2020-04-23

Irri urrunak

Herengun eta atzo greba digitala egin nuenez gero, gordea neukan olerki ttipi bat gaurko.



Irri urrunak 

Aditu al duzu harrabots lauso hori?
Basoko izakien irria da
opor-planak egiten ari zinelarik,
irriabarraren abarrotsa.

Zure lepotik ez ezik neure bizkar ere
maltzurki egiten dute irri
hitzen hasperenak tintaz gorpuzten
saiatzen ari naizelarik.

Basoko izakiez lagundurik
literaturaren xarmaz lasaiki 
adimeneko aztoramendu
atsegingarrian, berrogeialdian.





2020-04-07

Hitz egidazu olerkia, HATSAren olerki bildumakoa

Koronabirusa dela eta, aurtengo Hatsaren olerki bilduma ez da oraino aurkeztu ahal izan, liburua inprimaturik eta prest egonagatik. Aurrerapen gisara, Hitz egidazu poema ttipia, Maite Ramosek egin liburuaren azalarekin batera




Hitz egidazu
maitaleak bagina bezala
xalo eta xuxen
gaztetatik aditzen
badakidalako ospea dut eta.
Hitz egidazu
maitaleak bagina bezala
lasai eta aise
erranak erranik ere
badakidalako hitzak gordetzen.
Hitz egidazu
maitaleak bagina bezala
zure hitzek osa dezaten
ezabatuko ez dudan poema bat. 





2020-04-02

Rodolfo Walsh-en aipu bat

Koronabirusaren ondoriozko berrogeialdia, aspaldi erosita eta oraindik irakurri gabeko liburuei ekiteko denboraldi egokia. Horietako bat, Rodolfo Walsh argentinarraren OperaciĆ³n Masacre, iaz berrargitaratutako klasiko bat




"Intelektualaren esparrua, definizioz, kontzientzia da. Intelektual batek ez badu ulertzen zer gertatzen den bere garaian eta bere herrian, intelektual hori kontresan hutsa da -begien bistako kontraesana, kontraesan bizia-. Eta intelektual batek, ulertuta ere, ez badu deusik egiten, intelektual horrek ez du lantuaren antologian lekurik izanen, ezta bere herriaren historia bizian ere."

Rodolfo Walsh, 1968ko Maiatzaren Lehenean