Iragan den ostiral eta larunbatean Nafarroako Parlamentua egin dira Saharako Bakea eta Askatasunaren aldeko talde parlamentarioen arteko konferentzia. Hona hemen bertan azaldutakoa:
![]() |
| Otsailaren20an egin mahai-ingurua |
Saharako kultura oro har, aberatsa da oso, baina tradizioz, ahokoa. Egia da tribu zenbaitetan bazela liburuarekiko atxikimendu handiago bertzeetan baina, belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmititu dira errituak, jakintza, ohitura eta azturak.
Horregatik basamortuko liburutegiak egitea erronka handia izan da: hasieran bibliobusak izan ziren, eta une batean jauzia ematea erabaki zenean, izan zen Bubisherren, Sahararen aldeko idazleen elkartean gure arteko baten bat erokeriatzat hartu zuenik.
Zorionez, hamabost urteko ibilbide gogor bezain ederra lortu da wylaya bakoitzean bibliobus bana martxan eta liburutegi bana zabalik izatea. Ederra delako ikustea martxan dauden liburubusak eta jadanik finkaturik dauden bost liburutegiak, hogeita hamar langile inguru bertan aritzen direlarik.
Ederra da bertan ume sahararrak ikustea, estreinakoz liburu bat eskuratzen dutelarik. Orobat, ederra da gazte sahararrak ikustea bertan bilerak, irakurle taldeak, idazketa tailerrak, antzerkia, hitzaldiak edota ikastaroak egiteko… edo, besterik gabe, gazteek elkar ezagutzeko baliatzen dutelarik. Izan ere, basamortuko liburutegiak bizirik daude, batez ere bertan lan egiten duten liburuzain, txofer eta zaindariei esker.
Oro har, Saharako kulturak baditu habia sendoak eta Bubisher txoriari esker esperantzarako arrazoi onak, ametsak egia bihurtuak. Eta estreinakoz ume batek liburu bat eskuratzen duelarik mezu bat hartu eta aldi berean eman egiten du: irakurri, idatzi, pentsatu. Liburutegiak ez baitira umeak uzteko toki hutsak, eta bertan sortzen dira ume eta gazte saharar, bizi-biziak.
XXI. mendeko liburutegiak ezin daitezke izan soilik liburu-biltegiak; are gutxiago, basamortuko liburutegiak. Bubisher txoriaren habiak pentsamendurako babesleku eta ekintzarako gordeleku biziak badira, luze biziko dira. Lana ez da bukatu, inondik ere.
Duela berrogeita hamar urte, otsailaren 27an, Bir lehlu-n Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren independentzia aldarrikatzeko gutunak testualki hauxe eskatzen zuen:
“SEADk honakoa eskatzen dio nazioarteko komunitateari, munduan bakearen eta segurtasunaren oinarriak indartzearren zuzenbidea eta justizia ezartzea helburu dituen nazioarteko komunitateari:
Herri berri honen eraikuntzan eta garapenean lagun dezala, gizon-emakumezkoen duintasuna, ongi-izatea eta nahimenak bermatzeko.”
Nazioarteko Komunitateak giza-laguntza ematen du, baina gero eta gutxiago eta errefuxiatuen kanpamentuetan badira gobernuz kanpoko erakunde anitzek lan ikaragarria egiten dutenak. Gu elkarte txiki bat gara, eta ez dugu erraten hori egin behar ez denik.
Alabaina, gure irudiko, elikagaia eta botikak nahitaezkoak izanik ere, orobat, kultura, jakintza eta trebakuntza ere behar-beharrezkoak dira. Ildo horretatik doa gure ekarpena, bibliobusak eta liburutegiak hornitzen, laguntzen, sostengatzen eta aberasten, noblea bezain pobrea den Saharako Herriaren kausaren alde. Mendebaldeko Saharara, sorterrira itzultzea lortzen duten arte.
Gora Sahara askea!
Sahara hurra!










