2016-07-30

Ardo bedeinkatua

Nafarroako Erriberaren inguruko herri batean gertatu zen, aspaldi ez dela, bertako apaiz zaharrari eztarriko minbizia atzeman zioten eta bolbora bezain azkar zabaldu zen berria. Haatik, apaitzak ez zion meza emateari utzi. Eztarriko minbiziaren ondorioz ahotsa gero eta urratuago zeukanez, apaiz laguntzaile bat jarri behar izan zioten mezan laguntzeko eta, eritasunak aurrera egin ahala, apaiz laguntzaileak berak meza ia-ia osorik ematen zuen. 
Bazen, baina, tarte bat apaiz zaharrak egiten zuena: jaunartzea. Zilarrezko kaliza eskuetan hartu eta, minbizi aurreratua gorabehera, bertatik ardoa edaten zuen “Kristoren odola” ahots urratuarekin esaten zuelarik... eta gero, kaliza beste guztiei ematen zien besteek ere edan zezaten. 
Antza, herri horretako jendeak ardo "bedeinkatu" hori edateari utzi omen zion mezatan.


2016-07-20

Azkenik - Idea Vilariñoren poema bat

Ukabilkada bat eman nuen
bi
horman.
Une batez ezin izan nuen arnasarik hartu.
Birao bat esan nuen.
beste birao bat.
Eta azkenik, mututu nintzen
eta azkenik mugitu gabe gelditu nintzen marko batean agondurik
bizitzen saiatzen
arnasa hartzen saiatzen
eta neure buruari esan nion
azkenik
ene jainkoa
gertatu egin da
azkenik
gaur
hilak 19
hirurogeita hamarreko uztailean.

1979ko uztailaren 19an idatzia, Nikaraguari eskainia

Atzo Fronte Sandinistaren garaipenaren urteurrena izan zenez, Idea Vilariño olerkari uruguaiarraren poema bat euskaratzea bururatu zait. Ez da lehendabiziko aldia Nikaragua agertzen dela blog honetan bertan, ezta Idea Vilariño olerkaria ere... Azkenik ez da azkena izanen, segurki

2016-07-16

Hendaiako gauak

Dialisi-makinaren argi motelek, gauaren erdian, nabarmen. Oraindik ordu batzuk falta dira drainatze sei zikloak bukatzeko, eta txiza egiteko beharra dut, behar handia izan ere. Bazter batean dudan Baxter etxeko makinari lotua egonik, ezin komunera joan eta plastikozko pixontziarekin moldatu behar. Haztaka bilatzeari ekin diot, eskuin besoa luzatuz, baina hutsa ukitzean larritu egin naiz. Ez nuen ahantziko, bada, bart pixontzia ekartzea nire ohe ondora! Larritzen hasi naiz, harik eta hatz mamiekin plastikozko bonbilla ukitu dudan arte. Ohikoa ez den tokian zegoen gaur pixontzia, eta ohikoa ez den gela batean, egunerokoa ez den ohe batean natzala gogoratu dut bat-batean. Bai, Hendaian naizela gogoratu dut, lagun baten etxean, hondartzatik ez urrun. Erronka bat izan da oporretara etortzea dialisi-makina eta guzti, baina erronka gainditu egin dudala uste dut, arazoak arazo, eta Baxter etxekoen hutsegitea gorabehera glukosa poltsak ekartzeko tenorean. Nolanahi, dialisi-makinak, nire amorante setati halakoak, ez dit kale egin; armairu baten barruan kokatu dut dialisi-makina, eta glukosa-poltsak pertxa banatan zintzitikatuz moldatu egin naiz egunotan.

Glukosa poltsak zintzilikatzeko soluzio bat

Hori guztia gogoratu dut azkar, lipar batez, gero pixontzia hartu eta maskuria hustutzeari ekin diot. Agian bart ez nukeen azkeneko tragoska hori edan behar, baina egarri nintzen eta Bretainiako sagardo hori biziki maite dut, eta zaila da Hegoalden lortzen... Bretainiako sagardo gozoa da nire bizio bakarra Hendaiara etortzen naizenetan... Botila bat eramanen dut bueltan, hemendik hilabete batzuetara hartu eta Hendaiako egunak gogoratzeko, Bretainiako sagardoa bezain gozoak.

2016-07-01

Lesakatik bueltan, bertsotan

Aitatasun karneta
omen dauka Xabik
Ezkaban bera ez bada
ez dago girorik
ta gaurko bazkarian
ezin hutsik egin
Lesakan ez du behintzat
gaur galdu punturik


Kurtsoa bukatzea
ez da, ez, makala
hori ospatutzeko
bazkari mundiala
Lesakan hartu dugu hiruna koktela
Josuneren herrian
erregek bezala


Josuneren herrian
Terreros falta zen
bertso bat osatzeko
nahikoa lan, hemen
ongi bukatu dugu
hori da nabarmen
orain aprobetxatu
atsedena hartzen

Interinoentzako
bertsoak doazi
lehen proba gaindituta
zorion garrasi
orain ez etsi eta
segi eta segi
oposaketan plaza
baietz irabazi