Muxugorri liburuttoa kalean da. Gaur aurkeztu da Berriozarko liburutegian, Liburuaren Nazioarteko Egunaren karietara. Aspaldiku elkartearen ekimenez eta Berriozarko Udalaren laguntzari esker argitaratu da. Poesia liburu honetan, besteak beste, Ezkabako talaiariak ere bere olerkiak argitaratzeko aukera izan du, Berriozarko beste lagun batzurekin batera. Hamarna olerki poesia antologia honetan, eta jarraian, horren lagin txikia: Tximeletrak
Behin lainoan idatzitako
tximeletra dantzariak
lokamutsen artean sortu ziren;
aspaldian izan zenez,
oroitzapen lausoak baino ez dira
eta, halarik ere, lantzean behin susmatzen ditut:
ahanzturaren basamortuaren ertzean dabilzkit hegan,
egunaren eta gauaren arteko muga inarrosten.
Agian, horregatik izaten dut beti
koaderno bat mesanotxean,
tximeletra dantzariak agertuz gero
papereratzeko beti prest.
Oraingo tximeletra hauekin
gertatu den bezala.
No comments:
Post a Comment