2007-12-26

Doneztebe Egunean



Ezkabako talaiatik gaur ikuskizun berezia izan dugu. Urtero bezala eta usadioari jarraiki, Doneztebe Eguna ospatu dute berriozartarrek. Urteroko abenduaren 26an ohitura den legez, dantzariak, gaitariak, pastak, moskatela, ogi-torradak eta inoiz auzo zaharrera eta Ezkabara igotzen ez den jende andana... Egun polita, Ezkabako talaiatik zuzenean ikusi duguna, zin dagizuet; zuzenean, zin-zinez -eta ez zinean...- zeren zinerik ez dago Berriozarren. Argazki bat baino ez dut hemen jarri, baina, nahi izanez gero, argazki gehiago ikusi.

2007-12-25

Olentzerok ekarria


Olentzerok utzitako opari ederra izan dugu gurean. Iñigo Arregi arrasatearraren eskultura zoragarri bat. Gure eskultura txikia da, corten altzairuzkoa, eta ondoko irudian ikus dezakezue tamaina handian, paisaia elurtu eder batean... Begiluze du izena eskulturak eta Ezkabako talaiatik blogerako, zer egokiagorik, "begiluze" bat baino?
Halere, inork ez dezala pentsa gaurko irudia denik... Aurreko postean esan bezala, hemen egurra ari du, baina elurrik ez... Ezkabamendin, bederen.

2007-12-21

Egurra ari du.

Euskal Herrian ez du elurra ari. Egurra ari du Euskal Herrian. Azken ezpala, antza denez, Espainiako komunikabideek zalaparta ederra sortzen ari dira ESAIT-en iragarkiaren kontra.


Ez, espainolek ez dute umore zentzurik. Espainian umorea egiten duen El jueves-aldizkarikoei galdetu. Espainolek ez dute umorerik eta, agian, horregatik demokrazia ulertzeko oso mosu sui generis dute. Azken adibidea: Iruñeko Udalak bertan behera du inkesta bat gehiengoak Olentzeroren alde egin duenean; alegia, "gustatzen ez zaidanez emaitza, bertan behera gelditzen da inkesta"... Niri gogora ekartzen dit eskolako patioko harroskoen jarrera; "baloia nirea denez, nik irabazten badut, ongi! Eta irabazten ez badut, baloia eramaten dut". To, demograzia. Olentzerori eskutitza bidaltzeko garaiz zaude oraindik, baina ez Zizurkoari: Zizurko Erreniaga Ikastetxe Publikoan sartu eta Olentzerori sua eman zioten umorerik gabeko horiek. Umorerik gabeko horiek ARGIA ikastolan egin duten balentria ez ahaztu, pintadaz josita utzi dute-eta Tuterako Ikastola.

Espainolek ez dute umorerik... "Euren arazoa da!" esango du Urliak... Baliteke, baina gure arazoa bihurtzen dute... eta egurra ari du. Baina, hala eta guztiz ere, ez dezagun umorea gal... Ez ahantzi: espainolak dira umorerik ez dutenak!

2007-12-19

Riso amaro

Artean maite zintudan. Jatetxe italiar horretan afaltzeko hitzordua egiteko deitu zenidanean, berriro elkartuko gineneko esperantza berpiztu zitzaidan.

Artean desiratzen zintudan. Biok, eserita mahai txikiaren inguruan; eta gure artean botila bat ardo gorri latza, lambrusco, edateko eta arroza garratza, riso amaro, jateko.

Artean zure irribarre gozoak erakartzen ninduen. Soineko beltz tirantedunak estu-estu ematen zizun. Artean zurekin egoteko irrikan nengoen. Zerbitzariak arroza ekarritakoan dibortzio-paperak mahai gainean jarri eta sinatzeko eskatu zenidan.

Artean arroza dastatu gabea nintzen. Bazenuen itxaroterik afaria bukatu arte. Hoztu zen gurea. Arroza.

Artean irribarre egiteko indarrik izan nuen, irribarre garratza, baina. Paperak sinatu eta arroza dastatu nuen: garratza. Riso amaro.

2007-12-18

Koma baten garrantzia

“Ez bidali etxera"

Horiexek izan ziren Errusiako Auzitegi Goreneko epailearen mezua osatzen zuten hiru hitzak. Hiru hitz, hiru baino ez, errugabe baten askatasuna galarazi eta hil arteko zigorraldia ezartzeko idatziak.

Izenez ezagutzen ez dugun idazkari batek jaso zuen ofizioa. Espero zuen; bazekien Auzitegi Goreneko epaileak nekez utziko zuela Ilych Ulyanov presoa kalera ateratzen. Baina gizon horrek kalean behar zuen... eta idazkariak hitz bat ere aldatu gabe, zerbait aldatu zuen.

Vladimir Ilych Ulyanov presoa gartzelatik atera zen. Izatez, hau izan zen Auzitegi Gorenetik heldu zen mezua... Hiru hitz, hiru baino ez... eta koma bat:

"Ez, bidali etxera"

Vladimir Ilych Ulyanov, goitizenez, Lenin.

2007-12-14

Edozein haritzi ez darion ezkurra

Supazter txokoan ipuinak kontatzeko eta entzuteko parada paregabeaz landara, bada liburuak irakurtzeko aukera ederra. Durangoko azokan asko sustatu den liburu bat irakurri berri dut supazterrean: Pijama marradunaz jantzitako mutikoa. John Boyne gazte irlandarraren The boy in the striped pyjamas arrakastatsua, euskaratu berria.

John Boyne-ren nobela hau ongi irakurtzen den liburu horietako bat dela, ezinbesteko baldintza best seller bihurtzeko, bihurtu den gisan. Eleberri osoan behean kopiatu dudan paragrafoa izan liteke salbuespen bakarra, 164. orriko hau:

“Lehenik eta behin, aipatzekoa zen lotinantak ez zuela sekula irribarrerik egiten, eta burgoi begiratzen ziola beti hurkoari, nor noiz nola izorratuko, nornahi senipartekotik kentzeko eskubidea izango balu bezala.”

Ongi eta gustura irakurtzen den liburua, arkitekturaren aldetik klasikoa, 20 ataletan banatua; hasierako ataletan ezer gertatzen ez diren horietan. Agian gehiegitxo luzatzen da, eta agian berrogeita hamar orri gutxiagorekin hobeki egon zitekeen eleberria da. Egileak aitortu zuen gazteentzat ez ezik, helduentzat ere nobela bat zela eta beste hizkuntzetan gazteentzat zein helduentzako sailetan saldu da, ederki saldu ere.

Koherentzia akats txiki bakarra -ustez- kausitu dut, despiste bat- edo ni ote naiz despistatua?-: “Brunok egunero galdetzen zion Shmueli ea utziko zion burdin sarearen azpitik lau hankan igarotzen, hartara elkarrekin jolastu ahal izateko hesiaz bestaldean, baina Brunok (sic) ezetz erantzuten zion egunero, hura ez zela burutazio” Bestalde, paragrafo horretan ematen digun zantzu on bat, gertatuko denaren zantzua… eta liburua gero eta hobeki doa, gero eta hobe, gero eta hobe… bukaera arte.

Zalantza esistentzial bat liburu honekiko. Sinesgarria al da istorioa? Baietz erantzunez gero, gozatuko dugun liburua da eta, ondorioz, esango dugu liburu hau dela “ez nonahi aurki daitezkeen horietakoa; aitaren esanetan, edozein haritzi ez darion ezkurra.” Baina… sinesgarria al da horrelako ume aberats batek onartzea alproja zikin baten adiskidantza? Brunoren Amak “Laztana” deitzen dionean lotinat gorrotagarriari… umeak ez du ezer sumatzen? Gauza bat da “asexuado” garaian izatea eta beste bat da tontoa izatea. Bruno ez da tontoa, ez horixe:

“Agur esan beharko diezu lagunei aurrerantzean –esan zuen amak-. Baina lasai, berriro ere ikusiko dituzu –eta noizbait, zaude ziur, eta arren, ez eten hitza amari, hizketan ari dela -erantsi zuen, zeren eta berri bitxiak eta mingarriak baziren ere, Brunok ez baitzituen zertan urratu irakatsi zizkioten adeitasun-arauak.”

Idazle ofizioa bereganatu duen eta detaile onak ikasiak dituen gazte dugu -detaile literario ugarirekin: Ausbiz; Erremeriorik Gabeko Kasuarena –oso pertsonaia erreala-, edo 11. atala 11. garrena izatea -FIERAren flashback horrena- eta ez lehen atala…

Horiek guztiak kontuan hartuta -eta nik idazlearekiko agiria sinatu nuenez- sinesgarritasuna emate aldera, ados nago edozein haritzi ez darion hezurra dela esatean, eta idazle horren beste zerbait irakurtzeko gogoa piztu zaidala aitortzen dut.

Hamaika sari hartu du liburu honekin; ikusteko dago euskal bezeroek nola hartzen duten/ dugun / duzuen / duguten… zeren badakigu, jakin, euskal azokan bestelako aldagaiek ere badutela eraginik… Eta hamaika hizkuntzetan arrakasta lortu duen liburu honek izan dezake sekula arrakasta... -edo ez-, baina arrastatsu izateko loterian boleto asko ditu

Post Scriptum. Trikimailu ona da ez iragartzea kontra azalena zertan datzan eleberria… lortzen baitu lortu nahi zuena, alegia, irakurlearengan interesa piztea; pena ezin dela gehiagotan erabili... ala bai?

2007-12-08

Supazter txokoan egoteko eta kontatzeko

Bihartik aitzina eguraldi hitsa eta hotza, supazterrean emateko egunak omen datozkigu... Baina supazter txokoan ezinbestekoa da istorio on bat izatea, zer kontaturik izatea...Eta Durangoko Azokan atzo egon ginen arren, ez genuen nobedade handirik ikusi... Iraganaren bidea izeneko blogean horrelako istorioak dituzu irakurgai. Istorio horiek Supazterreko Eleak izeneko liburu ederretik atereak dira; liburu hori argitaratu zuen aspaldi Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak, Garraldako Xamar idazlearen ekimenez. Antzinako istorioak ezin ditugu ahantzi aitzina eginen badugu, eta Iraganaren bidetik abiatzeko gonbitea egin nahi dizuegu, beti ere geroari beha iragana ahantzi gaberik.

2007-12-06

Inkisizio Eguna Euskal Herrian

Aitor dezadan deblauki Espainiako Konstituzio Egunean gustura lan eginen genukeen horietako bat naizela, eta, Konstituzio Eguna baino Inkisizio Eguna iruditzen zait niri, Auzitegi Nazionaletik heltzen diren albisteak entzunda...
Nolanahi den ere, hitzak sobera daude eta Euskal Herria pairatzen ari den eraso andana ikusi nahi duenak baino ez du ikusten. Agian, horregatik hobe da irudi bat jartzea, GARA egunkaritik lapurtua, Tasio marrazkilarena.
Hitzak sobera dauden egunotan, irudi batek hamaika hitzek baino gehiago balio dezakeelako.

2007-11-11

Zergatik ez haiz isiltzen?

Eta borbondarrak zergatik hitz egin zion hiketan Venezuelako presidenteari Txileko bilkuran? Hori al da herri subirano bateko presidenteari hitz egiteko era? Argi dago ezetz. Borbondarraren jarrerak ekarri dit gogora eskolako patioko hika-mika batean harroputz batek har lezakeen jarrera: "Ez zarete isilduko? Pues... banoa!"
Gertatutakoa kontatzerakoan espainolak hasi dira istorioa manipulatzen... El Mundoren bertsioa mundiala da!

Ez naiz harritzen Venezualo kongresuko kide batek esatea: “Ahaztu zaie burujabe garela eta kolonia bat bagina bezala tratatu gaituzte”. Hor dago koxka! Agi danez, Chavez-en aldekoa naiz, eta Bush guztien gainetik aritzen den gizon duina iruditzen zait, ausarta eta mingainean herdoilik ez duena.

Chavez-en erantzuna oso ona izan zen: "Hi ez haiz nor niri isiltzen agintzeko. Eta Aznar espainola izan daiteke, baina faxista da." Gero, Jose Gervasio Artigas uruguaitarraren aipua bota zuen: "Egiak lagun, ez beldurrik, ez irainik." Oso erantzun neurtua, izan ere, José Artigas Espainiaren aurka borrokatu zen eta Uruguairen heroi nazionala da, Uruguairen independentziaren aita.

Besteak beste, esaldi gogoangarri hau bota zuen Artigas-ek: "Ni ez nago salgai, eta nire ahalegin ororen saria gure Aberria Espainiatik aske ikustea izanen da."

Baina itzul gaitezen atzoko hika-mikaren harira. Atentzioa eman dit Espainiako komunikabideek batez ere espainiarren hitzak jarri dizkigutela behin eta berriz, eta ez Chavezeneak edo Daniel Ortegarenak... Zeren ez da azpimarratu. baina borbondarra joan zen Nikaraguako Daniel Ortega kritikatzen ari zenean enpresa espainiarren jokabidea Nikaraguan; orduan, borbondarraren odol urdinak irakin zuen eta han galdu zuen pazientzia, nazioarte mailan erridikulua geldituz.

Espainiako komunikabideek emanen dute matraka egunotan Borbondarraren jarrera harroputza zuritzeko... Nik Venezuelako Gobernuaren bertsioa Interneten gozatu dut.

Nolanahi den ere, ene ustez oso adierazgarria izan zen ze argudio pobreak erabili zituen Zapatero-k “Ni ez nago Aznarren ideietatik gertu baina espainiarrek hautatu zuten eta harekiko errespetua esijitzen dut.” Arranopola! Hitler ere hauteskundeen bidez heldu zen boterea eskuratzera. Eta Juan Carlos Borboikoa ez da heldu errege izatera hauteskundeen bidez prezisamante, baizik Franco-k koroa jarri ziolako, "den-dena lotu baino lotuago utzita".

Ameriketako agintariak ez bezala, Juan Carlos heldu da erregetzara sehaska jakin batean jaio zelako, eta ez hauteskundeen bidez... Detaile txiki hori “ahaztu” zitzaion Zapaterori. Zapateroren jarrera guztiz chauvinista izan zen; Aznar espainola denez, nik defendituko dut; orduan berdin defendituko du Franco, Mola, Torquemana eta nahi duzun hiltzailerik porrokatuena –baldin eta espainola bada, jakina...-

Gainera, nahiz eta Zapatero Aznarren alde agertu, PP-koek berdin-berdin eman diote egurra: "Zapatero oxigena a Chávez" esan dute, eta errua ere bota diote diskurtsoa gaizki prestatu omen zuela-eta, hortaz, suertatu omen zela iskanbila.

Gaur, lagun batek Ameriketatik ekarritako kapela berezi hau jantzi dut...





2007-11-10

Lore eta Odei


Zergatik utzi zaitudan galdetu didazu, Odei. Hori galdetzen ausartzea ere...

Hara, ni jada ez nintzelako ni. Zurekin eman ditudan urteetan ahitu nauzulako. Neukana eta ez neukana emana dizut. Izan ere, ni ez naiz ni, jadanik ez naiz inor. Xurgatu nauzu, ni inoreztatu arte.

Komiki bat ikusi nuen behin, hitzik gabekoa. Komiki horretako lehenengo binetan lore ximeldu bat dago, lurrean bakarrik. Zeruan hodei potolo bat ageri da, haizeak ekarrita. Hodeia lore ximeldua ikustean gelditu egin da, atzera egin eta lore idortua ttanttaka-ttanttaka ureztatzen hasi da. Ttanttaka-ttanttaka, bineta batean eta beste batean, batean eta beste batean, eta bineta batetik bestera hodei mehetuz doa, hodeiaren ur guztia loreak irensten duen heinean. Hodei potoloa txiki bilakatu da, hodei ñimiñoa bihurtu da eta azkenik hodeiak ur guztia askatuta hodei izateari utzi eta desagertu da. Hurrengo binetetan, poliki-poliki, lorea bizkortzen hasi da, poliki-poliki bineta batean eta beste batean, batean eta beste batean, eta bineta batetik bestera lorea suspertuz doa. Azkeneko binetan lore eder bat ageri da, lurrean bakarrik. Hodeiaren arrastorik ez.

Zergatik utzi zaitudan galdetzea ere. Hori galdetzen ausartzea ere!

2007-11-09

Axular aztia?

Nor -eta zer- izan zen Axular?

Google-n sartu duzu Axular hitza eta “baietz lehenengoan” botoari sakatu diozu:
Burlatako Axular Kultur Elkartera eraman zaitu bilatzaile orojakileak.
Bilaketa zabaldu duzu eta Orrega Elkartearen webgunera eraman zaitu. Gero, idazle ororen erreferentzia den literaturaren zubitegira, eta, nola ez, wikipedian ere murgildu zaitu. Amaitzeko, hiru.com-era eman diozu bistadizoa.

Data biografikoei erreparatuta, ohartzen zara XVI. mendean 44 urtez bizi izan zela eta XVII. mendean beste 44 urtez. Axular 88 urte zituela hil zen, zahar-zaharra, alegia, garai horretarako oso-oso arraroa; izan ere, jendea askoz ere gazteago hil ohi zen...

Halaber, ohartzen zara zahar samar apaiztu zela, 40 urte zituelarik, eta sermolari ona zeneko ospea zuen. Zergatik apaiztu ote zen horren berandu? Bertsio ofizialak dio “nekeza zela ikasketak egitea garai horretan” Ez dakit sinesgarria den 40 urterekin... Zer egingo zuen –eta zer ez zuen egingo- apaiztu aitzin? Diotenez, sermolari bikaina omen zen, eta entzuleak limurtzen eta liluratzen omen zituen. Apaiztu aitzineko bizitzan gizonak eta emakumeak sakon ezagutu zitueneko erakusgarri... Ezagutu agian, zentzu biblikoan?
Eta aurrekari horiekin apaiztea lortzea ere... Bitxia, benetan.
Xabier Kaltzakortak gogorazten digu Salamancan ikasten ibili zela XVI. mendearen akaberan, agian Bargotako Johanes-ekin batera, alegia, Bargotako aztiarekin batera, deabruaren eskolak hartzen... Zer ikasiko zuen? eta zer ez zuen ikasiko!

Liburu bakarreko idazlea duzu Axular. Hil aurreko urtean argitara eman zuen haren zorioneko GERO, baina ez edonon; liburua argitaratzea lortu zuen bai, non eta Bordelen, Euskalerritik at, non eta Erregearen beraren inprimategian.

Laburbilduz: nola biziko zen horrenbeste urte, nola lortuko zuen horrenbeste ospe, nola egingo zuen liburu mardul bakar hori... aztia izan ezean?

Post scriptum: geroko utziz gero "Gero" irakurtzea, damutuko zara, gero!

2007-11-06

Gorritxo beltza

Miguel Angel Asturias Nobel saridunaren "El Señor Presidente" nobelan, pasarte gogoangarri bat dago:
"Presidentea erabateko dolu jantziz zegoen: zapata beltzak, traje beltza, gorbata beltza, sekula eranzten ez zuen kapela beltza"

Lehengo egunean, gizon beltz batek kopa bat ardo beltz eskatu omen zuen Iruñeko hotel ezagun bateko kafetegian. Kopeta belztu eta ardorik ez zegoela erantzun zion zerbitzariak. Gizon beltzak, ardo beltza mesedez ateratzeko eskatu zion berriro eta zerbitzariak gaizki hartu zuen: gorriak eta beltzak esateko zorian zegoelarik, beste bezero batek ezagutu zuen aurtengo denboraldian talde gorritxora etorri berria den "Dady" jokalari portugaldar beltza: "Gol ederra sartu zenuen lehengoan, zorionak!" Orduan zerbitzariak kopa bat ardo beltz atera zion etxearen kontura.
Hartutako ardo gorri nafarra ordaindu gabe joan nintzen, pentsatzen nuelarik hotel dotore batzuetan, taberna zulo beltz ilunetan baino zuriagoak direla.


2007-11-04

Paul Warfield Tibbets: izena eta izana elkarrekin doaz

Azaroaren 1ean hil berri da Paul Warfield Tibbets, Hiroshima bonbardatu zuen pilotua. 92 urte zituela hil da, Ohio-ko bere ohean. Enola Gay izeneko B-29 hegazkinetik jaurti zuen bonba Hiroshimaren gainean lehertu zen, lurretik 580 metrora. Suzko bola zuri bat sortu zuen bonbak, milioi bat graduko tenperatura zuena, baita onddo itxurako hodei mehatxagarria ere. Onddo itxurako hodei horrek lau mila graduko bero izugarrizko izpiak askatu zituen.
Bolada erradioaktiboak segundoko 400 metroko abiadura hartu zuen. 140.000 lagun baino gehiago hil zituen. Batzuk beroaren beroaz urtuak. Beste batzuk kiskalita eta ikatz bihurtuak.
Beste batzuk gorputz osoa erreta eta azala zauri mingarriz beterik. Adingabeak zein adinduak, gizonezkoak zein emakumezkoak, gazteak zein zaharrak, baita ume txikiak ere hil zituen
berehala. Boladak etxeetako teilatuak erauzi zituen; eskolak, ospitaleak eta beste eraikinak eraitsi eta den-denak txikitu zituen. Jendea, animaliak, zuhaitzak eta loreak eraman zituen. Kiskalita hil ziren. Abuztuaren 6an, Hiroshima “heriotzaren hiria” bihurtu zuen argazkietan amultsu eta irribarretsu agertzen zaigun agureak.

Handik hiru egunera, abuztuaren 9an, goizeko 11:02an, beste bonba atomikoa jaurti zuten Nagasakin. Eta berehala, historia handiko Nagasaki hiri ederra eraitsi zuten. Bakarrik 70.000 lagun hil zituzten.

Eta bizirik gelditu zirenek? Bizirik gelditu zirenek sufritzen jarraitu zuten. Erradiazioak kutsatutako jendeari hibakusha deitzen zaio japonieraz; hibakusha asko ziren, 400.000 baino gehiago, betiko gaixorik gelditu zirenak. Horietako batzuk oraindik daude gaixorik, euren gorputz-zelulak kaltetuak izan zirelako.
Horietako asko eta asko hil dira dagoeneko. Paul Warfield Tibbets Ohio-ko bere ohean hil da, sarraskietatik hirurogeita bi urte pasatu eta gero.


Argazkietan amultsu eta irribarretsu agertzen zaigun agureak ez zuen inoiz damurik erakutsi...

Nola erakutsiko zuen, bada, damurik, Warfield Gudu-zelai abizena zuen agureak?



Eiko Matsui-k artista japoniarrak egindako irudia, esperantzarako leihoa.

2007-10-26

Carpe diem


Baiki, eguna profitatu eta aukera aprobetxatu. Ezen fugit irreparabile tempus, denbora aurrera baitoa -eta gu harekin. Eta sugeak txoriari nola, zu kamioari begira hala. Hortaz, tentaldian erori zara luze gabe eta harategiaren aurrean aparkatuta dagoen oilasko banatzailearen kamioi handi hori lapurtu duzu.

Collige, virgo, rosas zioten klasikoek, eta zu ez zara birjina, ezta Ama birjina ere, eta kamioi horrek ez darama arrosarik, oilaskoak baizik, baina, halere, aukera aprobetxatu duzu. Oilasko banatzailearen kamioira igota, ipar saihesbiderantz abiatzen zara ziztu bizian Barañaindik.

Goizeko zazpiak dira eta harategiaren aurrean utzi duzu oilasko-banatzailea oilaskorik gabe eta aho bete hortz. Kamioia oso ongi dabil, azkar, iparralderantz. Hori bai dela marka! Oilaskoaz leporaino beteta dagoen kamioi handi-handia lapurtzea, eta ez untxi bat harrapatzea aire konprimatutako karabina batekin, edo plaza batetik ahate bat hartzea afaltzeko...

Abiadura bizian ari zara gidatzen, auto gidari motelen irain eta biraoen artean... baina txoferren patroia den Done Kristobalen babesa sentitzen duzu San Cristobal delako mendia ikusten duzunean eta, orduan, Berriozarren San Cristobal izeneko elkarte bat dagoela gogoratzen duzunez, Berriozarko errotandan sartzen zara eta Zortzikon aparkatzen duzu.

Eta ordurako beranduegi da. Ez Ama Birjina Lourdesekoak, ez Frantzisko Asiskoak, ez Done Kristobalek, inork ez zaitu libratuko foruzain txapelgorrien hatzaparretatik eta, txantxagorria bezala, sarean erori zara, tentaldian erori zinen modu berean. Klasikoek ziotenez, alea jacta est.

2007-10-05

Freebatasuna


Konponbide demokratiko baten alde: hitzak haizeak eraman ez ditzan: freebatasuna

2007-09-25

Agur, Sebastian! Datorrena ez da hobea!


Fernando Sebastianen azken mezaren ostean, ezin dugu ahaztu orain Francisco Perez Gonzalez dugula kristauen artzain berria Nafarroan. Bazen garaia gauzak argi izateko! Militar bat, Nafarroako artaldetik ardi beltzak aterako dituena, elizaren kupelean gelditzen diren sagar ustelak erauziko dituena... Ikusteko dago zer eginen duten ardi beltzek... Ziur aski, ezer ez, beti bezala, zeren koloreak kolore, ardiak beti ardi; otzanak, apal-apalak, motel-motelak, txintxo eta esanekoak, eta, batez ere, astun-astunak, beeka aritzen zaizkigu-eta, gogaitu arte, artaldera biltzen ez garenoi.

Nik nahiago dut hasiera-hasieratik denok izatea garbi ze artzain mota den, gerta ez dakigun aurrekoarekin bezala, Fernando Sebastianekin bezala. Gogoan dut izendatu zutenean, nire lagun batek, kristaua berak, esan zidan Sebastian majoa zela... euskara pixka bat ikasteko intentzioa agertu omen zuen Calatayud-ekoak... Zakurraren putza!

Gogoan dut garai horietan intsumisioaren mugimendua oso aurreratua zihoala, ideologikoki intsumisioaren aldeko borroka irabazia zegoen... eta orduan agertu zen Fernando Sebastian, “intsumisoak insolidario hutsak” zirela esanez. Gero etorri ziren beste perla batzuk, homosexualak gaixorik zeudeneko hura edo Jessus passion filmaren harira sortu zuen polemika... Harik eta hauteskunde bezperan Falange goraipatu arte. Benetan, oso majoa.

Eta orain, Francisco Perez Gonzalez. Hau ere, oso-oso majoa, seguru! Hilaren 12an, segur aski, izanen dugu aukera ikusteko desfilatzen beste militarrekin batera Euskal Herriaren hiriburuan barna, denoi gogorarazteko zeinek agintzen duen hemen... Jainkoaren graziaz, beti ere.

Euskal Herrian zeinek ospatuko du urriaren 12an Pilarika eguna, Guardia Zibilaren patroia?

2007-09-19

Euskaraz bai, baina ez edonola!

Ezkaba inguruko euskaldunok beti ibiltzen gara aldarrikatzen euskaraz ere nahi ditugula oharrak ikusi, albisteak jaso, iragarkiak irakurri... Eta batzuetan euskaraz ere zerbait ikustearekin pozten gara Erdalerriaren basamortuan...
Ezkaba inguruan, Berriozarko Doneztebe parrokiak katekesirako deialdia kaleratu du irail honetan. Ohar honetan, euskaraz zerbait jarri dute... irudian ikus daitekeenez.

Nire ustez iraingarria da euskarari ematen zaion tratamendua, lotsagarria.

Ados, Kurtso guztietan katekesia euskeraz eta gazteleraz egin daiteke... Euskeraz eta gazteleraz? Ez ote zuen esan nahi euskaraz edo gaztelaniaz?, alegia, edo hizkuntza batean edo bestean, ezta?
Zeren... euskarazko katekesien kalitatea ez da izango euskarazko testuarena bezain kaxkarra, ezta? Gogoak ematen du alaba gaztelaniazkoan apuntatzeko... zer gerta ere.

Euskarazkoa ez da ulertzen, ez da testua, ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen testua izateko, euskarazkoak ez baitu betetzen eginkizun komunikatiboa; erdaraz irakurri behar duzu eta dotrinaz zerbait jakin behar asmatzeko zer ezkutatzen den honako honen azpian: Urte azkenean etortzen ziren mutiko/neskatoak hasten dira. Alegia, iaz katekesira etortzen ziren neska-mutilak hasiko direla, edo horrelako zerbait...
Ez naiz agertzen kezkatuta Haurtengo bezalako akats ortografikoengatik -akatsik egiten ez duen idazlea ez da jaio eta denok egiten ditugu akatsak (ni-neu aurrena) Ez dezagun ahantzi: "Aliquando bonus Homerus dormitat" (Homero bera ere noizean behin lokartu daiteke-eta)
Ohar horretan datak eta orduak ez daude euskaraz... Litekeena da, egileak data eta ordua idazterakoan zalantzak izatea... Baina arauak horretarako daude.
Ez dut zalantzan jartzen egilearen borondate ona, baina... onartuko al genituzke horrelako akats eta errakuntzak erdarazko ohar batean?
Bukaera ere nabarmena da: neskatoan gurasoek bilduko dira. Ene ustez Berriozarko parrokian ez dira kezkatu euskarazko testua txukun egiteaz; borondate ona baina euskara maila eskasa duen norbaiti eman diote euskaratzeko lana eta... hor konpon! Benetako kezka eta benetako borondate ona izan balute, kezkatuko ziratekeen txukun egiteaz, bai horixe!

2007-08-27

Itzalgailua

Erdi lo edo erdi esna nentorren autoan, atzealdeko eserlekuan etzanda, Marea-ren “Ya lo dijo el Camarón” leloa belarrietan eta ezpainetan. Suntsipen handiko arma da garagardroga, baiki. Loaldi labur urduriak eta bihurgunetan burukadak. Loaldian murgildu behar nintzela zirudien unean, Kutxi-ren ahots lakarrak esnatzen ninduen: “Hay que joderse” oihukatu zidan estoldetako poetak bozgorailuetatik, izenburua gogoratzerik ez dudan beste kanta baten hasieran.

Udan, gauak oso luuuuuzeak izaten dira eta garagardrogak bihotzerrea eman zidan. Zorionez, eguna argitzear ikusi nuen Decathlon iragarki urdin handia, X herriko festetatik bueltan. Lagun errukitsu batek errotondan utzi ninduen eta ni, total eginda, etxerako bide malkartsua hartu nuen. Egunak argitu zuen, eta iruditu zitzaidan errepideak eta etxesailek eta Ezkaba mendiak berak hartzen zituela koloreak. Orduan ikusi nuen, Auzalor kaleko berdegunean gorri, itzalgailu bat. Estoldetako poetak azken diskoan salatzen du espaloiak zorriz beteta daudela, baina hori itzalgailu bat zen.

Itzalgailu gorria, garbi-gargia, erabili gabea, zuhaitz baten ondoan, sute on bat noiz helduko zain, geldi-geldi, desafiatzaile... Berriozarko festetarako gordetzea pentsatu nuen; bizkarrean hartu eta etxera ekartzeko zorian egon nintzen... baina ez, han gelditu zen zut, gorri-gorri, probokatzaile.

Udan, gauak oso luuuuuzeak izaten dira, baiki. Abuztu honetan ere bai, antza. Goiz hartan ikusi nuen itzalgailu gorri hura, gau luuuuuze baten lekuko mutua erabili ote zuen inork gaueko suak amatatzeko? Inoren urdaileko bihotzerrea baretzeko?

2007-08-04

Ezkabako talaian sutea

Jakina da jakina denez, Ezkabako talaia honetan gotorlekua dago. Bada, gaur. duela ordu pare bat edo, sutea izan da, argazki hauek erakusten dutenez.









Helikoptero pare bat ibili da Berriozarko igerilekutik ura biltzen eta Ezkaba gaineko sutea itzaltzen.

2007-07-09

Hilarria dagokion tokian

Ezkabaren talaiatik oso ongi ikusten da Iruñea. Talaia lasai honetatik, sanferminak beste ikuspegi batetik ikusten dira.
Hogeita bederatzi urte joan dira Germán Rodriguez hil zutenetik. Aurten ere, German gogoan eta bihotzean izan dugu San Ferminetako festetan. Eta aurten Barcina alkate andere txit agurgarriak kendutakoa, dagokion lekuan jarri du euskal jendeak. Ea noiz arte irauten duen hilarriak! Tamalez, espero izatekoa da Barcinak hau ere kenduko duela eta, zer gerta ere, argazki zenbait atera genituen Ezkabaren Talaia honetatik.
Ez Tele Tabarra-n, Ez Canal Cutre-n, ez Euskal Tedespista-n, ez dituzu irudiok ikusiko.
Goizeko omenaldi hunkigarrian Xabier Silveira bertsolariak kantatu bezala, "isuritako odola ez da alferrik izango".
Arratsaldeko manifestazioa ere jendetsua izan da, eta Ezkabaren talaia honetatik, besteak beste, Ezkaba mendi hau biziki maite duten bi euskal presoren argazkiak ikusi ditugu: David Cebrian eta Ibai Aiensarenak.
Aurten ere, Ezkabaren talaiatik aditu dugu presoen aldeko aldarria, komunikabide gehien-gehienek ezkutatu duten arren.

2007-07-01

K komandantearen balentriak


Sabineitor izan zen lehena; poxpolinen defendatzaile sutsua, eta ondoren Nafarroa Kapitainaren berri izan genuen berrian eta, harrezkero, Txosten eta Emendakina super heroiak ere ezagutu genituen.

Orain, Euskal Herriko zeru eta errepideetan –batez ere errepideetan- beste super heroi nekaezin, ausart, eta aparta dugu... K komandantea. Oraindik orain, ez dugu haren itxuraren berri, ez dakigu nolako den, alegia. Google-n bilatuta ere, alferrik! Tira! Hala beharko du izan Kontu jakina da, super heroiek ezkutuko nortasuna gorde behar dutela ezinbestez, bestela, ez bailirateke super heroiak izanen... Halaz ere, K komandantearen arrastoa hor dago, Euskal Herriko errepideetako seinale okerrak zuzentzen.

Diotenez, Lakabe herrian sortu zen. Istorio honetako gaiztoak euskal nortasuna gogoratzen zuen leku izen oro aldatzeko agindu eman zuen eta, hartara, Lakabe Lacabe bihurtu zuten. Gure heroiak okerra zuzentzeko K beltz bat idatzi zuen eta okerra zuzendu zuen. Aitzitik, gaiztoa zinez gaiztoa denez, margo zuria erabili zuen seinalea zuritzeko eta berriz Lacabe jarri zuen, bere burua zuritzeko euren legea aipatzen zuelarik...

Baina legezkoa dena ez da beti zilegia, eta, horregatik, zilegitasun osoz, K komandanteak berriz kanpainari ekin zion. Eta diotenez, haren ekintzak edonon eta edonoiz gerta daitezke; izan ere, azken bolada honetan, Ezkaba mendiaren beste aldean, Makirriain inguruan ere, ikus daiteke haren arrastoa...

2007-06-17

1938ko ihesaldia gogoan

Hiru kanta


Duela urtebete, ekainaren 20an, Ezkaba mendira jende anitz bildu zen, gotorleku frankista horretan egon, sufritu eta hil zirenei omenaldi internazionalista egitera. Félix Sierra eta Iñaki Alforja-ren Fuerte de San Cristobal - La gran fuga de las cárceles franquistas (Pamiela, 2005) liburu zoragarrian, aipatzen da, besteak beste, ihesaldi gogoangarri horretan 207 lagun hil zituztela frankistek: komunistak, anarkistak, sozialistak, abertzaleak...

Pasa den urtean, ASKAPENAk egindako omenaldian, horiek guztiak gogoan izan genituen. Ezkaba mendi gaineko ekitaldi xumea behar baino beranduago hasi zen, Goardia Zibilak nazioarteko ordezkariak zekartzan autobusa geldiarazi zuelako Zarautzen. Baina egin, ekitaldia egin zen. Hizlari eta bertsolariak labur eta zorrotz aritu ziren baina nire ustez nabarmentzekoa izan zen Irlandako mugimendu errepublikarreko ordezkari bat: kanta bat eman zigun opari. Kitarraz jo zuen "Viva la Quince Brigada". Ingelesezko kanta horretan bereziki aipatzen dira Franco-ren kontra borrokatzera etorritako irlandarrak, Brigadas Internazionales ospetsuen XV. Brigada osatu zutenak; kantak dioen moduan "heroi talde bat, munduko txoko guztietatik etorri ziren itsasuntziz XV. Brigada osatzeko", "egia eta maitasuna deabruaren indarren kontra, anaitasuna faxisten klanaren aurka". Abestian aipatzen dira borrokan hildako irlandar anitz: "Tomy Woods 17 urtekoa, Kordoban hil zena, Na Fianna-rekin -IRAren gazte sailarekin- fusilari eusten ikasi zuena, Dublindik Villa del Riora, Espainiako eguzkipean borrokatu eta hil zen lekura" eta "asko hil ziren, baina bakar batzuk aipatuko ditut soilik: Peter Daly, Charlie Reagan eta Hugh Bonar..."

Abesti hunkigarri hori entzun eta gero, Eusko Gudariak eta Internazionala, azken hori nork bere hizkuntzaz, euskaraz, gaztelaniaz, flandeseraz, irlanderaz, ingelesez, korsikeraz... Ziur naiz Ezkaba mendian hildakoek aditu zituztela hiru kanta horiek. Guk ezker ukabila jaso eta Ezkaba mendian hildakoen bihotz-taupaden oihartzunak aditu genituen.

2007-06-08

Gerraren aurkako hitzak Iruñean


Liburuaren Ferian jadanik ohitura bihurtu den emanaldia: Gerraren aurkako hitzak.
Hipocresia infinita taldearen ekimen horretan, gerraren aurkako hitzak, testu laburrak, poemak eta bestelako idazkiak biltzen dira.
Jadanik bost urtez egin den ekitaldi xume horretan, nork bere gustuko testu bat ozenki irakurtzeko parada izaten du; gutxi batzuek propio sortutako testuak ere entzun daitezke.
Jarraian duzue horietako batto:

Etsaien begiak begira.

Bi hilabete lehenago, nekez espero zitezkeen gauzak ikusiak, entzunak eta eginak zituen soldadu britainiar horrek Irak hegoaldeko Maysan probintzian. Horregatik, agian, gauza asko, gauza gehiegi ikusiak, entzunak eta eginak zituelako, atseden hartzea erabaki zuen Warrior blindatuaren kanpoaldean, itzalaren babespean.

Kosovo-n egona zen, baina Balkanetako eguzki zuriak ez zuen zerikusirik Irak-eko basamortuko eguzki horail kiskalgarriarekin. Kaskoa erantzi eta soldaduaren ile ederrak, eguzkia bezain horailak, dir-dir egin zuen basamortuko eguzkiaren azpian; kaskoaren gainean eseri zen, fusila esku-eskura utzita, zer gerta ere.

Agatha Christie-ren “Cat among the pigeons” Katua usategian izeneko nobela zakutotik atera eta berrirakurtzen hasi zen. Gustuko zituen Agatha Christie-ren nobelak, eta nobela hori ordurako irakurria zuen arren, Irak-en berriro berrirakurtzea deliberatu zuen. Nobela horrekin amets egiten zuen etxean zela atzera, amets egiten zuen euriarekin, behar bezalako te batekin, eta behar bezalako pastelekin.

Nobela horretako pertsonaia batek galdera erretorikoa egiten zion beste pertsonaia bati: “Zertarako eraman zaitut Pertsiako Golkora?” Pertsonaiak, jakina, ez zuen erantzuten, galdera erretoriko orok ez baitu erantzunaren beharrik. Halere, Irak hegoaldeko basamortu horretan oihartzun berezia zuen irakurritako galdera horrek: Zertarako ekarri naute Pertsiako Golkora?

Nobelan aurrera joanda, beste pertsonaia batek hauxe zioen: “[...] bada hemen okerreko zerbait. Gure artean egotea ez dagokion norbait balego bezala: katua usategian, irudipen klase hori. Gu gara usoak, denok, eta katua gure artean dago. Baina ez dugu katua ikusten.”

Soldadua sentitzen zen uso baten antzera, eta usoari begira katu irakiarrak zelatan zituela nabaritu zuen. Urduritu zen, eta hozkirria nabaritu zuen bere bizkarrezurrean barrena; eskuarekin kopetako izerdia kendu eta ile horaila atzeratu zuen. Blindatuaren barru aldera itzultzeko gogoa izan zuen, baina irakurtzen jarraitu zuen, eta nobela klimax-era hurbildu ahala, gero eta urduriago zegoen.

Nobelan aurrerago, frantsesezko esaldi bat topatu zuen ingelesezko hitzen basamortuan, oasi ulertezin baten gisara: Les oreilles ennemies nous écoutent.

Frantsesa ez zuen inoiz gustuko izan; inoiz ez zuen ongi ikasi, eta lexikoa arrotzaren esanahia gogoratzen saiatu zen, oreilles, oreilles... zer ote zen oreilles? Ennemies, bai, baina oreilles?

Une horretan bertan jaso zuen tiroa. AK 47 batek jaurtiriko 7,65 milimetroko balak lepoa zulatu zion eta bizkarrezurreko ornoa puskatu; trapuzko panpina eraitsi baten gisara amildu zen, eta bala zuloari zerion odolak ile horail ederra gorriz zikindu zion.

Soldadu horrek ez zuen bukatu irakurtzen nobela. Inork ez zuen bukatu irakurtzen liburu hori. Liburua ere odolez zikindu eta Maysan probintziako harea gorriaren azpian gelditu omen zen, hor, nonbait.

Soldadu britainiarrak beranduegi ulertu zuen Les oreilles nous écoutent, alegia, etsaien begiak begira zituela.

2007-06-06

Poesia errezitaldia

Liburuaren Feriaren babespean, poesia errezitaldia egin genuen Iruñean pasa den ostiralean.
ASPALDIKU Elkartearen eskutik, dozena bat lagun animatu ginen geure olerkiak plazaratzen.
Aspaldiku Elkarteko hiru kide
Besteak beste, HATSA Elkartearen Olerki Bilduma 2007 liburuan argitaratutako hainbat olerki aditzeko parada izan genuen.
Hauxe izan zen olerki horietako bat, Poeten artekoa:

Inork
inon
inoiz
josi ez dituen hitzak
elkarren ondoan jartzea
dut helburu,
txuri gainean beltz.

Inork
inon
orain
ber gauza
egiten duelakoan.

Gure arteko hori
gure isilpeko sekretua.

Baina egon lasai, lagun,
ez diot
inori
inoiz
esango
gure arteko hori
gure isilpeko sekretua.





2007-05-25

Aspaldiku behar zena

Kultura eta hizkuntzen ondarea balio handiko altxorra da, babestu eta garatu beharrekoa, eta ezinbestekoa da ahalegintzea aberastasun hori izan dadin elkar aberasteko eta elkar ulertzeko, eta ez, komunikaziorako oztopo, batzuek ulertu nahi duten gisara.

Horregatik, muga fisiko guztien gainetik eta sasi uste edo uste ustel guztien azpitik bideratu dugu Aspaldiku Elkartea, Nafarroako kultura hedatzeko elkartea.

Aspaldiko partez behar zena. Poeta eta poesia zale batzuek aspaldi eskatzen zuten. Aspaldiko kontua da, beraz, poesiaren inguruan biltzea, eta poesia irakurtzea, entzutea, sortzea, idaztea, gozatzea. Aspaldiko partez ibiltzen ginen batzuk egitasmo horren inguruan jira-biran; iaz estreinakoz egindako Nafar Poesiaren Bestaren harira bildu ginen batzuk eta aspaldiko egitasmoa gauzatu dugu.

Gure xedeak xumeak bezain garrantzitsuak: jarduera kulturalak antolatzea: hitzaldi, biltzar edo topaketa poetikoak antolatzea; liburuak, aldizkariak eta ikerlanak argitaratzea, biak ala biak, bai euskaraz bai gaztelaniaz.

Halaber, prest gaude gure laguntza eskatzen duen beste elkarte edo instituzioekin elkarlanean aritzeko, ideiak trukatzeko eta bestelako jarduera kulturalak sustatzeko, zubiak eraikiz, mugak gaindituz, kulturaren esparruan ekimen bateratuak bideratuz; muga guztien gainetik eta sasi guztien azpitik poesiak batzen gaituelako.

Horren erakusgarri, heldu den larunbatean, ekainaren 2an, Agoizko Kultur Etxean Aspaldiku-k antolatu duen Nafarroako Poesiaren II. Biltzarra, non zu-zeu, poeta edota poesia zale zaren hori, gonbidatuta zauden.

2007-05-14

Alexander Tapia Perurena


50 urte bete berri dira dira Alexander Tapia Perurena hil zenetik. Alexander Tapia Iruñean sortua zen, Nabarrerian, euskaldun berria eta poeta.
Horren harira Iruñeko Udalak aste beteko ekitaldi sorta antolatu berri du, Tapia Perurenaren izena eta izana plazaratzeko.
Horren barruan, Tapia Perurena zentzu zabalean hartuta, testu irakurketa egin zen pasa den asteazkenean Deskaltzos kaleko Erraldoien Txokoan. Besteak beste Alexanderren malko garratzenak.

Poeta etxetik atera eta aldapa behera abiatu zen, bizitzak dakartzan eginbehar latz, garratz eta gogor horietako bat artoski betetzera. Izan ere, hil berri den lagun batentzako azken agur idazkia egitea ez da inork gogoz idazten duen zerbait. Gainera, azken bolada hartan poesiari baino, Irina-lantegiaren kontuei emana bizi zen Alexander gaztea. Horregatik zeraman besapean larruzko karpeta beltza emate-agiri eta fakturaz beterik, eta eskaturiko poema, ordea, artean idatzi gabe.

Lagun hil berriaren oroitzapenak txirikordatzen zitzaizkion gogoari, eta goibel, burumakur, kopetilun zihoan Udal Merkatuaren kaletik barna. Azken agur-poema bat eskatu ziotenean ezin zuen ezetzik esan, eta egun batetik bestera zela jakinda ere, zerbait asmatuko zuela uste zuen. Uste ustela, ordea. Gau osoa emana zuen zerbait idatzi nahian, baina ez zuen hitzak lotzen asmatu.

Martzeliano ostatuan kafe bat hartzea pentsatu zuen, baina sartu gabe pasatu zen ostatuaren aurretik. Presaka zebilen, berandu xamar zebilen, eta kafearen garratzak ez zion kenduko gogoaren goibela.

Santo Domingo aldapa gurutzatzera zihoala bat-batean gelditu eta ziztu bizian zetorren automobila pasatzen utzi zuen. Fort-T bat zen, muturreko ezker eskuin bi faro txuri zituena, zezen baten gisara, beltz-beltza eta zalapartatsu. Nola aldatzen diren gauzak, esan zuen bere baitan. Nork esango luke gure Iruñean automobilak ibiliko zirela gora eta behera... Militarren ospitalaren ondotik pasatzean goardian zeuden soldaduei kirik egin zien. Horiek -ez militarrak, ez zezenak- ez ziren fidatzekoak, ez horixe; horiengandik ahalik eta urrunen!

Baina, azken finean, zer zen Iruñea, soldadu eta apaizen herri bat baino, pentsatu zuen, eta pentsatu zuena berresteko Dominikoen eliza paretik pasatu zen. Gero, Deskaltzos kalea hartu zuen, eta garaiz helduko zela pentsatu zuen, kale horri izena ematen zion eliza baitzuen helburu, Karmeliten eliza. Halere, Deskaltzos kalea ez da sobera luzea eta kale horretan zerbait asmatu behar zuen, poemaren bat, hitz soil batzuk, hunkigarria zen zerbait... ezin baitzen agertu esku hutsik, poemarik gabe. Hitza emana zuen, eta euskaldunaren hitza ez da ur gaineko bitsa, ez da begien aurrean duen Dekaltzos kaleko iturriko ura bezala, etengabe doan ura bezala, inon gelditzen ez dena.

Zerbait idatzi beharko zuen, zeren quod scripsi, scripsi, ura ez bezala. Goibel, burumakur, kopetilun zihoan poeta, kezkatuta lagun hil berriaren omenezko poema bat idazteko gauza izan ez zelako, eta areago, lagun hil berriaren omenez malko bat bera ere isuri ez zuelako... Ez zekien zergatik, hunkituta zegoen, pott eginda, baina laguna hil zeneko albiste jaso zuenetik ez zuen malkorik isuri... barnean zeukan garraztasuna zen poetak isurtzen ahal zuena.

Gogoratu zuen Parisen idatzi zuen Zoruna olerkirako, Shelley erromantiko ingelesak esandakoa izan zuela abiapuntu: “Our sweetest songs are those that tell of saddest thought”. Egia zen, gogo goibelenetik sortzen baitira olerkirik goxoenak.

Orduan, ohartu zen malko gordeak, malko isuri gabeak, horiexek direla, garratzenetan garratzenak. Deskaltzos kaleko iturrian gelditu eta Karmeliten elizara abiatu aitzin, besapeko karteratik irina-lantegiaren faktura bat atera eta, atzealdean, hil berriaren omenezko hitz batzuk lotu zituen, poema txiki, xume bat sortuz, ura ez bezala, betiko geldituko zena:


Malko gordeak

malko isuri gabeak.

Horiexek dira

garratzenetan

garratzenak.

2007-05-08

Fernando Sebastian: dominus dixit ad me


Iruñeko Artzapezpikuak ez du aurkezpenik behar.

Iruñeko Artzapezpikuak, Fernando Sebastianek, jarrera argi eta garbia agertu du datozen hauteskundeei begira: Falange aintzat hartzeko eta babestekoa dela dio, baita eskuin muturreko beste zenbat alderdi ere, besteak beste, Alternativa Española, Comunion Nacionalista Catolica, eta Tercio Catolico de Accion Politica. Espainian bota zituen bereak, bereak eta bi, Leon-en emandako hitzaldi batean eta, zehatz eta mehatz, BERRIAn irakur ditzakezu.

Ez ni ez naiz harritzen, aspaldi ezagutzen dugu Ezkaba mendiko magalean Eliza Katolikoaren agintarien itzal beltza. Gainera, Sebastianekin ezin da eztabaidatu. Nahi baduzu saiatu, baina, argudioak hartu eta eman, hartu eta eman... azkenik beti bukatzen da fede kontu batekin... sinesten baduzu ongi, bestela... zeren Fernando Eliza Katolikoaren ordezkaria da Nafarroa Garaian, eta Jainkoaren hitza du ahoan; hortaz, horrekin bukatzen da argudio-dantza eta bukatzen da fandangoa: dominus dixit ad me, –Jaunak esan zidan-...
Eta hi egon hadi isilik, fedegabeko hori!

Alderdi urtramontano horiek aintzat hartzea eta babestea merezi dutela Jaungoikoak esango al zion Iruñeko Artzapezpiku eta Tuterako Gotzainari?

Ez, Sebastiankeriak ez nau harritu. Goian duzue iazko Pilarika eguneko haren argazkia.

Beraz, Sebastianekin harritu ez, baina bai larritu ezen, zeren zain daude katoliko aurrerakoiak? Ez dute ezer egingo, ezta? Oraingo honetan ere ez? Horrek bai larritzen nauela, bai horixe!

Oso ongi, Fernando! Argitasun pixka bat gure egunerokoaren iluntasunean... argi mintzo da eta argi azaldu zaigu!

Zinez, Fernando Sebastianek ez du aurkezpenik behar, ezta merezi ere!

2007-05-05

Berriozarko Haur Eskola krisi larrian


Ezkabaren magalean, besteak beste, Berriozar dago. Bertako Haur Eskolaren inguruko zalaparta handia sortu da gure herrian azken asteotan.
Gurasoak oso kezkatuta daude, apirilaren 24ko osoko bilkuran, udal gobernua osatzen duten PSOEk, UPNk eta CDNk bat-batean erabaki dute ez berritzea kontratua Haur Eskola kudetzen duen enpresari. Horren ondorioz, langileei kontratua ez zaie berrituko eta kale gorrian geldituko dira.

Eta zergatik egin dute hori?

Ez dute inolako arrazoirik eman. Zergatik? Hargatik! Horixe da gurasoak gehien atsekabetzen dituena. Alkatearen jarrera udal bilkuran oso harroputza izan zen. Izan ere, oro har, guraso gehien-gehienok pozik daude Haur Eskolaren funtzionamendurekin eta, orain langile guztiak kalera botatzea inolako arrazoirik eman gabe ez da zilegia; nolanahi den ere, Udal Goernu taldearen prozedura desegokia izan da Areago kontuan hartuz hurrengo ikasturterako umeen aurrematrikulazioa egina dagoela; Berriozarko Udalaren webgunean iragartzen den bezala, epea agortuta dago.

Hain zuzen, horregatik daude horren kezkatuta, zeren gurasoek jadanik eginak dituzte aurrematrikulazioak, epe guztiak agortuta daude eta eskuak lotuta utzi dituzte.

Baina Haur Eskola egonen da irekita irailaren 1ean?

Horixe jakin nahiko luketa eta irailaren 1ean irekita egonen den, zeren ez diete ezer ziurtatu hurrengo ikasturteko funtzionamenduaz. Zerbitzu publikoa da, eta orain sortu den katramila hau sortu beharrean, errazena zen beste urte batez berritzea kontratua Haur Eskola kudetazen duen enpresari.

Gainera, UPNkoek ingelesa sartu nahi omen dute, inork eskatu ez duena sartu nahi dute... argi dago euskarari kalte egiteko eta euskararen kontra jotzeko darabiltela ideia hori. Sinadurak ere bildu dituzte bidagabekeria hori salatzeko, baita kalera atera ere.

Ezkabaren talaiatik ikusi genuen ostegunean, Berriozarko Eguzki Plazan eginiko kale agerraldia.

Gurasoek eskatzen dutena hauxe da: Haur Eskola kudetzen duen enpresari berritzea beste urte batez, eta irakasleek berdin-berdin jarraitzea.

2007-05-04

Adierazpiderako leihoa

Ezkaba mendiaren magalean Mendialdea Eskola duzu. Hor ere izena eta izana bat datoz. Mendialdea Eskolan Joxe Mari Iturralde idazlea izan da. Iturralderen azken liburua, Hyde Parkeko hizlaria mahai gainean daukat, oraindik irakurri gabe.

Jakin nahi nuke lerrook irakurtzen ari den inork jadanik irakurri ote duen... zeren Londonek badu Hyde Park. New York-ek badu Central Park. Parisek baditu Eliseoko Zelaiak. Iruñak badu Gaztelu Plaza. Eta guk Ezkabako talaiatik adierazpiderako leihoa.



2007-05-03

Itxaurdi izena eta izana

Ezkabaren talaia honetatik Iruñerria osoa ikusten da. Itxaurdi Ezkaba mendiaren magalean zegoen makaldia zen. Makalak gaixorik zeuden eta, makalak makal, makaldia eraitsi dute.
Zorionez Itxaurdik blogosferan izan du susperraldia, eta bitakora hau sortu da udaberri honetan.
Iruñerritik mundura, Ezkabako talaiatik beha, ikusten denaren berri emateko asmoz sortua.