2015-01-25

Poemak Minde-rentzat

Euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten abokatuen eta eragileen aurkako azken polizia operaziooaren ondorioz hiru lagun daude oraindik kartzelan. Ez ditut bidegabeki espetxeratutako lagun horiek ezagutzen, eta horietako bati buruzko erreferentzia bakarra dut: El Filtro liburua, orain dela sei urte Jon Mindegiagak idatzia.

Urte horretan bertan Uruguain egoteko aukera izan nuen, eta liburuan aipatzen diren protagonistetako batzuk eta lekuak, El Filtro izeneko ospitalea bera, bertatik bertara ezagutu nituen.



Bitxia izan zen gerora Jon Mindegiaren liburua irakurtzea, 90. hamarkadaren hasieran gertatua, PSOEren garaian, euskal errefuxiatuen eta Uruguaiko herriaren aurkako errepresioaren kronika bizia, ahanzturaren kontrakoa.

Urte anitz igaro badira ere, edonork izan dezake gertatutakoaren berri Jon Mindegiaren liburuari esker. Urte honen hasieran Guardia Zibilen erakustaldi errepresiboarekin batera burura etorri zait Idea Vilariño poeta uruguaiarraren Zergatik poema:

Zergatik
oraindik
berriz ere
itzuli den min zahar hori
bihotza zartatzen didana
bitan erdibitzen nauena
saminez betetzen nauena.
Zergatik
gaur
oraino.


Ez da oso ezaguna emakume honen poesia hemen, baina Juana de Ibarbourou-rekin batera  Idea Vilariño XX. mendeko Uruguaiko poetarik handienetakoa dugu, eta olerki horrek ederki islatzen du askok sentitu duguna ikustean goardia zibil armatuak euskal herritarrak berriz ere eramaten, urte hasierako beste sarekada mediatiko honetan.

Bilboko kaleetara, eta Donostiakoetara, eta Iruñekoetara, eta gure herrietakora atera eta aterako gara presoen eskubideen alde, dispertsioaren aurka, eta giza eskubideen aldeko gure atxikimendua bizkortzeko une heldu da. Izan ere, Idea Vilariñoren beste poema batek hauxe diosku:

Norbera bizi da
hildakoekin
hor daudenekin
sufriten dutenekin bizi da
eta lumatuekin
eta presoekin
bizi da.


Bele asko oraindik hegan, presoekiko elkartasunaren zigortzaile, konponbideari oztopo eta traba; guk elkartasuna eta hitza dugu arma, eta horregatik Ibarrako hormetan norbaitek utzi du idatzia ahanzturaren kontra: “Minde, Herria zurekin”.

2015-01-06

Bekatariok ere, Bilbora

Hileta elizkizuna hasi aitzin ekarria zuten preso politikoa, eta aldaretik hurbileneko eserlekuan eserita zegoen, albo banatan kalez jantzitako bi ertzain zituela. Elizaren inguruan beste ertzain batzuk ere bazeudela konturatuta, nik elizara sartzea erabaki nuen, nahiago bainuen apaizaren erretolika entzun erretzaileekin kanpoaldean ertzainez inguratuta gelditu baino.
Sartu orduko ikusi nuen, lagunaren eta aldarearen artean, hilkutxa. Gorpua bertan zela eginen zen elizkizuna, eta gero, lurperatzea; lehendik iragarria zegoen hilerrira senide hurbilenak baizik ez zirela pasatuko. Hor eserita, lehen ilaran, azken hogeita bi urteetan besarkatu ezin izan nuen lagun presoa zegoen, antza, aita hil berriaren hilkutxan begiak finkaturik, ez baizuen ezker-eskuin edo atzerantz begiratzen; ertzainek bai, noizbehinka zeharkako begiradak botatzen zituzten.
Esperantza omen da azkena galtzen, eta meza aurrera joan ahala, lagun presoa hasi zen burua jiratzen eta ingurukoak agurtzen; ni, berriz, oso atzean nengoen berak ikus nintzan. Irribarrea eta begirada trukatzea, hori besterik ez nuen nahi, baina meza aurrera zihoan, eta gero eta denbora gutxiago gelditzen zen bukatzeko; lagun presoak ehun eta hirurogei gradu jiratu beharko zukeen burua ni ikusteko, eta mezaren azken atalean sartzera gindoazen: jaunartzea.
Argi zegoen zirt edo zart egin behar nuela eta erabaki bat hartu nuen. Besteekin batera jaunartzea egitera hurbildu nintzen, eta iladari jarraiki, apaizarengana joan egin nintzen, apaizaren eskutik hostia sagaratua hartu, ahoratu, atzerako bidea hartu eta lagun presoa zegoen lekutik pasatzean, hurbildu nintzaion eta bi musu eman nizkion.
Istant bat baino ez zen izan, bizitza osoan biok gogoratuko duguna, eta harrezkero anitzetan berpiztu zaidana ene oroimenean eta gerora, bisitei esker, jakin izan ditudan zehaztasunei esker osatu dudana. Besteak beste, eskuak eskuburdinekin lotuta omen zeuzkala, baina txaketa batekin estalita zituenez, ez nintzen ni une hartan ohartu. Ederki gogoratzen dut lagunaren begiak nireetan finkatu zirela, eta gorritasunaren erdian haren begi-ninien txinparta atzeman nuela; usu, lagunaren masail-berotasuna eta malkoen arrastoen hezetasuna berpizten zaizkit gogoan
Ez dut, haatik, ertzainen begirada oroimenean; han ez zegoen nire lehentasuna, eta ez nien kasurik eman, ertzain baten begiak nire garondoan finkaturik izan zituela eserlekurantz itzultzen ari nintzelarik, gerora beste lagun batzuek esandakoaren arabera.
Antza, berehala beste lagun askok nire gisara egin zuten, eta lagun anitz eta anitz joan ziren egun hartan jaunartzea egitera eta, bidenabar, lagun presoa agurtzera, apaizaren harridurako eta preso politikoaren pozerako.
Beranduegi konturatu nintzen jaunartzea egin gabe hogeita hamar urte baino gehiago neramala, eta, gainera, aitorpena egin gabe hostia hartzea bekatua zela irakatsi zidatela. Eta oraindik irri egin dut neure baitarako pentsatzen dudalarik zer ez dugun egin, egiten eta eginen presoen alde: baita bekatu txikiak ere.
Larunbat honetan, adibidez, Bilbora joanen naiz, beste bekatari anitzekin batera.