Heriotza, Bizitzan zehar hamaika aldiz pentsatu ohi dugu egunen batean, aurretiko hainbeste urte, hilabete, aste eta egunen ondoren, txandan-txanan ailegatuko garela geure heriotzaren atarira. Halabeharrezko legea da, onartua eta aurreikusia. Hainbesteraino da onartua eta aurreikusia, ezen irudimenez gozoro uzten baitiogu geure buruari joaten leku horretara, une guztien artean gailenera, non ematen dugun azken hatsa. [...]Duela laurogeita hamar urte idatzia da, ozeanoz beste aldean. Horacio Quiroga, agian, ez da Mario Benedetti, Juan Carlos Onetti edo Eduardo Galeano bezain ospetsua. Alegia, ez da beste idazle uruguaitar batzuk bezain ezaguna, ozeaznoz alde honetan bederen. Horacio Quirogarena da, haatik, ipuinlari perfektuaren dekalogo ezaguna, ipuingintzaren inguruka dabilen ororentzat ezinbesteko erreferentzia.
Oraindik ere...? Ez dira bi segundo igaro: eguzkia lehengoxe puntu berean da; itzalak ez dira milimetro bat ere luzatu. Bat-batean, bukatu dira etzandako gizonarentzat epe luzerako burubideak: hil zorioan da. Hila. Hila etsi dezake bere burua; jarrera erosoan, hila [...] Hiltzera doa: hotzean, halabeharrean eta ezinbestean, hiltzera doa.
Mario Benedettiz behin edo bitan idatzi dut blog honetan bertan, baita Galeanoz ere. Gaur, azaroaren lehena, ezin egokiagoa iruditu zait Eguzki kolpea ipuin liburutik ateratako pasarte horiek honera ekartzea. Ipuin bilduma horri eman beharri diote Euskadi saria itzulpen txukun-txukuna dela kausa, eta guztiz liburu gomendagarria ipuin literarioa maite duen ororentzat.
Eguzki kolpea irakurtzeko aholkua Hildako Guztien Egunean... Izan ere, azaroaren lehenari Hildako Guztien Eguna deitzen diot nik, santu izan ala ez izan...
No comments:
Post a Comment