Oraindik amak istorio hori kontatzen didanean, Garraldako jaietako dantzaldian erraz irudikatzen dut mutil gazte horrekin dantzan. Amaren anaia Isidrok, gure osaba Isidrok, aurkeztu omen zion mutil hori, Lerindegi etxeko seme bakarra: etxe onekoa, eta, gainera, amari kasu egitera, dantzari ona: gizonezkoetan, zaila aurkitzen. Osaba Isidroren lagun-mina zen, biak mendi-lanetan ibiliak baitziren Frantzian eta. Hori guztia kontatzean, gure amari irribarre txiki bat marrazten zaio laurogeita hamar urteko aurpegi zimurtsuan. Erraza da irudikatzen gure ama irribarretsu, oin arinen erritmoari jarraiki, beste neskato gazte guztien inbidiatarako.
Gure amak bazekien, Isidrok esana, Garraldako mutil hori ibiltzen zela harekin gustatuta: Egun batean Isidro zenak, dotore agertu nahian edo, erdaraz lardaskatu omen zion “Oye, que ya sabes que ese de casa Perrin se gusta de tí, ¿no?”. Gure amak dio ordurako berak bazekiela, noski, mutil horri gustatzen zitzaiola, Berriozarko jaietan begirik kendu gabe ibilia baitzen bi urtez edo:“Txora-txora eginda zegoen Perrin hori nirekin...” dio amak, eta irribarre bihurria marrazten zaio aurpegian. Bikote gisa ibiltzen hasi omen ziren Garraldako festetan eta horren froga da eskuartean dudan argazki maiztua, txuri beltzekoa. Egiaren esateko, argazkiaren erdia baino ez dago, eta bertan agertzen da gure ama dantzan, plazan. Argazki erdi-erditik ebakia dagoenez, amaren bikotekidearen eskua baino ez da ikusten, gorputzik gabeko esku bat gure amaren eskuari xamur-xamur helduta.
Hilabete batzuk ibili omen ziren horrela, baina Perrinek ez zuen aurrera-pausurik ematen. Orduan, apaiza hasi omen zen esaten hobe zela “gauzak ongi egitea eta ezkontza prestatzea”, zabaltzatarrek begi onez ikusten omen zutelako gure ama euren etxerako: argazkiak erakusten duenez, ama zinez eder-ederra zen, Catherine Hepburn-en parekoa, Aezkoa inguru osoan atentzio emateko modukoa eta, gainera, oso langilea eta esanekoa. Kontuak kontu, aitona, amaren aita, Perrinen etxera joan zen eta ezkontza hitzartu zuen: dotea, data eta beste zehaztapen guztiak.
Alabaina, ezkontza baino hilabete lehenago, zabaltzatarren etxera senide bat heldu zen, eta senide hori etxean gelditzekoa zen laguntzen-eta: ume bat zen, umezurtz txiki bat, bost-sei urteko mutiko irribarretsu bat... Down sindromeduna... Edo, gure amaren hitzetan esanda, “subnormala”.
“Subnormala” zela jakin ahala, amaren aita-amak bertan behera utzi zuten ezkontza.
- Eta ni ez naiz sekula damutu- epaitzen du gure amak.
Eskuartean daukat dantzaldiko argazki ebaki hori, osaba Isidrok Garraldako plazan egindakoa, sekula izan ez zenaren eta izan zitekeenaren oihartzun. Amak, gure aitarekin ezkondu eta gero, argazkia goitik behera ebaki zuen, amaren eskuari lotua agertzen den mutil ezezagun horren arrasto bakarra utzirik, esku bat amaren eskuari xamur itsatsia. Areago, gure amak dio mutilaren izenaz ere ez dela gogoratzen. Ez, omen.
No comments:
Post a Comment