2013-12-27

Argazki-haiku bat





Haiku ttiki hori argitara eman berri da, erdarazko haiku askoren artean euskarazko bakarra, Hojas en la acera izeneko haiku-aldizkarian. Ez dute, haatik, neronek egindako argazkia argitaratu. Haiku barietate hau —argazki-haikua— oso interesgarria da, eta irudiarekin batera doan haikua argazkitik kanpo utz daiteke (irudia ez zikintzeko edo), ala argazkian bertan utzi, kasu honetan egin dudan gisan.

Haiku hori argitaratua zegoen jada Orbel azpiko haikuak nire liburuttoan, azaroan aterea denonartean argitaletxearen eskutik, argazkirik gabe, baina.

Olaldeatik Orotz-Betelura doan errepidean hartutako irudia da, Iturristia izeneko iturriak Iratira usak isrtzen dituen lekuan, eta Haikunversaciones haiku-taldeak antolatu duen erakusketan dago ikusgai; erakusketan, aldiz, haikua ez da irudian bertan txertatuta agertzen, beste egileen argazki-haikuetan agertzen den gisa berean. Erakusketa ikusgai egon da Iruñeko Yamaguchi liburutegian, orain Lizarran, eta laster Zizurren ere egonen da. Udaberrian, Japoniara eramanen dute, Yamagutxira.


Haikunversaciones taldekideekin, Iruñeko Yamagutxi liburutegian haiku-argazki erakusketa atzean genuelarik

2013-12-26

Guardia zibilak,Mendebaldeko Sahararen lurralde okupatuetan


Duela 6 egun egindako argazki hauek frogatzen dutenez, guardia zibilak sahararren lurralde okupatuetan ere ibiltzen dira Marokoko militar okupatzaileekin batera, eta Mendebaldeko Sahararen gatazkan Espainiak duen ustezko “neutraltasuna” kolokan gelditzen da.

Izan ere, Espainiaren kolonia ohia izanik, agente espainiarrak ezin dira Saharan egon, are gutxiago indar armatuetako kideak. Errefuxiatu Sahararren Frantziako Elkarteak ezagutzera eman duenez, Argazkiak abenduaren 20an hartuak dira, Aaiun hiriko Bucraa karrikan, eta uniformez jantzitako bi guardia zibil agertzen dira, bata emakumezkoa, gizonezkoa bestea, ondoan Marokoko segurtasun indarretako kide batekin batera. Saharako giza eskubideen aldeko ekintzaileen arabera, bi militar espainolak hotel batean bizi dira, eta hotel hori Marokoko armadako goi agintarien eta zerbitzu sekretuetako kideen ostatu izan ohi da. 

Albiste honek hainbat eta hainbat galdera iradokitzen ditu: Noiztik daude berriz militar espainolak Saharan? Zertan laguntzen diote Marokori? Uniformez jantzitako guardiez landa, uniformerik gabekoak ere al daude? Zertan ari dira? Aaiunen bertan duela gutxi sahararrek eta boluntario kanariarrek pairatu duten oldarraldi errepresiboarekin loturarik al du? Espainiako erresumak eta Marokoko erresumak sinatu berri duten itun lotsagarri bat Sahararren itsasoa ustiatzen jarraitzeko; itunaren ordainetan al daude guardia zibilak han? Edo Espainiak Marokori saltzen dizkion armak direla-eta daude hor benemeritoak? Espainiaren neutraltasuna de facto hautsi bada, zeren zain daude Nazio Batuak neurriak hartzeko?

Abendu honen hasieran errefuxiatu sahararren kanpamentuetan egon naiz, izen bereko Aaiun kanpamentuko Deichera-n. Hango alkateak, Salej-ek, istorio hau kontatu zidan. Paradisurako eta infernurako bideak zaintzen zituenari joan zitzaion lau lagun. Zaintzaileak lehenari galdetu zion: “Nongoa zara?” “Marokoko Erresumako naiz.” “Infernura.” esan zuen zaintzaileak. Bigarrenari ere galdetu zion ea nongoa zen. “Frantziakoa naiz” “Infernura” esan zuen berriro zaintzaileak. Hirugarrenari ere galdetu zion. “Espainiakoa naiz.” “Infernura” errepikatu zuen zaintzaileak. Azkenik, laugarrenari galdetu zion ea nongoa zen. Laugarrenak esan zion. “Ni Saharakoa naiz.” Eta zaintzaileak erantzun zion: “Sahararra? Orduan jarri hor kanpoan zure dendak, zure haimak, eta itxaron erabaki arte”.

 Sahararrak 1975etik daude zain, ez inoren lur mortu batean, ezin paradisurako bidea, ezin infernurako bidea hartu... Sahararren eraman handia!

 Nago idazki honetan egindako galderei erantzun ofiziala jaso arte sahararren pazientzia puska bat beharko dugula. Baina, nolanahi delarik ere, galderak egin, egin behar dira, erantzun gehienak irakurleak berak asmatzen ahal dituen arren.

2013-12-19

Japonian irakasle

D ereduko irakasleon kontrako ikerketen, jazarpenaren eta asmo zitalen aurrean, atzoko manifestazio jendetsuak bizkortzeko eta suspertzeko balio izan zuen. Ia-ia den-dena esanda dagoenez gero, zaila da deus berririk idaztea. Halere, kontu jakina da Japoniarekin sentitzen dudan zaletasuna, eta blog honetan bertan hamaika erreferentzi duzu Japonia dela eta. Neguko solstizioaren oporraldiaren atarian gaudelarik, Internetetik hartutako irudi bat egokitu eta euskaratu dut hemen geldi dadin, ondo merezitako oporren atarikoan, euskarazko irakaskuntzan aritzen diren guztientzako opari.
Norberak atera ditzala bere ondorioak Barcinak eta Iribasek auspotu duten oldarraldiaren karietarat. Nik Japoniarekiko nire miresmena handiagotzeko beste arrazoi bat daukat. .

2013-11-14

Orbel azpiko haikuak liburuaren aurkezpena


Ez-ohiko liburu aurkezpena egin zen atzo Iruñeko Auzolan liburudenda mitikoan, Orbel azpiko haikuak liburuko haikuak irakurri baitziren, konpainia noblean, lagun giroan udazkeneko iluntze hotzean, negua datorrelako seinale.





Haikuak irakurtzerakoan galdu egin behar zara basoan barrera pasieran galduko bazina bezala: haikuetan liluraren misterio datza, eta atzemanezina susmatzeko aukera.

Nire aurreko haiku liburua, Gerezi garaiko haikuak, duela bi urte atera zen. Harrezkeroztik sortutako haikuak bildu ditut oraingo liburuttoan, eta Lapurdi eta Nafarroa osoko bideetan barna orbela kraskatzean, usaintzean, ukitzean, ikustean eta aditzean sentitutakoak transmititzen saiatu naiz. Erdietsi dudan ala ez, irakurleak erranen!


2013-10-16

Gorrotoa, delitu

 Ekuadorreko funtzionario bat atxilotu dute homosexualitatea sendatzeko klinika bat zuzentzen edota kudeatzen zuelako. Lesbiana batek egin zuen salaketa baten ondorioz etorri da atxiloketa, klinika horretan pairatu behar izan zuenagatik: tratamendua baino tratu txarra eman zioten.
Homosexualitatea eritasuntzat hartzea oraindik harrigarria egiten zait, bistan da, baina albistearen hondarrean agertzen zen datu batek eman dit atentzioa: Ekuadorreko Kode Penalaren arabera gorrotoa delitua da, eta lesbiana horri emandako tratu gorrotagarria ekintza judiziala abiatzeko oinarria izan da. Izan ere, akusatuari gorroto delituagatik aplika dakiokeen zigorraldia sei hilabete eta bi urte bitartekoa da.
Espainiako Kode Penalean gorrotoa delitutzat hartuko balitz, Nafarroako eskuin atzerakoi eta navar-ero-ko buruek ikurriñari erakutsitako gorroto eta sektarismoa oinarri sendoa izan liteke auzipetzeko eta zigorraldi luzeak ezartzeko agintari bati baino gehiagori.
Arrantzale bizardunek uztailaren 6an egindakoa ezin daiteke delitua izan, ekintza ausart, eredugarri eta biribila izan baitzen, inor zauritu ez zuena, guztiz pazifikoa eta bihotz-altxagarria; askok eta askok eginen genukeena. Delitua, ordea, fatxek erakusten duten gorrotoa da. Sanferminetan agerikoa izan zen politikari batzuen gaitasun falta euren ohiko eskemetatik at dagoen edozein egoerari aurre egiteko.

Zorte pitin batekin, ikurriñafobia erakutsi duten horiek, gainera, kontrako efektua lortzen dute: ikurriñitisa.


2013-10-11

Eraiki dezagun #HerriHarresia

 Ohituta gaude entzuten adinez aski aurrera joandako jendeak nola kritikatzen dituen gazteak, ez dutela konpromisorik nahi esanez, bizitza lasai eta erosoarekin laketu direla eta ez direla ezeren alde borroka egiteko prest, kontsumismoaren morroi, gailu elektronikoen mendeko eta errazkeria guztien jopu bihurtu direla.
Ohituta gaude, halaber, beren gazte garaiko balentrien berri entzuten eta irakurtzen, haiek bai, haiek bai izan zirelako justiziaren alde borrokatzeko gauza, eskuzabaltasun handienarekin eta baldintzarik txarrenetan, trukean deus eskatu gabe. Horiek istorio zaharrak dira, jakina, eta jada inor ez da joango adinez aski aurrera joandako jende horrengana kontu eske, beren gaztaroa benetan hain zail, hain eskuzabal eta hain heroikoa izan ote zen galdetzera; inor ez da joango haiengana galdetzera, demagun, haiek hain borrokalari zintzoak izan baziren, horietakoa askok nola onartu zuten tailerretik hasiera-hasieratik pasatu beharko zukeen aldaka hautsiko demokrazia matxuratu bat, zergatik egin zioten kosk, haginak kamustu arte egin ere, interes zikinenen sagar ustelari, nola jasan duten hainbeste hipokresia.
Baina, -beren gaztaro idealizatu horren izenean!-, gutxienez ulertu beharko lukete kritika horrek ez duela deus balio ikusteko gauza ez balira, lan politikoa besterik egin ez duen gazteen belaunaldi oso bat, menturaz arlo honetan ere herri honek eduki duen prestatuena, urte luzeetako kartzelaldi injustu eta lotsagarriaz ordaintzen ari dela bere engaiamendu eredugarria; gazte belaunaldi horrek gure herriari, demokraziari eta justiziari egin dien ekarpena behar bezala baloratzeko gauza ez balira, eta, besterik ez bada ere, elkartasun pixka bat emateko gauza ez balira, beren idealen aldeko borrokarengatik ordaindu behar izan duten eta ordaintzen ari diren prezio ikaragarri horren aurrean.
Eta askatasunaren aldeko borrokan hain sutsu eta kontsekuente izan badira, beharbada konturatu beharko lirateke, gure herrian izan diren azken gertaeren harira, beste aldera begiratzeko garaiak bukatu direla, jokoan dagoena ez dela lehia partidista bat, lauhazkan datorren faxismoak denok ukitzen gaituela eta denon eginbeharra eta denon onurako dela eraso totalitarioei aurre egitea.
Eta horregatik, beraz, eraiki dezagun harresia; esan dezagun aski dela, ez dugula demokrazia faltsu eta ustel baten aldarean gure seme-alaba bakar bat gehiago sakrifikatuko, kartzelak hustutzeko garaia dela, eta ez betetzekoa, ez diegula utziko gure adiskideetako bat bera ere eramaten; bakea nahi dugula, bake justua, eta beren idealei hitzaren eta ekintza politikoaren bidez eutsi dieten errugabeak kartzelara eramatea ez dela horretarako bidea, helburu horretatik urruntzen gaituela, irtenbiderik gabeko karrika batera eraman nahi gaituenen amarrua.

Eraiki dezagun herri harresia; gora herri harresia!



2013-09-26

Mundua alderantziz

2003ko martxoaren 20an, Irakeko hegazkinek Estatu Batuak bonbardatu zituzten.
Bonbak jaurti eta gero, tropa irakiarrek Ipar Amerikako lurrak inbaditu zituzten.
Alboko kalte anitzak izan ziren. Amerikar zibil askok, batez ere umeek eta emakumeek, bizia galdu zuten ala gorputz atalen bat ebakita bizi dira. Biktimen kopuru zehatza ez dugu guk ezagutzen, tradizioz, beti tropa inbaditzaileen hildako-kopurua aipatzen delako, eta herri inbadituan biktimak kontatzea debekatzen delako.
Saihestu ezineko gerra izan zen. Estatu Batuen armategietan pilatutako suntsipen handiko armak zirela eta, Iraken segurtasuna, eta baita gizateria osoaren segurtasuna ere mehatxupean baitzeuden.
Aitzitik, Alaskako petroleoa bereganatzea benetako helburua zeneko zurrumurru gaiztoek ez zuten inolako oinarririk...


Eduardo Galeano-ren testu guztietan gertatzen den bezala, hitz egokiak eta neurri egokia dena esateko.

2013-09-08

Madrilgo errege jauregian

 Gazte ziren, euskaldun ziren, eta lagun preso bat bisitatzetik bueltan zetozela, Madrilen gelditzea erabaki zuten bisita turistiko bat egiteko. Madrilgo errege jauregira joatea otu zitzaien, beste preso baten senideei entzuna baitzioten merezi zuela. Erraza egin zitzaien aurkitzea eta jauregiaren kanpo aldean barkillero bat topatu zuten, Jose Luis López Vázquez-en eta Tony Leblanc-en nahasketa zirudiena. Ironia guztiarekin, gazte euskaldun horietariko bat saltzailearengana hurbildu eta barkilleroari, errege jauregiari begira, galdetu zion ea han bizi ziren errege-erregina.
Paper-festa-n Anjel Lertxundi-k adierazi zuen: “Ironia eta iraina oso hitz hurbilekoak dira. Eta esanahiaren aldetik, ironia askotan iraingarria baita, biak sinonimotzat hartzen dira sarri”. Barkilleroak ez zuen ironia harrapatu, iraintzat hartu baitzuen galdera, eta sinkope bat sufritu behar zuela zirudien arren, Jose Luis López Vázquez-en eta Tony Leblanc-en nahasketa haragiztatuak arnasa hartu, erdeinuzko aurpegia jarri, eta purrustaka esan zion ea nola zen posible espainol batek ez jakitea Zarzuela jauregian bizi direla errege-erregina.
Izan ere, barkillo-saltzaileak ez zekien aurrean zituen gazteak ez direla sentitzen espainol, Espainiari eta Espainiako errege-erreginari eskertzeko deus ere ez dutela gazte euskaldunek. Gazte euskaldun horien laguna utzi berria zuten Toledo eta Madrilen arteko mugan dagoen espetxe batean, sei urteko kartzela-zigorraldia betetzen Espainia monarkiko honek legez kanpo utzitako erakunde bateko kidea izateagatik. Bi mila egun baino gehiago Aranjuez-en. Espetxe hori Juan Carlos erregek berak inauguratu zuen, sarreran bisitariei ongietorria emateko plakak aldarrikatzen duenaren arabera. Baina hori nola azaldu Tony Leblanc-en eta Jose Luis López Vázquez-en nahasketa den barkillero bati? Batzuetan, elkarrizketa bateko solaskideen arteko amildegia Urbasako leize-zulo guztiak baino sakonagoa da.
Egun horretan gazte euskaldunek ez zuten errege jauregia bisitatu nahi izan, bertan dagoen armarri berezi bat ikusteko aukera galdu zuten: Juan Carlos-en armarria zutoihal handi bat, bertan Falange-ren ikurra duena, uztarri eta geziak hondo urdinean. 


Hori ez zuten ikusi, eta barkillorik ere ez zuten erosi nahi izan.

Espainia horrelakoa da: uda honetan, Moraleja de Enmedio herrian, Madrilen, Falange-ren Cara al sol ereserkia jarri dute, udal plazako bozgorailuetatik dena emanda, balkoian armarri frankista airean. Ikusi, ikusi! Hori da hori marka, marca España!
Ez gaitezen harritu, beraz, ez badiote Espainiari olinpiadak antolatzea esleitu. 

2013-09-05

Ikasturte berria, bertso berria

Ikasturte berrian Ezkaba eskolan harrera egiteko bertso txikia, ikasle berri eta zaharrei eskainia.



Irailak bosta heldu da-eta
gaur dugu egun handia
oporraldia bukatu dela
hasi da kurtso berria.
Ongi pasatu ta asko ikasi
dugu xede nagusia
jaso ezazue gure agurra
ta gure ongietorria.




2013-08-28

Rosa Luxenburg-en zapata

Eduardo Galeano idazle uruguaiarrak idatzia da. 1919an Rosa Luxemburgo iraultzailea hil zuten, Berlínen. Hiltzaileek fusilarekin kolpeka burua hautsi eta kanal baten uretara bota zuten gorpua. Bidean zapata bat galdu zuen. Esku ezezagun batek zapata hori jaso zuen lokatzetik.

Rosak bizitza osoa eman zuen borrokan, askatasunaren izenean justizia sakrifikatzen ez den mundu baten aldeko borrokan, eta justiziaren izenean askatasuna sakrifikatzen ez den mundu baten aldeko borrokan. Egunero-egunero, esku ezezagun batek bandera hori jasotzen du lokatzetik, zapata jaso zen gisa berean.

Elkartasunaren zapata bezala, elkartasunaren kopa jasotzen dugu guk urtero Iñaki, Joseba, Mikel, Ibai eta beste preso eta iheslariak gogoan eta bihotzean ditugularik, laster etxean egon daitezen gure konpromisoa biderkatu eta berresteko.

Topa egin dezagun guk ere justiziaren izenean askatasuna sakrifikatzen ez den mundu baten aldeko borrokan, topa egin dezagun sakabanaturik dauden presoen alde, topa egin dezagun mundu osoan barreiaturik bizi diren euskal herritarren alde. Egunero-egunero, bandera hori dugu guk jasoa; eta jaietan, are jasoagoa.

2013-08-06

Ilargirainoko eskailera

Aspaldi handian Afrikako herri batean agintariek ideia bat bota zuten: “Ilargirainoko eskailera bat eginen dugu, inoiz egin den eskailerarik luzeena; hartara, Ilargira joanen gara eta Afrika osoan izanen gara eredu”.
Agintariek herrikideen artean lana banatzeko ardura hartu zuten. Herrixkaren ondoko muino bat aukeratu zuten eskailera finkatzeko. Aukeratutako muinoan agintari nagusiaren suhiaren etxola zegoenez, herritarrek bi ahuntz eman behar izan zioten suhiari lanak sortutako eragozpenengatik. Oso leku ederra zen, eta eskailera finkatzeko bertako zuhaitzak eraitsi behar zirenez, herriko batzuk aurka azaldu ziren. Agintariek gogor salatu zituzten aurkariak, Ilargiraino joatea ze garrantzitsua den ulertzen ez zutela argudiatuta: aurkari batzuek jipoiak jaso zituzten, eta beste batzuei ahuntzak bahituran hartu zitzaizkien. Gizonek oihanetik zuhaitzak ateratzeko, agintari nagusiaren emaztearen anaiaren bidea baliatzen zutenez, nagusiaren koinatuari hiru ahuntz eman behar izan zizkioten herritarrek. Era berean, nagusiaren senideek Ilargirainoko eskaileraren obraren berri emateaz ardura hartu zuten, eta herriz herri ibili ziren egitasmoaren handitasuna goraipatzen; hauei ere, launa ahutz eman behar izan zizkieten herritarrek horren lan garrantzitsua egiteagatik.
Azkenik obrak hasi ziren, eta bi enbor luzeenak zuloetan sartu eta finkatu zituzten, eta beste enbor anitzekin eskaileraren egurrezko mailak egin zituzten, sokekin lotu eta eskailera osatu zuten. Gizon batzuek sokei eutsi behar zieten; beste batzuek, egurrezko mailak egin; bestetzuk, enborrak ekarri... Agintea zutenek banatu zuten lana eta lanbide berriak sortu zituzten. Izan ere, obrak luzatu zirenez, eskaileraren kontra zeuden batzuen jarrera burugabeagatik, agintariek, konfiantzazko lagunen eta senideen arteko batzuk aukeratu zituzten obrak zaintzeko; askotxo ziren, gainera, baina zaindari hauei ere herritarrek bina ahuntz eman behar izan zizkien, denon onerako obra zaintzeagatik eta aurkariak menderatzeagatik.
Asko, urte asko luzatu ziren Ilargirainoko eskaileraren eraikitze-lanak. Azkenik, egun batean, aditu batek, leinuko nagusiaren lehengusu batek, adierazi zuen halako egun jakin batean igoko zela eskaileraren azken mailara eta Ilargiraino helduko zela. Hartara, nagusiaren urtebetetze egunaren gauean hasi ziren igotzen. Lehenik, zer gerta ere, zaindariak; gero, aditua; eta gero, agintaria eta senide batzuk. Gora, gora, gora... eta goraino igota zirelarik, ohartu ziren Ilargia oso urrun zegoela, lurretik zirudiena baina urrunago.
Agintariek eta bere senideek biharamunean enbor gehiago mozteko, langile gehiago jartzeko, sokei eusteko, ahuntz gehiago emateko eta lan gehiago egiteko agindu zieten herriko gizonei. Gizonek egurrezko maila gehiago egin zuten, askoz gehiago, eta gora igo zituzten enborrak eta sokak, harik eta presioaren presioaz tenkatutako soka bat eten egin zen. Orduan eskailera handia erori egin zen, eta behean zegoen herritarrak enborren azpian harrapatuta hil ziren.
Agintariek sokari eusten zion langile baten axolagabekeriari egotzi zioten istripua. Orain agintariaren senide eta lagun gehienak beste herri batean bizi omen dira, jasotako ahuntzak salduta eta erosoago bizi den beste herri batera joanda. Herriko jende xeheak lehen baino askoz ahuntz gutxiago du, eta hildakoen senideek negar egiten dute nagusiaren urtebetetze egunean.
Zambeziko ipuin berridatzi bat da, Seve Callejaren Afrikako Ipuin Herrikoiak liburu zaharretik hartua. Dena dela, Zambezin uste dute ez dela ipuina, benetan gertatua baizik. Abiadura Handiko Trenaren sustatzaileek irakurri beharko zuketen: “ikasgai ona da gehiegi igo nahi duten handinahientzat”.

2013-07-28

Dietan jarrai

Goreneko fiskalak akuilaturik, Madrilgo epaile batek ez du delitu-zantzurik ikusi nahi izan Yolanda Barcina ikertzeko CAN auzian. Dietan jarrai dezatela, beraz, jarrai dezatela poltsikoratzen 89 euro minutuko lagun arteko bileretan, Miguel Sanzek egin duen gisara. Asma dezatela beste txiringito bat, nik emanen diet izen bat: NASIPA-PC, alegia Navarra Siempre P'Alante - Petit Comité, eta bertan egon daitezela betikoak Yolanda Bárcenas (sic) buru dutelarik, eta oturuntzaren apurrak biltzeko, PSNkoak, gatibu izaten jarraitzeko.
Dietan jarrai; gero asmatuko dute legezko babes bat, Nafarroako Aurrezki Kutxaren Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorrean egin zuten gisara. 2010eko abuztuaren 31tik 2011ko ekainera arte jasotako dieten oinarri juridiko zalantzazkoa da, eta eroskeria delitua egon daiteke, batzorde hori 10 hilabetez aritu baitzen Kutxaren beraren barne araudietan azaldu arte.
Epaileek ebatziko dute, baina argi dago kontu iluna, itsusia eta barkaezina dela, soldataz gaindiko dirutza horiek jasotzea amorala baita krisi garaian; besteoi gerrikoa estutzeko eskatzen zitzaigularik, haiek gerrikoa laxatzen ari ziren dirutza sartzeko. Ez dakit legezko bihurtuko duten, baina ez da zilegi.
Eta egunotan, Barzinismoaren paradigma: Bárcenas auziaren harira PPkoei kontu hartzea, Yolandak berak karguari eusten dion bitartean, zeren aforatua ez balitz inputatuta egonen baitzen aspaldi, besteak dauden gisara.
Dietak norberaren pisua arintzeko, argaltzeko, edo, gutxienez, ez gizentzeko zirelakoan geunden, baina Nafarroa Garaian, aitzitik, dietak gizentzeko baliatu dituzte gobernukoek, poltsikoak betetzeko.
Bestelako dietak, izan, badira: top-model batzuek, modelo batzuek, aparteko dietak egiten dituzte pisua galtzeko: kleenex-ak janez elikatzen direla salatu du Kristie Clemens-ek, Vogue Australia aldizkariko zuzendaria ohiak. Paperezko mukizapien zelulosa bustia hesteetan zabaltzean, gose-sentsazioa desagertzen omen da eta horrela elikatzen (edo) dira top-model batzuk.
Politikari ustelek, kameren eta mikrofonoen aurrean ez daudelarik, geure lepotik barre egiten dute eta kameren aurrean gure aurpegira gezurrak botatzen dizkigute. Paper-festa libururan Anjel Lertxundik idatzita eman zigun: Diskurtso politikoa erabiltzen dute berez kode penalekoak ziren krimenak zuritzeko. Nik proposatzen dut ustelkeriaren eta eroskeriaren top-model hauek botatzen dituzten gezurrak paperean jaso, busti eta irensteko dieta jarrai dezatela, ea asetzen diren. 
Nire koinatu batek argaltzeko bi dieta egiten ditu: berak dioenez, dieta bakar batekin gosea pasatzen du-eta! Horregatik koinatuari ere esaten diot, ez ironia gutxirekin: dietan jarrai!

A ze gaizki pasatzen duten gure agintari maiteok!

2013-07-05

Poesia gaur ere mailu bat da



Gabriel Aresti poetaren 'Harrizko herri hau' liburuaren jatorrizko eskuizkribua itzuli diote familiari Arantzazuko frantziskotarrek. Eta Aresti aipatzen den orotan gertatzen zaizun gisan, gogora datorkizu hamairu urteko ikasle batek emandako erantzun xelebrea, Tafallako Ikastolan irakasle zinela: ikasle horrek Gabriel Aresti poetari azterketa batean izena aldatu eta “Garesti” idatzi zuen, puntua ahaztuta.

Xelebrekeria gorabehera, Arestiren liburu bat hartzera zoaz: ez da Harrizko Herri Hau, Harri eta Herri baizik. Nolanahi, liburu hori gutxi-gorabehera erditik zabalduta, ausaz, bigarren partearen T letra duen olerkia irakurri duzu: Argia / ezta / ikusten. Eta paradoxaren harago joanda, gaur egungo egoerara zakartza olerki txiki ederrak, eta Nafarroa Garaian -oraindik- presidente den Barcina ze ustela den batzuek ez dutela argi ikusi -edo ez dutela ikusi nahi-. Olerki honek –eta onek– badu –eta badute– gaurkotasunik.

Orrialdea pasata, U letra duen okerkiak diosku: Hobe / egia biribil bat / ezen ez mila gezur / ongi koadratu. Eta honek ere berriz lotzen zaitu gaurkotasunari, eta Barcina andreari poema hau ozenki aurpegira botatzeko gogoa dakarzu, bere azal gogorrean hitzezko beste tarta gozo-gozo bailitzan. Eta ohartzen zara ze indarra duten olerkari honen –eta onen– hitzek.

Hori du on literatura onak: denbora aurrera joan ahala ere, indar bizi-bizia dakarkiola irakurleari, eta gaur goizean idatzita balitz bezala sentiarazten. Orrialdeari jarraiki, U-ren segidan V poema ezaguna dakusagu: Esanen dute / hau / poesia eztela, baina nik / esanen diet / poesia mailu bat / dela.

Poesia mailu bat da, kontzientziak astintzeko tresna bat” zioen poeta bilbotarrak, eta mailuka ari zaigu oraindik ere -eta oraindik orain- Harrizko Herri Hau, 40 urtez Arantzazun ongi zainduta eduki ostean, gure Herria, gure Harrizko Herri Hau, hemen izan, izaten eta izanen dela aldarrikatuz, Barcinaren aurpegi gogorra baino gogorragoa izaki. Barcinaren murrizketak geldiarazteko, herriaren harria, ukabila, harri-orri-har umeen jolasean bezala, gauza jakina baita guraizeek mozten dutela papera, baina ukabilak, harriak, menderatzen dituela guraizeak. 

 

 Baiki, Arestiren poesiak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka eta, gainera, batere garesti ez: Gabriel Arestik berak diosku: Nire poesia oso merkea da / herriaren ahotik / hartu nuen debalde, / eta debalde ematen diot / herriaren belarriari.

2013-06-26

Iruñeko perla faltsua

Historia garaileek idazten dutela ikasi dugu. Hurbileko adibide bat ematearren, Ernest Hemingway Nobel saridunaren “historia” ofiziala, sanferminen atarikoan gauden honetan berriz sartuko -salduko- digutena. La Perla hotelekoek marketing amu gisa baliatzen dituzte idazlearen izena, ospea, itzala eta irudia, baina Hemingway ez zen egoten Hemingwayren gelan. Izan ere, Ernest Hemingway bakarrik behin egon zen La Perla hotelean: 1923ko uztailaren 6an, Hemingway eta Hadley emaztea Gaztelu plazara heldu ziren su-politen orduan, eta aldez aurretik gela bat La Perlan erreserbatuta zutenez, bertara joan ziren; baina gela gustatu ez, eta handik joan egin ziren. Hemingway-k ez zuen, beraz, sekula lo egin La Perla hotelaren Hemingway-gelan.
Izan ere, Hemingway Iruñera etortzen zenean, beste hotel batera, Quintana hotelera, joaten zen. Quintana hoteleko jabea, Juanito Quintana, errepublikazalea zen, eta legezko errepublikaren aurka militar espainolak matxinatu zirenean, hotela kendu zioten garaileek: gaur egun Txoko dagoen eraikinaren gainean zegoen Quintana hotela. Nolanahi, gerora ere Juanito Quintana eta Hemingway lagun-minak izan ziren, batere gorria ez zen Jose María Iribarren-en Hemingway y los Sanfermines liburuan zehatz azaltzen den gisan.
Ez da egia, beraz, Ernest Hemingway-ren ostaturik maiteena La Perla zenik, hotel horren webgunean agertzen den gisara, Quintana hotelera joaten baitzen Iruñera etortzen zenean; izan ere Fiesta-The sun also rises liburuan agertzen den Montoya pertsonaia Juanito Quintanaren alter egoa da.

Baina Historia -letra larriz- garaileek idazten dutenez, Hemingwayren ospea familia falangista batek lapurtu zuen, Moreno familiak, La Perla hoteleko jabeak. La Perla hotelaren historia mito-historia da, perla faltsu bat bezain faltsua.

2013-06-09

A ze eskapada!

Joan zaitezte etxera, lagunok, egin ihes Alde Zaharretik polizia nazionalak kargatzen hasi dira-eta. Joan zaitezte aldapa behera, Txantrearantz, ea libratzen zareten pilotakada bat edo borrakada bat jasotzetik. Peloteroak debekatuta daude Europan, baina Logroñotik bezperan etorritako polizia espainolentzat hau ez da Europa, hemen barra libre dute, hau zapaldu beharreko lurraldea da, hau Euskal Herria da poliziaren begietan. Joan zaitezke bizkor, zeren gazteak zarete, eta, bestela, peloteroen jo-mugan izanen zarete. Joan zaitezte auzora, panorama beltza jartzen ari da, are beltzago polizia nazional andana batek —kasko beltz, bokatxa beltz, borra beltz, jantzi beltz, bihotza beltz— “Alto” oihukatzen dizuenean.
Geldi zaitezte eta ez hasi korrika. Geldi zaitezte eta agindutako “Contra la pared!” bete, gogoz kontra bada ere. Greba Orokor egunean, geldi-geldi... Geldi zaitezte; besoak eta hankak zabaldu, eta katxeoa jasan. Geldi zaitezte eta ez egin pentsatzen ari zaretena... ala bai?
Eta dauzkazun 17 urteek ematen dizkizute —agiri espainolaren ordez— Euskal Herriko Agiria erakusteko indarrak. Eta polizia nazionalek ez dutela umore zentzurik beste behin frogatzen duzu, agiria amorruz lurrera bota duelako “Esto es una mierda!” esaten duelarik. Eta beste lagun batek dauzkan 17 urteek emandako indarrekin poliziari Osasuna-ren kartera erakusten dio. Eta polizia nazionalak ez direla Osasuna-zaleak frogatzen duzue, karteratxoa ere amorruz lurrera bota duelako poliziak “Esto es otra mierda!” esaten duelarik.

Azkenik, utzi dizuete joaten, polizia espainolak Alde Zaharrerantz itzuli behar direlako, petoteroen danbadak erakarrita edo. Orduan lagun horietako batzuek osatzen duzuen musika-taldearen izena zeinen egokia den ohartzen zarete: Skapada, a ze eskapada!


2013-05-27

Zorrak eta bekatuak

Eduardo Galeano uruguaiarrari irakurri diot arameraz zor eta bekatu adierazteko hitz bat eta bera zutela arameraz. Bitxia, zin-zinez. Gaur egun 400.000 lagun baino ez dira mintzo arameraz, eta hiztunak oso lurralde isolatuetan bizi dira; baina antzina hizkuntz semitiko honek askoz hiztun gehiago izan zuen.

Izan ere, egun ingelesak betetzen duen nazioarteko hizkuntz-funtzioa aramerak betetzen zuen, eta lingua franka zen Burdin Aroan: diplomatikoek baliatzen zuten hizkuntza zen aramera. Ez gaitezen harritu, beraz, baldin eta entzuten badugu Jesusek eta apostoluek erabiltzen zuten hizkuntza aramera zela, oso litekeena baita.

Bankariak -zorrak zor, lepoa lodi- dirutza jaso dute denon lepotik, bekaturik egin izan ez balute bezala, eta  bankari horiek beraiek leporaino zorrez itota dabiltzan hiritar xumeak zukutzen jarraitzen dituzte, zuku gehiena ateratzearren, zordunen lepoa estutuz eta bihurrituz. Horregatik zorrez itota leporaino egondako batek baino gehiagok, zorrak kitatu ezinik, bere buruaz beste egin du: terrorismo neoliberalaren biktimak. Ez deitu krisia; kapitalismo neoliberala da.

Aitzitik, bankari bat ere ez da suizidatu. Zergatik ote? Agian bankariek euren burua katolikotzat dutelako eta suizidioa bekatu delako? Ez dezagun ahantzi, escrache-tik haratago joanda, Jesusek diru-trukalarien mahaiak irauli eta merkatariak tenplutik kanporatu zituela, tenplua lapur-zulo bihurtu zutelako. Jesusek arameraz egin zien oihu: “Nere etxea otoitz-etxe izanen da; zuek, aldiz, gaiztagin-zilo egiten duzue.”

Idazle uruguaiar batekin hasi, eta idazle argentinar batekin bukatu; Jorge Luis Borges-en aipu bat: “Suizidioa ez zait gaizki iruditzen; alderantziz, jende gehiago suizidatzea komeniko litzateke; munduan populazio gehiegi dago”. Alta, populazio  idatzi zuen tokian, nik bankari idatziko nuke.




2013-05-22

Salamankara


Badut lankide bizkaitar bat, Argider, Ezkaba ikastetxe publikoan lan egiteaz landa, Salamankan ere ikasi egiten  duena. Gaur esan dit bihar-etzi ez dela egonen, azterketak direla-eta Salamankara joan behar delako. 


Blog honetan bertan ere beste noizbait adierazi dudan gisan, errealitatea plagiatzeko joera daukat nik; oraingoan, ordea, erreala den bertso ezagun bat hartu, mozorrotu eta egokitu dut Salamankara autoz doan lankideari eskaintzeko.  




Gazte-gaztetik aitak ta amak
fraile ez zuten nonbratu
eta hala ere, estudiora
Salamankara bidaldu.
Salamankara zoazelarik
zure abiadura moteldu
estudiante-tunante, baina,
bidean erne gidatu.




Aurtengo inauterietan egindako argazkain duzue Argider, ezkerretik hasita lehena... Eta azkena? Txolin gerrilaria, ipurdi-gizena! 

2013-05-16

Iruñean alemanez

Pasadizo adierazgarri bat gertatu zitzaidan Iruñeko kafetegi batean. Arratsalde batean kafetegi horretara sartu, mahaira eseri eta hurbildu zitzaidan zerbitzariari kafesne bat eskatu nion alemanez:

”-Guten Abend! Ich möchte einen Kaffee mit Milch und Zucker, bitte.”

Zerbitzariak ez zekien alemanez, baina ahaleginak egin zituen; alegia, saiatu zen niri ulertzen. Berak ez zuen Goethe-ren hizkuntza hitz egiten, baina, halarik ere, komunikatzeko ahalegina egin zuen... Arrapostua emateko tenorean, aldiz, ingelesezko hitz batzuk lardaskatzen hasi zitzaidan... Bon, kontua da arratsalde hartan kafesne bat ekarri zidala, nola edo hala moldatu egin ginela. Danke schön! Ze politak diren hizkuntzak! Ze aberastasuna! Iruñean, eta alemanez! A, metropoli forala!

Lehengo eguneko kafetegi berbera; mahaira eseri, eta lehengo zerbitzariari berari eskatu euskaraz...

“-Kaixo, kafesne bat, mesedez, sakarinarekin”.
Zerbitzariak, hauxe erantzun:
“-Es que no hablo el vasco”.

Isiltasun ozena. Zerbitzariak, isilik geldituta, oximoron bat egin zuen, begiradarekin esaten baitzuen: “¡No te jode! ¡Lo que me faltaba! ¡Mira cómo nos quiere imponer el vasco! !Este ya será gipuzcoano!”
Hemen batzuek ez dakite euskaraz eta, gainera, ez dute jakin nahi. Nehork ez dezala bere burua engaina! Horri ezjakinkeria deitzen diot nik, ezen ez ezjakintasuna; hautazkoa da hemengo batzuen ezjakinkeria. 

Seinaleak ele biz ikusita edo euskaraz solasean edota kantuan entzunda, tripak mugitzen zaizkie euren burua txit tolerantetzat eta demokratatzat duten batzuei...Aukeratutako ezjakinkeria; ez dakite; ez dute jakin nahi, eta izorratzen zaie guk erabiltzea.

Liberal, tolerante, kontserbadore... euren burua zuritzeko hitz politak, politikoki politak, benetan zer diren estaltzeko: fatxa hutsak. Izan ere, fatxa hutsen jarrera da inolako ahaleginik ez egitea euskaraz hitz egiten dizunari ulertzeko. Bezeroa artatzen ahalegintzeko, euskaraz ez; alemanez bai. Nik zerbitzariari ez nion eskatu euskaraz erantzuteko! Agian, “kafesne” ulertzen zaila da, eta “kafekonletxea” esan behar nion... Nago ez dela hori kontua; aukerazko ezjakin baten aurrean nengoen: “sakarina, mesedez” esanda ere, ez zidan ulertuko, ezjakinkeria oso zabalduta dagoen izurrite bat izaki.

Autoa hartu eta Berriozar parean, A-15 autobideko pantaila handi batean, erdara hutsezko ohar bat: El vasco no es una opción; es una necesidad. Ai, inuzentea! El casco, gizona, el casco

Banengoen ni, bada...


2013-05-01

Adiotz

Gure hizkuntza zaharrean ez dago idatzizko tesu administratibo askorik, Baina badira batzuk, Bat, adibidez, ezkontza-agiri bat. Berriozartik hurbil, Adiotzen, Izarbeibarrean, aspaldi idatzia. Jasotako prezio berean dakarkizuet:

“Nic Juana y Martín arçenaut eure sposoçat / eta hic arcaçan yre esposoçat / eta prometaçen diat ez vide senarric eguiteco y baycen viçi nayçen artean / eta guardaçeco lealtadea / ala fede, ala fede, ala fede”

Juanaren eta Martinen arteko ezkontza-zin honetan “baycen” dugu, eta ez “Barcina”, baten batek irakurri nahi izan duen gisan... A, irakurle gaizkile hori! Zuk irakurri duzu: “gurdatzeko lealtadea” horretan Barcinak Robertico Jimenezi eskatzen diona! Baina atzoko bileran, berriz ere, kalabazak!

Aspaldiko agiri horrek Barcina eta Roberticoren artekoa amodio-desamodio irudikatzeko balio lezake; eta Adiotz herrian eginiko argazkiak, behean duzun horrek, aldiz, denok buruan dugun nahia eta desira: noiz erranen digu AdiosBarcinak? Udaberri honetan? Udan? Udazkenean? Hurrengo neguan? Ala legealdi hau bukatuko du? Porra bat eginen dugu? 



2013-04-28

Bildu eguzkiaren argia eskuekin


Japoniar guztiak ez dira samurai, Japoniako ziza guztiak ez dira shitake, eta Japoniako poesia guztia ez da haiku. Mendebaldean ez bezala, Japoniako zenbait egunkarietan ohikoa da eguneko poema argitaratzea. Han hasi zen argitaratzen bere poema xumeak Toyo Shibata. Emakume japoniar hau Meiji aroaren 44. urtean jaio zen, Mendebaldeko kronologiaren arabera 1911n, baina poemak idazten eta egunkarira bidaltzen 92 urte zituelarik hasi zen. Ehun urteko olerkari baten. bilduma ez da egunero ikusten, ez horixe!

"Nire poema bat estreinakoz egunkari batean argitaratu zutelarik, poz-pozik sentitu nintzen, pozaz beterik," esan zuen Toyo Shibatak. "Beste poema bat igorri nien; gero, beste bat, eta beste bat; jarraitu zuten argitara ematen. Horregatik idazten jarraitzen dut"

Poema-gaiak Tokioko bere etxean dagoelarik heltzen zitzazkion, ohean edo aukian eserita zegoela. Etxe horretan azken 19 urteotan bizi izan zen, senarra hil zitzaionetik.

Beste emakume batek, Kazue Shinkawa-k, poema horiek biltzeko eta antologia baten modura ateratzeko proposatu zion. Hartara, autoedizio modura atera zen Shibata-ren lehen antologia poetikoa, Kujikenaide, Izan bihotz, Olerkigile berantiar zoragarri honen gaineko dokumental batek Toyo Shibata ezagutzera eman zuen Japonia osoan, eta 42 olerkiz osaturiko liburutto horren milioi bat t'erdi ale saldu ziren 2009. urtean; Toyo Shibata-ren poesiaren arrakastaren neurria izateko, kontuan har dezala irakurleak poesia-liburu baten 10.000 ale salduz gero, liburu horrek sekulako arrakasta izan duela Ekialdeko herrialde hartan.

Bertso xume, zuzen eta argien bidez bere bizitza-oroitzapenak berpizten ditu, senarrarekin eta sendiarekin zela , edo semearekin, edo zaintzaile batekin... Aldi berean, amets egiten jarraiotzena hal duzula erakusten dizu, zahar-zaharra izangatik esperantza eta baikortasunerako dei egiten dizu. Hona hemen bere lehen antologiari izenburu eman zion poema, Izan bihotz.

Izan bihotz

Aditu...
Ez, ez egin hasperen
zorigaiztokoa zarela esanda.
Ez eguzkiak, ez haize leunak
ez dute aukeratzen nor jo.

Denok egiten dugu berdin-berdin amets

Begiratu niri:
garai gogorrak bizi izanda ere
pozik nago bizitzeaz
Zu ere, izan bihotz

Aurtengo urtarrilean hil da ospitale batean 101 urte zituela; lasai, minik gabe eta sufritu gabe hil da, 67 urteko haren seme zaharrenak adierazi zuenaren arabera. Toyo Shibata-k jarraitu zuen idazten 100 urte zituen arte, eta haren bizitzaren azken sei hilabeteetan ibiltzeko laguntza behar zuen arren, kemen eta indarrez betea bizi izan dela azken unera arte adierazi du semeak.

2013-04-27

Berriozarko "Hontza"

Errealitatea plagiatzeko ohitura zaharra dut nik
J. L. Borges

Zorroka ikuztegia
Espioi britainiarren silueta beltza ez zen antzematen Zorrokaren ilunean. Ilargia gorde-gordeka ari zen hodeiekin jolasean, eta abagune ona profitatu zuen espioi gazteak gordelekutik atera eta ikuztegira hurbiltzeko: Zorroka deitzen zioten Berriozarko herriko ikuztegiari, eta bertan esertzea maite zuen gazteak, batez ere udaberriko gau goxoetan. Baina oraindik asko falta zuen udaberrirako, edo behintzat horrela iruditzen zitzaion 1942ko otsaileko gau oskarbi, hotz horretan. 

 Ikuztegiaren alde ilunean esertzera atera ohi zen gauerdian, inork ez ikusteko moduan. Gau hotz horretan ere eseri zen harri lauan eta hozkirri batek zeharkatu zion gorputza. Berehala probatu zuen gauaren soinuek baino ez zutela laguntzen. Horixe nahi zuen; aire freskoa arnastu eta bakarrik zegoela frogatzea. Ederki zekien bakardadeak bermatzen ziola segurtasuna, eta ezin zela arriskatu egunaren argitan ibiltzera. Gauerdietan, Zorrokaren ur emariak sosegua ematen zion, baina ezin zituen zentzumenak laxatu, eta horregatik gauerdian atera aitzin segurtasun neurri guztiak hartuta atera zen apaizaren etxetik, bere gordelekutik. 

Ezkerreko eskua sartu zuen beroki beltzaren poltsikoan, eta eskuan 9 milimetroko Browning-aren gider hotza sentitzeak nolabaiteko lasaitasuna ematen zion. Pistolaren hotzak dardarizo bat sortu zion, harlauzaren hotzarekin bat egin zuena. Pistola beltzaz eta negu gorriaz gainera, bestelako motiboak zeuzkan dardarka egoteko. zan ere, Ezkaba mendiko herri txiki hartan irrati-aparatu bat zeukan elizaren dorrean bertan, eta sei egun zeramatzan Londresekin kontaktatu gabe. Londresen isiltasuna arraroa zen. Gau horretan saiatuko zen berriro ere Londresekin kontaktuan jartzen, eta lortu ezan, Iruñerrian zeukan beste konkatuarengana jo beharko zuen; Berriozarko apaizak berriz lagundu beharko zion Ezkirotzera joaten, hango apaiza karlistak ere lan egiten zuelako britainiarrentzat. Eta Ezkirotzeko kontaktu horrek kale egiten bazuen, britainiarren Iruñean zuen sare guztia arriskuan egon zitekeela esan nahi zuen; espioi britainiar bera ere frankisten atzaparretan eror zitekeen, eta bazekien patu petrala izango zuela. 

Denbora dexente zeraman Iruñaren inguruan gazte britainiarrak, apaiz karlista baten babespean. Karlistak monarkikoak zirenez, ingelesentzat egiten zuten lan. Eta non hobeki gorderik apaiz baten etxean baino? Areago, kontuan hartuta apaiz horren anaia bat goi-mailako militarra zela armada frankistan. Nork susma zezakeen komandante baten anaia apaizaren elizako dorretik Londresera etengabeko informazio jarioa ari zela transmititzen azken hilabete luzeetan? Baina espioiak bazekien Berriozarren denek bazutela bere berri. Apaizak behin esan zionez, ezizenez hontza deitzen ziotela, bakarrik gauez ateratzen zelako kalera... Grazia egin zion izenak, eta pentsatzen ari zen serioski aldatzea bere izen-klabea eta owl deitzea... Agian sobera argigarria zen; sobera begi-bistakoa. Bere nagusiei eskatuko zien owl ezizena jartzeko hurrengo misio baterako; noizbait bukatuko zen bere lana herri txiki horretan; udaberrian, agian? 

Misioak iraun bitartean jarraituko zuen Nightingale izaten, huraxe baitzen Londresekin kontaktatzeko baliatzen zuen ezizena. Gogora etorri zitzaion Londresen ezizen hori eman ziotelarik gauari lotua gelditu zela, eta irribarre isil bat marraztu zen gaztearen aurpegian. Bere baitan bilduta zelarik iruditu zitzaion itzal batzuk mugitzen ari zirela herrirako bidean, eta ordu horietan inor ez zen usu ibiltzen bide horretan barna... Arrisku seinalerik? Belarriak zorroztu zituen eta... Ezer ez. Zorrokaren ur-emari lasaigarria baino ez.

Gazte britainiarrak lasaitu beharra zuen, eta eskuin eskuarekin zigarreta bat piztu zuen. Zigarretaz piztu berriak bere barnera bildu zuen berriz ere. Bazekien, batzuek modu asaldagarrian ziotenez, tabakoa txarra dela osasunerako… Baina zorrokaren soinuarekin gustura sentitzen zen; harlauzan eserita laketu zen; eskua berriz jaso, zigarreta ahoratu eta zupada luzea eman zion. Zigarretaren punta gorriz piztu zen zorrokaren kantoi ilunaren beltzean, suaren antzera kea irentsi ahala, eta gazte britainiarrak pentsatu zuen tabakoa txarra izanik ere behar-beharrezkoa zuela; sorterriko oihartzuna ekartzen zion gogora, agian zerbitzu sekretuetan jasotako eskoletan ikasi zuelako ze baliagarria izan daitekeen pakete bat zigarreta idazki txikiak bilduta ezkutatzeko, kode-paperak gordetzeko... Eskola horiek jaso zituela hasi zen erretzen, ordura arte ez baiten erretzailea. Baina itzal batzuek eten zuten oroitzapen-katea eta espioi britainiar gazteak ez zuen oroimen eder gehiago gogoratzerik izan. 

Alboko kantoi ilunetik longain berdeko guardia armatu batzuk sortu ziren iluntasunetik, fusilak eskuetan, gabardina griseko gizon bat buru zutela; gizonak, Astra pistola eskuan, hari destatzen ziolarik egin zion oihu. “Alto a la Guardia Civil!!” Espioi britainiarrak une batez pentsatu zuen Browning pistola baliatzea, baina hatz erakusle ez zuen Browning-aren katuan; zigarretaren punta gorria erakuslearen eta erdikoaren artean kulunka zuen; erabaki zuen askatasun azken une horiek gozatzea zorrokaren ur emari goxotasunarekin, eta sorterriko irudi lausoekin nahastuta zigarretari begira gelditu zen, zigarretaren puntu gorriari: “Tabakoak zinez txarra da osasunerako” pentsatu zuen, ingelesek berezko duten umorearekin, harik eta guardia zibil baten fusilaren aho beltza parez pare ikusi zuen arte, eta gabardina griseko gizonaren ahotsa berriz lehertu zen arte: “¡No lo maten!”

Mauser fusilaren kulata-kolpe bortitza aurpegian jaso eta ikuztegira erori zen. Hodeiekin gorde-gordeka jolasean aritzeaz aspertuta nonbait, ilargiak argitu zuen gaua, eta ilargi-izpiek dir-dir egin zuten ikuztegiaren uretan, guardia zibilen trikornioetan eta fusilen metalean, baita espioi britainiarraren aurpegi bustian. Nightingale gazteak jasotako kolpe latzaren minak sorterriko irudi lausoa eta belarrietara heltzen zitzaizkion ur-emariaren goxoa itzali zizkion. Erakusleak eta erdiko hatzak askaturik, zigarreta ere hegan atera zen, ezinezko parabola bat eginda, harik eta punta gorria zorrokaren ur hotzetan betiko itzali zen arte.

2013-04-24

Beltz men horiek


Tribuaren hitz galduak diskoan Pako Aristi lagunak Beltz man izeneko poema bat errezitatzen du: “Batzuetan horrelako gorputzaldia uzten dio parrandak / urduria, petrala, gogaikarria/ eta ez daki zergatik / Edari konbinaketa gaitza, agian / Norbaitek piztu zuen eztabaida mingotsa, beharbada / Emaztearekin egindako larru-jotze laburra, pobrea, zirrara bakoa / Ez daki / Eta leihoan dago negua itxuraldatu duen udaberriko eguraldia dastatzen / Eta dio bere emazteari: / “Dios! Manifaren bat balego arratsaldean, nagiak kentzeko!” Iñigo Cabacas hil zuen ertzainaren hitzak izan litezke, edo Argia-ko kazetari Lander Arbelaitz-i eraso egin zion ertzainarenak. 
Nafarroa Garaian ere foruzain beltzak ditugu, eta duela bi hilabete eskas Nafarroako Parlamentuaren inguruan langabetuen aurka egindako Foruzaingoak egindako karga “heroikoa” ikusita, Ertzaintzaren eta Foruzaingoaren arteko antzekotasuna begi-bistakoa da. Langabetuen aurkako haren balentria borobiltze aldera, oldartu diren foruzain beltz horiei soilik falta izan zitzaien Espainiako polizia nazionalei hots egitea laguntza eske, azken aurreko greba orokorrean Iruñean egin zuten modu baldar berean. Izan ere, uniformea ez ezik, arima ere beltza dute beltz horiek guztiek.
Azken egunotan, Bilboko ertzain horien arteko elkarrizketa entzunda, edo Donostiako Gazte Gunean beste ertzain horien irudiak ikusirik kazetari babesgabe bat astintzen zutelarik gupida gabe, sumindura, amorrua eta, batez ere, higuin sakon-sakon bat sentitu dut, gorrototik harago doan nazka sentimendu sakon-sakon bat. "Que se muera" aldarrikatzen zuen ertzain horri berari gerta dakiola berandu baino lehen, kazetari xumeari desiratzen zion hori bera. Eta, egunen batean, Iñigo Cabacas hil zuen ertzainak, “Ugarteko” horrek, edo Lander Arbelaitz-i tratu txarra eman zion ertzain horietako batek bereak eta bi jasotzen baditu, saiatuko naiz ez ospatzen, ahaleginak eta bi eginen ditut... Baina ez naiz ziur erdietsiko dudan.
PNVren ETBk osorik eman nahi izan ez duen bideoa hemen duzu, ikusgai


Besarkada bero bana Iñigo Cabacasen senide eta lagunei, baita Lander Arbelaitz eta Gazte Guneko beste jipoitu eta atxilotuei ere. Eta nire destainarik handiena beltz men horiei guztiei eta bere mando-astoei.


2013-04-07

Larralde, olerkarien aterpe

Gaur egun ederra izan dugu Senpere-Amotzen, Larralden bildu baikara Hatsaren Poesiaren aurtengo bilduma aurkezteko. Aurtengo olerki bilduma hamabosgarrena da, eta azken urteotan egin den gisara, Larralden egin da; Larralde bilakatu da, beraz, olerkarien aterpe. Hor, mugaz gaindiko olerkariak biltzen gara urtean behin Hatsaren Poesia ekimeneko buru den Auxtin Zamoraren lanari esker.

Amotze ondoan Olhalde dugu; Nafarroa Garaian, berriz, Olaldea. Olaldean hain zuzen ere hartutako argazkia duzu beheko hori. Aurten bost elurte izan dugu Nafarroa Garaian eta horietako batean ikusi nuen baserrirako bidean haritz orbel bat, hor, elur-zuriaren gainean deigarri. Eta haiku hau sortu zen.

2013-03-23

Deabruen habia


Duela hilabete, Benedikto XVIgarrenak dimisioa eman aitzin, albiste batek eman zidan atentzioa: Sinéad O'Connor abeslariak adierazi du Eliza Katolikoak eskumikatu duela, eta eskatzen dio Vatikanoari ziurtagiri bat. Hona hemen haren hitzok:
"Antza denez, eskumikatu naute, baina hori adierazten duen bakarra L'Osservatore Romano da, Eliza katolikoaren egunkaria, inork irakurtzen ez duena. Baina nik nahi dut bilobei erakusteko moduko zerbait. Txioren bat edo beste bidali diot Benedikto aita santuari, baina ez dit oraindik deus erantzun."
Handik gutxira, Ratzinger aita santuak karguari eta kargari ezin ziola eutsi, eta utziko zuela iragarri zuen, baina ez dut uste abeslari dublindarraren eskaerak zerikusi izanen zuenik. Alta, zerikusi izan omen du Eliza Katolikoaren barruko ustel usain jasan ezinak, artaldea zaindu beharrean arkumeez abusatu dituzten artzainak ez baitira izan ez bat, ez bi, eta salaketa soka luzeak ez du etenik.
Adin berekoak gara Sinéad O'Connor eta biok, eta gazte-gaztetatik miretsi dut kantatzeko haren ahots zoragarria. Baliteke irakurleak gogoan izatea Juan Pablo II. aita santuaren argazki bat urratu zuenekoa, EE BBetako Saturday Night Live telesaioan, zuzen-zuzenean egin ere. Gogoan dut garai hartan sortu zen iskanbilaren haritik neuk ere izan nuela gogorik aita santuaren argazki bat mila puskatan hausteko; ez nuen egin, baina.
Eliza Katolikoaren barruan izan diren umeen aurkako sexu-abusuak direla eta, Sinéad O'Connor dublindarrak horrela deskribatu du Vatikanoa: “deabruen habia".
Ratzingerrek ez zion agiria eman, baina Bergoglio argentinarra horren “irekia”, “herrikoia”, eta “umila” baldin bada, aita santu berriak eskumikatze-ziurtagiri hori eman beharko lioke dublindarrari eta eskatzen duen edonori. Katoliko sentitzen ez garen anitz gara Eliza Katolikoaren zerrendetan, eta uste baina zailagoa da ezabatzea. Izan ere, zailagoa da Eliza Katolikoan baja ematea telefonia-konpainian batean baino. Zerbait egin beharko da L'Osservatore Romano egunkarian agertzeko; iradokizunak onartzen dira. Zenbat argazki urratu behar dugu eskumika gaitzaten? 

2013-03-12

Ernesto Praten liburuaren aurkezpena


Ernesto Prat lagunaren liburua aurkeztu dugu gaur Berriozarko Kultur gunean. Korrika datorrela eta, ohitura izaten da korrika kulturala osatzeko horrelako ekitaldi bat egitea. Ernestoren liburuak interes berezia sortu du eta berrogei lagun baino gehiago bildu gara zeharo berezia, arras sui generis, izan den aurkezpen batean, performance eta guzti.



Izena duen guztia omen da.. Gezurra! Isiltasun hitza, izatez, bada; baina isiltasuna ez da existitzen.  Ernesto, Ché, LiTTLE, Txikitin... sasian zebilela, bakar-bakarrik eta isolaturik kartzelan zela, isiltasunean egonik ere bere buruan entzuten zuen zarata uxatzeko hasi omen zen idazten: horregatik hasi omen zen idazten.

Emaitza, Hiru ilargi laurden nobela; eskuragarri dago Ipar eta Hego Euskalerriko hainbat liburu-dendatan.

Gaur elkarrizketa egin diote Berriozar Irratian...

2013-02-23

Langabetu nafarren kontra, Espainiako bandera


Lehengoan lagun on batek esan zidan oso-oso gutxi idazten dudala Ezkabako Talaiatik honetan. Egia da lehen baino gutxiagotan idazten dudala, baina post zerrenda ikusita, bataz besteko kopuruari eutsi egin diodala agerian dago.

Izan, badira gaiak, sobera izan ere, izkiriatzeko eta istorioak aletzeko. Esate baterako, herenegun goizean Iruñean gertatutakoa.

Herenegun goizean Nafarroako Parlamentuaren inguruan Foruzaingoak egindako karga “heroikoa” ikusita, amorrazioaren eta nazkaren arteko sentimendu bortitz batek hartu nau mendean. Langabetuen aurkako haren balentria borobiltze aldera, oldartu diren foruzain beltz horiei bakarrik falta izan zaie polizia nazionalei deitzea, azken aurreko greba orokorrean egin zuten modu baldar berean.


Izatez, Parlamentua inguratzeko ekimena debekatzearren, Gobernuak erabilitako aitzakia hauxe izan zen: Parlamentua inguratzeak parlamentarien lana eragotziko omen zuen. Baina ia-ia Europa osoan debekatuta dauden peloteroekin foruzainek egindako tiroak ez zituzten parlamentariek adituko parlamentuaren barnetik?


Borrakadak banatzen aritu zen foruzain baten eskumuturrekoa ikusten duzue beheko argazkian; Espainiako bandera zeraman eskumuturrekoan, begi-bistan, inolako zalantzarik izan ez dezagun: ez dira nafarrak, espainolak baizik, espainol oldarkorrak nafar langabetuei egurra ematen. Borrakadak banatzen zituen foruzainaren eskumuturra ikusita, nola nahi dute gu espainol sentitzea?

Langabetu nafarren kontra, Espainiako bandera

2013-02-04

Santa Agedan


Gaur Santa Ageda bezpera dugu, Euskalerriko Eguna... eta aurten Euskalerria Irratiari egindako bidegabekeria izan dugu present kopla txiki honen bidez Berriozarren egindako puska bilketan

Kopla txiki bat botako dugu
ez bada atrebentzia;
Gobernuko lotsagabe horiek
nahi dute haserratzia.
Haiek nahi dute gu beti-beti
espainolez bizitzia,
Euskalerria  Irratiak behar zuen
jaso bere lizentzia


2013-02-01

Kobra zuriarena


Nepal-eko nekazari batek kobra zuri bat hozkadaz hil du. kobraren beraren hozkada baten ordainetan. Mohamed Salmo Miya-k, 40 urteko nekazari batek, arroza soro batean lanean ari zelarik jaso zuen kobraren hozkada bat hanka batean. Hozkada jasota, gizonak sugeari jarraitu, harrapatu eta hozkatu zuen, hil arte hozkatu ere. "Suge-sorgintzaile batek zera esan zidan: suge batek kosk eginez gero, egiozu zuk kosk sugeari hil arte, eta ez zaizu deus txarrik gertatuko. Baneukan makil batez jotzea, baina haserre bizian nengoen, eta mendeku hartu nahi nuen: neure hortzekin hil nuen."

Sugeak emandako hozkaren ordaina eman nahi izan omen zion nekazariak.  Gero, etxera itzuli omen zen, pozik eta lasai. Azkenik, biharamunean, senideek akuilaturik, ospitale batera joan da eta bertan bi egun eman omen ditu. Miya-ren ezker hankan kobraren letagin bakar baten zuloaren arrastoa atzeman diote; sugeak bi letaginekin kosk egin izan balio, ez omen zen bizirik aterako ataka horretatik.

Poliziak ez dio Miya-ri salaketa jarriko sugea hiltzegatik, kobra mota hori desagertze-arriskuan dauden animalien zerrendan ez dagoelako. Beraz, suge-sorgintzaile hark, arrazoi: “Suge batek kosk eginez gero, egiozu zuk kosk sugeari hil arte, eta ez zaizu deus txarrik gertatuko”; izan ere,  isuna ere ez diote jarri...

2013-01-14

Eamonn, an old Irish friend / Irlandako lagun zaharra


An old and frail man was walking down the street when he suddenly found a new high heel, gleaming in the middle of the pavement, astonishingly attractive, just in front of his tired eyes, still capable to find a pin on the ground.
   
The old and extremely weak man was about to pick the heel up, as it were a lost treasure, but he realized perhaps he wouldn´t be able, and that he probably could fall down if he tried. So he passed over the shining heel, saying to himself: “Too old for old vices.”  




Pasieran zebilela kalean behera, gizon zahar abailduak takoi handi distiratsu  bat  ikusi zuen espaloiaren erdian, izugarri erakargarri, haren begi zahar nekatuen pare-parean, arten lurrean orratz bat atzemateko  gai.

Gizon zahar unatua takoi hori hartzeko zorian zen, altxor galdu bat hartzen den gisa berean; baina duda egin zuen jasotzeko gai ote zen, ez ote zen bertan eroriko alferrikako ahaleginean. Takoi  dirdaitsuaren gainetik pasatu zuen, bere artean zioela: “Bizio zaharretarako zaharregia nauk”

2013-01-07

Julen Zelaieta eta Aimar Karrikarekin hitzordua

Aste honetan Iruñean antolatu den jai baterako gonbidapena egin nahi dizuet, heldu den ostiralean, hilak 11, bertso merendua antolatu baita Zaldiko Maldiko elkartean, Antsoleaga karrikako 9. zenbakian, arratsaldeko 19:30ean.

Jaia izango da, Berrialaguna egitasmoa Iruñean hobeto ezagutarazteko xedea ere baduena, baina batez ere janez eta edanez, bertsolarien laguntzarekin, tarte polit bat pasatzeko asmoz antolatu dena.  Bertan Julen Zelaieta eta Aimar Karrika ariko dira kantuan, Zaldiko Maldiko elkartearekin eta bertsolariekin batera antolatua.


Animatu eta etorri Zaldiko Malditora (sic).