2009-03-23

Txirritaren eta Saibururen begiradapean


Atzo Eguzkitza izeneko sagardotegian izan ginen, Txirritaren eta Saibururen begiradapean. Lehengusuak omen ziren, hala adierazi zigun behintzat sagardotegiko neska jator batek. Ni ere lehengusu batekin nengoen... erdalduna, baina! Badakizue; bost euskaldun eta erdaldun bat? Erdaraz. Matematika hutsa edo matematikak huts egiten du? Nolanahi den ere, Txirrita eta haren lehengusuaren begiradapean ederki bazkaldu genuen. Argazki mitiko horrek ekarri zidan gogora Txirrita-ren bertso famatua, 36ko finalean bota zuen hura:

Zenbat errezo egin izan det
Nere denboran elizan
ta pozik nago ikusirikan
pakian nola gabiltzan
Ni naizen baino kobarderikan
inor ezin leike izan
semerik gerra ez joateatik
mutilzar gelditu nitzan.

Erdarazko bertsio bitxi bat aurkitu dut Interneten -lerrootatik oraindik erdaldun den lehengusuarentzat eskainia-.

Ni ez naiz bertsolaria, bertsozalea baizik; hortaz bertsogintza baino bertso zaletasuna da nirea. Bertsotan lantzean behin aritu naizelarik, tripako mina -eta ez da metafora bat- izan dut; nerbioak tripan korapilatu zaizkit eta oso-oso gaizki pasatu izan dut. Gainera, zertarako eta bertso eskas batzuk sortzeko...

Ekarri papera eta luma, ekarri testua egiteko, berregiteko eta errebisatzeko beta... Nik miresten dut batzuek duten (duzuen) gaitasun preziatu hori. Testugintzaren ikuspuntutik -badakizue, nork bere zoroak bizi ditu eta- bertsogintza da sortu eta komunikatu aldi berean egiten duen jarduera bakarra, ikuspuntu diskurtsibo-testualetik oso ezaugarri berezia. Bertsogileak, ahozko kanalaren bidez, dela bertso-saio batean, dela taberna batean, sagardotegian, jai edota omenaldi batean, egoki aukeratu behar du hartzaileen, egoeraren eta gaiaren araberako doinua: ezinbesteko baldintza da, beraz, egokitasuna. Hemen zuzentasunari ez zaio horrenbeste erreparatzen... eta bertsolariak lizentziak hartzen ditu; alegia, gramatikaren arauak nahita hausten ditu komunikagarritasunaren izenean; zuzentasuna baino inportanteagoa baita errima, egokitasuna, entzuleekin bat egitea, xede komunikatiboa gauzatzea.

Zuzentasunetik, arauaren zurruntasunetik, harago joateko beharra aspaldi gaztigatu ziguten batzuek, besteak beste, Pello Esnalek. Eta ez da kasualitatea; Pello Esnalek hartu zuen Antonio Zavalaren Txirrita: Jose Manuek Lujambio Retegi liburuaren hainbat eta hainbat pasadizo; pasadizo horiek moldatu zituen eta Txirrita izeneko liburua argitaratu zuen (Sendoa, 1999). Eskuartean daukat liburua eta, bukatzeko, Txirritaren pasadizo xelebre horietako bat, bertatik aterea (71. or.) :

Donostian, Parte Zaharrean zihoala, norbaiti galdetu zion Txirritak:

- Zer ordu da?
- Hamarrak hamar gutxi
- Orduan bat ere ez!

Atzoko sagardotegiak aspaldi irakurria neukan liburutto hau berriro irakurtzeko eta gozatzeko balio izan dit...

2009-03-21

Abertzale izatea ez da aski


Aspaldi ez bezalako ilusioa piztu du nigan Joxe Manuel Odriozolaren Abertzaleak eta Euskara izeneko liburuak. Durangoko Azokan erosi nuen, liburuarekin liluratuta dagoen lagun preziatu batek akuilaturik. Aitor dezadan hasieratik beretik ez nuela ezagutzen, ez liburua, ez egilea. Berriozarren, hainbat urtez -zenbatzen hasita, hamar baino gehiago- "Liburuak solasgai" izeneko ekimena dugu martxan, Zorroka euskara taldearen eskutik antolatua eta liburu baten inguruko tertulia egitean datza. Liburu honekin, aldiz, behin baino gehiago bildu gara, eztabaida aberats eta biziak izan ditugu eta orain egilea, Joxe Manuel Odriozola bera, Berriozarko liburutegira etorriko zaigu liburuaz mintzatzera, Korrika Kulturalaren baitan.

Abertzaleak eta euskara izenburuak berak ageri-agerian uzten du lanaren funtsa. Oso kritikoa da, zorrotza zorrotzik bada; baina proposamenik ere bakar: labur zurrean esanda, paradigma berri bat proposatzen du, euskarari erabateko lehentasuna emanen diona, zeren abertzale izatea ez da aski.

Blog honetan bertan ildo bereko konturen bat edo beste atera da noizbait. Aldez edo moldez, ez galdu heldu den asteazkeneko solasaldia.


J. M. Odriozolaren beste lan batzuk:

  • Hizkuntza, Kultura eta Gizartea, Euskaltzaindia, 1998.
  • Nazio Identitatea eta Eskola, Euskaltzaindia 2000
  • Euskal Intelligentsiaren zantzuak, Pamiela, 2001.

2009-03-19

Ez zara sekula bakarrik ibiliko

Aurreko astetik Liverpool futbol taldearen gaineko post bat idazteko gogo bizia izan dut. Real Madril-i sartu zizikion 4 gol eder horiei esker, espainolek erreka jo zuten, eta, handik 4 egunera, Manchester United-i beste horrenbeste gol sartu zizkion Liverpool-ek.
Futbol zalea amorratua ez naizen arren, Reds-en taldea miresten dut eta askoz ere erakargarriagoa egiten zait Premier League-ko partidak ikustea Espainiako futbol esatari madrilzale gogaikarriak jasatea baino. Batez ere, partiden hasieran zaleek kantatu ohi duten You'll never walk alone klasikoa zirraragarria iruditu zait beti. Norbaitek esan zidan erreserki hori zuzenean bizi gaberik ezin zarela hil... Oraindik ez dut paradarik izan, baina... batek daki!

Oraingoz bideo hau behin eta berriz ikustearekin konformatu behar...



Gaur, Aitaren Eguna dela-eta Nafarroa Garaian jaia dugunez, idazteko betarik hartu dut eta aspaldi egin nahi nuen zerbait biribildu dut: You'll never walk alone euskaratu dut eta hemen dituzue hitzak, kanta mitiko hori entzuten duzun hurrengoan, entzuteaz landara, ulertu ere uler dezazun.

Ekaitzaren barna zoazela
Ez burua makurtu
Eta ez izan iluntasunaren beldur
Ekaitzaren ostean dator zeru urdina
Eta hegatxabal baten zilarrezko kantu goxoa.
Segi aurrera, haizea gorabehera,
Segi aurrera, euria gorabehera,
Nahiz eta zure ametsak zapuztu.
Segi aurrera, segi aurrera, itxaropena bihotzean.
Zeren sekula ez zara bakarrik ibiliko,
Sekula ez, sekula ez zara bakarrik ibiliko.
Segi aurrera, segi aurrera, itxaropena bihotzean.
Zeren ez zara sekula bakarrik ibiliko,
Sekula ez, ez zara sekula bakarrik ibiliko.


2009-03-16

Gendulaingo iruzurrari ez

Internet-en bidez azken orduotan bolo-bolo dabilen ekimen batekin bat egin dut. Gendulain udal-barrutian eraikitzaileek mendeko negozioa egin nahi zuten ... Aitzitik, krisia dela zio, eraikitzaile peru-listo horiek ez dute espero zuten bezainbeste irabaziko... Eraikitzaileen onerako -eta beste guztion kalterako-, Nafarroako Gobernua prest agertu da eraikitzaileen zuloa gu guztion diruarekin estaltzeko... Balorea behar da, gero! Egia ez balitz, barregarria litzateke; baina egia da, tamalez, egia biribila. Corruptio optimi pessima est esaten zuten klasikoek, alegia, hoberenen -agintarien, kargodunen, politikarien- ustelkeria, txarren-txarrena. Hori ere egia biribila. Ingelesez ere esan genezake: Corruption of the best is worst, ea horrela ulertzen duten... baina, nago, ez dutela ulertu nahi izanen, esperantoz esanda ere.

Urrezko arau batek agintzen duen legera, jadanik Interneten dagoena ez da errepikatu behar; hortaz eta beraz, ez noa Gendulaingo iruzurraren aurkako agiria hemen berriro jartzera. Baina bai animatu nahi zaituztedala sinatzera, nik egin dudan gisara. Txiza egiten digute gainera eta euria dela sinistarazi nahi digute.