2014-04-30

Paper zaharren artean aztarrika

Paper zaharren artean aztarrika duela hamar urteko bilera baten akta bat aurkitu dut. Hezkuntza administrazioan egiten nuen lan garai hartan, eta bilera horretan, zerbitzuburu batez gain, atalburu bat, bi bulegoburu eta bi teknikari ginen. Garrantzi handiko bilera horren akta —nola ez— teknikarietako bati jasotzea egokitu zitzaion: niri, alegia.

2004an ginen, eta Egitasmo europarrak izenburupeko bileraren aktaren aztergaiak munta handikoak ziren: Irakasleen trebakuntzaz, Informazio eta Komunikazio Teknologiak, Bizitza osoan zeharreko ikaskuntza long life learning eta, batez ere, Anders Hingel-ek, Europar Batasuneko Hezkuntza komisarioak emandako txosten mamitsu baten berri: Txostenaren izenburua, ezin argigarriagoa: Europar Batasunaren helburuak 2010ari begira.

Hona hemen duela hamar urte ezarritako helburu estrategikoa (zilegi bekit hitz estrategiko hori baliatzea, bestela, nagusia esanda ematen du ez dela hain estrategikoa)

"Europako Hezkuntza sistemen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzea."
Helburu estrategiko hori xehatzeko orduan, hiru nagusi aipatzen ziren

  • Irakasleak eta irakasleen trebakuntza hobetzea
  • Informazio eta Komunikazio Teknologiak eskura jartzea
  • Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoa eta porfolioa. Azken honetaz, ezartzen zen helburu gisa Europako ikasle guztiek nork bere portfolioa 2010erako helburu zela.


2014an gaude, eta xede arranditsu horiek, jakina, ez dira erdietsi. Areago, Europako Hizkuntzen Porfolioaz inor gutxi oroitzen da. Porfolioa zertan zetzan, zertarako zen eta nola erabili ikasteko ikastaro horien guztien karpetak etxean dauzkat pilaturik. Kasu gehien-gehienetan, tamalez, portfolioa ur errea da.

Zenbat lan ordu, zenbat ahalegin, zenbat paper ez genuen erre inora eraman ez gaituen tren hori bultzatzen?

Goitik” etortzen zaizkigun hitz handiko eta xede handiagoko egitasmo horien mende bizi gara irakasleok; bat-batean etortzen diren ekaitz horiek kezkatu eta durduzaturik uzten gaituzte, trumoi ozen eta oinaztargi azkarrak itsuturik. Hezkuntza politikaz arduratzen diren horiek, batzuek ume bat eskolan inoiz ikusi ez duten horiek den-dena irakasleok egiteko agintzen digute, eta epeak ezartzen dizkigute. Gero, agian, politikari horiek joaten dira eta beste batzuk datoz, eta denek nahi dute euren inpronta utzi.

Oroitzen al zara Markotegi eta Arellanoren garaiez? Ziur baietz. Baina, nor oroitzen da orain Jesús Laguna kontseilari zenaz? Eta Luis Campoy kontseilari tuterarraz? Gero, Perez Nievas etorri zen, baina dimisioa eman zioten duela urte gutxi, CDNren izarra betiko itzaltzearren, UPN-k eginiko jokaldi politikoaren ondorioz. Orduan Miguel Sanzek esan zion Alberto Catalani Hezkuntza kontseilaritza ere hartzeko. Azken bi urteotan Alberto Catalan esanekoa izan da hezkuntza kontseilaria, UPNren zuzendaritzako kidea izateaz gain eta Gobernuaren eleduna ere izanik. Eta oraingoa, Iribas, “LOMCE a la navarra” aplikatu nahi duena, murrizketaren maisua...


Ez, Iribasek ez du dimisoa emango, denok aldez edo moldez eskatuta ere, ez da bere kasa joanen; urtebete barru eginen diren hauteskundeetan Iribas eta enparauak botatzekoa aukera dugu, eta orduan beste kontseilari-ohien zerrendan izen bat baino ez da izanen... Baina horretarako, irakaskuntzan ibiltzen garenok urtebete jasan beharrean, Iribasi aurre egin behar diogu bene-benetan bere azken urtea izan dadin kontseilari. A! Eta besoak gurutzaturik gelditzen bagara, ez etorri gero koplekin!

2014-04-10

Udaberriko oporraldiaren atarian

Udaberriko oporraldiaren aterian gaude. Udaberriko oporraldia ez da udakoa bezain luzea, baina biziki eskertzen da. Udaberriko oporraldia, bai; ez Aste Santukoa. Umeei udaberriko oporraldian gaudela esan beharko genieke, izen erlijiosoa duen “Aste Santua” bazter utzirik. Ez ginateke lehenak izanen. Adibidez, ozeanoz bestaldean, Uruguain, “Turismoaren Astea” deritzo oporraldi honi.
Eliza katolikoak, oraindik orain eta oraindik ere, botere handia duen instituzio bat da, hamarkadaz hamarkada eta urtez urte boterea higatuz joan zaion arren. Haren eragina handia da oso gaurko gure gizartean, nahiz eta fededunen kopurua murriztuz joan, nahiz eta sinesdunek beraiek ez bete Elizaren beraren agindu moralak, nahiz eta elizak ia-ia beti hutsik egon.
Eliza Katolikoak fededunenegan eragina izatea normala da, norberak aukeratzen baitu bere taldea edo bere elkartea... eta norberak ordaintzen du. Arazoa da denon zergekin elikatzen dela Eliza Katolikoa, eta ez soilik fededunen diruarekin, denon diruarekin baizik, ateo izan, agnostiko izan, musulmandar izan ala budista izan.

Eta burura datorkit esaldi biribil bat, Lourdes Goicoechearen auziaren kontura aditu nuena: “Ogasuna denok gara, Opus Dei izan ezik”