2010-05-06

Maiatzaren Lehena Iruñean

Maiatzaren Lehena. Goizeko manifestazio jendetsua Iruñean. Bandera gorriak airean Karlos III. etorbidean barna. Sindikatuko kide batzuk manifestazioaren alboetan dagoen jendeari esku-orriak banatzen. Arazo bat ere ez. Manifestazioaren bukaera Gaztelu Plazan, eta handik gertu emakume dotore bat, espaloitik guregana datorrena, manifestazioaren kontrako norabidean.

Berrogei edo berrogeita bost urte inguruko emakume horaila, ibilera bizikoa eta dotore-dotore jantzia: larruzko jaka argi ederra, eta jakari oso ongi ematen dion brusa bordatu zuria, estilo finekoa eta, bistan da, garestia; larruzko poltsa apaina besapean ederki estuturik, manifestari baino lapur andana batekin topatu izan balitz bezala; urrezko lepoko fin bat ere badarama, baina ez aberats berriek gustuko duten lepoko eskandalagarri horietako bat, zeren emakume hau ez da aberats berri horietako bat, beti nabarmentzen ibili behar den aberats berri horietako bat.

Bestalde, berarekin bat ez zetozen oinetako more takoidunak. Ez, emakume hau, agerikoa denez, familia oneko burges nafar tipiko bat da, bere burua kontserbadoretzat jotzen duen fatxa ultrakatoliko apostolikoa eta, segur aski, Tennis Club-eko kidea. Agian club horretarantz zihoan ustekabean bandera gorriz jantzitako manifestari andana batekin tupust egin duelarik.

Esku-orriak banatzen dituen sindikatuko kideak urrutitik ikusi du gerturatzen eta pare-parean izan duelarik esku-orria eman dio, baina emakumeak hartu ez. Esku-orria sindikalistaren eskuan gelditu da, umezurtz. Emakume dotoreak destainaren eta nazkaren arteko begirada zorrotza bota dio sindikalistari eta alboko kalerantz jo du, Orreagako etorbiderantz. Hori ikusita, manifestari ezezagun batek oihu egin dio emakume dotoreari: “Bator komunismoaaaaa!”

Emakume dotoreak agian ez zuen “Badator” ulertuko, baina “komunismoaaaaa” ederki ulertu zuen, ibilera biziagotu baitzuen. Oinetako more takoidunek ez zioten utzi nahi bezain azkar ihes egiten, eta ibilera patetiko xamar batez jo zuen Bigarren Zabalguneko bere kluberantz. Manifestari ezezagun horren oihuaren haritik beste manifestariek eginiko irriek lagundu ziten ihesbidean.

Esku-orriak banatzen zituen sindikalistak emakumeari begira gelditu eta esan hauxe zuen: “Horrek diru asko bai, baina edukazio gutxi.”

Egia biribila: diruaren diruz oinetako more takoidun garestienak erosiagatik, edukazioa ez dago diruz erosterik.

No comments: