2007-12-19

Riso amaro

Artean maite zintudan. Jatetxe italiar horretan afaltzeko hitzordua egiteko deitu zenidanean, berriro elkartuko gineneko esperantza berpiztu zitzaidan.

Artean desiratzen zintudan. Biok, eserita mahai txikiaren inguruan; eta gure artean botila bat ardo gorri latza, lambrusco, edateko eta arroza garratza, riso amaro, jateko.

Artean zure irribarre gozoak erakartzen ninduen. Soineko beltz tirantedunak estu-estu ematen zizun. Artean zurekin egoteko irrikan nengoen. Zerbitzariak arroza ekarritakoan dibortzio-paperak mahai gainean jarri eta sinatzeko eskatu zenidan.

Artean arroza dastatu gabea nintzen. Bazenuen itxaroterik afaria bukatu arte. Hoztu zen gurea. Arroza.

Artean irribarre egiteko indarrik izan nuen, irribarre garratza, baina. Paperak sinatu eta arroza dastatu nuen: garratza. Riso amaro.

No comments: