eta horietako baten bat Habeko Mik aldizkarian agitaratu zen; euskara ikasten ari nintzela ezagutu nituen istorio hauek... 

Nork esango zidan niri hogeita hamar urte igarota testu horietako batzuk eskuartean izanen nituela egokitu eta eguneratzeko... Beste istorio batzuk euskaratu ditut eta denak Non gogoa... izenarekin bildu dira. Iruñean, Katakrak-en, ostiralean aurkeztuko dute egileek eta salgai dago jada.