2010-11-08

Auzo lotsa

Iragan berri den hilabete honetan gertatu da, urrian. Berriozarren erdi-erdian dagoen denda batek 25 urte bete dituela eta, dendariak iragarri zuen halako egun jakin batean erosketa bakoitzeko opari txiki bat emanen zuela. Iragarritako eguna heldu eta denda horretara sekula agertzen ez diren batzuk agertu ziren: gainera, denda horretan salgai ez dagoen -eta inoiz egon den- produktu batzuei buruz interesa agertu eta, halakorik ez zegoela jakinik eta ezer erosi gaberik, opari hartzen zuen batek baino gehiagok.


Bide batez, dendariak eskainitako askaritxoko txorizoa, urdaiazpikoa eta saltxitxoia -grausk-grausk. ahoratu eta irentsi zituzten lotsagabeek... Ez ez ziren preseski gaztetxo kanpotar batzuk, ez horixe... Enbutituak irensteko moduari erreparatuta, lepoa eginen nuke egun hartan lotsagabe horiek ez zutela ordura arte mokadurik ahoratu...

Baina marka guztiak andre batek hautsi zituen: andre hori, lehenbizi, senarrarekin agertu zen, eta urdaiazpikoa bukatu ostean joan zen, zera esanda... Ahora vuelvo... eta bitartean ahora, ahora, urdaiazpikoa ahoratzen zuen, -grausk-grausk-. Handik gutxira koinatarekin itzuli zen berriro saltxitxoia jatera. Jakina, dendan ezer erosi gabe...


Biharamunean dendariak kontatu zidanean, auzo lotsa sentitu zuela esan zidan... Egia da:, beraz, klasikoek aspaldi gaztigatu zigutena: Nemo dat quod non habet. Alegia, inork ez du ematen ez daukanetik... lotsa ez bada: izan ere, lotsagabeek lotsa ematen dute, auzo lotsa.


Zenbaitek auzoan daukate lotsa...

2010-11-04

Berriozarko Irakurle Klubaren hurrengo liburuak


Atzo izan genuen Berriozarko liburutegian Jim Thompson-en 1.280 arima nobela beltzaren gaineko solasaldia.

Gehienoi irudi zitzaigun trama sinpleko liburu bat, erraz irakurtzeko modukoa. Gertaerak era linean batez garatzen dira eta, zinez, aise irakurri dugu: izan ere, hasieran ezarritako epea sobera luzea egin zaigu...

Protagonistaren inguruan luze aritu ginen atzo: Pottsville-ko sherriffa ez dugu den-denok berdin ikusi... ziniko hutsa, oso ironikoa, manipulatzaile trebea... psikopata bat batzuon begietan.

Hamar lagun bildu ginenez, bestelako iritziak ere izan ziren; inork nahi badu bere iruzkina gehitu, blog honetan bertan aukera egon, badago.

Jim Thompson-en lan hori ezagutu eta gustuko duenari gomendetzen diot Ihesa eta, batez ere, Hiltzailea nire baitan: bigarren liburu honetan ere beste sheriff bat protagonista da, Lou Ford, sheriff normala, itxuraz bederen...

Datorren solasaldian jorratuko dugun liburua Xabier Montoia-ren Denboraren izerdia izeneko nobela izanen da. Hilabete duzue irakurtzeko, hitzordua abenduaren 1ean finkatu baitugu, arratsaldeko 7etan eta, ohi bezala, Berriozarko liburutegian. Irakurle Klubean interesik baduzu, liburtegian bertan eman dezakezu izena eta liburuaren ale bat utziko zaizu maileguan.

Era beran, irakurriko ditugun hurrengo liburuak ere finkatu ditugu:
Liburu horiek guztiek emanen dute, baiki, zeresanik...

2010-11-02

Argazki ebaki bat

Gure ama gaztea zelarik Aribeko mutil batekin ezkontzekotan egon zen: ezkontzeko asmotan eta ezkontzeko zorian. Mutil hori Perrin etxekoa zen. Nik ederki ezagutzen dut istorioa, amari berari behin baino gehiagotan entzunda txikia nintzenetik, baina ama kontatzen ikustean, une batez gaztetzen dela iruditzen zait, egun laurogeita hamar urte dituen arren.


Oraindik amak istorio hori kontatzen didanean, Garraldako jaietako dantzaldian erraz irudikatzen dut mutil gazte horrekin dantzan. Amaren anaia Isidrok, gure osaba Isidrok, aurkeztu omen zion mutil hori, Lerindegi etxeko seme bakarra: etxe onekoa, eta, gainera, amari kasu egitera, dantzari ona: gizonezkoetan, zaila aurkitzen. Osaba Isidroren lagun-mina zen, biak mendi-lanetan ibiliak baitziren Frantzian eta. Hori guztia kontatzean, gure amari irribarre txiki bat marrazten zaio laurogeita hamar urteko aurpegi zimurtsuan. Erraza da irudikatzen gure ama irribarretsu, oin arinen erritmoari jarraiki, beste neskato gazte guztien inbidiatarako.


Gure amak bazekien, Isidrok esana, Garraldako mutil hori ibiltzen zela harekin gustatuta: Egun batean Isidro zenak, dotore agertu nahian edo, erdaraz lardaskatu omen zion “Oye, que ya sabes que ese de casa Perrin se gusta de tí, ¿no?”. Gure amak dio ordurako berak bazekiela, noski, mutil horri gustatzen zitzaiola, Berriozarko jaietan begirik kendu gabe ibilia baitzen bi urtez edo:“Txora-txora eginda zegoen Perrin hori nirekin...” dio amak, eta irribarre bihurria marrazten zaio aurpegian. Bikote gisa ibiltzen hasi omen ziren Garraldako festetan eta horren froga da eskuartean dudan argazki maiztua, txuri beltzekoa. Egiaren esateko, argazkiaren erdia baino ez dago, eta bertan agertzen da gure ama dantzan, plazan. Argazki erdi-erditik ebakia dagoenez, amaren bikotekidearen eskua baino ez da ikusten, gorputzik gabeko esku bat gure amaren eskuari xamur-xamur helduta.


Hilabete batzuk ibili omen ziren horrela, baina Perrinek ez zuen aurrera-pausurik ematen. Orduan, apaiza hasi omen zen esaten hobe zela “gauzak ongi egitea eta ezkontza prestatzea”, zabaltzatarrek begi onez ikusten omen zutelako gure ama euren etxerako: argazkiak erakusten duenez, ama zinez eder-ederra zen, Catherine Hepburn-en parekoa, Aezkoa inguru osoan atentzio emateko modukoa eta, gainera, oso langilea eta esanekoa. Kontuak kontu, aitona, amaren aita, Perrinen etxera joan zen eta ezkontza hitzartu zuen: dotea, data eta beste zehaztapen guztiak.


Alabaina, ezkontza baino hilabete lehenago, zabaltzatarren etxera senide bat heldu zen, eta senide hori etxean gelditzekoa zen laguntzen-eta: ume bat zen, umezurtz txiki bat, bost-sei urteko mutiko irribarretsu bat... Down sindromeduna... Edo, gure amaren hitzetan esanda, “subnormala”.


Subnormala” zela jakin ahala, amaren aita-amak bertan behera utzi zuten ezkontza.


- Eta ni ez naiz sekula damutu- epaitzen du gure amak.



Eskuartean daukat dantzaldiko argazki ebaki hori, osaba Isidrok Garraldako plazan egindakoa, sekula izan ez zenaren eta izan zitekeenaren oihartzun. Amak, gure aitarekin ezkondu eta gero, argazkia goitik behera ebaki zuen, amaren eskuari lotua agertzen den mutil ezezagun horren arrasto bakarra utzirik, esku bat amaren eskuari xamur itsatsia. Areago, gure amak dio mutilaren izenaz ere ez dela gogoratzen. Ez, omen.

2010-11-01

Eguzki kolpea Hildako Guztien Egunean

Heriotza, Bizitzan zehar hamaika aldiz pentsatu ohi dugu egunen batean, aurretiko hainbeste urte, hilabete, aste eta egunen ondoren, txandan-txanan ailegatuko garela geure heriotzaren atarira. Halabeharrezko legea da, onartua eta aurreikusia. Hainbesteraino da onartua eta aurreikusia, ezen irudimenez gozoro uzten baitiogu geure buruari joaten leku horretara, une guztien artean gailenera, non ematen dugun azken hatsa. [...]

Oraindik ere...? Ez dira bi segundo igaro: eguzkia lehengoxe puntu berean da; itzalak ez dira milimetro bat ere luzatu. Bat-batean, bukatu dira etzandako gizonarentzat epe luzerako burubideak: hil zorioan da. Hila. Hila etsi dezake bere burua; jarrera erosoan, hila [...] Hiltzera doa: hotzean, halabeharrean eta ezinbestean, hiltzera doa.

Duela laurogeita hamar urte idatzia da, ozeanoz beste aldean. Horacio Quiroga, agian, ez da Mario Benedetti, Juan Carlos Onetti edo Eduardo Galeano bezain ospetsua. Alegia, ez da beste idazle uruguaitar batzuk bezain ezaguna, ozeaznoz alde honetan bederen. Horacio Quirogarena da, haatik, ipuinlari perfektuaren dekalogo ezaguna, ipuingintzaren inguruka dabilen ororentzat ezinbesteko erreferentzia.

Mario Benedettiz behin edo bitan idatzi dut blog honetan bertan, baita Galeanoz ere. Gaur, azaroaren lehena, ezin egokiagoa iruditu zait Eguzki kolpea ipuin liburutik ateratako pasarte horiek honera ekartzea. Ipuin bilduma horri eman beharri diote Euskadi saria itzulpen txukun-txukuna dela kausa, eta guztiz liburu gomendagarria ipuin literarioa maite duen ororentzat.

Eguzki kolpea irakurtzeko aholkua Hildako Guztien Egunean... Izan ere, azaroaren lehenari Hildako Guztien Eguna deitzen diot nik, santu izan ala ez izan...