2008-06-23

Ekain beltza


Ekain beltza ekimenari esker, BERRIA egunkariaren eskutik, pasa den asteburuan eskuratu nuen 1280 arima liburua. Nobela beltz hori irakurria neukan, duela bi urte IGELA argitaletxeak -Irabazi Gutxi Eta Lan Askok-argitaratu zuenean, Jim Thompsom idazlearen liburu hori erosi eta irakurri bainuen. Orduko eta oraingo aleak alderatuta, oraingoan letra tamaina txikiagotu, Nosey Parker izena kendu dute eta Xabier Olarrak berak sinatzen du hitzaurrea. Testuan zehar aldaketa txiki batzuk, lexiko kontuak batez ere, eta kontu bitxi bat: 22 ataletik 24ra egiten da jauzi; baina lasai, ez da 23. atala falta: atalak zenbatzeko orduan bi aldiz jarri dute 24, baina liburua oso-osorik dago. Inprimategiko galtzagorrien azpilana, seguru asko.

Honetara ezkero, aise ohartuko zinen goitik behera eta behetik gora irakurri nuela liburua eta berriro ari naizela egunotan.

Protagonista, 1280 lagun bizi diren herri bateko sheriffa, mundiala da:
Nire lanarekin bete behar, Rose; sheriff izan behar dinat, zeren be-re-zi-ki-ta prezeski horretarako dohainez jantzia izan naun eta ezin dinat utzi. Noizik eta behin, utzi egin beharko dudala bururatzen zaidan, baina beti norbaitek jartzen zizkidan pentsamenduak buruan eta hitzak ahoan, nagoen lekuan geldi nadin. Horretan segi behar dinat. Potts Countyko sheriff betirako izan beharra zeukanat. Beti Jainkoaren lana eginez jarraitu behar dinat, zeren berak jendea seinalatzen din, jendea aukeratu besterik ez din egiten , eta nik haiengan Haren hira deskargatu beharra zeukanat. Eta sekretu bat esango dinat, Rose, hainbat eta hainbat aldiz ez negon Harekin batere ados. Baina ezin ezer esan horretaz. [...] Zera besterik ezin dinat egin, Jainkoaren behatzaren keinuari adi egon eta eta kaka zaharra balio ez duten gixaxoak astindu.


Ze arriskutsuak diren Jainkoaren esana betetzera bere burua behartuta ikusten duten horiek! Estatu Batuetan bertan, gaur egungo presidenteak ere izugarrikeria handiagoak horrela zuritzen ditu! Nobela beltz honetako protagonistak ere ederrak egiten ditu... Eta lehen pertsonan idatzitako dagoenez, interesgarria da ikustea berak bere burua nola zuritzen duen:

Beti bada gizon zintzoari lohia botatzeko desiratzen dagoen jendea, nahiz eta oinarrik gabeko itsuskeriak izan.


Sexua ere ez da falta literatura beltzeko klasiko honetan:

Amyk atzeko atea ireki, eta sartzeko esan zidan. Ilun zegoen eta gelara eraman ninduen eskutik helduta. Han kamisoia airean bota, niri heldu eta itsasita gelditu zitzaidan une batez, ezpainak nire aurpegira hurbilduz. Zerrikeriak xuxurlatzen hasi zitzaidan, zerrikeria goxo eta eroak [...] Gero, eskutik helduta, han egon ginen elkarren ondoan, arnasa batera hartzen, bion bihotzek taupada batera egiten zutela. Nolabait esateko usain goxoa zegoen airean baina nik banekien Amyk ez zuela perfumerik erabiltzen; eta nola esan, bibolinak entzuten ziren, soinu leun eta goxo bat, inoiz sortu gabeko soinu bat jotzen.


Irakurriz gozatzen da, dudarik gabe; baina liburu onak berrirakurriz ere biziki gozatzen da.

Aspaldi ez dela, blog honetan bertan, liburu zenbait aholkatzen nuen udarako; gaurkoan beste liburu bat, Jim Thompsom-en 1280 arima liburua ere irakur dezazun gonbidatzen dizut.

2008-06-22

Sono scazzato

Sono scazzato, nazka-nazka eginda nago, alegia. Horregatik, devo fare un importante annuncio, hots, garrantzi handiko iragarpen bat egin behar dut:

Espainiako selekzioak galtzea nahi dut. Gaurko partidaren inguruko zurrunbiloan itotzeko zorian nago, Espainiako selekzioaren inguruan ematen ari diren matrakarekin nazkatuta. Astunak dira, gero!

Ordulariaren orratzek adierazten dute ordu gutxi batzuk falta direla partida hasteko, eta gero eta zailagoa da oldarraldi espainiarzaletik ihes egitea. Guztiarekin ere, Espainiak gaur galtzen badu, ez digute horrenbeste mailukada mediatikorik emanen. Hori bai, Espainiako komunikabideetan ezkutatu dituzte Luis Aragones-en probokazioak, eta Italiako komunikabideetan irakurri behar da Gattuso jokalariaren erantzuna: "Arrazoi du [Aragones-ek], borrokalari bat baino ez naiz."

Nolanahi ere, hitz horiek beraiek euskaraz eta euskaldun baten ahotan ekarriko lukete, seguru asko, hainbat arazo larri; zer esanik ez, ildo beretik Camoranesi jokalariaren esanak: "La Spagna è forte, ma anche noi abbiamo buone armi", alegia: "Espainia indartsua da, baina guk ere arma onak dauzkagu." To eta no! Filoterrorismo!?

Alabaina, non t'incazzare, zera: ez hartu gaizki. Zer gerta ere, argi eta garbi aldarrika dezagun jokalari italiarrak ez direla indarkeriaren apologia egiten ari: zorioneko partidaz ari dira. Utziko diegu, bada, erlojuaren orratzei jira ematen, eta bihar goizean ikusiko dugu ea gailurra jo ala erreka jo duten espainol gogaikarriek.

2008-06-16

Liburu bat aholkatzeko

Gaur goizean, nire lagun batek liburu bat aholkatzeko eskatu dit. Kontua da Ezkabaren magalean dagoen Mendialdea Eskolako irakasle zenbaitek liburu bat oparitu nahi diotela lankide bati, eta duda-mudatan omen zebilen, zalantza-balantza. Esan dezadan -beste metagrama bat baliatuz- zirt-zart egin dudala eta liburu bat proposatu ordez, hiru izen eman dizkiodala, lagunak berak azken erabakia har dezan:
  • Batto: Andu Lertxundiren Konpainia Noblean -jadanik- klasiko ederra; testu laburrak, arte-lan ttipi apartak, harribitxiz jositako liburua. Nola eman uda Konpainia noblean ez bada?
Gaur goizean, nire lagun horri aholkatu eta gero, liburua berriro eskuratzeko beharra sentitu dut. EIBZren liburutegitik hartu dut, eta etxean ausaz zabaldu dut. Pasarte gogoangarri zenbait berrirakurri dut, adibidez, 151. orrikoa:

"Jendearen garunak, beraz, ordenagailua bezalakoak dira. Eta ez dira bereziak, baizik eta segundo-zatietan konektatzen eta deskonektatzen ibili behar dute pantaila aldatzen den bitartean. Eta ikus ez dezaketen zerbait denez, pentsatzen dute berezia izan behar duela, zeren eta jendeak beti pentsatzen du zerbait berezia dagoela ikusi ezin diren gauzetan, hala nola ilargiaren alde ilunean edo zulo beltz baten beste aldean, edo ilunpetan gauean esnatzen direnean eta beldurturik daudenean.

Jendeak uste du, orobat, ez direla ordenagailuak bezalakoak, zeren berek sentipenak dituzte eta ordenagailuek ez. Baian, zer dira sentipenak? Ez al dira bihar edo datorren urtean gertatuko denaz edo gerta zitekeen baina gertatu ez zenaz irudi bat edukitzea buruko pantailan? Eta, irudi alai bat baldin bada, irribarre egiten dute; tristea bada, berriz, negar."

The curious incident of the Dog in the Night-Time liburuak sari bat baino gehiago zuen lehenagotik, baina horrelako liburuekin beti izaten da zalantza noraino funtzionatuko duen ongi gure euskal mundu txikian. Liburu atera eta handik gutxira, duela urte pare bat, Patxi Zubizarreta preziatuak argitaratu zuen artikulu zoragarri bat liburu horren inguruan, eta aurrekari horiekin irakurri nuen. Eta gozatu nuen.

Liburuko bi orri pasatu eta beste pasarte zoragarri bat, erreproduzitzeko tentaldiari eutsi ezinik:

"Sherlock Holmesek bazuen, eta neurririk gorenena izan ere, bere gogamena bakartzeko ahalmena, nahi zuenean.

Eta horretan ni bezalakoa da, zeren gauza bat benetan interesatzen bazait, matematikako ariketak egitea (...) ez naiz beste ezertaz ohartzen, eta Aita deika ari bazait ere afaltzera joateko, nik ez dut ezertxo ere entzuten. Eta horregatik naiz oso ona xake-jokoan, nire gogamena nahi dudanean bakartzen baitut eta taulan kontzentratzen bainaiz eta handik pixka batean nirekin jokoan ari den pertsonak kontzentrazioa galtzen du eta sudurra hazkatzen hasten da edo leihotik kanpora begiratzen, eta huts egiten du eta nik irabazten diot.

Sherlock Holmesen istorio jatorrizkoetan inoiz ez da deskribatzen Sherlock Holmes ehiztari-txanoarekin, argazkietan eta komikietan halako bat beti eramaten duen arren. Ehiztari-txanoa Sidney Paget izeneko gizon batek asmatu zion, hark egin baitzituen lehenbiziko liburuetako irudiak.

Sherlock Holmesen istorio jatorrizkoetan Sherlock Holmesek ez du sekula esaten:
Noski, Watson maitea”. Hori filmetan eta telebistan baizik ez du esaten.


Sherlock Holmes-ena duela gutxi entzun genuen Fernando Rey-ren ahotik, baina beste modu berezi batez kontatzen du liburuko protagonistak, Christopherrek: polisindetona -"eta" juntagailuaren erabilera obsesiboa- maiz erabiltzen du egileak, eta sinesgarritasun handia erdiesten du:

Eta horrek esan nahi du denbora misterio bat dela, eta ez dela gauza bat ere, eta inork ez du oraindik denbora zehazki zer den asmatu. Eta horregatik denboran galtzen bazara, basamortu batean galtzea bezala da; baina, hori bai, ezin duzu basamortu hori ikusi, zeren ez da gauza bat. Eta horregatik ditut gogoko egutegiak, zeren denboran ez galtzea ziurtatzen baitute.


Zeren, -ez dut hasieratik beretik esan- protagonista berexi xamar da; ene ustez, Asperger sindromea duen mutiko bat da...

Uda honetan liburua irakurri eta, nahi izanez gero, post bat erantsi honi.

2008-06-12

Ogien eta arrainen mirakulua baino handiagoa

Blog hau irakurtzen, baina iruzkin-ik idazten ez duen lagun batek esan dit aspaldi ez dudala ezer idatzi ELizaren inguruan. Ai, oi ei! Tentaldia oso handia da, eta gizakia ahula da oso, lagunok! Bego! Gatozen, hortaz eta beraz, harira.
Azken hamar urteotan, Eliza Katolikoak bere izenean erregistratu dituen herri-ondasunen zerrenda ikaragarri luzea da. Kontsulta ezazu jakiteko Nafarroako zure herrian zer eskuratu duten; eskuratu erabil dezagun, anai-arrebok, ez gaitezen eror lapurtu hitza erabiltzeko tentaldian...
Elizak jauregiak, baselizak, orubeak, etxeak... Eta apaizari herrian utzitako baratze hura? Hura ere bai, anai-arrebok! Azken uretotan, ezari-ezarian, aritu dira, aritu direnez! Eliza Katolikoak beretzat hartu ditu. Beretzat hartu, baina eliza bat konpontzeko orduan Nafarroako Gobernuari diruz laguntzeko eskatzen diote... Azala behar da, gero! Ogien eta arrainen mirakulua baino handiagoa.

Nafartar guztionak diren herri ondasunak Elizaren izenean erregistratzeko ezkutuko trabailu horietan Fernando Sebastian artzapezpiku ohia hasi zen, eta oraingo artzapezpikua den Francisco Perez Gonzalez-ek jarraitu du. Bion arteko ezberdintasunik? Bai, oraingoa militarra da, badaki aginduak betetzen isil-isilik, eta ez da agertzen egun batean bai eta bestean ere bai prentsan, gure Fernando Sebastian inkontinenteak egiten zuen bezala...

Baina ez gaitezen kexa, anai-arreba maiteak; Eliza Katolikoak beti arrazoi; finean, kexatzen garenok, "fedegabeko hutsak" garela esatearekin nahikoa dute... Eta kexatu behar zirenak, benetako kristauak, otzanak eta esanekoak direnez... Den-dena Ad Maioren Dei Gloriam

Gutxi batzuk izan ezik, besteak AMEN... Quosque tandem abuteris patientia nostra? Noiz arte, anai-arrebok?
1936ko udan, Iruñeko zezen plazan egindako argazkian, katolikoek eskuetan "arrazoiak" zituztela.

2008-06-09

Iruñeko Liburu Azokan


Asteburu poetikoari azkena emateko, poesia errezitaldia Iruñeko Gaztelu Plazan, Liburu Azokaren azkenetan. Buruz buruko poetiko bukaezinean, hiruna poema irakurri genuen Aspaldikuk iaztik -ezen ez aspalditik- antolatzen duen errezitaldian. Asteburuko azken buruko burutazio burutua.

2008-06-07

Lizarra = Babel

Gaur Lizarran izan naiz; esan nahi baita, Babel-en. Aspaldiku-ren eskutik Nafarroako Poesiaren III. biltzarrean hainbat lagun bildu gara, batez ere, Maram al-Masri olerkari siriarraren eta Auxtin Zamora olerkari lapurtarraren lanak gozatzeko.
Gaztelaniaz eta euskaraz landarat, ingelesa ere aditzeko parada izan dut; frantsesa eta arabiera entzun dut, aditu gabe. Halere, Babel horretan ez naiz deseroso sentitu, eta Maram al Masri-ren errezitaldian zein goxo, zein leun, zein zoragarri izan daitekeen ulertzen ez duzun hizkuntza bat -arabiera- ikusi eta ikasi dugu.
Maram al-Masri-rekin zoratua, Te Miro liburuko azken poema euskaratu dut:

Gizonen batek
abandonatzen nauenero
bilakatzen naiz ederrago.

Gero eta ederrago...


Olerki ederrak egun eder-eder baterako.

Maram al-Masri eta Lizarrako zinegotzi den Emma Ontoriarekin

2008-06-02

Hori duk hori, (puntuazio) marka!


Talaia honetatik behin baino gehiagotan ohartarazi dugu irakurlea koma baten garrantziaz eta, oro har, puntuazioaren garrantziaz. Ildo horretatik jarraiki, bihurrekeria bat egin dezagun. Har dezagun maite dugun idazle baten testua, adibidez, Patxi Zubizarreta. Idazle ordiziarra duela hiru urte izan zen Ezkabako magalean dagoen Mendialdea Eskola Publikoan eta oso zapore gozoa utzi zuen ikasleen ahosabaian...
Hauta dezagun haren liburu bat eta kopia dezagun testu bat, baina puntuazio markak letra guzti-guztiekin idatzita...

Marokkon euskal jantzian ibili zen José María de Murga dugu zabaldu parestesia1837 marratxoa 1876 itxi parentesia puntu eta koma zabaldu komak bizkaitar mairua itxi komak esaten zioten honena da hasi letra etzana Recuerdos Marroquíes itxi letra etzana liburua eta bertatik pasarte hau atera dugu bi puntu
zabaldu komatxoak Mahomatarrek koma sinesdunak mezkitara deitzeko koma ez daukate ezkilarik edo antzeko soinu tresnarik puntu Horretaz muezinak arduratzen dira puntu eta koma ahots miresgarriekiko gizon hauek dorre altuetara igo koma eta haietatik lau haizetara zabaltzen dituzte beren doinuak puntu Kantua koma monotonoa izanagatik koma hunkigarria da puntu eta koma batez ere landetan eta magrebaren zabaldu parentesia ilunabarraren itxi parentesia orduan koma gauaren isila eta isiltasuna egunaren argia eta mugimenduak ordezkatzen hasten direnean puntu Sarritan muezinaren kantua etortzen zait gogora koma eta oroiminez gogoratzen naiz arabiarren
oihalpearekin eta ene gorputz akituak atsedena hartzen zuen alfonbratxo xeratsuarekin azken puntua


Patxi Zubizarretaren Ali Baba eta 40 lapurrak liburu zaharrean irakur daiteke pasarte hori, puntuazio markak behar diren bezala jarrita.


2008-06-01

Bihar hasiko da Neguko Barnetegia.


Atzo izan zen EGA azterketaren ahozko proba eta baliteke baten batek ikastaro trinko bat egiteko asmoa izatea... Bada, jakin dezala bihar, ekainaren 2a, Neguko Barnetegia (sic) hasiko dela. Negukoa. Forun, Bizkaian. Agian aurreikusiko zituzten eguraldi kaskarra eta uholdeak... Horregatik, deituko al zioten Neguko Barnetegia... Ez dute jarri Neguriko Barnetegia, ez horixe!
Neguko barnetegia udan eta udako ikastaroak neguan... "Hau mundu arrano hau!", Batxik idatzia utzi zigun legera.
Baina AEK-k berak iragartzen du: "ez duda, uda da".
Tira! Halarik ere, inork ez dezala AEKren aurkako kritikatzat har; umorez hartu behar da -ene uste apalean- akats hori, eta espero dezagun inor ez nahastea eta ikastarorik egin gabe gelditzea. Zer gerta ere, AEK-k prestatu dituen ikastaroen berria BERRIAn.

Izan ere, horrelako hanka-sartzeak egitetik inor ez dago libre. Oraindik daukagu gogoan Nafarroako Gobernuko itzultzaile aritu eta adituen eskutik argitaratzen den Aldizkari Ofizialean argitaratu zen lanpostu deialdi hura: "Bideko Ama Birjina izateko lanpostua"
Harrapa eza(n)k! Ama birjina izateko lanpostua? Gainera, Bideko Ama Birjina izateko? Tira! Goiko Zeruetako Ama Birjina izateko balitz...
Nolanahi ere, inor ez zen aurkeztu Ama Birjina izateko. Izatez, Ama eta Birjinik alde berean den inor al da gure artean? Horretarako lanpostu bat eskaini behar al da? Elizamak ez al du protestarik aurkeztu? Goiaingeruak ez al zuen lanpostu hori aspaldi esleitu?
Galdera teologikoak bazter utz ditzagun ad maioren gloriam Ecclesiae, eta egin dezagun argitasun pixka bat iluntasunean: Bideko Ama Birjina ospitaleko atezaina izateko lanpostua zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertu behar zena... Eta deialdi horretara bai, Bideko Ama Birjina ospitaleko atezaina izateko, batek baino gehiagok aurkeztu zuen bere burua.
Ad maioren gloriam Lingua Vasconiae