2009-03-23

Txirritaren eta Saibururen begiradapean


Atzo Eguzkitza izeneko sagardotegian izan ginen, Txirritaren eta Saibururen begiradapean. Lehengusuak omen ziren, hala adierazi zigun behintzat sagardotegiko neska jator batek. Ni ere lehengusu batekin nengoen... erdalduna, baina! Badakizue; bost euskaldun eta erdaldun bat? Erdaraz. Matematika hutsa edo matematikak huts egiten du? Nolanahi den ere, Txirrita eta haren lehengusuaren begiradapean ederki bazkaldu genuen. Argazki mitiko horrek ekarri zidan gogora Txirrita-ren bertso famatua, 36ko finalean bota zuen hura:

Zenbat errezo egin izan det
Nere denboran elizan
ta pozik nago ikusirikan
pakian nola gabiltzan
Ni naizen baino kobarderikan
inor ezin leike izan
semerik gerra ez joateatik
mutilzar gelditu nitzan.

Erdarazko bertsio bitxi bat aurkitu dut Interneten -lerrootatik oraindik erdaldun den lehengusuarentzat eskainia-.

Ni ez naiz bertsolaria, bertsozalea baizik; hortaz bertsogintza baino bertso zaletasuna da nirea. Bertsotan lantzean behin aritu naizelarik, tripako mina -eta ez da metafora bat- izan dut; nerbioak tripan korapilatu zaizkit eta oso-oso gaizki pasatu izan dut. Gainera, zertarako eta bertso eskas batzuk sortzeko...

Ekarri papera eta luma, ekarri testua egiteko, berregiteko eta errebisatzeko beta... Nik miresten dut batzuek duten (duzuen) gaitasun preziatu hori. Testugintzaren ikuspuntutik -badakizue, nork bere zoroak bizi ditu eta- bertsogintza da sortu eta komunikatu aldi berean egiten duen jarduera bakarra, ikuspuntu diskurtsibo-testualetik oso ezaugarri berezia. Bertsogileak, ahozko kanalaren bidez, dela bertso-saio batean, dela taberna batean, sagardotegian, jai edota omenaldi batean, egoki aukeratu behar du hartzaileen, egoeraren eta gaiaren araberako doinua: ezinbesteko baldintza da, beraz, egokitasuna. Hemen zuzentasunari ez zaio horrenbeste erreparatzen... eta bertsolariak lizentziak hartzen ditu; alegia, gramatikaren arauak nahita hausten ditu komunikagarritasunaren izenean; zuzentasuna baino inportanteagoa baita errima, egokitasuna, entzuleekin bat egitea, xede komunikatiboa gauzatzea.

Zuzentasunetik, arauaren zurruntasunetik, harago joateko beharra aspaldi gaztigatu ziguten batzuek, besteak beste, Pello Esnalek. Eta ez da kasualitatea; Pello Esnalek hartu zuen Antonio Zavalaren Txirrita: Jose Manuek Lujambio Retegi liburuaren hainbat eta hainbat pasadizo; pasadizo horiek moldatu zituen eta Txirrita izeneko liburua argitaratu zuen (Sendoa, 1999). Eskuartean daukat liburua eta, bukatzeko, Txirritaren pasadizo xelebre horietako bat, bertatik aterea (71. or.) :

Donostian, Parte Zaharrean zihoala, norbaiti galdetu zion Txirritak:

- Zer ordu da?
- Hamarrak hamar gutxi
- Orduan bat ere ez!

Atzoko sagardotegiak aspaldi irakurria neukan liburutto hau berriro irakurtzeko eta gozatzeko balio izan dit...

No comments: