2012-12-27

Hodeien seme-alabak

Eduardo Galeano behin baino gehiagotan izan dut hizpide blog honetan bertan. Gaur Saharari buruzko hitzaldi bat izan dugu Berriozarren eta  idazle uruguaiarraren testu bat baliatu dut sarrera gisa, Hodeien seme-alabak.

Marokok 1987an Mendebaldeko Sahararen basamortua iparraldetik hegoaldera erdibitzen duen harresia bukatu zuen egiten.
Harresi hori munduko harresirik luzeena da; soilik Txinako Harresi handia da luzeagoa. Saharako harresian, milaka soldadu marokoar, sahararrak aberri usurpatuaren alde batetik bestera iragan ez daitezen.
Behin baino gehiagotan Nazio Batuen Erakundeak sahararren autodeterminazio eskubidea berretsi du, baita bozketa egiteko aukera aitortu ere; baina Marokok ukatu du, eta jarraitzen du ukatzen. Ukazio hori, berez, Marokoren aitorpen bat da: bozka emateko eskubidea ukaturik, Marokok aitortzen du herri oso bat lapurtu duela.
Sahararrak zain daude; 40 urte daramate zain. Etengabeko herrimin eta etengabeko larritasun zigorra jasotzera kondenatuak.
Sahararrek euren buruari Hodeien seme-alabak deritze, beti euriari jarraitzen diotelako; euriari ez ezik, sahararrek justiziari ere jarraitzen diote: justizia, ura basamortuan bezain zaila aurkitzen.


Arratsalde 7etan Zulo Alai elkartean ehun lagun inguru bildu gara abenduaren hasieran Saharan egondako berriorzartar batzuen esperintzia ezagutzeko eta hango irudiak ikusteko. Bestalde, irudien osagarri,   hitzaldi txiki bat eman du du Jose Ochoa lagunak eta azpimarratu du Saharako egoera gero eta okerragoa dela; kanpamentuetara heltzen den giza-laguntzari esker hilaren 8ra arte izaten dute jateko, hori baino ez. Sahararrek behar dute inoiz baino gehiago gure sostengua, gure laguntza, gure lana... Egoera politikoa blokeatuta egonagatik, horrek ez du esan nahi gu besoak antxumaturik gelditu behar garenik, alderantziz baizik.

 Ume sahararrak udan ekartzen jarraitu behar dugu, krisia gorabehera; Oporraldia Bakean programari esker, Saharako heriotza-tasa %70 jaitsi da... ez da kontu makala!



2012-12-14

Ur hutsa, jende garbia, euskara bizia

Ur hutsa, ur gardena; jende garbia, baina ez garbizaleak, eta euskararen aldeko lanean aritzearen aritzez esku-zikinak; eta euskara bizia, horixe baita behar eta nahi duguna, euskaraz bizi, Esne Beltzaren kantak aldarrikatzen duen ber gisan.  Abendu ilun honetan Ezkaba mendia urez gainezka dago, batez ere azken egunotako euriteen poderioz, Ezkaba euskara-lorez eta euskal-hiztunez bete dadila udaberrian!


Berriozarren, Ezkabaren magalean, udazkeneko egun zoragarri batean egindako bideo hau izan dadila gozagarri eta oroigarri, izan bitez gure eguneroko ekintzak gure hitzen alabak... Euskara ala ez gara!

2012-12-06

Serora batek esanak


Duela 25 bat urte serora batek hitzaldi bat eman zuen Berriozarko parrokian. Serora hori Filipinetan ibilia zen hainbat urtez, hango behartsuei laguntzen-eta, harik eta paramilitarrek jo-mugan jarri zuten arte. Orduko gotzainaren aginduz, Filipinetatik atera eta serora Euskal Herria etorri zen. 

Hitzaldian, gogoan dut, serora horrek ez zuen serora-jantzirik eramaten, eta  horrek lagundu zuen harengana hurbiltzen, —gaur egun Errekalde kalean bizi diren serorekin gertatzen den ez bezala—. Orduko hitzaldi hura goxoa izan zen, bertatik bertara emana, Berriozarko parrokian, parrokia zabala eta irekia zen garaian, —gaur egungo apaizarekin gertatzen den ez bezala—. Hitzaldi hartan hainbat kontu aipatu zuen, baina bat azpimarratu nahi dut. Serora hark esaten zuen —garai hartan!— hemen, Europan, kontsumismoa handia dela, baina gauza guztiekin, baita kulturarekin ere; kultura maite duen jendeak, hemengo jendeak, kontsumismoa egiten duela gauza guztiekin, baita kontu kulturalekin ere: liburuekin, adibidez. 

Gaur goizean serora hark esandakoa gogorarazi dut neska-lagunak, etxean pilatuta ditugun liburuak non jarri ez dakigularik. Liburu-jale apetatsua izanik, jadanik ez dut kontrolatzen ze liburua dudan eta zein ez, zein eta nori utzia eta zein eta non galdua. Orobat, apalategiko liburu batzuk irakurritzat ditudan arren, ez naiz gai gogoratzeko irakurriak ditudan ala ez. Horixe gertatzen zait, adibidez, ondo-ondoan ikusten dudan El bastardo liburuarekin. Hitzok idazteari utzi, aulkitik altxatu, ondo-ondoko arasan dagoen liburua hartu, zabaldu, begiratzen hasi... eta bai! Egilea, Alberto Irigoyen uruguaiarra da; eta bai! Orriak pasatu ahala  irudi lauso batzuk ari dira iratzartzen ene garunaren txoko ezkuturen batean... Bai, aspaldi irakurri nuen, baina zapore gazi-gozoa utzi zidan. Agian berriz irakurri beharko nuke. 

Izan ere, asko ikasten da liburua irakurriz, baina baita liburuak berrirakurriz. Gainera, ni ez naiz duela 20 urteko bera —gauza bistakoa da— eta ideia bat dabilkit buruan jira-biraka: liburu zaharrak irakurtzeari ekin behar diot berriro. Adibidez, Andolin Eguzkitza zenaren Heriozaren itzalpeetan liburua. Berriz ere lerrook lotzeari utzi, altxatu, arasan dagoen liburua hartu, zabaldu, begiratzen hasi Bai! 1998ko martxoan irakurri nuen, artean Andolin bizi zela... Eta bai!, liburua irakurri nuen, dudarik ez dut, azpimarratuta daudelako esaldi zenbait, eta alboko ohar batzuk, arkatzez eginak... 

Buruan jira eta bira dabilkidanez ideia hori, erabaki bat hartu dut: liburu gehiagorik ez dut erosiko, harik eta etxeko liburu guztiek sortutako anabasa txukundu, sailkatu eta berriz irakurri arte. 

Baina nor ari naiz engainatzen? Ene burua engainatzeko bezain txepela ote naiz? Badakit ez dudala beteko arestian agindutakoa. Serora batek esana dakit kulturarekin, liburuekin adibidez, kontsumismoan erortzen garela, eta "tentaldiari uko egiteko modurik erosoena, bertan erortzea da". Hori ez zuen serorak esan, jakina; Oscar Wildek esana da. Durangoko liburu eta disko feriara joanen naiz bihar-etzi, eta Oscar Wildek esandakoaren eta serora horrek esandakoaren arteko lehia bizia izanen da. 


Serora bat Vatikanon, Pinaburuaren patio ospetsuan

2012-12-01

Gaur dela 500 urte

Munduan ez dago herririk bere konkista ospatzen duenik. Hemen, ospatu baino gogora ekarri dut duela bost mende Espainiak Nafarroa Garaia, odol eta gar, azpiratu zuela. Orduko hartan bortxakeria eta odol isurtzea izugarriak izan ziren; batzuek libre adhesión izendatu arren, gaur inork gutxik sinesten du Jaime Ignacio del Burgoren bertsio kamutsa, besteak beste, urte osoan zehar Nafarroa Bizirik ekimenak egindako lanari esker.

Gaur egun berezia izan dugu Berriozarren. Ezkabaren magalean dagoen Berriozar herrian, gaur dela bostehun urte, Nafarroako errege Enrique IIIk hartu zuen ostatu, segur aski Juan Ezpeletako jaun leialaren jauregian, gaur egun oraindik auzo zaharrean dagoen jauregian. Nafar tropek mugaz bestaldeko bidea hartu aitzin egon zen Berriozarren; horren froga, idazki bat, 1512ko abenduaren 1ean sinatua "Berrio"-n.  Gertaera horiek guztiak gogora ekartzeko hitzaldi bat egin berri da aste honetan bertan Berriozarko kulturgunean.

Hitzaldian parte hartu zuten, Patxi Pitillas lagunaren argazkietan dakusazunez, Javier Ilundainek eta Carmelo Urrak. Garai historiko horretan kokatzeko mintzo zen Javier Ilundain; Berriobeitin sortua, komertziala lanbidez baina jadanik erretreta hartuta, euskaraz eta erdaraz arituz zen.

Bestalde, Carmelo Urra, Barindanokoa baina aspaldi Berriozarren bizi dena; Mendialdea eskolako maisua eta Berriozarren historiaren sustraiei begiratzera emana, artxibategietan hainbat eta hainbat ordu pasatu dituena, jubilatu aitzin eta baita jubilatu ondoren ere.

Carmelo Urra eta Javier Ilundainekin

Hitzaldia bizia eta entretenigarria izan zen, kontu guztiz jakingarriak ederki azaldu baitziren.  Besteak beste, Berriozarrekin estuki lotuta dagoen Juan Ezpeletako baroiaren soslaia eta baita Donamaria kapitainarena ere. Bitxia da: espainolen aldeko Donamaria mertzenarioak badu kale bat Berriozarren, Donamaria kalea hain zuzen, neroni bizi nintzen kalea; Juan Ezpeletako jaun nafarrak ez al luke merezi plaza bat?

Bukatzeko, Eliza Katolikoak nola jokatu zuen Gaztelako Fernandoren alde eta Nafarroaren kontra azpimarratu da: Fernandok “arma espiritualak” eskatu zizkion Juan II. Aita Santuari eta honek bulda ospetsua eman zuen, non aldarrikatzen zen eskumikatuko zituztela Nafarroako erregearen aldekoak gaztelarren konkistari aurre eginez gero...



Berrogeita hamar lagun baino gehiago bildu ginen Berriozarko Kulturgunean




2012-11-18

Anton Abadia ere Baionan izan zen

On Anton Abadia xuberotarra, jaun argi eta euskara zale jakintsua, ez zegoen ziur agertzerik izanen ote zuen urriaren 12ko manifara; egun batzuk lehenago, Aurore Martin xuberotarra atxilo hartu eta guardia zibil espainolen esku utzi izanak akuilaturik, eginkizun zenbait bazter utzirik, Baionara joan zen. Eta han izan zen, euria izanagatik,  iragan den larunbat manifa ederrean, lagunen eta ezezagunen artean.

Kontu jakina da, Hendaiako haren jauregiko hormetan, hainbat zulo eginarazi zuela Anton Abadiak, Larrungo tontorrari zuzendutako lente baten euskarri gisa; alabaina, esperimentu horrek porrot egin zuen, eta azkenaurreko zuloaren inguruan euskarazko hitz hauek zizelkarazi zituen: Ez ikusi, ez ikasi. Eta berak ikusi eta ikasi nahi zuen bertatik bertara Iparraldean preso eta iheslarien aldeko inoiz egindako deialdirik zabalena nola gauzatzen zen.

Ikusi eta ikasi egin zuen; ikusi zuen jende anitz eta anitza elkartu zela. Izan ere, lagun abertzale askorekin batera, PCFeko eta SHARP-eko kideen artean ibili baitzen ibilbidearen zati handi batez. Jende anitz, baiki; zubira helduta,  Xipri Arbelbide idazleak erran zion: “Berandu heldu zarete, dena amaitu da-eta!” Eta egia zen; Saint André plazara heldu zenerako azken irrintziaren oihartzuna baizik ez zuen aditu, baina pozik eta uros gelditu zen; bai,  egun zinez ederra, iragan den larunbatekoa.

Diotenez,  Anton Abbadia gero ibili omen zen Xilabaren finalean; eta hunkituta aditu zituen Odei Barroso gaztearen bertsoak: “Eta guzion kaltean / ezin naiz egon bakean / barnean utzi ditudan hoiek / atera artean”. Orobat, Emil Larrek erran zuelarik egun horretan ikasi zuela ez dela ez Iparralderik, ez Hegoalderik bertsolaritzan, irribarre egin zuen Anton Abadiak, berak ere  ikusi eta ikasi duelako preso eta iheslarien aldeko sostenguan ere ez dagoela mugarik.

Anton Abadiaren armarrian “Izana eta ez izena” dago jasota; izena ez da garrantzitsuena, behar den orenean  eta behar den tokian izatea da garrantzitsuena; horregatik izenen eta siglen gainetik presoen eta iheslarien eskubideen alde Anton Abadia ere Baionan izan zen.

Bai, Anton Abadia iragan larunbatean Baionan izan  zen, eta berak errana dakit urtarrilaren 12ko manifara ere agertzeko asmo osoa duela; ontsalaz, Bilbokoa Baionakoa bezain anitza eta askotarikoa izanen da!

2012-11-08

Batzuetan... erizainak ikusten ditut

Ez, ez ditut hildakoak ikusten, erizainak baizik. Erizainak, bai: erizain ile-horiak eta erizain beltzaranak; erizain politak eta erizain arruntagoak; erizain lerdenak eta erizain potoloak... baina beti-beti, erizainak.
  
Doktoreak galdetzen dit ea zer gogoratzen dudan ospitaleaz; haren ustez, erizainak ikusteko joera horrek badu jatorria, inondik ere, ospitalean eman berri dudan denboraldiarekin. Ospitaleko gelaz oroitzapen lauso bat baizik ez dut, baina ederki gogoratzen dut ospitale-usaina, desinfektante usain sarkor hura, sudur-mintzetan min emateraino sartzen zitzaidan usaina. Doktorea besaulkitik jaiki eta ondoko arasan errenkadan dauzkan flaskoen artean aztarrika hasi da, harik eta poto txiki garden bat topatu duen arte.  poto txikia zabaldu eta tanta gutxi batzuk haren zapi brodatu txuri batean isuri ditu; gero, arnasteko eskatu dit. Badukezu, irakurle, Prousten-en magdalenaren berri; bada, niregana potetxoa hurbildu eta, Proust-en magdalena bat balitz bezala, tanta horiek lortu dute Proust-en magdalenak izan zuen eragin bera.
 
Luze eta zabal azaldu diot nire amesgaiztoen andana, zehatz-mehatz, idatziz nekez errepika nezakeen zehaztasun harrigarri batez azaldu ere. Ez naiz gauza izan, geroago saiatu naizen arren, kontatu diodan guztia era logiko batez idatziz biltzeko... Zorionez, doktoreak entzuteaz landa, den-dena grabatu, transkribatu eta ondorio batzuk atera ditu. Doktorearen hitzetan, nik kontatutakoak arreta ematen dion zerbait dauka, zeren istorio zati guztiak,fantastikoak izanik ere itxuraz,  nik emandako zehaztasun batzuk izugarri harrigarriak egin zaizkio. 

Kontatu diodanaren arabera,  odol-transfusioa egitera sartu zenean, erizain urdin batek piercing bat zeukan beheko ezpainean, eraztun txiki polit bat; odol-transfusioaren lehen poltsa bukatutakoan, transfusio-makinak zarata egin eta lehengo erizain urdin bera itzultzean, orduan ez zuen piercing-ik. Galdetu nionean erizainari ea agindua zioten piercing-a kentzeko, hauxe erantzun zidan: “Iturristiako ura oso ona da giltzurrinetarako, hobe zenuke gehiago edan”.

Segituan, erizain zuri batek galdetu zidan ea Zyloric, Dioban, Dilutol, Caosina eta Losartan hartzen nituen, eta nik baietz erantzun nion, baita Ezetrol ere. Orduan erizain zuriak ozenki errepikatu zuen “Ezetroool, Ezetroooool, bai, Eeeezeeetroooooool”, besoak goratzen zituen bitartean, gol bat sartu izan balu bezala.

“Argi dago” —dio doktoreak—: “Urdinez jantzitako erizainak mamuak ziren; zuriz jantzitakoak, aldiz, benetakoak”. Doktoreak errezeta batean idatzi du ze pilulak hartu behar ditudan, nola eta noiz hartu behar ditudan, hurrengo saiora bitartean. Agur esanda, niri irteten laguntzeko agindu dio erizain bati. Erizain horrek piercing bat dauka beheko ezpainean, eraztun txiki polit bat... eta urdinez jantzita dago.

Iturristia...

2012-11-05

Rossiren ordaina, ezta?

Baduzue, noski, kontu honen berri, ezta? Hemen, Uruguain, zera horri Rossiren ordaina deitzen diogu, ezta? Alegia, zerbait ez zela hala beharrez gertatu behar, ez zen horrela ezinbestez gertatu behar; baina horrela gertatu zen, ezta? Eta kontuak garbiturik, ezta?  Halabeharrak berdindurik, ezta?

 Hegazti horri? Hegazti horri tero deitzen diogu hemen... Argentinan ere bada, baina ez dakit tero deitzen dioten... Hemen bai, ekialdetarrok tero deitzen diogu, ezta? Hurbiltzen bazara tero bat dagoen lekura, hegan egiten hasiko da eta txilioka, “tero-tero-tero, tero-tero-tero”, ezta? Zure arreta erakartzeko, ezta? Baina ez da dirudien bezain mozoloa, ezta? Beti aireratuko da habia ez daukan norabidean; hegan egiten badu ezkerrerantz, habia eskuinean duen seinalea; eta alderantziz, ezta?  Eskuinerantz aireratzen bada, “tero-tero-tero”, ezkerrean izanen duzu haren habia...

Baina Rossirenaz galdetu didazu, ezta? Rossi Alderdi Nazionalekoa zen, idazkaria edo, ezta? Bada, tipoa oso kide garrantzitsua zen Alderdian, koadro bat, ezta? eta beti ibiltzen zen matea eskuan zuela, hemen arrunta dena, ezta? Baina tipoa pasatzen zen, beti ibiltzen baitzen matea edaten; baina beti-beti, ezta? Eta diktadura garaian hau ibiltzen zen milikoekin lanean, ezta? Ley de Caducidad de la Pretensión Punitiva del Estado ospetsua berak idatzi zuen, lan estrategikoa egiten zuen sasikume horrek, ezta? Tipoa zen munduko sasikumerik handiena, ezta? Eta, segur aski, karrera eginen zuen horrek Alderdian, ziur naiz, beti matea aldean eramaten zuela; pentsa, atentzioa ematen zuen, hemen, horregatik, beti agertzen zelako matea aldean zuela argazkietan eta, ezta? Eta behin autoz zihoan alderdiaren lan proselitista egitera barne aldera, ezta? Ez dakit Minas-era edo Chui-ra edo Artigas-era, ez dakit nora; alderdiak jartzen zion txoferra eta Rossi beti joaten zen kopilotu, autoaren aurreko aldean, eta nola ez, matea edaten. Ez dakit zer jo zuten, zeren hemen, badakizu, errepideetan ez dago bihurgunerik, baina kolpearen ondorioz matearen tutua ahosabaitik buru-barruraino sartu eta garondotik atera zitzaion, ezta? Burua iltzatuta gelditu omen zitzaion eserlekuan, ezta? 

Eta ez zen hala beharrez gertatu behar, ezta? Baina halabeharrez gertatu zen. Txoferrak deus, ezta? Zauri arin bat, ezta? Halabeharrak eman zion berea. Halabeharraren ordaina, milikoentzako egindako lan guztien ordaina, ezta? Rossiren ordaina, ezta?

2012-10-28

Txinako poesia lirikoaz, bi hitz

Gaur ilargiari egin argazkia


Gaur oso ilargi ederra dugu, ia-ia betea, antzigarraren iragarle.  Hodei arteko ilargiari begira, Li Bai-ren olerki bat datorkit gogora, lauso, eta Pello Otxoteko lagunaren itzulpenera jo behar izan dut berriz ere, oso egun gutxitan bigarrenez; hortxe aurkitu dut Gauaren erdian gogoeta.

Ilargi  distiratsuaren isla ohatze aurrean,
antzigarra bailitzan lurraren gainean;
burua jaso ilargi distiratsuari begira,
burua makurtu jaioterria gogoan.

Li Bai-ren poemaren haritik, agian merezi du azaltzea Txina izan dela poeta gehien eman duen herria eta, hortaz, poema kopuru handiena dela.  Aurrekoan idatzi bezala, hemen Eneko Aritza ezkutu batean gainean jartzen genbiltzalarik, Txinan,  Tang dinastiaren garaian, (618-907) 2.000 poeta baino gehiago bizi izan ziren, eta haien lan oparotik ia-ia 50.000 poema gorde dira.

Izan ere, gaur ez bezala, Txinan Estatuko lanposturik garrantzizkoenak lortzeko lehian poeta izatea bazen abantaila eta meritua. Hartara, azterketetan jakintza literario eta prosodikoarekin lotutako galderak agertzen ziren. Beraz, Txinan funtzionario izan nahi zuenak poemak egiteko gai zela probatu behar zuen —ia-ia, gaur bezala—. Gainera, politikariek, nobleek, printzeek eta enperadoreek ere poemak idazten zituzten, eta batzuk poeta handi izatera heldu ziren. Halarik ere, txanpok orok bere ifrentzua duen gisara, alde txarrik ere bazuen honek guztiak, zeren lanbidetzat hartzen zen poesigintza horretan ohiko bihurtu ziren itxurakeriak, panegirikoak, eta koipe-emaileen lanak.

Txinan poesia lirikoa sailkatzeko, irizpide kronologikori helduta, honako sailkapen hau egin daiteke:
  1. Aro klasikoa (K a. XI. mendetik VI. mendera bitarte). Hor ditugu  Che King edo Oden liburua, Konfuziok  K a. V. mendean bildu zituen bost “liburu kanoniko” horietako bat.
  2. Pizkundearen aroa. Bertan dugu jadanik ezagutzen dugun gure Li Bai —edo Li Po edo Li Tai Po izenekin ere ezaguna— (701-762), Tu Fu (712-770) eta Po Chu Yi (772-846), poesia txinatarraren urrezko aroa, goian azpimarratu dudan Tang dinastian zeha.

  3. Aro modernoa. Song dinastiaren amaieratik (960-1279) XIX. mendea bitartekoa. XIX. mendetik poesiak mendebaldeko eragina izan du eta, beraz, aldatuz joan da.  Iraultza Txinatarreko poetak ere nahiko kontserbadoreak dira —Mao Tse Tung, kasu—.
Bukatzeko, labur bada ere, poesia txinatarraren gai nagusiak honakook direla esan daiteke:
  • Natura eta landa-bizitzaren goraipamena. Poeta txinatarrek ederki deskribatzen dute paisaia –maiz gauekoa, goiko poeman bezala-, beti ere igarlearen gogo-aldartearen arabera.
  • Sorlekuaren, etxearen edo lagunen nostalgia, herrimina.
  • Amodioaren sentimendua.
  • Bidegabekeriaren eta gerraren ankerkeria salaketa.
  • Denboraren joana, bizitza bakartirako gonbitea eta ardoaren gorazarrea.

Inork informazio gehiago behar izanez gero, jo beza Juan J. León-en Literatura Universal liburura, bertatik atera baitut hemen laburbildutakoa.

2012-10-25

Li Bai poeta txinatarra, euskaraz

“Literaturako Nobel saria, Mo Yan idazle txinatarrari” izenburupean agertu zen Berrian egunkarian artikulu polit bat , hilaren 11n; eta artikuluaren bukaeran “Euskarara itzuli gabe dago Mo Yan-en obra” aipamena; arrangura zerion kazetariak sartutako iruzkin horri. Irudikatzen ahal dut kazetaria, Andoaingo bere bulegoan, duda-mudatan, sartuko-dut-ez-dut sartuko, zalantza-balantza... Eta sartu egin zuen, etsipenez blai, enbido bat botatzen duenaren antzera, ea nork heltzen dion horri...

Mo Yan ez dugu —oraindik— euskaraz irakurtzeko aukera; baina bada liburu zoragarri bar, biziki gomendatu nahi dudana Txinako poesiaz pixka bat gozatu nahi duenarentzat. Li Bai poetaren Urrutira bidalia, Albert Galvany eta Pello Otxoteko euskaldunaren artean eginiko itzulpena, liburu zoragarria, hordigarria, txundigarria.

Duela 1200 urte idatzia, hemen Eneko Aritza jasotzen-edo ibiltzen ginenean... Li Bai hau Tang dinastiako olerkaririk ezagunena da, Wang Wei eta Tu Fu poetekin batera. Li Bai-ren poemek eragin handia izan zuten haren garaiko poetengan, baita ondorengoengan ere.

Ez dakigu gehiegi haren bizitzaz, ezpada gaztea zelarik Txina osoan zehar bidaiatzen ibili zela eta behin baino gehiagotan ezkondu zela; bestalde Li Bai sendo eta garaia omen zen, ez nolanahiko gizasemea, eta hirurehun ardo edateko gauza zela aldarrikatzen zuen, harro.

Zeruak ardoa maite izan ez balu,
ez zen ardoaren izarrik kopan.
Lurrak ardoa maite izan ez balu,
ez zen mahastik izanen lurrean
Zeruak eta lurrak ardoa maite badute,
ez gaitezen hura maitatzeaz lotsa.
Eta jakintsua eta nekazaria berdinak badira,
zertarako bilatu hilezkortasuna?
Hiru ardo hartuta, egia aurkitzen dugu
eta upel osoa hartuta, naturarekin bat egin.
Baina perfekzioa soilik hordirik aurkitzen dugu
eta iratzartzean desagertzen da.

Bizitzaren plazerei muzin egiten ez zion gizona, Li Bai; eta haren olerkiei darien alaitasuna, suhartasuna, hordigarria da: ardoa, ilargia, kopa, zaldia... behin eta berriz agertzen diren gaiak ditugu. Nolanahi, idazle oparoa, hogei mila olerki baino gehiago idatzi omen zuena,  hamarrena baizik gorde ez diren arren. Antza, ez omen zen sekula kezkatu arrakasta izateaz literaturan, eta olerkiak idatzi ahala, errekara botatzen omen zituen, urak nola eramaten zituen ikusten zuelarik...
Haren heriotzaz ere bertsio bat baino gehiago irakur daiteke, baina niri hau gustatzen zait: 

Gau batean, Yang Tse ibaian batel txiki batean omen zegoen, horditurik, eta ilargia besarkatu nahian kareletik beheiti erori eta bertan ito omen zen.

Agian Ilargipean edaten poema gogoan zuela hilko zen.

Lore-artean ardo-pitxar bat
bakardadean edan lagunik gabe.
Kopa goratu eta ilargiari eskaini,
ene itzalarekin hiru gara.
Ilargiak ez daki edaten,
itzalak alferrik darrait niri,
baina une batez denok adiskide.
Goza bedatse den artean.
Kantari, ilargia dilindan...
Dantzari, ene itzala kulunkan...
Mozkortu aurretik jolas gaitezen,
bananduko gara gero,
Betirako bidaide nora ezean soraio
elkartuko gara berriz Esne Bidean,

Albert Galvany eta Pello Otxotekoren itzulpena

Eta badira beste poema eder batzuk, baina nik liburua irakurtzeko gomendatzen dut; ez galdu, gainera, Bernardo Atxagak egindako sarrera argigarria.

2012-10-07

Euskaraz eta Quito

Berriozarko familia bat Ekuadorren egon berri da. Hara joan da senar berriozartarra emaztearekin eta bi seme-alabekin, emaztea han jaioa delako eta hamaika urte zeramalako sorterria bisitatu gabe; hamaika urte, hamar gehi bat, hango familia eta lagunak ikusi gabe: hamaika urte, urte anitz, zin-zinez.

Presidentea Rafael Correa da, eta aberatsek ez dute batere maite; herri xeheak, ordea, biziki maite eta estimatzen du jendearen alde egiten ari dena, oro har.

Ekuadortar batek galdetu zion lagun berriozartarrari ea hemen demokrazia dagoen, eta hemengoak kontatu zion zer dagoen: parlamentu bat,  jendeak bozkatzen du... eta errege bat dagoela Espainian. Ekuadortarrak esan zion berriozartarrari: “Errege bat? Eta bozkatu al duzue errege hori? Ez? Orduan demokrazia hori ez da hemengoa bezain demokratikoa” 

Ekuadortarrak, arrazoi,  eta kitto. Eta Ekuadorreko hiriburua, Quito. Han, urrutian, lagun berriozartarrak asko entzun eta ikasi du, eta hangoek ere entzun eta ikasi dituzte euskarazko hitz gutxi batzuk: izan ere Ekuadorrera bisitan itzuli den emazteak euskara ikasteko ahalegina egin du hemen, eta seme-alabei, ahal duela, euskaraz hitz egiten die.

Ai, hemengo batzuek eginen balute Ekuadorren sortutako neska horrek egindakoaren erdia!  Kanta bat dago euskaraz, Berriozarko aurtengo festetean egondako Gozategi taldearena... “Ekuadorren dago Quito...” Fini eta kitto?

2012-09-29

Dagoenean, Phaeton; ez dagoenean, hor konpon

Berriozarren eskola-autobusen murrizketa justifikatzeko Hezkuntza Departamentuak kalkuluak egin omen ditu. Bitxia da, zeren calculus hitza, latinez, “harria” da; kontatzeko, kalkulatzeko baliatzen ziren harritxoak dira calculi. Hizkuntzak lotura harrigarriak izaten ditu, zeren harrikada ederra dutela erakusten dute Gobernukoek: Abiadura Handiko Trenarentzat dirua bai, baina Berriozarko umeak eskolara joan daitezen, ez.

UPNkoek kalkuluak egin dituzte, eta badakite neurri hauekin eskola publikoa kaltetzen dela pribatu konfesional elitistaren mesedetan; finean zabaltzen duten mezua hau da: pribatura umeak eramatea ez da hain garesti ateratzen; publikora eramanez gero, autobusa ere ordaindu beharko dutelako gurasoek...

Bizkitartean, Volkswagen Phaeton auto dotore banatan joan ohi dira UPNko agintariak... Dagoenean, Phaeton; ez dagoenean, hor konpon. Phaeton, Barcinaren eta Iribasen irrien arrazoia.

Urliak egiten du galde ea zenbat xahutu duten; berendiak, ea zenbat poltsikoratu duten; baina sandiak egiten du galderarik zuzenena: noiz arte? Orain bizi dugun garaia “Ustelen urteak” izenpean agertuko da historia liburuetan. Norberaren esku ere bada ustelen urteak laster bukatzea. Etsipenik ez; kalkuluak hor daude.


2012-09-14

A ze panorama!

Udako arratsalde batean Iruñeko parke batean nengoen alabarekin, eta Uxue —hala baitu bere grazia gure alabak— haur-jolastokian ari zen, soka batetik gora eta behera. Nik behetik ikusten nuen alaba gora eta gora eta gora... eta kontuz ibiltzeko esan nion: "Uxue, kontuz ibili, mesedez". Ez zen parkeko ume bakarra; ama bat zegoen beste neskato batekin, janzkerari eta hitz egiteko moldeari erreparatuta, haiek ere hemengoak, eta neskatoak hauxe esan zion bere amari: "Mamá, esa niña se llama Mercedes"
Amaren erantzunak argitu zion kontua. "No cariño, se llama Uxue, y le ha dicho mesedez, que en euskera es por favor"
    Badakit hamaika t'erdi entzuteko jaioak garela; badakit Nafarroa Garaian nola gauden; badakit urratsez urrats ari garela euskaraz bizitzen emateko pauso ttikiak ematen egunerokoan... Baina nafar batzuen eta beste batzuen arteko amildegia oraindik oso sakona dela baieztatzeko balio dit pasadizoak, eta triste itzuli nintzen etxera: ume nafar batzuek ez dute inolako kontakturik lingua navarrorum delakoarekin. Bai, ez naiz gaur goizean sortua eta badakit Espainia zale batzuk pozten direla jakiteaz neska nafar batek ez dakiela piperrik ere euskaraz... Euskara ez jakiteaz harro agertzeko jarrera hori, mesedez zer den ez jakiteaz harro agertzen direnen jarrera oso espainola da: “Inorante hutsa naiz eta harro nago: gora ezjakintasuna!” aldarrikatuko balute bezala.
    Handik gutxira, udako goiz batean dentistaren kontsultan nengoen alabarekin, itxaron-gelan, eta denbora pasatzeko aldizkari bat hartu nuen: RACCren aldizkari bat zen, eta bertan Luis Racionero idazleari elkarrizketa bat agertzen zen Panorama izeneko sailean.
    "Espainia herri erresumindua eta ezjakina da; Espainia herri kainista, erresumindua eta ezjakina da. Bizi gara herri ezikasi batean, ezin adiskidetuzko bi zatitan banatua; hori ez da konponduko jendea kriteriodun bihurtu arte, eta hori hezkuntzaz eta gehiago bidaiatuz lortzen da."
    Luis Racionero idazlea izateaz gain, kazetaria eta Espainiako Liburutegi Nazionaleko zuzendari ohia ere bada; zer pentsaturik ematen du Espainiako Liburutegi Nazionaleko zuzendari ohiak horrelakoak botatzea non eta Panorama izeneko sailean... A ze panorama!

2012-09-08

Carmen Velocciren balentria

Uda honetan, Kanadan, Ontarion zehatz izanik, 63 urteko andre bat atxilotu dute liburu bat irakurtzeagatik... 100 kilometro orduko abiaduran gidatzen ari zelarik. Carmen Velocci andrea “axolagabe gidatzeko” akusaziopean atxilotu dute eta, gainera,  gidatzeko karneta kendu diote.

Antza,  andre zahar horrek ezin izan zion eutsi liburu on bat irakurtzeko gogoari; baina zein zen irakurtzen ari zen liburua? Zein izan zen liburu tentagarri hori? Haren bizia —eta bertzeena— arriskuan jartzeraino tentazioan erori bazen, liburu horren izenburua behintzat ezagutarazi behar zuten; baina Interneten bilatu dudan arren, ez dut liburuaren zehaztapenik inon aurkitu. Ezein kazetariri ez zaio bururatu zein izan zitekeen lege-haustearen eragilea? Irakurlearen esku uzten dut pentsatzea zein izan zitekeen 63 urteko andre horren tentazioaren izena. Blog honetan iruzkinak egiteko aukera dagoenez, libra da nork bere sormenari leihoa ireki eta balizko liburu hori aipatzeko.

Orobat, irakurzaletasunaren haritik tiraka... arriskuaren eta debekuaren erakargarritasun-indarra izugarri handia dela jakinda, irakurketa sustatzeko ezkutuko kanpaina bat izan liteke?

Eta amaitzeko... ez al dio inork erreparatu emakumearen abizenari? Nola ez zuen azkar gidatuko Velocci andreak?  Ez al da izen hori bera aringarri bat?

2012-08-05

Errege ekarpena

Tronpatu esaten diogu okertzeari, hanka-sartzeari, batez ere ekialdeko euskalkietan; orobat, bigarren adiera bat dauka tronpatu aditzak: iruzur egin, engainatu. Horra hor Agostin Xaho zuberotarrak idatzitakoa  Azti Begia liburuan: “(...) populiak harthu behar du letzione. Tronpaturik izan da populia (...)”

Hegoaldeko euskaldunok nozitzen dugun errege jarduerei esker, izugarri zabaldu da tronpatu aditzaren erabilera, Euskalerri osora zabaldu ere. Elefante tronpadunak hiltzera joan zen Corinna zu Sayn-Wittgenstein printzesarekin eta han, Botswanan, goizaldeko ordu txikitan, tronpatu zen. Erorikoa izan eta handik gutxira, ospitaletik ateratzean, hala aitortu zuen, sisi-basa: “Tronpatu naiz eta ez da berriz gertatuko”. Aitzitik,  hiru hilabeteren buruan, erori egin da berriz ere; oraingo honetan ez zegoen printzesa alemaniarrarekin -Madrilen zuen habia utzita, Luxemburg-era bizitzera behartuta, nonbait-, militarrez inguratua baizik eta, halere, oraingoan ere muturreko ederra hartu du borboitarrak, eta  odol urdinaz gainera, orain sudurra eta kokotsa ere urdin-ubeldua dauzka. Eta ez ahantzi iragan den azaroan ere begian ubeldura handi bat zuela agertu zela, Zarzuela jauregian izaniko istripu bat zela kausa; orduan ere tronpatuko zen, nonbait.

Eroriz eroriz ikasten da oinez, dio esaera zaharrak, baina ziur naiz borboitarrak ez duela euskal atsotitzik ezagutzen, ezta ezagutu nahi ere; jarrai dezala, beraz, tronpaz beteriko bere bidetik, eta jakin dezala bere safari, abentura eta kalenturei esker, gure hizkuntzan aditz trinko berri bat dabilela hitzetik hortzera, udako jaietan arrakasta handikoa, edozein herriko jaixetan (sic) sortua. Hartara, ni tronpatzen ari naiz perifrastiko luzea erabili ordez, ni datronpat; hortaz, zu datronpazu, eta Juan Carlos erregea datronpa, gu datronpagu, zuek datronpazue eta haiek datronpate; eta lehen aldian? Erraza; ni netronpan, zu zenetronpan,  eta borboitarra zetronpan... gu, zuek eta haiek aditz forma trinkoak osatzea, irakurlearen esku.

Esan gabe doa, Espainiako erregearen erorikoak ikustean, monarkiaren erortze metaforikoa ikusten dugu askok.

Ez, ez da flexioak egiten ari...

2012-07-22

Erakusketa Auritzen

Auritz ingurua biziki ederra dago bero handirik ez dagoen uztaileko egun hauetan. Gandu mehe batek lausotzen du urruna; halere, hortxe dugu Auritz, gure begien aurrean, errekastoaren ondotik egin argazkian, betiko iltzatua.


Auritzen gara herenegun zabaldu zelakoz Auritzeko Kultur Etxean erakusketa berezi bat, nire haiku eta Maite Ramos Fernandezen haigekin osatua. Erakusketa hau, lehenago, Baionako Euskal Museoan, Senpereko Larralde etxean eta Iruñeko Orizuru akademian egon da ikusgai. Oraingo honetan Auritzeko Kultur Etxean egonen da asteazken, ostiral, larunbat eta igandeetan, arratsaldeko 6etatik 8ak arte, eta abuztuaren 5era bitarte.

2012-06-20

Superstizioso (ez den) baten aitorpena


Juan Carlos Onetti handiaren Irakurle baten aitorpenak izeneko artikulu bilduma eskuartean daukat, eta Superstizioso baten aitorpenak izeneko testuan hauxe kontatzen du idazle uruguaiarrak:
“Milano ondoko herrixka batean, bitxikeria baten lekukoa izan nintzen: datorren hilak ekar ditzakeen zorigaitzetatik libratzeko, hilaren 29an hogeita bederatzi ñoki jan behar dira. Baina platerkadaren azpian billete bat jarri behar da, billetearen balioa edozein izanik ere. Hartara, datorren hilean zorionekoa izanen zara”.
Etxe ondoko okindegian uruguaiar bat aritzen da lanean. Lehengo egunean, 29an, ñokiak jateko ohitura aipatu nion, eta baietz, kontatu zidan plateraren azpian txanpon bat jarri behar zela, “vinten bat”. Sakelan haztatu eta giltzaria erakutsi zidan okin uruguaiarrak: aldean eramaten du beti vinten bat, bi pesoko txanpon zaharra, zulo bat eginda eta giltzariari lotuta; Artigas-enirudia, Herri Askeen Babeslea-rena, ez da antzematen, denborak eta marruskadurak aspaldi higatua. Baina halarik ere, hilero-hilero, txanpon hori nokiek betetzen duten plateraren azpian jartzen omen du.
J. Carlos Onetti uruguaiarrak ez zion erreferentzia egin sorterriari, eta Milano-ren ondoko herri txiki batean ikusitakoa nahiago izan zuen jaso. Zergatik hartuko zuen erabaki hori? Onettik nahiago izan zuen zehaztu gabeko herri italiar batean ikusitakoa paperean jaso, sorterrian hamaika aldiz ikusitakoa —eta segur aski egindakoa— idatzi baino! “Unibertsalagoa” ote da Italiakoari aipamena egitea Uruguaikoari baino? Agian uruguaiarrek omen duten konplexuaren adierazgarri?
Uruguain izan nintzenean, duela hiru urte, hango udaberrian, azaroaren 29an ñokiak prestatu zituzten etxean bazkaritarako, ñokiak kuiarekin, eta lehengusu uruguaiarrak plateraren azpian billete bat jartzeko esan zidan. Berdin omen du billetearen balioa, baina nik, badaezpada ere, 1000 pesoko billetea jarri nuen.




Pasatu diren urte hauetan batzuetan galdetu diot neure buruari zergatik eginen nuen nik hori, superstizioso ez izaki. Bai, badakit: Zer ikusi, hura ikasi, dio esaera zahar batek; eta Herri bakoitzak, bere azturak, beste batek. Baina, halere, zergatik eginen nuen hori, eskailera baten azpitik beldurrik gabe pasatzen naizena, ispilu bat baino gehiago hautsia dudana, 13 eta asteartea izateaz batere arduratzen ez naizena?

Gizakiok atzerrian dagoena goraipatzera eta sorterrian duguna gutxiestera kondenatuta gaudelakoan nago, norberarena beti eznahikoa eta besteena beti hobea balitz bezala. Nolanahi ere delarik, amai dezadan beste esaera zahar egoki bat baliatuz, baina soilik atsotitzaren lehen zatia emanen dut: “Urrutiko intxaurrak hamalau...” eta irakurle prestuak osa dezala... zeren ni ñokiak egostera noa, hilaren 29a ez bada ere.



2012-06-12

Kyoichi Katayama BIKn

Berriozarko Irakurle Klubean, BIKen, Maitasunaren oihua, munduaren erdian izeneko nobela izan genuen izan genuen mintzagai. Kyoichi Katayama duzu eleberri horren egilea, eta aipatu eleberria euskaratu zuten bi lagunen artean, Keiko Suzuki-ren eta Inma Errea-ren artean. Keiko Suzuki japoniar euskalduna da, eta Iruñeko Hizkuntz Eskolan aritzen da japoniera irakasle. Inma Errea, berriz, itzultzailea eta idazlea da, eta atzo izan zen gurekin Berriozarko liburutegian, tertulian.

Bitxia izan da Maitasunaren oihua, munduaren erdian izeneko eleberriaren ibilbidea. Hasieran oso ongi saldu ez zen, honezkero lau milioi ale saldu dira Japonian; fenomeno oso bat da Japonian, eta eleberria ez ezik, istorio bera oinarritzat hartuta, manga, irratsaio, telesaio eta pelikula bat egin dira. Japonian izandako arrakastari gehitu behar zaio itzulpenek, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz... eman dioten itzala. Euskaraz ere ongi saldu den liburua da, eta institutu zenbaitetan -Iruñeko Eunaten adibidez- ikasleek gustura irakurri duten liburua da. 

Agian gaia dateke arrakastaren giltza: lehen amodioa eta nerabezaroa, betiko amodio tragikoaren gaia. Estilo xalo eta idazkera lauaz idatzita, erraz irakurtzen da

Gizarteak asko aurreratura ere, akaso barru-barruan gizakion sentimendua ez duk asko aldatzen. Hik eta hire ikaskideek eskolan ikasten dituzuen poesia-formak, zekku eta risshi horiek, besteak beste, ezarri baino askoz lehenagoko poesia duk. Baina poesia honen egilearen egungo gizakiongana iritsi duk.

Agian arrakastaren giltzarria datza amodio puruaren agerpen anbiguo horretan... Nolanahi,
liburu japoniar batean ezin zen Herio anderea falta; Aki neskak leuzemia dauka eta, ene irudikoz, neskaren heriotza da amodioa idealizatzeko tranpolina, nobela honetan bederen.

Inoiz ez dakik norbera noiz arte biziko den: horregatik deitzen duk bizitza. Jakinaren gainean egonez gero, plan bat bestetik ez lukek izanen

Atzoko saioan Inma Erreak itzulpen plan honen sekretu batzuk partekatu zituen gurekin.
Adibidez, aipatu zigun lehen edizio honek dituen akatsak zuzenduko direla, eta uda igarota aterako den bigarren edizioa txukunagoa izanen dela.

Inma Errea itzultzailea, ezkerretik hasita lehena

Kyoichi Katayama idazlea ospetsu bihurtu zen liburu honi esker, eta hau irakurri eta gero, gustukoa baduzu, ez galdu Saekoren urtea, japonieraz, ingelesez eta gaztelaniaz —El año de Saeko— dagoena, baina ez, tamalez —eta oraingoz bederen—, geure hizkuntzaz. Nik gaztelaniaz irakurri dut, oso gustura irakurri ere...

Udan irakurtzeko aholkatzen dizuet, bata zein bestea.


2012-05-23

Jesusen Bihotzaren Babes Etxeko serora kanpaia-jotzaileen Zerbitzua

Urgell-eko apezpiku José Caixal Estradék emandako dispentsa bereziari esker, 1847ko abenduan onetsi zen “Jesusen Bihotzaren Babes Etxeko serora kanpaia-jotzaileen kidegoa” sortzea. Kideak emakumezkoak ziren, kanpai-jotzaile errukitsu izenarekin ezagunak, prest zeudenak, itxura fisikoa edo adina gorabehera, kontsolamendua emateko bigarren gerra karlistan zauritutako soldaduei kanpai-jotzeen bidez.

Ideiaren sortzailea Sor Ethel Sifuentes serora izan zen: 45 urteko emakume hau erizain aritzen zen Jesusen Bihotzaren Babes Etxean soldatu zaurituak artatzen. Sor Ethelek aspaldi gaztigatua zuen soldadu zaurituak sendatu eta sendotu ahala, gizonezko hauen urduritasun, ezinegon, oldarkortasun eta grina lohia handitzen zela neurrigabe, soldatu bizkortu berriak antsietate eta testosterona-neurri oro gainditzeko zorian zirela. 

Sor Ethel bera hasieran, eta Jesusen Bihotzaren beste serora batzuk gero, kanpai-jotzeak hasi zitzaizkien egiten hala eskatzen zuten soldaduei, berdin kapitain, lotinant, kaporal edo soldadu xehea izanik ere, neholako maila-bereizketa egin gabe, alegia. Harrezkero, eguneko kanpai-jotze bat zela medio, emaitza onak berehalakoak izan ziren. Jesusen Bihotzaren Babes Etxeko giroa goitik behera aldatu zen, eta soldaduak amultsuki eta gizalegez jokatzen hasi ziren, —armada ezberdinekoak izanik ere—.

Denboraren poderioz, eta eskaintzak eskaera asetzen ez zuenez gero, Jesusen Bihotzaren serora ez ziren beste emakumezko batzuk batu ziren kidegora, pairamenezko zerbitzuak  hartaratuak, eta kobratu gabe ere. Emakume hauen izen ona salbatzearren eta ohitura onek aginduta, boluntario berriei ezarri zitzaien uniforme jakin bat janzteko arau zurruna: jantzi lasai bat emakumearen itxura lausotzeko, baita aurpegia estaltzeko lihozko “paramenta” edo beloa.

Ekimenaren arrakasta erabatekoa izanik, kanpai-jotzaile kidego berriak onetsi ziren han-hemenka;  hala  sortu ziren  Erregearen Kanpai-jotzaileen Zerbitzua, Aragoiko Kanpai-jotzaile laguntzaileen Zerbitzua, Mariaren Bihotzaren mirabe kanpai-jotzaileak,  harik eta Kubako gerlan gertatutako gehiegizko ustiapen bat zela kausa, Vatikanoak jarduera hori bertan behera uzteko agindu zorrotza eman zuen arte, Abusus non est usus, sed corruptela delako ebazpenaren bidez, orain dela 114 urte, 1898ko Pazko Astelehenez emana. Eliza Katolikoaren historiagileak ez dira ados jartzen, debekuaz geroztik jarduerak segidarik izan zuen ala ez. Nolanahi  zelarik ere, teologo aditu guztien esanetan, ekimenaren beraren arrakasta izan zen, nolabait esateko, ekimenaren beraren hondoratzearen zio nagusia: bere arrakastaren beraren biktima, labur esanda.

Orduko hartan sortu omen zen gaur egun ere zenbait lekutan bizirik dirauen esapidea: “Ezin da kanpaia jo eta, aldi berean, prozesioan ibili”. Hizkuntzaren bideak —Jaikoaren berarenak bezalakoak—  antzemanezinak dira, zinez.

Eta egia bada, sakelan sar; gezurra bada, kontuan ez har; eta egia ez bada ere, italiarrek dioten gisara, se non è vero è ben trovato.

2012-05-20

Sortzen-en bestan, “Hazia, hasi eta hazi” kamishibaia

Kami hitzak japonieraz papera esan nahi du. Kamishibai hitzak, paperezko antzerkigintza. Ipuinak kontatzeko Japoniako teknika bat da, non irudia eta testua uztarri berean doazen, elkarren osagarri. Genero testual berezi bat da non testua eta irudia elkarren osagarri diren, komikiarekin eta iragarkiekin gertatzen den gisara.

Jakina denez, Sortzen-Ikasbatuaz-ek ospatu du gaur aurtengo festa Taknoneran eta, horren harira, aurtengo berrikuntzetako bat izan da kamishibai bat egin dela festarako. 

Pello Uharte Orotzek idatzitako eta Iker Morenok egindako irudiekin ipuin bat egin zen Sortzen-endako, eta ipuin hori izan da oinarria kamishibai berezi bat sortzeko, bai testua, bai irudi zenbait moldatu behar izan direlako kamishibaiaren formatura.

Aitortu behar dut ez zaidala erraza egin egokitzea Pello Uharteren eta Iker Morenoren ipuina kamishibai formatura. Gainera, irudiak moldatzeko aukera handirik ere ez dugu izan, jakina denez eta tamalez, Iker Moreno ilustratzailea oraindik kartzelan dagoelako eta ezinezkoa izan da aldaketa askorik berari proposatzea. Halere, emaitza ttukuna izan dela uste dut.

Gaur goizean emanaldi bat egin dut eta arratsaldean beste bat. Euritan blai eman dugu egun osoan eta arratsaldeko saioan jende askorik egon ez den arren, gustura gelditu naiz...



"Hazia, hasi eta hezi" kamishibaia
Kamishibai hori lortzeko, jarri harremanetan SORTZENek Nafarroan duen ordezkaritzarekin.

Bestalde, euriak ez dut bakerik eman egun osoan eta ohi baino askoz jende gutxiago hurbildu da; gastuei aurre egiteko, ezinbestekoa da denon diru-laguntza...

2012-05-08

Kamishibai ikas-esperientziak trukatzeko jardunaldiak


Bihar eta etzi, maiatzaren 9an eta 10ean, Kamishibai ikas-esperientziak trukatzeko jardunaldiak eginen dira Iruñeko ILZn, arratsaldeko 5,30etatik aitzina. Interesik izanez gero, jardunaldien egitaraua, ikusgai.

Baina Iruñera hurbiltzerik ez baduzu, edo irakaslea ez bazara Nafarroan, jakin ezazu jardunaldiak zuzenean ere ikusteko aukera izenen dela streming-en bidez http://bit.ly/J6PrlP,

Jardunaldiotan nire esku dago aurkeztea Noriko Matsui-ren Kamishibai Antzezteko Gida, duela bi urte itzuli nuena, bai euskarara, bai gaztelaniara, blog honetan bertan azaldu nuen gisan, eta oraindik bere bidea egiten ari dena...








2012-05-07

Osaba beltzitaren ahuntza

Osaba Beltzita ez zen larru-beltza, baina beltza zuen umorea, bizia, oparoa. Anaia bizki bat izan zuen, baina jaiotzeko unean anaia bizkia hil omen zen, eta osaba Beltzitak beti esaten zuen hil zena polita zela, eta bizirik gelditu zela itsusia. Xelebrea zen osaba Beltzita. Ahultasunez hil omen zen anaia bizkia jaiotakoan, eta osaba Beltzita bera ez zen  sekula oso sendoa izan. Txiki-txikitandik makal ibili zen osasunez, eta poliomelitisaren ondorioz herren gelditu zen zortzi urte zituelarik. Medikuak burdina batzuk jartzeko agindu omen zizkion hanketan, baina Beltzita gazteak burdin horiek askatu eta herrenka egiten zuen ihesi, klinki-klankarik gabe ibiltzea gustukoa izaki.

Gazte-gaztetatik osabak, herrena izanik, besteen txantxak-eta jasan behar izan zituen. Baina Beltzitak ez zuen herdoila mingainean eta bizkor-bizkor erantzuten zion herrenaren kontua iradokitzen zion orori.  Beltzita ezizena, aldiz, gustukoa zuen, horrela ez baitzioten "Aitzinagako herrena" deituko. Osabak ederki zekien "Aitzinagako herrena" deitzen ziotela bera aurrean ez zelarik, baina inor ez zen ausartzen berari halakorik deitzen. Harik eta, herri orotan beti gertatzen den bezala, bat ausartu zen arte.

Aitzinagatik mendira oinez joatea biziki gustatzen zitzaion osabari eta, diotenez, egun batean herritik hilerrira doan bidetik zihoan mendirantz. Hogei-hogeita bost urte izanen zituen orduan, eta menditik beheiti zetorren herriko batekin topatu zen, txantxazalea eta zirtolaria berau. Esan behar da txantxazale honen emazteari ahuntza deitzen ziotela, harira ez datozen esamesa zenbaiten kontura. Hala, beraz, goiz hartan txantxazaleak osaba Beltzita ikusi zuen herrenka zihoala mendirantz eta bota zion, braust:
"Ze, Beltzita, bide luzea eta pausoa llabur-llaburra hirea!"
Eta txantxazaleak jaso zuen berea:
"Bai, banihoak belar bila hire ahuntzarentzat".

Txantxazalea zapuztuta gelditu omen zen eta irentsi behar izan zuen herra guztia. Han ez zen bukatu kontua, laster zabaldu baitzen pasadizoa Aitzinagatik haratagoko haranetan gaindi, again, osaba Beltzitak berak barreiatua. Ez asko fido. Tabernarik taberna ibiltzea maite zuen eta han, baso bat ardo beltz hartuta, ederki zekien mingaina -eta bidenabar bazterrak- nahasten.  Izanez ere, Beltzita ezizena ardo beltzari zion zaletasunetik omen zetorkion...
Nolanahi delarik ere, egia da osabari agur egiteko tenorean “Izan untsa” esanez gero, “Eta ez ahuntza” erantzuten zuela irri gaizto batekin batera. Neroni, lekuko .

Urteak joan, urteak etorri, osaba Beltzita zahartu eta txartu zen, eta, laurogeita bortz urterekin zaharretxera joan behar izan zen. Mutilzahar izanik eta gu senide bakarrak ginenez gero, baserria guri utzi zigun.

Gaur egun zintzarri gutxi batzuk gelditzen dira osabak utzi zigun baserrian. Ukuiluan aurkitu nituen eta jaso, bildu, garbitu eta txukundu nituen. Mingainik gabekoei mingaina bana jarri nien, eta distiratsu utzi arte garbitu nituen. 




Gabon hauetan osaba Beltzitari bisitan joan natzaion zaharretxera eta aipatu nion zintzarriak bildu nituela eta oholtza batean apain-apain jarri nituela."Ahuntzaren zintzarriak!" esan du irriz osaba Beltzitak.
Nik dakidala, Osaba Beltzitaren baserrian behiak eta txekorrak eta untxiak eta txerriak izan ziren garai batean... baina ahuntzik, sekula ez.

2012-04-21

Miserablea

Eguerdia, astegun buruzuri bat Madril inguruko kartzeletako baten patio-orduan
 
- A ver, tú, vasco, a la calle.
- ¿Cómo?
- Que sales ya: coge tus cosas y a la calle.
- [...]
- Venga, vasco, que no tengo toda la mañana. Sales ahora mismo.
- Es que.... ahora no puedo
- ¿¿Qué??
- Que ahora no puedo
- ¿Cómo que no puedes? ¿Por qué no puedes?
- Es que tengo que saludar a los del módulo dos y cuatro, que son colegas.
- ¿Cómo que tienes que saludarles?
- Es que después de tanto tiempo aquí, por lo menos, echarles un saludo.
- Mira vasco, a mí no me toques los cojones. Ha llegado tu puesta en libertad inmediata, tú sabrás; pero tú sales ahora o no sales.
- Que sí, que ya entiendo, pero si sólo es saludarles... ¿No me puedo quedar a comer y salgo luego?
- Mira, vasco, que a mi no me tocas los cojones. Siempre pidiendo amnistía y libertad, y ahora ¿dices que no quieres salir?
- Que sí salgo; pero deja que me despida. Si te da igual que salga ahora o un poco después. Déjame media hora...
- ¡A que te meto un parte!
- Por lo menos déje que les salude a éstos, a los del patio...
- [...]
- Son cinco mitutos...
- Tienes dos y luego, a la puta calle!

Eta modulo berean zeuden beste bi kideei besarkada trinko bana emanda, eta  gauzak noren esku gelditzen ziren aginduta, kartzelatik atera zen bazkaldu gabe. Egunak, asteak, hilabeteak, urteak bahituta eman ondoren, ordu erdi bat ere ez zioten eman nahi izan lagunak agurtzeko. La puta calle ez da, gainera, kalea, Mantxa aldeko lautada hits bat baizik. Senideei deitu zien kalean nengoela esateko eta bila joanen  zirela esan zioten; Euskal Herritik haraino, lau ordu luze... —Bo, koinatuak gidatzen duen moduan, hiru ordu t'erdi!—. Ea non egonen nintzen galdetuta, kartzelatik lau kilometrora dagoen gasolindegi batean egonen nintzela esan zien. "Gasolindegian? Zein gasolindegitan? Zergatik ez espetxean bertan", galdetu zuen arrebak? Eta preso ohiak hauxe erantzun:  "Kartzelatik bota naute lagunak agurtzeko denborarik eman gabe.  Orain ez dut hemen egon nahi ezta minutu bat gehiago ere."

Eta gasolindegirantz abiatu zen poliki, erdi zorabiatuta espazio zabal handi horretara ohitu arte, eta batez, ere, suminduta kartzelako boki miserable horrekin; lagunak agurtzeko aukera ukatzen duenari izen bat baizik ez dagokio: miserablea!

2012-04-04

Hipopotamoak

 Aitortu nuen lehengoan, gazte eta berde nintzen garaian Félix Rodríguez de la Fuente mitikoaren telesaioak biziki maite nituela. Orain, nahi baino urte gehiago ditut, eta jadanik ez gazte, ez berde izanik, haurtzaroko kontuak lantzean behin agertzen zaizkit, temati, ahanzturaren amildegitik beheiti laprast egin nahi ez duen heroi setatsu baten antzera. Lehen, telebistaren aurrean eta sofan etzanda nire kirol gustukoenak —besaulking eta zapping—  praktikatzen ari nintzelarik, halako batean hipopotamo baten irudia ikusi nuen. National Geographic-en saio horretako munstro sinpatiko horren irudiak aspaldi erdi-ahaztua neukan antzinako istorio bat berpiztu zuen ene baitan. Istorio zahar hori ahanzturaren putzutik beheiti eta betiko amiltzeko zorian zegoela susmatu nuen, eta istorio hori papereratzeko beharra izan nuen, hipopotamoaren irudiak piztutako sua itzali aitzin bederen.

Aspaldi handian, Oihaneko Jaunak animaliak sortu zituen, eta animalia bakoitzaren ezaugarrien arabera kokatuz joan zen: gorilak eta lehoinabarrak haran epeletan utzi zituen; bufaloak eta tximinoak, basoetan; antilopeak eta ostrukak, ordokietan... Eta hipopotamoa? Hipopotamoa larre zabaletan utzi zuen, sabana zabalean, elefantearekin eta errinozeroarekin batera. 
Baina hipopotamoa ez zegoen eroso larre zabaletan: potoloegia zen luze ibiltzeko eguzkiaren bero kiskalgarria pairatzen, eta, gainera, ez zuen borrokarako letaginik, elefanteek eta errinozeroek zuten modura.
Orduan Oihaneko Jaunarengana joan eta esan zion:
- Jaun hori: potoloegia naiz lur zabal lehorrean bizitzeko, trakets ibiltzen naiz; baina uretan hobeki moldatuko naiz, ederki baitakit igerian. Emadazu, arren, ibaietan bizitzeko baimena.
Oihaneko Jaunak, arrapostu:
- Handiegia zara ibaietan bizitzeko; gehiegi jaten duzu, eta ibaietako arrain guztiak jango zenituzke...
Orduan Hipopotamoak hauxe esan zuen:
- Zin egiten dizut, Jauna, ez dudala sekula arrainik jango; egunez uretan egonen naiz, eta gauez aterako naiz urtetatik belarra jatera. Eta noizbait ene zina hausten badut, nahi duzun zigorra ezarri eta nik otzan-otzan onartuko dut.
Orduan Oihaneko Jaunak esan zion:
- Ederki! Utziko dizut uretan bizitzen, baina egun batean arrain bakar bat janez gero, alimaleko zigorra ezarriko dizut... eta ez naiz errukior izanen, ez horixe! Gauez aterako zara belarra jatera, bai, eta zure gorozkiak buztanarekin barreiatuko dituzu, nik ikus dezadan bertan ez dagoela arrainaren arrastorik.
Harrezkero hipopotamoa  urtean bizi da egunez, eta gauez uretatik ateratzen da belar bila; eta kaka egiterakoan gorozkiak barreiatzen ditu buztanarekin, Oihaneko Jaunak, dagoen lekutik dagoela, ikus dezan hipopotamo baten hitza ez dela ur gaineko bitsa.

Félix Rodríguez de la Fuenteren ahotsaren oihartzuna zeharo desagertu da ene burutik, ahots berezi hura, inondik ere, gaztelania ez den beste hizkuntza batean aritzeko ezgauza balitz bezala. Izan ere, zer inporta du kontalariaren ahotsak?  Félix Rodríguez de la Fuente aspaldi joan zen gure mundutik, baina hipopotamoek jarraitzen dute ibaietan bizitzen, jarraitzen dute arrainak dastatzeke, jarraitzen dute gauero uretatik ateratzen belar bila, eta jarraitzen dute gorozkiak barreiatzen buztanarekin. National Geographic-en saioak bukatuta behar du honezkero, baina telebista piztuko dut berriro, ea munstro sinpatiko horietako bat ikusten dudan obratzen.

2012-04-03

Hedagailua askatu!

Berdez jantzitako gizon armatuen balentria-zerrenda luzeari gehituko diogu hedagailu atxilotu izana. Baina bitartean Tarot katea eta kate apostoliko alegalak hor daude, baita mundu osoko telebistak ikusteko aukera ere. Euskarazko telebista ikusteko, Hendaiara joan behar... Bo! Aurrekariak, badira: Frankismoren garaian Iparraldera  film pornoak ikustera joaten omen zen Hegoaldeko jendea... Nik ETB ikusten ahal dut Erroman eta Montevideon; baina Berriozarren, digitalki, ezin.

    Espainolek Euskaltzaindiari Madrilen harrera egin, eta gure hizkuntza horrenbeste maite dutenez, “eusquera” (sic) idatzi zuten. Baina euskaldunok omen gara hobendunak, guk dena politizatzen omen dugulako. Memoria laburrekoak gara euskaldunok, doike! Euskaldunon Egunkaria itxi, langileak atxilotu eta torturatu zituztenean, Angel Acebes ministroa atera zen telebistan dotore, piper-potoa atzeko aldean  zuela esateko euskararen alde egina zutela polizi operazio  hura... Hori ere ahantzi behar dugu?

    Ez ahaztu! Baskongadetan Patxi Lopez lehendakari izendatu zutenean, hemengo eta hango euskaldun proge batzuek esaten zuten ona izanen zela bi gobernuak ez-abertzale izatea, ezen gobernu konstituzionalistak izanik errazago izanen zela hainbat gauza adostea eta  hitzarmenak egitea. Nik hala entzun eta irakurri diot bere burua proge-tzat daukan bati baino gehiagori. Arrain ustela saltzen ziguten.

    Eta orain ETB ikusi ahal izateko hedagailu gaiztoa hartu dute atxilo, bahitu, gaiztokeriak egin ez ditzan... Bitartean, hor dago Diario de Navarra: iragan berria den greba orokorraren gainean ze desinformazioa zabaldu zuen ikusita,  Nafarroan, egun, Diario de Navarra da hedagailurik gaiztoena, egunero-egunero arrain ustela saltzen diguna; ez dezagun irentsi!

2012-03-20

Krisia 9 urteko gure alabari kontatua, ipuin baten bidez

Behin bazen eta bazen behin, gizon aberats bat bailaraz bailara eta herriz herri ibiltzen zena negozioak egiten. Nonode herrira heldu zenean, asto eder batzuk ikusi zituen. Negozio-gizonak herritarrei asto bakoitzeko 100 txanpon eskaini zien. Herritar batzuek astoak saldu zizkioten. Biharamunean, negozio-gizon berak asto bakoitzeko 150 txanpon eskaini zuen eta beste herritar batzuek euren astoak saldu zizkioten. Beste egun batean, 300 txanpon eskaini zien astoko eta gelditzen ziren herritarrek herriko azken astoak saldu zizkioten.

Nonode herri osoan asto gehiagorik ez zela, negozio gizonak eskaintza berezi bat egin zuen: asto bakoitzeko 500 txapon ordaintzeko prest azaldu eta joan zen, astebete pasatu eta gero berriz agertuko zela esanda.

Biharamunean, beste negozio-gizon bat agertu zen Nonode herrira eta astoak saltzen zituela iragarri zuen: asto bakoitza 400 txanponen truke. Lehendabiziko negozio-gizonaren eskaintza bizi-bizi zegoen Nonodeko herritarren gogoan, eta asto guztiak erosi zizkioten bigarren negozio-gizonari, bakoitza 400 txaponen truke; dirurik ez zutenek, dirua maileguan hartu zuten eta herritar gehienak zor handitan sartu ziren. Izan ere, Nonodeko ez ezik, eskualde osoko astoak ere erosi zituzten nonodetarrek.

Baina negozio-gizonak —ez lehena, ez bigarrena— ez ziren sekula itzuli Nonodera. Horren ondorioz, Nonode astoz eta zorrez beterik dago. Dirua mailegatu zutenek ezin izan zituzten astoak saldu eta, beraz, ezin izan zituzten ez kurrituak ez maileguak ordaindu.

Dirua maileguan eman zutenek agintariengana jo eta euren kexa agertu zuten, zeren maileguak eta kurrituak kobratu ezean, beraiek ere hondoa joko lukete eta ezin izanen lukete maileguak ematen jarraitu; beraz, euren hitzetan esanda, “dena hondoratuko litzateke”.

Mailegu-emaileak hondora ez zitezen, agintariek mailegu-emaile horiei dirutza eman zieten. Halere, mailegu-emaileek dirutzaren zati eder bat hartuta ere, ez zizkieten herritarrei zorrak barkatu, eta herritarrak egunetik egunera handitzen ziren zorretan itota gelditu ziren.

Bestalde, Nonodeko agintariak herri-ondasunak xahutu zituen eta, ondorioz, Udalak berak hondoa jo zuenean, agintariak beste udaletako agintariei diru-laguntza eskatu zien; baina beste agintariek erantzun zioten ezin ziotela dirurik utzi, zeren Nonode bezalako udal batek, hondoa jotako udal batek, ezin baitu maileguan utzitako dirua sekula itzuli.

Finean, nola daude kontuak Nonoden? Aberatsak lehen baino aberatsagoak dira, negozio-gizonak, negozio-gizonaren lagunak eta mailegu-emaileen irabaziak bermaturik; herritarren maileguen kurrituak kobratzen jarraitzen dituzte eta ordaintzerik ez duten herritarrei astoak hartzen dizkiete bahituran. Herritar asko eta asko dirurik gabe era astorik gabe bizi dira egun. Nonodeko Udala bera ere zorrez itota dago. Baina zer egin dute Nonodeko agintariek egoera larria dela eta? Agintariek udal langileei soldata murriztu diete.

Nonode edonon da. Izan ere, edonon, eskuinetik ezkerrera irakurrita duzu Nonode.

Nonoden herritarrek ez dute abererik, ez dira aberatsak eta Andu Lertxundik aspaldi gaztigatu digun gisara, “abere askoren jabeak derrigorrez izan behar abere-kiratsa, aberatsa abere asko —ondasun asko— dituena baita”. Horregatik Euskal Herrian aberatsa abere hatsa duena omen da.

Sufien ipuin honek sekulako gaurkotasuna du, ezta?


2012-03-14

Félix Rodriguez de la Fuenteren ahots hordigarria


1980ko martxoaren 14an Félix Rodriguez de la Fuente hil zen, Alaskako lur mortu izoztuetan, Bering itsasotik gertu, ez-leku batean. Warren Dodson pilotuaren Cessna hegazkin txikiak lur izoztua jo zuenean, Félix Rodriguez de la Fuenteren ahots liluragarri bezain hordigarri hura itzali zen betiko; txakurrez eramandako lera-lasterketa ospetsu bat grabatzen ari zirelarik gertatu zen ezbeharra. Iditarod Trail Seld Race izeneko lasterketa entzutetsuak Anchorage eta Nome hiriak lotzen ditu, ia-ia bi mila kilometroko ibilbide izoztua. Aingura bat ur izoztuan bezain finkaturik gelditu zitzaizkidan neure begiekin sekula ikusiko ez ditudan ez-leku horiek, No men´s land horretan gizakia ezin baita luzaroan bizi, Nome izen paradoxikoa duen ez-leku batean.

Inguru horietan hartza bizi da oraindik eta, diotenez, landareak eta animaliak mintzo ziren garaian hartzarekin batera azeria ere bizi zen mortu izoztu horietan. Borrokatzen zirenean, hartza azeria baino sendoagoa eta ahaltsuagoa izaki, hartza handiak azeri txikia erraz menderatzen zuen. Baina azeria azkarra da oso, eta egun batean hartzari hauxe esan zion:

- Hartza, beti ibiltzen gara liskarretan, eta guk ez dugu zertan borrokatu. Izatez, zuk arrainak gustuko dituzu eta nik ezagutzen dut modu bat zuk nahi adina arrain harrapatzeko. Sartu buztana izotzean egindako zulo batean, eta arrain batek zure buztanari kosk egiten dionean, jarri zutik eta horrela aterako duzu arraina zure buztanari atxikirik.

Hartzak hori egin zuen. Izotzean zulo txiki bat zegoela profitatuz, ondoan eseri eta zulora sartu zuen buztana. Han eman zuen denbora luzea, eta aspertzen hasia zenean, nabaritu zuen arrain batek kosk egin ziola buztanari. Azkar altxatu zen, baina buztanaren inguruko ura izotz bihurtua zenez gero, krak! han gelditu zen buztana, izotzean jelaturik.

Harrezkeroztik hartzek oso buztan motza dute eta beti ibiltzen dira azeri baten atzetik, mendekua hartzeko asmoz eta gogoz; baina azeria, hartzaren beldur, aspaldi utzi zituen lur izoztu mortu horiek eta Hegoalderantz abiatu zen, lurralde epelagoen xerka.

Félix Rodriguez de la Fuenteren ahots liluragarri eta hordigarriarekin kontatua balitz...

2012-02-18

Sanduzelai eskolak 25 urte: "Euskaraz blai"

Sanduzelai Eskola Publikoak 25 urte bete ditu aurten. Mila kilo zorion!  Xabier Lete handiaren habanera doinuarekin egindako bertsoa:

Hasteko agurra, lagunok
ongi etorri, aurrena
egindako lan guztia
ez da hutsaren hurrena
lan eta lan arituta
bide emankor ta zuzena
Egindako ahalegina
denbora, gogo ta dena
Linguae vasconum zabalduz
gure auzoan barrena
gure hizkuntza ez dadin
ibil munduan herrena
Eskertzen dizuet biziki
zuen lana ta kemena
hogeita bost urte betez
Sanduzelai doa aurrera


Eta hartu gogoan: Euskaraz blai, gora Sanduzelai!

2012-02-15

Eduardo Galeano ipuin kontalariez


Ipuin kontalariak,
ipuin kontalariak
bakarrik aritu daitezke ipuin kontaketan elurra ari duelarik.
Ohitura zaharrak horrela agintzen du behintzat.
Ipar Amerikako indiarrek
kontu handia izaten dute ipuinen kontura.
Indiarrek diotenez, ipuin kontaketan
landareak ez baitira hazteaz arduratzen
eta txoriek berek txorikumeak elikatzeaz ahaztu egiten baitute.



 Hitzaren gaineko leihoa, Eduardo Galeano

2012-02-06

Fibonacci-ren banpiroak


1180ko abenduaren 31n, bidaiari misteriotsu bat heldu zen Pisara. Europako Erdialdetik omen zetorren eta norabide jakinik gabe ibiltzen zen hiri batetik bestera. Baina Pisan, bere bide ilunari berriro ere lotu aitzin, bidaiari misteriotsu hark Donatello izeneko gazte bati kosk egin zion lepoan. Hurrengo egunean, eta 24 ordu igaro eta gero —ohiko inkubatze-aldia—, Donatello banpiro bihurtu zen. Urtarrilaren 2an, nahasmen banpirikoaren 24 ordu jakinen buruan, Donatellok berak bere lagun Filippo-ri kosk egin zion, eta, hartara, hurrengo egunean Filippo ere banpiro bihurtu zen. Urtarrilaren 3an Donatellok bere bigarren biktimari kosk egin zion, Lucreziari, eta urtarrilaren 4an, Filippo lagunarekin atera zen ehiza egitera; ordurako nahasmen guztiak gaindituta, kosk egin zioten, hurrenez hurren, Sandrori eta Giuliettari...

Urte batzuk pasatu eta gero, eta behin banpìro-izurritea itzalita —erruki gaitezen irakurleaz eta isilk ditzagun xehetasun zantarrak—, zenbakietara emana bizi zen gazte batek gertaera horiek laburbildu zituen: 1181ko urtarrilaren 1ean, Pisan banpiro bat zegoen, Donatello. Urtarrilaren 2an artean banpiro bakar bat zegoen, ordurako banpirogai bat ere bazegoen arren, ernaldian, Filippo. Urtarrilaren 3an bi banpiro zegoen, eta beste bat gehiago, banpiro izateko bidean, Lucrezia. Urtarrilaren 4an hiru banpiro zegoen, eta beste bi gehiago, ernaldian. Urtarrilaren 5ean bost banpiro zeuden, eta hiru gehiago, bidean. Leonardori, hala deitzen baitzen Pisako matamatikari gazte hori, banpiroen kopuru segida bitxia egin zitzaion: 1, 1, 2, 3, 5, 8…: nahasmen banpirikoaren 24 ordu horiek gabe, zenbaki segida bigarren mailako progresio geometriko bat izango zen (lehen egunean, banpiro bat; bigarren egunean, bi; hirugarrenean, lau..,) eta martxa horretan, aste pare baten buruan edo, ez zen Pisa osoan gizaki arrunt bat ere geratuko. Baina segidaren zenbaki bakoitza aurreko bien batuketa izanik, hazkundea askoz ere geldoagoa izan zen.

Batzuek uste dute Pisako Leonardok, Fibonacci izenez ezagunak alegia, sekuentzia famatu hori asmatu zuela untxien ugalketa erritmoari beha, baina benetan bestelakoa izan zen, eta lerrootan kontatzen ari naizena egiazko historia da. Edo, italiarrek esaten duten gisan, se non è vero è ben trovato. Ederki asmatua, bai, ikuspuntu didaktikotik bederen, zeren aspaldiko urteetan matematika eskoletan untxien ordez banpiroak baliatzen nituelarik, ikasleek askoz arreta handiago eskaintzen zidaten, eta, beraz, zenbaki segida liluragarri horren mamia eta deribazio kontaezin guztiak askoz hobeki ulertzen baitzituzten
Ikasi beharrekoa: matematika irakastea, lehen-lehenik, hizkuntzalaritza kontua da —kontu oro den bezala—, baina metalinguistika kontua ere bada, hau da, kontu literarioa. Ia-ia guztia bezala.


Post scriptum: gustatu bazaizue ipuina, meritua ez da nirea,  Carlo Frabettirena baizik. Zinez, se non è vero è ben trovato.

2012-01-31

BIKen, Max Frisch-en "Hobo Faber" eleberria



BIK Berriozarko Irakurle Kluba duzu. Irakurtzen ari garen liburua Homo Faber da, Max Frisch-ena. Horren gaineko solasaldia  eginen dugu otsailaren 29an, asteazkena, 7etan, Berriozarko liburutegian. 
Ohi den gisara, liburutegian duzue eskuragarri nobelaren ale bat maileguan hartzeko prest.

Solasaldiaren eguna  gogoratzea erraza da: otsailaren azken egunean, eta erne! aurten, bisistua da eta!

2012-01-30

20 urte kartzelan


Nahi baino urte gehiago daramagu presoen eskubideak aldarrikatzen: urteak, presoen aurkako neurriek senideengan dituzten ondorio larriak salatzen; urteak, estatu espainiar zein frantsesari, beren legea betetzeko eskatzen. Oraindik, ez Madrilek, ez Parisek, ez dute egoera berriaren neurriko urratsik eman: presoen dispertsioak bere horretan dirau; senideek hamaika kilometro egiten jarraitzen dute; hamarnaka euskal presok, Parot doktrinaren ondorioz, hil arteko zigorra betetzen jarraitzen dute; eta gaixotasun larriekin dauden hainbat presok baldintza kaxkarretan jarraitzen dute.

    Ruper Ordorikak kantuz diosku: “Zure onenean ez zaudenean desiratzen iragan dadin eguna, entzun nahi zenuke mundua biltzen duen oihartzuna.  Mundua biltzen duen oihartzunak den guztia edertzen du, lehorra eta itsasoa, argia eta iluna”

    Mundu bat bildu ginen urtarrilaren 7ko Bilboko manifestazioan. Eta 110.000 lagunen ahotsen oihartzuna oraindik ez da itzali.  Eta urtarrilaren 7koa abiapuntu baizik ez da.  Zilegi eta ezinbestekoa da Euskal Preso Politikoen eskubideen errespetua exijitzea, hala nola dispertsioaren amaiera, eta preso guztien Euskal Herriratzea, baita gaixotasun larriak dituzten presoak eta zigorra beteta dutenak ere askatzea.

    Nazioarteko adituen adierazpena ezin argiagoa da: “Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin”.

    Izan ere, munduan eman diren prozesu politiko anitzetan bezala, Euskal Herrian ere preso politikoen errealitateari konponbidea eman behar zaio. Myanmarren, laugarren amnistia eman berri du  Gobernuak eta 651 preso askatu ditu oraingo honetan, prozesua bultzatzeko; Nazio Batuen Erakundeak txalotu egin du neurria. Orobat, hemengo prozesuan ere parte izan behar dute, ziklo bat behin betikoz ixteko eta etorkizunean aske eginen gaituen ziklo berria  zabaltzeko.

    Anitzen arteko bat, Karlos Apeztegia nafarra; gaur betetzen dira 20 urte hartu zutenetik Iruñeko Irritzi dorrean: 20 urte gatibu, etxetik 1000 kilometrora. Orain, Cadizen, Puerto IIn; lehen, Huelvan, baina baita Puerto IIIn, Malagan, Melillan, Valdemoro, Granadan eta Herreran. 20 urte hauetan zehar bildu ditudan bere eskutitzak altxorrak dira niretzat, eta duintasuna zertan datzan erakutsi didate haren eskutitzek. Bihoakie Bego emazteari eta Iraitz alabari, hala nola Jaime eta Asun gurasoei, musu handi bana, eta jarrai dezagun etxerako bidea egiten: egoera hau errotik aldatzeko eta atzerapenik gabeko urratsak emateko garaia da.
    Eta Ruperren kanta, gogoan: “Mundua biltzen duen oihartzuna osatu nahi luke kantuak, nola milaka izarren  argitasunak osatzen duen zerua. Gerezi alaietako egunetan, amets gaiztoetako gauetan, lagun leiala duzu munduan biltzen duen oihartzuna.”
    “Euskal presoak...” 110.000 ahotsen oihartzunak ihardespena dakarkigu atzera:”etxera!”

2012-01-12

1512-2012 Nafarroa Bizirik! Hitzaldia Berriozarren



1512-2012 Nafarroa Bizirik herri ekimena Berriozarren ere abian jarriko da laster. Urtarrilaren 26an, ostegunarekin, hitzaldi bat eginen da Kulturgunean 7etan. Hitzaldi horrretan parte hartuko du Sergio Iribarrenek, eta espero dugu batzerre hori ekimen horren aldeko taldea sortzeko abiapuntua izatea. Batzarre irekia izanen da eta interesa duen edonork parte har dezake. 

Nafarroaren sua ez da itzali. Nafarroa bizirik!