2012-05-23

Jesusen Bihotzaren Babes Etxeko serora kanpaia-jotzaileen Zerbitzua

Urgell-eko apezpiku José Caixal Estradék emandako dispentsa bereziari esker, 1847ko abenduan onetsi zen “Jesusen Bihotzaren Babes Etxeko serora kanpaia-jotzaileen kidegoa” sortzea. Kideak emakumezkoak ziren, kanpai-jotzaile errukitsu izenarekin ezagunak, prest zeudenak, itxura fisikoa edo adina gorabehera, kontsolamendua emateko bigarren gerra karlistan zauritutako soldaduei kanpai-jotzeen bidez.

Ideiaren sortzailea Sor Ethel Sifuentes serora izan zen: 45 urteko emakume hau erizain aritzen zen Jesusen Bihotzaren Babes Etxean soldatu zaurituak artatzen. Sor Ethelek aspaldi gaztigatua zuen soldadu zaurituak sendatu eta sendotu ahala, gizonezko hauen urduritasun, ezinegon, oldarkortasun eta grina lohia handitzen zela neurrigabe, soldatu bizkortu berriak antsietate eta testosterona-neurri oro gainditzeko zorian zirela. 

Sor Ethel bera hasieran, eta Jesusen Bihotzaren beste serora batzuk gero, kanpai-jotzeak hasi zitzaizkien egiten hala eskatzen zuten soldaduei, berdin kapitain, lotinant, kaporal edo soldadu xehea izanik ere, neholako maila-bereizketa egin gabe, alegia. Harrezkero, eguneko kanpai-jotze bat zela medio, emaitza onak berehalakoak izan ziren. Jesusen Bihotzaren Babes Etxeko giroa goitik behera aldatu zen, eta soldaduak amultsuki eta gizalegez jokatzen hasi ziren, —armada ezberdinekoak izanik ere—.

Denboraren poderioz, eta eskaintzak eskaera asetzen ez zuenez gero, Jesusen Bihotzaren serora ez ziren beste emakumezko batzuk batu ziren kidegora, pairamenezko zerbitzuak  hartaratuak, eta kobratu gabe ere. Emakume hauen izen ona salbatzearren eta ohitura onek aginduta, boluntario berriei ezarri zitzaien uniforme jakin bat janzteko arau zurruna: jantzi lasai bat emakumearen itxura lausotzeko, baita aurpegia estaltzeko lihozko “paramenta” edo beloa.

Ekimenaren arrakasta erabatekoa izanik, kanpai-jotzaile kidego berriak onetsi ziren han-hemenka;  hala  sortu ziren  Erregearen Kanpai-jotzaileen Zerbitzua, Aragoiko Kanpai-jotzaile laguntzaileen Zerbitzua, Mariaren Bihotzaren mirabe kanpai-jotzaileak,  harik eta Kubako gerlan gertatutako gehiegizko ustiapen bat zela kausa, Vatikanoak jarduera hori bertan behera uzteko agindu zorrotza eman zuen arte, Abusus non est usus, sed corruptela delako ebazpenaren bidez, orain dela 114 urte, 1898ko Pazko Astelehenez emana. Eliza Katolikoaren historiagileak ez dira ados jartzen, debekuaz geroztik jarduerak segidarik izan zuen ala ez. Nolanahi  zelarik ere, teologo aditu guztien esanetan, ekimenaren beraren arrakasta izan zen, nolabait esateko, ekimenaren beraren hondoratzearen zio nagusia: bere arrakastaren beraren biktima, labur esanda.

Orduko hartan sortu omen zen gaur egun ere zenbait lekutan bizirik dirauen esapidea: “Ezin da kanpaia jo eta, aldi berean, prozesioan ibili”. Hizkuntzaren bideak —Jaikoaren berarenak bezalakoak—  antzemanezinak dira, zinez.

Eta egia bada, sakelan sar; gezurra bada, kontuan ez har; eta egia ez bada ere, italiarrek dioten gisara, se non è vero è ben trovato.

2012-05-20

Sortzen-en bestan, “Hazia, hasi eta hazi” kamishibaia

Kami hitzak japonieraz papera esan nahi du. Kamishibai hitzak, paperezko antzerkigintza. Ipuinak kontatzeko Japoniako teknika bat da, non irudia eta testua uztarri berean doazen, elkarren osagarri. Genero testual berezi bat da non testua eta irudia elkarren osagarri diren, komikiarekin eta iragarkiekin gertatzen den gisara.

Jakina denez, Sortzen-Ikasbatuaz-ek ospatu du gaur aurtengo festa Taknoneran eta, horren harira, aurtengo berrikuntzetako bat izan da kamishibai bat egin dela festarako. 

Pello Uharte Orotzek idatzitako eta Iker Morenok egindako irudiekin ipuin bat egin zen Sortzen-endako, eta ipuin hori izan da oinarria kamishibai berezi bat sortzeko, bai testua, bai irudi zenbait moldatu behar izan direlako kamishibaiaren formatura.

Aitortu behar dut ez zaidala erraza egin egokitzea Pello Uharteren eta Iker Morenoren ipuina kamishibai formatura. Gainera, irudiak moldatzeko aukera handirik ere ez dugu izan, jakina denez eta tamalez, Iker Moreno ilustratzailea oraindik kartzelan dagoelako eta ezinezkoa izan da aldaketa askorik berari proposatzea. Halere, emaitza ttukuna izan dela uste dut.

Gaur goizean emanaldi bat egin dut eta arratsaldean beste bat. Euritan blai eman dugu egun osoan eta arratsaldeko saioan jende askorik egon ez den arren, gustura gelditu naiz...



"Hazia, hasi eta hezi" kamishibaia
Kamishibai hori lortzeko, jarri harremanetan SORTZENek Nafarroan duen ordezkaritzarekin.

Bestalde, euriak ez dut bakerik eman egun osoan eta ohi baino askoz jende gutxiago hurbildu da; gastuei aurre egiteko, ezinbestekoa da denon diru-laguntza...

2012-05-08

Kamishibai ikas-esperientziak trukatzeko jardunaldiak


Bihar eta etzi, maiatzaren 9an eta 10ean, Kamishibai ikas-esperientziak trukatzeko jardunaldiak eginen dira Iruñeko ILZn, arratsaldeko 5,30etatik aitzina. Interesik izanez gero, jardunaldien egitaraua, ikusgai.

Baina Iruñera hurbiltzerik ez baduzu, edo irakaslea ez bazara Nafarroan, jakin ezazu jardunaldiak zuzenean ere ikusteko aukera izenen dela streming-en bidez http://bit.ly/J6PrlP,

Jardunaldiotan nire esku dago aurkeztea Noriko Matsui-ren Kamishibai Antzezteko Gida, duela bi urte itzuli nuena, bai euskarara, bai gaztelaniara, blog honetan bertan azaldu nuen gisan, eta oraindik bere bidea egiten ari dena...








2012-05-07

Osaba beltzitaren ahuntza

Osaba Beltzita ez zen larru-beltza, baina beltza zuen umorea, bizia, oparoa. Anaia bizki bat izan zuen, baina jaiotzeko unean anaia bizkia hil omen zen, eta osaba Beltzitak beti esaten zuen hil zena polita zela, eta bizirik gelditu zela itsusia. Xelebrea zen osaba Beltzita. Ahultasunez hil omen zen anaia bizkia jaiotakoan, eta osaba Beltzita bera ez zen  sekula oso sendoa izan. Txiki-txikitandik makal ibili zen osasunez, eta poliomelitisaren ondorioz herren gelditu zen zortzi urte zituelarik. Medikuak burdina batzuk jartzeko agindu omen zizkion hanketan, baina Beltzita gazteak burdin horiek askatu eta herrenka egiten zuen ihesi, klinki-klankarik gabe ibiltzea gustukoa izaki.

Gazte-gaztetatik osabak, herrena izanik, besteen txantxak-eta jasan behar izan zituen. Baina Beltzitak ez zuen herdoila mingainean eta bizkor-bizkor erantzuten zion herrenaren kontua iradokitzen zion orori.  Beltzita ezizena, aldiz, gustukoa zuen, horrela ez baitzioten "Aitzinagako herrena" deituko. Osabak ederki zekien "Aitzinagako herrena" deitzen ziotela bera aurrean ez zelarik, baina inor ez zen ausartzen berari halakorik deitzen. Harik eta, herri orotan beti gertatzen den bezala, bat ausartu zen arte.

Aitzinagatik mendira oinez joatea biziki gustatzen zitzaion osabari eta, diotenez, egun batean herritik hilerrira doan bidetik zihoan mendirantz. Hogei-hogeita bost urte izanen zituen orduan, eta menditik beheiti zetorren herriko batekin topatu zen, txantxazalea eta zirtolaria berau. Esan behar da txantxazale honen emazteari ahuntza deitzen ziotela, harira ez datozen esamesa zenbaiten kontura. Hala, beraz, goiz hartan txantxazaleak osaba Beltzita ikusi zuen herrenka zihoala mendirantz eta bota zion, braust:
"Ze, Beltzita, bide luzea eta pausoa llabur-llaburra hirea!"
Eta txantxazaleak jaso zuen berea:
"Bai, banihoak belar bila hire ahuntzarentzat".

Txantxazalea zapuztuta gelditu omen zen eta irentsi behar izan zuen herra guztia. Han ez zen bukatu kontua, laster zabaldu baitzen pasadizoa Aitzinagatik haratagoko haranetan gaindi, again, osaba Beltzitak berak barreiatua. Ez asko fido. Tabernarik taberna ibiltzea maite zuen eta han, baso bat ardo beltz hartuta, ederki zekien mingaina -eta bidenabar bazterrak- nahasten.  Izanez ere, Beltzita ezizena ardo beltzari zion zaletasunetik omen zetorkion...
Nolanahi delarik ere, egia da osabari agur egiteko tenorean “Izan untsa” esanez gero, “Eta ez ahuntza” erantzuten zuela irri gaizto batekin batera. Neroni, lekuko .

Urteak joan, urteak etorri, osaba Beltzita zahartu eta txartu zen, eta, laurogeita bortz urterekin zaharretxera joan behar izan zen. Mutilzahar izanik eta gu senide bakarrak ginenez gero, baserria guri utzi zigun.

Gaur egun zintzarri gutxi batzuk gelditzen dira osabak utzi zigun baserrian. Ukuiluan aurkitu nituen eta jaso, bildu, garbitu eta txukundu nituen. Mingainik gabekoei mingaina bana jarri nien, eta distiratsu utzi arte garbitu nituen. 




Gabon hauetan osaba Beltzitari bisitan joan natzaion zaharretxera eta aipatu nion zintzarriak bildu nituela eta oholtza batean apain-apain jarri nituela."Ahuntzaren zintzarriak!" esan du irriz osaba Beltzitak.
Nik dakidala, Osaba Beltzitaren baserrian behiak eta txekorrak eta untxiak eta txerriak izan ziren garai batean... baina ahuntzik, sekula ez.