2010-05-25

Greba Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan



Hitzek bereizten gaituzte, baina ekintzek batzen gaituzte.

2010-05-20

Fertxu Izquierdorekin solasean


Atzo literatur solasaldi interesgarri askoa izan genuen Berriozarren. Urteak daramatzagu Liburuak solasgai izeneko jarduera antolatzen eta, atzokoan, Txantreako Errepublika Poetikotik etorritako poeta bat izan genuen: Fertxu Izquierdo Jimenez.

Poeta izanik ere, atzo prosaz idatzitako liburu baten ingurumarian ibili ginen: Mendeko Borroka (Assalto a Roma) .

Liburu hori sortzeko prozesuaren sekretuak azaldu zizkigun Fertxuk, xalo eta umil azaldu ere. Sarien kontura ere ibili ginen itzul-inguruka eta, horien harira, aitortu zigun liburu hori saritu ziotela, batik bat. originaltasuna dela kausa. Ni behintzat, guztiz ados: oso nobela irakurterraza izateaz gain, guztiz berezia eta, hitz bakar batez definitzearren, ganberroa. Irakurri ez duenak, nahi badu denbora ederki pasatu euskaraz irakurriz, irakur dezala: ez zaio damutuko. Mendeko Borroka (Assalto a Roma) irakurri ostean, inork ez du esaterik izanen euskal literatura Japoniako literatura bezain triste, goibel eta iluna denik.
Bitxia iruditu zitzaidan nola definitu zuen egileak Erroma hiria: "Europan dagoen hiriburu latinoamerikarra"... zer pentsaturik ematen duen baieztapena, inondik ere!
Bitxiagoa, alabaina, bost gazte italiar ikustea Iruñeko Elkar megadendan Mendeko Borroka liburuaren ale bana erosten aldi berean... Fertxu Izquierdok euskaraz idatzitako liburua eraman zuten bostek besapean dendatik... Ez dakit ACEkoak ziren: Associazione Culturale Euskara... Euskara Interneten bidez ikasteko ikastaroa eskaintzen dute! Obelixek hauxe esango luke: "Erromatar hauek zoratuta daude". Nik nahiago dut txalo bat bidali erromatar zoro horiei...

Hitz beste eginda, jakin ezazu Berriozarko Irakurle Klubaren hurrengo liburua honako hau dela: Xahmaran nobela beltza, Arbizun bizi den Jon Arretxe bizkaitarrarena. Oraingoan nork bere kasa lortu beharko du liburuaren alea, ez baitugu eskuratu liburutegi-sarearen bidez.


Hitzordua ere finkatua dugu honezkero: ekainaren 18an, ostirala, 6,30etan. Erne, zeren ez gara liburutegian bilduko, Berriozarko Kulturguneko gela batean baizik.

2010-05-06

Maiatzaren Lehena Iruñean

Maiatzaren Lehena. Goizeko manifestazio jendetsua Iruñean. Bandera gorriak airean Karlos III. etorbidean barna. Sindikatuko kide batzuk manifestazioaren alboetan dagoen jendeari esku-orriak banatzen. Arazo bat ere ez. Manifestazioaren bukaera Gaztelu Plazan, eta handik gertu emakume dotore bat, espaloitik guregana datorrena, manifestazioaren kontrako norabidean.

Berrogei edo berrogeita bost urte inguruko emakume horaila, ibilera bizikoa eta dotore-dotore jantzia: larruzko jaka argi ederra, eta jakari oso ongi ematen dion brusa bordatu zuria, estilo finekoa eta, bistan da, garestia; larruzko poltsa apaina besapean ederki estuturik, manifestari baino lapur andana batekin topatu izan balitz bezala; urrezko lepoko fin bat ere badarama, baina ez aberats berriek gustuko duten lepoko eskandalagarri horietako bat, zeren emakume hau ez da aberats berri horietako bat, beti nabarmentzen ibili behar den aberats berri horietako bat.

Bestalde, berarekin bat ez zetozen oinetako more takoidunak. Ez, emakume hau, agerikoa denez, familia oneko burges nafar tipiko bat da, bere burua kontserbadoretzat jotzen duen fatxa ultrakatoliko apostolikoa eta, segur aski, Tennis Club-eko kidea. Agian club horretarantz zihoan ustekabean bandera gorriz jantzitako manifestari andana batekin tupust egin duelarik.

Esku-orriak banatzen dituen sindikatuko kideak urrutitik ikusi du gerturatzen eta pare-parean izan duelarik esku-orria eman dio, baina emakumeak hartu ez. Esku-orria sindikalistaren eskuan gelditu da, umezurtz. Emakume dotoreak destainaren eta nazkaren arteko begirada zorrotza bota dio sindikalistari eta alboko kalerantz jo du, Orreagako etorbiderantz. Hori ikusita, manifestari ezezagun batek oihu egin dio emakume dotoreari: “Bator komunismoaaaaa!”

Emakume dotoreak agian ez zuen “Badator” ulertuko, baina “komunismoaaaaa” ederki ulertu zuen, ibilera biziagotu baitzuen. Oinetako more takoidunek ez zioten utzi nahi bezain azkar ihes egiten, eta ibilera patetiko xamar batez jo zuen Bigarren Zabalguneko bere kluberantz. Manifestari ezezagun horren oihuaren haritik beste manifestariek eginiko irriek lagundu ziten ihesbidean.

Esku-orriak banatzen zituen sindikalistak emakumeari begira gelditu eta esan hauxe zuen: “Horrek diru asko bai, baina edukazio gutxi.”

Egia biribila: diruaren diruz oinetako more takoidun garestienak erosiagatik, edukazioa ez dago diruz erosterik.

2010-05-03

Joxan Ormazabal idazlea hil da

Bart, Joxan Ormazabal idazlea hil zen, Zegaman, sorterrian.

Joana da Joxan langilea, Joxan irakaslea, Joxan idazlea, Joxan editorea... baina asko utzi die idatzia euskal gazteei, berrogei liburu baino gehiago utzi ere, belaunaldi oso baten hezkuntzan eragin handia izan dutenak. Ezin ahaztuko ditugu, besteak beste, Kittano, Maripertxenta, Pernando Amezketarra, Lazkao Txiki, Esaera zaharrak, Esaera zaharrak eta txiste berriak, Igarkizunak, Txisteak, Hitzak jostailu… beti ere Elkar argitaletxean. Argitaletxe horretan hasi aitzin ikastolan aritu zen irakasle eta irakaskuntzan jadanik duela urte batzuk hasi ginenok nola ahaztuko dugu, bestalde, Zipriztin sail hura?

Joana da Joxan Ormazabal baina utzi digu bere azken oparia, Ehun ipuin hitz gutxitan, iragan den ostegunean bertan aurkeztua. Ehun istorio, ehun gogoeta, ehun kontakizun; batzuk xelebreak -Sei hitzetan-, beste batzuk xamurrak -Zer naiz ni?-; gehienak ongi biribilduak –Bi ohar-, baten bat triste xamar-Eguzkia eta izarra-, baina beti ere hizkuntzarekin –Purua- eta errealitatearekin –Ingelesez- jolasean.

Heriotza izeneko istorio labur ederra ere utzi digu liburu honetan:

Mutiko bat oso gaixo jarri zen zortzi urte zeuzkala. Klinikan pasa zituen bi hilabete, heriotzaren aurka borrokan. Azkenean heriotzak ihes egin zuen, eta mutikoa sendatu egin zen.
-Nik heriotza hil egin dut –esaten zuen mutikoak harrotasunez.
Baina ez zeukan arrazoirik. Heriotzak bizirik jarraitzen zuen.
Urteak iragan ziren, eta iritsi zen eguna garai bateko mutiko hark laurogeita zazpi urte bete zituena. Eta handik egun asko baino lehen heriotzak hil zuen haur, mutiko, gazte, gizon eta agure izandakoa.


Atsekabean bat eginda, bihoakie senide eta lagunei nire dolumina eta besarkada handi bana.

2010-05-02

Beirateari begira


Beirateek argitasun pixka bat ematen dute elizen barruko ilunetan. Ez dakit zein elizatan dagoen beirate hori. Edonon delarik ere, garrantzi gutxiko zehaztasun bat da hori. Alta, garrantzitsuena da beirate horrek agerian uzten duela adierazi nahi ez duena. Esan liteke ozenago, nekez argiago. Errealitateak gain hartu dio artelanari, gainezka egin arte.

Eliza katolikoak hainbat urtez ezkutuan eta gorderik izan dituen apaiza pedofiloen auziak azaleratzen dira herrialdez herrialde eta egunez egun. Ez dut irakurlea aspertu nahi kasuan kasuko eta tokian tokiko zehaztapenekin. Gainera, horrelako kasu nabarmenak ateratzen direnean, prentsan beti agertzen dira ultrakatolikoak biktimarena egiten: gaur igandeko editoriala Diario de Navarra-n horren adibide bat da. Elizak kontrolatzen dituen komunikabideak, agerikoa dena ezkutatu ezinik, justifikaezina justifikatu nahian dabiltza.

Halarik ere, apaizen lotsak airean ikusirik, pederastria kasuen aurrean Eliza katolikoaren jokaera mafiosotzat har daiteke, apaiza pedofiloak babestu eta babesten baititu mafia batek eginen lukeen gisara. Ezin bestelakorik espero, jakina baita Eliza katolikoa erabat jerarkizatuta dagoela eta demokratikoa ez dela; halere, delitu-egileak babestea ez al da delitu?

Herrialde Katalanetan izan nintzen azkenean, artean entzuten ziren Vicente Artero eskolako maisuaren kasuaren gaineko oihartzunak. Auzi luze eta korapilatsua, zalntzarik gabe, baina pederastriaz akusaturiko maisu hori soldatarik eta enplegurik gabe utzi zuten, eta otsailetik espetxean dago. Ni ere maisua izanik ere, ez naiz hasiko maisu horren alde gaizki ulertutako korporatibismoagatik.

Baina Elizarekin egiten dugunean topo... Gotzainek lekuz aldatzen dituzte apaiza pederastrak, eta dena estaltzen dute ad maioren gloriam Ecclesiae. Alegia, enpresaren -ups, barka lapsus kamani hori- izenean, kristorenak eta bi justifikatzen dituzte.

Jesukristok esana omen: “Petri (Harri) zira zu, eta harri horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko” Hala agertzen da Marcel Etchehandy-k lapurtar-baxenabartarrentzat egokitutako Biblian. Herioaren indarrak ez dakit, baina, haragiaren indarra Elizaren zimendu sakratuenak eraisten ari da. “Sinite parvulos venire ad me” ere esan omen zuen Jesukristok, baina ez apaiza horiek guztiek asetzeko euren sexu-grinak.

Bai, badakit "haragia ahula dela..." Orduan, Eliza katolikoak inoiz eginen ez duen deialdi isil-ozena zabal bedi, zelibatuaren agindu zaharkitu hori bertan behera utzita, apaizak ezkon daitezen. Ez dute ezkondu nahi? Orduan bizi daitezela “alberdanian eta olgetan” nahi duten emakumenarekin -ez zen izango ez lehen kasua, ezta azkena ere-. Bestalde, apaiza batek gizonezko batekin nahiago duela bizi? Ni homosexuala ez naizen arren, begirune osoa zor diot aukera horri. Gainera, homosexualismoa ez dago duela urte gutxi batzuk bezain gaizki ikusita gure gizartean, zorionez. Izan ere, de gustibus non est disputandum... Baina, orobat, ez ukitu umeak. Utzi bakean umeak. Mesedez, otoi eta arren. Sinesdunek ere eskertuko lukete.

Bestela, behean dagoen argazkiko seinalea laster zabalduko da munduan zehar.