2008-04-25

Gabriel Aresti Biurdanan


Liburuaren Nazioaren Egunaren haritik, Iruñeko Biurdana Institutuan ekimen polita ospatu ohi dute. Idazle bat hartu, eta bere obrak, boluntario batzuren artean, irakurraldi publikoan eskaini. Aurten, Euskal Liburuaren IX. Irakurketa Publikoan, Gabriel Aresti izan da aukeratua, eta bertan egon garenok gozatu dugu esperientzia.
Niri, Karakolari, egokitu zait Jainkoa jaio da Otxarkoagan ipuinaren zati bat irakurtzea; karakola diot, zeren hurrengo irakurlea Mila Barea laguna izan baita... Bai, badakit, txiste erraza zen baina, kontu jakina denez, "nobody cares about my blog", eta nik nahi dudana idazten dut Ezkabako Talaia honetatik... Baina noan harira: kirioak dantzan, baina airoski atera garelakoan nago, biak ala biak atera ere, Karakola eta Barea. Irakurtzen bukatutakoan bisita-liburuan zerbait idazteko eskatuta, hauxe idatzi dut:

Jainkoa jaio omen zen Otxarkoagan
eta gaur Aresti berpiztu da Biurdanan

Ordainetan, lore bana eta oroigarri polita eraman dugu etxera... eta Gabriel Arestiren alarguna den Meli Esteban-en hitzak gogoan: "Segi poesia irakurtzen, eta euskaraz bada, hobeto!"; baita bere eskerron hunkigarria ere.



2008-04-23

Muxugorri kalean


Muxugorri liburuttoa kalean da. Gaur aurkeztu da Berriozarko liburutegian, Liburuaren Nazioarteko Egunaren karietara. Aspaldiku elkartearen ekimenez eta Berriozarko Udalaren laguntzari esker argitaratu da. Poesia liburu honetan, besteak beste, Ezkabako talaiariak ere bere olerkiak argitaratzeko aukera izan du, Berriozarko beste lagun batzurekin batera. Hamarna olerki poesia antologia honetan, eta jarraian, horren lagin txikia: Tximeletrak

Behin lainoan idatzitako

tximeletra dantzariak

lokamutsen artean sortu ziren;

aspaldian izan zenez,

oroitzapen lausoak baino ez dira

eta, halarik ere, lantzean behin susmatzen ditut:

ahanzturaren basamortuaren ertzean dabilzkit hegan,

egunaren eta gauaren arteko muga inarrosten.

Agian, horregatik izaten dut beti

koaderno bat mesanotxean,

tximeletra dantzariak agertuz gero

papereratzeko beti prest.

Oraingo tximeletra hauekin

gertatu den bezala.


Gaur bezalako egun gogoangarrietan irudiek gordetzen dituzte une goxoen oihartzunak.

2008-04-17

"Jara Bartzelonan" liburuaren iruzkin politikoki-ez polita

Aspaldiku kontuekin buru-belarri, aspaldian ez dut liburu baten gaineko iruzkinik plazaratu Ezkabako talaia honetatik. Bartzelona urrunxko dagoen arren, Jara Bartzelonan izeneko liburutxoaren berri eman nahi dut.

Jasone Osoro-ren Jara pertsonaiaren sagako –edo maltzur izan gaitezen- sigi-sagako beste kate-begi bat; Bartzelonara joan zaigu…"Mundua inoiz baino erraldoiagoa zen eta munstro handi batek eztarritik behera irentsiko zuela pentsatzen hasi zegoen [Jara]. Bakardadearen munstroak, nola ez” hiri handian, Bartzelonan; eta han… “bakardadea ezberdina da bakarrik zaudenean. Jendez inguratutako bakardadea da, gaizki sentiarazten zaituena”

Arin doan nobelatxo honetako kontuak sobera prebisibleak dira, ene uste apalean; badakit Haur eta Gazte Literatura epigrafepean argitaratzen diren liburu gehienak “prebisible"tzat har daitezkeela, baina Jara-rekin... aspertu naiz.

Bestalde, harritzen nau gurasoak ze jatorrak diren; horren adibide, aipamen hau:

“-Ondo? Mutil guztiek pentsatuko dute…
Aita, faborez, ez hasi!
Aitak alde batetik arrazoi du. Badakizu gaurko eguna oso garrantzitsua dela zuretzat eta konfiantza osoa daukagu, baina kontuz ibili, ados?”

Harrapa ezank (sic)

Gainera, Euskararen aldetik baditu kontu batzuk orraztu beharrekoak, [68. or.] “Uzten?” -Zertara jolastu? -Panpinekin”… [73. or.] Zergatik egin du hori idazleak? Nolabaiteko sinesgarritasuna emate aldera? Baina sinesgarria al da katalanak –baita ume ttipiak ere- euskaraz hasiera-hasieratik egitea? Mesedez!

Barbie-ren –Jara-ren‑ mundu xoragarrian, gurasoak oso majoak dira eta lagunak egiteko erraztasun handiak ditu nerabe batek… baita 18 urteko baten musuak jasotzeko ere. Esadazu egia; sinesgarria al da, adibidez, horrelako galderak egitea lagun katalanak Jarari?: “Edo distantzian leial izango zaizula uste al duzu?

Eta gehiago: “metroan sartu zenean, kaskoak jarrita eserita zegoen beltz batek goitik beherako errepasoa egin eta begi-keinua luzatu zion. Jara lotsagorritu egin zen, baina, barrutik, harro sentitu zen. Eder, erakargarri. Eta horrek indarra eman zion” Aitor dezadan: ezin izan dut bukatu leitzen: Oriol-en musuarekin haluzinatuta –h eta guztiz‑ gelditu naiz.

Halere, gustuak gustu; saga –sigi-saga- bereko beste liburuak gozatu zituenak badu non gozatzen jarraitu: Jararekin Bartzelonan.

Badakit: gaztetxo batzuek irensten eta goraipatzen dutela Jara... Baina, ez al dut gorago esan "iruzkin politikoki-ez-polita" egin behar nuela?

2008-04-06

Basora hiriko liburuzainaz

Gaur dela bost urte, 2003ko apirilaren 6an, heldu ziren Basora hirira soldadu atzerritarrak. Han, Alia Muhammad Baker Basora hiriko Liburutegi Nagusiko zuzendaria zen. Inbasioa baino lehen, Basora hiriko liburutegia liburu zaleen bilgunea zen. Liburutegi hartan bitxi preziatuak zeuden: hizkuntza guztietako liburuak, liburu berriak eta liburu zaharrak; besteak beste, duela seiehun urte idatzitako Mahoma-ri buruzko biografia bat.
Gerta zitekeenaren beldur, Aliak erabaki zuen liburuak toki seguru batera eraman behar zituela; gauez eta azpikeriaz, lagun eta auzokide zenbaiten laguntzarekin, liburutegiko gordailuen ehuneko hirurogeita hamarra gorde zuen: hasieran jatetxe batean; gero, etxean bertan. Diotenez, hogeita hamar mila liburuak garraiatzeko kamioi bat alokatu zuen.
Gaitz erdi, ezen handik bederatzi egunera, sute batek liburutegi osoa erre zuen, baita bertan gelditzen ziren liburu guztiak ere. Bitartean, Aliaren etxea liburuz bete-beterik zegoen; liburuak armairuetan, liburuak zoruan, liburuak leihoetan… Liburuak baino ez zeuden Aliaren etxean. Artean, Alia gerra noiz bukatuko zain zegoen. Gerraren bukaerarekin egiten zuen amets orduan.
Orduan eta orain. Tamalez, bost urte igaro eta gero, oraindik amets bat baino ez da. Oraindik zain dago, eta liburutegi berriarekin egiten du amets. Izan ere, oraindik amets bat baino ez da.
Shaila K. Dewan, New York Times egunkariko kazetaria izan zen lehena hori guztia munduari jakinarazten; eta Jeannette Winter-rek irudia eta itxura eman dio istorio hunkigarri horri: La bibliotecaria de Basora (Juventud argitaletxea, 2006) Basora hiriko liburuzaina liburua daukat eskuartean, “Irak-en gertatutako benetako istorioa” azpititulua daukana.
Hilaren 23an, Liburuaren Naziozarteko Egunean, ikasleei liburu hori erakutsiko diezu; irudi handiei esker zuk kontatzen diezun istorioa ikusiko dute; aukera polita. Edo, agian, beste aukera bat: zerorrek istorioa kontatuko diezu, eta gero eskatuko diezu ikasleei marrazteko, irudikatzeko istorio hori. Aurten, Liburuaren Nazioarteko Eguna beste egun bat izan ez dadin.