2011-11-30

Smok Wawelski, Poloniako elezahar bat


Badut lagun bat Poloniara joanen dena zubi foralean. A ze inbidia! Sanoa, baina inbidia, azken finean...

Lagun hori Krakoviara joatekoa denez, Krakoviako elezahar bat kontatu diot, Smok Wawelski, Jak  to zen Smokiem Wawelskim bylo. Wincenty Kadlubek-en kroniketan agertzen den elezahar hau XII edo XIII. mendeetakoa omen da. Halaxe dio elezaharrak.




Aspaldi-aspaldian, Poloniako baso ederren artean eta Vistula ibaiaren ondoan, Krakus izeneko errege bat bizi zen. Gaztelu batean bizi zen, Wawel izeneko muino batean. Vistula ibaian gora eta behera merkatariak ibiltzen ziren eta, horri esker, gero eta jende gehiago joan zen bizitzera inguru horretara. Baina gizakiak ez ezik, beste izaki bat ere heldu zen zorigaiztoko egun batean: dragoi bat.
Dragoi anker horrek Wawel muinoko beheko aldean dagoen leize-zulo bat aurkitu zuen eta leize zulo hori hartu zuen bizileku. Aldian behin, dragoi ankerra leize zulotik atera, ahotik sua botatzen hasi eta dena suntsitzen zuen gupida gabe. Orduan, Krakus erregeak bere zaldun prestuenak bidali zituen dragoia hiltzera, baina bat ere ez zen bizirik itzuli. Dragoi maltzurra ateratzen zen hilabetean behin eta den-dena suntsitzen hasten zen. Batez ere, neskatila gazteak zituen gustuko jateko eta neska gazte bat jan orduko leizera itzultzen zela ohartu ziren herrian. Hori horrela, leize zuloaren ahoan neskatila gazte bat jartzea erabaki zen hilero-hilero, dragoia hori jan eta herria suntsi ez zezan. Eta hala izan zen. Dragoia hilabetean behin ateratzen zen leize zulotik eta neskatila gazte bat jaten zuen aldiro.


Gauzak horrela, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri, dragoiak herriko neskatila gazteak, banan banan jan zituen harik eta bakarrik neskatila bat bizirik gelditu arte, erregearen alaba, Wanda. Etsi-etsi eginda, erregeak ez zekien zer egin eta orduan iragarki bat plazaratu zuen: inork dragoia hiltzen bazuen, Wanda alabarekin ezkondu eta ondasun handiak jasoko zituela.
 
Herrian bazen zapatari bat, Skuba Dratewka, oso azkarra zena. Erregearengana jo zuen zapatari gazteak eta Krakus erregeari esan zion erronka onartzen zuela. Baina zer egin zezakeen zapatari gazte batek, zaldun prestuenek kale egin zuten dragoiaren aurrean? 
   
Esaera zaharrak dioenez, asko balio du indarrak, baina gehiago buru azkarrak.

Zapatari gazteak bildots bat hartu zuen, sufrez bete eta dragoiaren leize zuloaren ahoan utzi zuen. Dragoia atera zenean, neskatila gazte baten ordez bildots xamur bat ikusi eta -grausk- irentsi egin zuen. Orduan hasi zen nabaritzen egarria, sekulako egarria, sabela erretzen zion egarri izugarria. Egarria apaltzeko Vistula ibaira jo eta ura edaten hasi zen. Edan eta edan eta edan aritu zen, baina ez zegoen modurik egarria apaltzeko. Vistula ibiaren erdia edan zuen eta, halere, ez zuen egarria kendu, eta edaten jarraitu zuen harik eta sabela – danba- lehertu egin zitzaion. Eta hala hil zen dragoi gaiztoa.

Kronikek diotenez, Skuba Dratewka zapataria Wandarekin ezkondu zen, eta Krakus erregeak Wawel muinoaren inguruan hiri bat sortu zuen: Krakovia.

Harrezkero pozik bizi izan ziren. Haiek pozik bizi baziren, gu ere pozik bizi gaitezen.


2011-11-23

Hauteskunde orokorren kronika ttipia


Bat, bi eta hiru eserleku nahi zuen lortu Yolanda Barcinak UPN-PP koalizioarentzat, baina azkenik, gaur arratsaldean bertan berretsia, bi baizik ez; halaber, Barcinak nahi zuen PSNk bi ateratzea, baina azkenez, bat baizik ez. Bana lortu dute Amaiurrek eta baita, Geroa Bai-k ere... Nafarroa Garaian sekula ez dira lortu bi ordezkari abertzale bidaltzea Madrilera. Ez da kontu makala!
Horregatik Yolanda, esanak esan, ez dago oso pozik: UPN-PP koalizioan joanik ere, 7000 boto galdu duelako Nafarroan; poz maltzurrik ez hauteskunde gaueko irudietan... Horrelako gauetan, telebistako bolumena jaitsi, eta aurpegiaren hizkuntzari erreparatzeko gomendioa egiten dut nik. Politikariek esaten dituzten hitzak aldez aurretik prestaturiko eta esku-liburuetatik ateratako hitzak izaten dira. Aldiz, aurpegiek hitzek baino askoz gehiago komunikatzen dute horrelakoetan. Yolandaren aurpegiari begira, Okzitaniako Tolosan jasotako hiru tartakadez gain, hauteskunde gauean beste bi tartakada jaso berri zuela zirudien.
Hauteskundeak direla-eta, Berriozar, halere, beti berexi: PSNren hondamendi iragarria gorabehera, Berriozarren zerrenda bozkatuena izan da, 1639tik 1042ra jaitsita ere. Estatu mailako hauteskunde izanik eta PPren gehiengoa aurreikusita egonik ere, Berriozarren 85 boto gehiago baizik ez du lortu eskuin-koalizioak. Amaiurrek 843 boto lortu ditu; eta Geroa Bai-k horren erdia, 418. Amaitzeko, Izquierda-Ezkerrak, 348.




Baten bati irabazi diot garagardo bat egin genuen porra dela medio...
Dena dela, hauteskundeak pasatu eta biharamunean, Volswagenek Landabenen daukan lantegiko 700 laguni ez zaiela kontratua berrituko iragarri da, eta Barcinak hori gertatuko zela ederki zekien leehnagotik. Baina iragan den astean lantegira eginiko bisita batean konbentzitu omen zuen zuzendaritzak albistea txarraren iragarpena atzera zezan, gutxienez hauteskundeak iragan arte atzera zezan... Eta Volkswageneko zuzendaritzak, batere disimulurik egin gabe, hauteskundeen biharamunean, to eta no, 700 lagun, kalera... Eta burura datorkit galdera bat... 700 lagun horietako askok ez al zioten botoa emanen Barcinari berari?



2011-11-17

Hausnarketa Egunerako gonbita

Hauteskunde Egunaren bezpera Hausnarketa  Eguna da, erabat irrigarria den kontu bat, betiko alderdi politikoek berdin-berdin jarraitzen dutelako agertzen beraiek kontrolatzen dituzten komunikabideetan.

Etxean, hausnarketan, nor bere baitan bildua egon beharrean —ziur bainaiz horixe egitea zenuela pentsatua—, nik proposatzen dizut bertso bazkari batera etortzea Berriozarrera, Zulo Alai elkartera.

Bazkari legea egin eta gero, segur naiz hausnarketarako aukerarik izanen duzula Xabier Terreros-en eta Julio Soto-ren eskutik —edo ahotik—.







Berriozarren, euskaraz bizi gara (batzuk bederen)

2011-11-01

Geure lurrean, atzerritar


Lagun bat daukat, Nafarroa Beherean sortua eta Hegoaldera bizitzera etorria. Lagun euskaldun honek hemen bizi eta lan egiten du. Bo, hobeki erranik, lan egiten zuen, krisia dela kausa langabezian gelditu berri baita.

Langabezian gelditu denez gero, Nafarroako Enpleguaren Zerbitzura jo du. Zorionez, afixak-eta euskaraz ere badaude bulegoan, eta orduan ez du arazorik izan langabetu berrien ilara aurkitzeko. Gainera, zortea izan du, leihatilan zegoen administraria euskalduna baitzen. Administrariak egin beharreko prozedura azaldu dio, euskaraz, txukun. Baina lagun baxenafarraren datuak betetzeko orduan, ustekabea: lagun baxenafarrari ez dagokio inprimaki hori betetzea, bertze bat baizik, atzerritarra delako, “frantsesa” alegia. Hori guztia esaten ari zaiona, gainera, euskalduna ere bada, euskaraz ari zaio mintzatzen, biziki larriturik. Lagun baxenafarrak beste inprimaki bat bete behar izan du, “atzerritarrentzako” dokumentu bat.

Gertaera bitxia izateaz landa, lagun horren egoera eskizofrenikoa da, eta errealitate gordinaren adierazgarri ere bada: euskaldunok geure lurrean, arrotz, geure lurrean atzerritar.

2012ko ekainaren 16an Iruñean eginen den martxa nazionala iragartzeko prentsaurrekoan, Patxi Abasokok, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko eledunak, argi esan zuen: duela bost mendeko gertakizunak urruneko kontuak direla pentsa liteke, baina konkistaren ondorioak oraindik ari gara pairatzen. Adibidez, mugaz bestaldeko nafarrak atzerritartzat hartzea Nafarroan bertan.



Manex Erdozainzi-Etxart olerkari baxenafarrak idatzitako Nafarroari poema irekian irakurtzen ahal da: 

Gure etsaiak  
Gure kanpoko etsaiak
Espainol eta Frantsesak
Gure Herri barruko etsaiak 
Espainol eta Frantsesen 
Morroi esku-makilak 
Gure Herri hau 
Madarikatu zutenak 
Gure kanpo-barneko etsaiak 
Gure etsai izaten 
Iraunen dute zerbait gisaz : 
Portaera hau 
Salatu behar dugu 
Urbi et Orbi !


Duela 500 urteko Albako dukearen tropek, odol eta gar, Nafarroa Garaia konkistatu zuten. 500 urte igaro eta gero, nafar batzuk atzerritartzat hartzen dituzte Iruñean, frantsesek alde honetako nafarrok atzerritartzat hartzen gaituzten bezalatsu Donibane Garazin. Eta oraingo Albako dukesa agertzen zaigu telebistan, guri begira ezkontzen ari delarik irribarretsu. Guri egiten digu irri, ez dezagun ahantzi.