Showing posts with label itzulpengintza. Show all posts
Showing posts with label itzulpengintza. Show all posts

2025-08-13

Mendiak ogibide, Bingen Amadozen liburua, euskarari ekarria


Bingen Amadoz Euskadi Irratiko esatari aritu zen hainbat eta hainbat urtez. Haren ahots sendo eta indartsua entzule askoren gogoan dateke oraindik. Erretreta hartura, Bingenek bere familia-bizipenak bildu eta gurekin partekatzeko zori ona eskaini digu, orain, euskarari emanak, Mendiak ogibide izenburuarekin


"Montes que daban pan" liburua duela hamairu urte argitaratu zuen Bingenek gaztelaniaz, eta gerora niri euskaratzeko eskatu zidan. Aipatzekoa da euskarazkoa  bertsioa zabalduta eta osatuta dela, behingoagatik erdarazkoa baino aberatsagoa, istorio gehiago dakarrelarik. Pasadizo guztiak, istorio labur eta irakurerrazak, bere xumean, zerpentsaturik ematen duten pasadizoak dira. 


Bestalde, ene familiaren kasuan gure aitona bat AEBtara eta aita Argentinara joan ziren, baina Ameriketara joandako euskaldunen bideak eta ibilbideak aski ezagunak izanik, biziki interesgarria iruditu zitzaidan mugaz bertze aldean aizkolari ibilitakoen bizimodu latzaren berri ere ematea geure hizkuntzaz, agian amerikanoen kontuak bezain ezagunak ez direnak. Orobat Garraldako gure osaba bat ere, Enrique Maya zena, aizkolari ibili zen mugaz beste aldeko mendietan... eta nihaurrek gustura idatziko nituzkeen osaba zenaren istorioak biltzea jadanik ezinezkoa denez, Bingenen bizipenak euskaratzea maitasun ariketatzat hartu nuen, doan eta musutruk egina. Izan ere, Peri Rossi poeta uruguaiarrak dioenez, idaztea sedukzio prozesu bat da, eta itzulpena, berriz, maitasun prozesu bat.


Nolanahi delarik ere, erronka polita izan da. Hasteko, izenburua bera: "Montes que daban pan" hori nola eman euskaraz? Erlatibozko forma ilun hori baztertzeko hautua argi neukan, eta, lexiko aldetik,  lanbide askoz ere zabalduagoa izanagatik, ogibide aukeratu nuen, jakinik ere balitekeela baten batek ez ulertzea... Baina zer da itzulpengintza, arriskatzea ez bada? 


Bingenek behin erran zidanez, idazteko gai badenez gero, idazteko gaitasunik baduenez gero, istorio hauek bildu behar zituen, ez zitzaion ongi iruditzen lekukotasun horiek guztiak ez jasotzea. Bingenek arrazoi, ez baitzen zilegia izanen gure memoriaren zati horiek bildu gabe uztea. Ea hurrengo liburua zuzenean euskaraz berak idazten duen, bere ahotsa propio emanda, 


Enetzat ikasgai ederra izan da, Bingenen hasieran eskaerari baietz eman eta gero, istorio hauek euskaratzea nahi baino askoz ere urte gehiago luzatu den egitasmoa izan den arren: pandemia garaian euskaratu nituen arren atal gehienak, urte luze eta korapilotsuak igaro dira argitara eman arte.   


Agorril honetan Elizondoko liburu azokan egon ahal izan nintzen; azkenik, buruhauste anitz eta askotarikoak eman dizkidan liburua geure hizkuntzaz ere salgai dago Dakit argitaletxearen eskutik, .  

Klasikoek ziotenez, Finis coronat opus,   

Txokoton, liburu-ferian





2024-10-03

Euzkitzeren esana, gure lana


Aspalditik Zarautzen bizi den azpeitiarrak idatzia eta sare sozialetan irakurria:

“Iristen zaizkigun gauza bitxiak bere horretan zabaltzea da errazena.

Erdaretan heltzen zaizkigunak euskarara itzultzeko ahalegintxoa egin behar genukeela iruditzen zait”. 


Akort eta ados. Honatx gaurko nire ekarpena, Jean Piaget suitzarraren esaldi bat :




2024-09-30

Txapela buruan, olerkia ahoan

Dobera Elkarteak laugarren urtez jarraian antolatua, Hernaniko IV. Liburu eta Disko Azokan iraileko azken asteburuan ospatu da. Bertan izan gara HATSAren Poesia bilduman idatzi ohi dugun poeta batzuk; nola azaldu hara eta izenburuak berak iragartzen dioen maneran: Txapela buruan eta olerkia ahoan.


HATSAren saltokiaren inguruan bilduta agertzen gara Garazi González de Durana, Ainara Maia, Matxalen Bezos, Marisa Arruabarrena, Iñaki López de Luzuriaga, Arantza Martínez, Fito Rodríguez eta nihaur ere. Hatsaren Poesia bildumaren 26. liburu-bildumaren ale batzuk saltzeaz gain, azken bilduma honetan argitaraturiko olerkiekin emanaldi labur bat ere egin genuen eta, bidenabar, palestinarren aurkako sarraskia salatzeko aukera ere profitatu genuen. 




  Itzuliz usu begiak liburu mamitsuan Anjel Lertxundiri irakurri nion Julio Cortazar idazle argentinarra "idazle izatera sartu aurretik itzultzailea izan zela, batak ekarri zuela bestea". Tentazioa izan dut testu hau biribiltzeko Hernanin errezitatu nuen ene poema bat, soneto bat, hemen idazteko, baina blog honetan bertan bada jada soneto bat —baten faltan, bi!— eta hori egin ordez Julio Cortazarrekin amaituko dut. Izan ere  Cortazarrek badu aipu bat euskaratu eta arrunt egokia irizten diodana:  



2024-08-14

Gaztelania, denok ulertzen dugun hizkuntza hori

Hegoaldeko euskaldunok pairatu behar izaten dugun topiko engainagarria: gaztelania denok ulertzen dugun hizkuntza denez, geurea utz bazterrean dezagun eta har dezagun, besoak zabalik hartu ere, gaztelania zoragarri hori.


Zoragarria da gaztelania, ez dut ukatzen, baina batzuetan gaztelania zoratzeko moduko mordoilo bat da. Alegia, zoragarria, baina ez ederra edo liluragarria den adieran... Haatik, zoragarria, zoratzeko moduko mordoiloa delako. Horren adibide, etxera ekarri eta nork bere kasa montatu behar duen, "do-it-yourself" motako, altzari baten honako etiketa hau:




Bitxia bada ere, euskara baztertzeko eskatzen diguten erdaldunek ez dute, oro har, kezkarik ttipiena erakusten gaztelaniaren kalitatea dela eta.

Etiketa euskaraz egon izan balitz, erdaldun elebakar zenbaitek protesta sutsua eginen zuketen, eta gaztelaniaz, —denok ulertzen omen dugun hizkuntzaz—, fite jartzeko aldarrikatuko lukete. Etiketa horretako gaztelania negargarri horren kontrako salaketarik egiteko lana nehork ez du bere gain hartuko, segur.

Itzulpena baino itzalpena da, testua izatera heltzen ez den hitz-hurrenkera zentzugabea, xede komunikatiboa betetzen ez duen hitz errenkada korapilotsua, altzaria montatzen laguntzen ez duen instrukzio-ohar ahalkegarria. Ohar hori itzultzaile automatiko batek eginda eta gainbegiratu edo zuzendu gabe ontzat emana, hain segur... Negarra begian eta haserrea buruan sortzen duena nigan...

Baina ez dut uste Hegoaldeko erdaldun elebakar batek altzari enpresa handi horri kexa-eskutitz bat bidaltzeko lanik hartu(ko) duenik... Izan ere, erdaldunek lanpetuegi daude euskaldunoi botatzen euren betiko erretolika gogaikarria. Kontua da, noiz arte jarraituko dugu euskaldunok erdaldun elebakarren apoak irensten? 

Oporraldia brikolajea egiteko profitatzea ez da oso ideia ona izan...


2024-06-06

Gerren kontrako hitzak: Ernest Hemingway-ren poema bat

 

Armada guztiak berdinak dira


Publizitatea fama da

Artilleriak betiko zarata zaharra sortzen du

Adorea, mutilei egozten zaien ezaugarria

Soldadu zahar guztiek begi abailduak dauzkate

Borrokalari zahar guztiek betiko gezur zaharrak entzuten dituzte

Gorpuak euliz estaliak beti


Ernest Hemingway duela mende bat ibili zen Iruñean barna, artean gazte eta lerdena zelarik. Haatik, ordurako ezagutzen zituen gerraren ankerkeria eta doilorkeria zitalak, Lehen Munduko Gerran ibilia baitzen anbulantzia gidari Italiaren eta Austriaren arteko mugan.  Parisen idatzitako poema bat dugu, poema antimilitarista eta konprometitua, normalean erakusten ohi duten Hemingway-ren gaineko estereotipoarekin zerikusirik ez duena.  

Iruñeko Gaztelu plazan eta Liburu Azokaren haritik, poema hori irakurri dut, hemendik eta Sanferminak bitarte Hemingway-ri buruz entzunen ditugun topikoetan aurkituko ez dugun beste Hemingway baten adierazgarri.   




2024-04-24

On Kixote Mantxako, Liburuaren Egunaren kari

 Liburuaren Egunean On Kixote Mantxakoaren pasarte bat jendaurrean irakurtzeko ohitura dago Nafar Ateneoaren babespean, iaz ere antzeko ekitaldi batean egin genuen gisara. Aurten ere, euskarak izan du bere tokitxoa ekimen horretan, eta bertan aritu garen Irune Txurruka, Inés Castiella eta hirurok. 


Hona hemen nik irakurritako pasarte laburra, Cervantesen klasikoaren bukaerako zati txiki bat, non hil hurren ohean datzan protagonista mintzo zaigun:

— Dezagun albiste on, ene jaunok: ni gaurgero ez nauzue On Kixote Mantxako, Alontso Kixano baizik, nire izengoitiz “Ona” esaten zidatena. Hona, Gaulako Amadisen eta bere ondorengo ugari-ugari guztien etsai eta arerio egina nago, egun eta eguzki, gaur eta gaurgero; zalduntza ibiltariaren kondaira munduzale guztiak, honez gero, higuin ditut, nazka ematen didate; ikusten dut ikusi bai nire buru-galtzea eta zeinbaterainoko galzori latzetan egona naizen, liburu horiek irakurriz eta irakurriz; gaurgoiti, bai Jaungoikoaren errukiagatik bai eta neronek ikus-ikasiari esker ere, gaitzesten ditut orain eta gerorako guztian.




 


 


2023-07-27

Cristina Peri Rossi poeta uruguaiarraren poema bat, euskaratua

 

Gustatuko litzaidake

zuri esan ahal izatea:

Etorri nahi duzunean,

zure zain egonen naiz.

Itsasontziak horrelakoak dira

horrelakoak dira nasak

eta bidaiariak.

Zin degizut

gustatuko litzaidake

zuri esan ahal izatea:

Abiatu ginen ontzia

gure zain egonen da

iraganeko egunak

sekula iragan ez balira bezala

ibili ginen kaleak

toki berean daude

plazak

iturriak

zuhaitzak

asmamenaren gauzak

oroitzapenaren gauzak

oroiminaren gauzak.

Gustatuko litzaidake zuri esan ahal izatea:

Gaur goizean euria ari du,

zure zain egonen naiz

sekula ezer gertatu ez balitz bezala

Pinochetek Casa de la Monedari eraso egin ez balio bezala

soilik duela ordu erdi bat joan bazina bezala

tabako erostera.

Gustatuko litzaidake zuri esan ahal izatea:

Bizitza izugarri garestitu da

baina ilunabarrak arrosa kolorekoak dira oraino

badira uso izan nahi duten neskatoak

baina eskolara joan beharra dute

zure dohaina esnatzean duten usoak

zure dohain lokartua

sei urtez

nire gisara

udako gau batez lokartuta ikusi zutenak baino

ezagutzen ez dutenak

Baina segur aski horrexek

hain zuzen ere eragozten dit zuri esatea:

Etorri nahi duzunean,

zure zain egonen naiz.

eta segur aski

sei urtez gauero zu lokartuta ikusi izanak eragozten dizu

banku hutsera itzultzea

etxe abandonatura

itsasontzi hondoratura.

Ilun dakizun arren

udako eta neguko gauetan

zure zain egonen naizela

munduko gauza guztiak

iraganak balira bezala guretzat betiko.




2023-04-29

On Kixote Mantxako, jendaurreko irakurraldian euskara ere present


Iragan den astean On Kixote Mantxako klasikoaren irakurraldi publikoa egin zen Iruñean Liburuaren Egunaren karietara. Jendaurreko irakurketa  honek hogeita bost urte bete dituen honetan, euskara present egon da bertan sekula baino gehiago. Beste urte zenbaitetan ez bezala, aurten lagun kopuru polita aritu ginen On Kixote Mantxakoaren testu laburrak irakurtzen. 

Esan gabe doa, parte-hartzaile orori eskertu behar zaio bertan egon izana, baina nik bereziki eskertu nahi diet ondoko hauei: Ines Castiella, Ines Genua, Maite Saralegi, Lurdes Larunbe, Rosario Urkiola, Luisa Salaberria, Edurne Iribarren, Rikardo Barea, Irene Txurruka eta Maite Ramosi; osotara, hamaika lagun —hamar gehi bat— aritu ginen euskaraz irakurtzen... Inoiz baino gehiago! Biba zuek! 




Nolanahi dealrik ere, nik badut proposamen ttipi bat hurrengo urte(eta)rako; irakurleok, ahal dela, bertsio bera baliatzea,  Pedro Berrondok euskaratua eta Patxi Ezkiagak egokitutakoa, alegia, Don Kixote Mantxako izeneko liburu formatuan dagoena. 


Soilik paperean egonik ez da bestea bezain erosoa lortzeko tenorean, eta baliteke ez izatea bestea bezain aberatsa, zeren eta, azken finean, egokitzapen bat baita... Baina nik orain berriz egin beharko banu, dudarik ez dut, hauxe ibiliko nuke, duda mendrenik gabe. 





2022-10-18

Kurrikulua idazten

Wislawa Szymborska poeta poloniarra lantzean behin agertu ohi da kaier digital honetan. Oraingoan ere bai, haren poema bat baliatu baitut Emakumezko Idazleen Egunaren kari bart egin errezitaldian, Iruñeko Civican-en ospatutakoan Nafar Ateneoaren ekimenez. 

KURRIKULUA IDAZTEN

Zer egin behar da?

Eskabide bat aurkeztu

eta kurrikulua erantsi.

 

Bizitza luzea izan ala ez,

kurrikulua laburra izan behar da.

 

Zehatza izatea eta datuak aukeratzea eskatzen da

paisaiak helbide bihurtzea

eta oroitzapen lausoak, data zehatzak.

 

Amodio guztien berri ematea ez, nahikoa ezkontidearena.

Seme-alabak: soilik jaio direnak.

 

Inportantea da nork ezagutzen zaituen, ez nor ezagutzen duzun

zuk.

Bidaiak, soilik atzerrira egindakoak.

Militantzia zertan bai, baina ez zergatik.

Dominak, merituak aipatu gabe.

 

Idatz ezazu zeuren buruarekin inoiz hitz egin izan

ez bazenu bezala

zu eta zeure buruaren artean beharrezko tartea utzi

izan bazenu bezala.

 

Utzi zuritan txakur, katu eta txoriak,

oroitzapenez betetako huskeriak, lagunak eta ametsak.

 

Prezioa garrantzitsua da, ez balioa.

Titulua interesekoa da, ez edukia.

Zapata-zenbakia, ez nora doan

nor suposatzen da zarena.


Erantsi argazkia belarria agerian utzita:

itxura kontuan hartzekoa da, ez belarriak entzuten duena.

Zer entzuten du?

Papera txikitzeko makinen zarata





2022-09-24

Non gogoa...

 


Non gogoa... argitaratu berri den komiki baten izena da. Pedro Osesek eta Javier Minak aspaldi-aspaldi idatzi eta marraztu zituzten istorio hauek, eta horietako baten bat Habeko Mik aldizkarian agitaratu zen; euskara ikasten ari nintzela ezagutu nituen istorio hauek... 

Nork esango zidan niri hogeita hamar urte igarota testu horietako batzuk eskuartean izanen nituela egokitu eta eguneratzeko... Beste istorio batzuk euskaratu ditut eta denak Non gogoa... izenarekin bildu dira. Iruñean, Katakrak-en, ostiralean aurkeztuko dute egileek eta salgai dago jada.          

2022-04-03

Hiru miru Saharara doaz

 

Hiru Miru ipuin ilustratua Denonartean argitaletxearen eskutik atera zen duela urte batzuk, eta orduan argitaletxe horretako Unai editoreak —eta hala ere lagunak— Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren liburutto atera berri bat eman zidan irakur nezan, Aho bete amets, ahozko haur poesiaren aldeko aldarri guztiz gomendagarri bat. 

Liburu labur baina ezin interesgarriago honen hasierak badakar nik hainbeste miresten dudan Eduardo Galeanoren pasarte bat: “Nazio batuen Erakundeak 1948an onarturiko eskubideen artean ez omen da ageri amets egiteko eskubidea, baina —Galeanok argi daukanez—, hargatik ez balitz, gainontzeko guztiak egarriz itoko lirateke.”

Orobat, Yolanda Arrieta idazle bizkaitarrak diosku amets hitzak hiru esanahi biltzen dituela bere baitan: bat, lotan gaudelarik bizi izandako gertaera-bizipen-esperientzia sentsoriala —amets egin dut—; bi, asmo edo ilusio batekin loturikoa —handia idazle izatearekin egiten dut amets—; hiru, desioa edo nahia —umea zoriontsu izatea da gure ametsa—.

Denonartean argitaletxeko editoreak Yolandaren liburua eman zidanean opari, Hiru Miru Sahararako bidean jarri zuela esan liteke. Zergatik ez jarri Hiru miru Sahararako bidean, beste hegazti baten laguntzarekin, Bubisher proiektuaren bidez? Hona hor, beraz, arabieraz eta gaztelaniaz jarri beharra.

Alde batetik,  Agoitzen bizi den Sidahmed Mohamed sahararrak egindako itzulpenari esker, arabieraz irakur dezaten hemen sortutako istorio bat, Bubisher proiektuari esker hango kabietara joan daitezen hegan Hiru Miru; bada gure modu xumea jakin dezaten ez ditugu atzentzen, ez atzo, ez gaur, ez bihar.

Beste aldetik gaztelaniaz, Koro Azkonak egindako itzulpena, hango bigarren hizkuntza ere badelako eta Espainiako Estatuak baduelako erantzukizun handia, saihestu ezinezko erantzukizuna, hango egoerarekin,



Lehen esan bezala, Yolanda Arrieta idazle bizkaitarrak diosku amets hitzak hiru esanahi biltzen dituela. Lehenik, nik ere amets egiten dut Saharako errefuxiatu kanpamentuetan bizi diren Balalekin, Jnatharekin, Mouludekin, Habdalarekin, bost urtez udako oporraldia gure etxean eman duen Galia neskatoaren familia osoarekin eta han egon nintzenean ezagutu nituen saharar guztiekin. Bigarrenik, nik Sahara libre izatearekin egiten dudalako amets. Hirugarrenik, munduan zehar barreiatuta dauden saharar guztiak Mendebaldeko Saharara, euren lurraldera itzuli ahal izatea nire nahia, nire desioa delako.

Udak gure etxean eman dituen Galia neskatila sahararra Oporraldia Bakean programari esker hartu genuen. Esperientzia zoragarria izan da eta, dudarik ez dut, askoz gehiago eman digu guk eman dioguna baino, askoz gehiago ekarri digu guk hara eramandakoa baino. Gure alaba sahararrak badaki bi familia dituela: berea, Aaiungo errefuxiatu kanpamentuko Dechera-n bizi dena; eta gurea, harena ere badena, Euskal Herrikoa, eta hemen ez du Jnatha, baina badu Maite; ez du Balal, baina ni nauka; ez du Moulud, baina badu Uxue; eta du Habdala, baina badu Unai.

Unai, seme nagusia, Hiru Miru ipuinaren protagonista da; irudietan agertzen dena Unai semea da, aurpegia —nahita— erakusten ez den arren. Istorio xaloa da, umeei eta gazteei begira idatzia, based in true facts edo benetako gertaeretan oinarritua, eta Hiru Miru du izenburua, baina bi agertzen dira azalean... Hirugarren mirua nor den asmatzeko, irakurri egin behar da.

Eduardo Galeanoren testu batekin hasi eta nik euskarara ekarritako beste batekin amaitu, sahararrei buruzko Hodeien seme-alabak testu ezagun bat: “Sahararrek euren buruari Hodeien seme-alabak deritze, beti euriari jarraitzen diotelako; euriari ez ezik, sahararrek justiziari ere jarraitzen diote: justizia, ura basamortuan bezain zaila aurkitzen”.


2022-01-16

Gustave Flaubert-en Bibliomania, euskaraz

 Azaroaren hasieran jaso nuen Gustave Flaubert-en Bibliomania izeneko liburutxoaren itzulpena zuzentzeko eskaera. Frantsesetik eta gaztelaniatik egindako itzulpena nork eta Fito Rodriguez lagunak egina izatea erabakigarria izan zen lana onartzeko tenorean.


Lehenagotik ere testu-zuzenketa dexente egitea egokitu zait, baina kasu honetan zuzenketa didaktikoa baino zuzenketa literarioa egin behar zen, eta zuzenketa literarioak eskatzen du, besteak beste, testua hobetzea egilearen estiloa errespetatuz. Orobat, idazle frantsesak hamalau urte zituela idatzitako testua da, gazte garaiko fruitua, beraz.


Flauberten liburu hau luzea ez izanik ere, liburuaren orrazketa egiteko epea ere ez zen sobera luzea, Durangoko Azokari begira liburua prest egon behar baitzen; haatik, testuaren orrazketa edo zuzenketa epe barruan egin nuen.


Ez dago, haatik, zuzenketa perfekturik, ez horixe; ez dago arantzarik gabeko arrosarik... Asko ikasi dut eta hurrengo batean oraingoan egindako hutsak berriz ez egitea espero dut. Nolanahi, azaroan ez aurrera ez atzera zegoen idazlan bat burutzea lortu da, eta irakurleak literatura unibertsalaren egile handi baten liburu laburra du irakurgai, euskaraz eta eskura.




2020-04-02

Rodolfo Walsh-en aipu bat

Koronabirusaren ondoriozko berrogeialdia, aspaldi erosita eta oraindik irakurri gabeko liburuei ekiteko denboraldi egokia. Horietako bat, Rodolfo Walsh argentinarraren Operación Masacre, iaz berrargitaratutako klasiko bat




"Intelektualaren esparrua, definizioz, kontzientzia da. Intelektual batek ez badu ulertzen zer gertatzen den bere garaian eta bere herrian, intelektual hori kontresan hutsa da -begien bistako kontraesana, kontraesan bizia-. Eta intelektual batek, ulertuta ere, ez badu deusik egiten, intelektual horrek ez du lantuaren antologian lekurik izanen, ezta bere herriaren historia bizian ere."

Rodolfo Walsh, 1968ko Maiatzaren Lehenean 

2020-03-20

Duintasuna, Koronabirusaren aurkako txertoa


Izua, izu-laborria zabaltzen ari da dendetan, geltokietan eta parkeetan. Autoak, aparkaturik; tabernak, itxirik. Alta, koronabirusak barreiatzen darrai. Ez Estatu Batuen eta Mexikoren arteko murruak, ez Ceutako eta Melillako hesiek, ez Zisjordaniako murruak, ez Mendebaldeko Sahara erdibitzen duen lotsaren murruak ez dute eragotzi birusaren hedapen azkarra. Segurtasun Kontseiluko nazio boteretsuenek soilik duten beto-eskubideak ere ezin izan dio aurre egin gaixotasun horri.

Planeta osoan zehar barreiatzen den birus berbera borrokatzen dute nazio txiroek. Dendak hutsik daude eta botika-dendetan, aho-maskarik ez; bitartean, Siriako errefuxiatuak truke-txanpon baten gisa baliatzen dituzte herrialde zenbaitetan. Goseak eta hotzak hilko ditu errefuxiatuak, euren patuaz inor arduratzen ez delarik.

Salba ditzagun enpresa txiki eta ertainak, indar dezagun oinarria eta eska dezagun kreditu-lerro bat familiei laguntzeko. Nago ez ote zaizkigun ahaztu Irak, Libia, Yemen eta Siria-ko gerlak. Gatazka hauetan zenbat hildako eragin dituzte armek, ni umea nintzela Mendebaldeko Saharako gatazkan ikusi nuen gisan.

Beto eskubidearen eta arma-salmenten nazio horiek beraiek dardarka daude koronabirusa dela kausa. Dabiden mendekua da, Goliat-en aurkakoa, Mediterraneoan errefuxiatuak hiltzen eta mugako patruilek ontzi hauskorrak bultzatzen dituztelarik

Gizateria gaixorik dago, gerla-errefuxiatuak hiltzen uzten diren unetik bertatik gaixorik, eta gaixotasun hori koronabirusa baino kutsakorragoa da.

Okindegiaren aurrean ilara osatzen dugu, elkarrengandik metro eta erdira gaudelarik ez kutsatzearren. Okinak dirua erabili ordez kreditu-txartela baliatzeko aholkatzen du, birusa diruaren bidez barreiatzen omen delako. Diru hitza entzunda, gogora datozkit Mendebaldeko Saharako Dajla hirian aitona zenak emandako pezetak, goxokiak erosteko ematen zizkidan pezeta zaharrak, zera erraten zidalarik: «Bertze umeei ere eman, bai? Ez itzak goxoki guztiak hik bakarrik jan!».

Kreditu-txartelak ez, baina gaixotasun larriko pertsonak hilko dira koronabirusa dela kausa.

Etxean eserita nagoela, edalontzi bat hartu eta limoi ura, oliba olioa eta ezti pixka bat isuri dut. Dokumental bat ikusten ari naiz, eta protagonistak tuaregak, Tenere basamortua zeharkatzen ari direnak. Aurpegia estalirik eta dromedarioak lagun, oinez doaz basamortuan zehar, Bilma oasi txikiraino artoa, artatxikia eta piper lehorra eramateko. Gero, datila eta gatza eramanen Agadez oasira.

Ibilaldi luzean zehar gidari bat dute, haizeak jotzen duenean hondar-aleak irakurtzen dakien gidaria. Bidea ezagutzen du, aitak eta aitonak ere lehenago egin zuten bide bera baita, eta karabana haren atzetik doa. Gidaria nagusia ere bada, eta ura zentzuz banatzeaz arduratzen da, eta ausart doa oinez, arrakastaren ala porrotaren menpe tuaregak —herri eta komunitate gisa— daudela jakitun. Oasiaren palmondoak urrundik antzematen dituela, taldetik baztertu, eskuak zeruari zabaldu eta bidaia luzea bukatzea eskertzen du.

Egun, arriskua irakurtzen eta beldurra uxatzen dakien norbaiten beharrean gaude, zeinak bide segurutik eramanen gaituen, Tenere basamortuko tuaregen gidariak egiten duen eran.

Onik irtengo gara, hitzaren jabe gara eta, idazketaren eta zenbakien jabe gara eta. Ez ditzagun errefuxiatuak ahantzi, gaixorik daudenak, agureak eta atsoak, etxerik gabekoak, eta ez dezagun ahantzi ospitaleetan apokalipsi unibertsal hau borrokatzen duten gizon-emakumeak Historia egiten ari direla.

Utzi diezaiogun hesiak eta murruak eraikitzeari, eta egin dezagun gerren, pobreziaren eta koronabirusaren aurkako txerto unibertsal bat. Ikas dezagun ongi lezioa. Izan dadila duintasuna gaixotasun honen aurkako txertoa.

Ali Salem Iselmu idazle sahararraren artikulua, euskarara ekarria.



2018-06-30

Aireportuan —Wislawa Szymborska-ren beste poema bat—



Elkarrengana doaz,
besoak zabalik,
iribarretsu, oihuka:
azkenean! azkenean!
Biek ala biek neguko arropa pisutsuekin,
kapela lodiak, bufandak, eskularruak, botak,
baina jadanik guretzat bakarrik.
Zeren eta besteentzat, biluzik.

2018-01-27

Juana de Ibarbourouren hitzak

Juana de Ibarbourou, Uruguaiko olerkari handi(en)a, behin baino geahiagotan agertu da blog honetan bertan. Bizitzaren gorabehera anitzek kolpatua, nondik ateratzen zuen Juanak indarrik bizitzaren gogorrari aurre egiteko? Juanaren bizitza, infernuaren pare izanagatik, egitasmoz eta ideia berriez hornitzen zuen. Brenda Varzi de López lagunari idatzi zion gutun batean hauxe esaten zuen:


"Ez dago ezer osasuntsuagorik, ezer bizigarriagorik, egitasmoak sortzea baino. Bestela, geldotasunaren herdoilak eta etsipenaren garraztasunak barrenak jaten eta usteltzen dizkizu. Itxuraz, ez bururik ez hankarik ez duen edozein egitasmo hobea da besoak antxumaturik egotearen zorigaitza baino."


Diego Fischer idazlearen Al encuentro de las Tres Marías - Juana de Ibarbourou más allá del mito liburutik ateratako paragrafo bat da, eta ederki laburbiltzen du, hitz ezin ederragoekin, buruan bueltaka zebilkidana


2017-12-13

Tximeletaren pisua


Erri de Lucaren Il peso della farfalla liburuttoaren euskarazko itzulpena zuzentzen hasi naiz abenduko goiz goibel honen hondarrean, eta hasi orduko ohartu naiz hau ez dela lan makala izanen. Zirriborroaren alboetan, paper zuriaren gainean gorri, barreiaturik agertzen dira  nire luma Jaguar gorriaz egindako zuzenketa markak. Ordenagailua piztu eta testu prozesadorea zabaldu dut. Saguak berez egin du bidea eta fitxategia irekitzeko botoiari sakatuta, Tximeletaren pisua 02.odt fitxategia aurkitu eta klik bikoitza eginda, begien aurrean zabaldu zait idazle italiarraren testua. 

Korritze barra mugitu dut eta lehenbiziko bost orrialdeak pasatzean II. txatala aurkitu dut. Atal hori bazkaldu aitzin zuzentzen badut, pozik eta uros. Napoliko idazle zoragarri horrek idatzitako istorioaren mamia ez dut lardaskatu nahi, baina laster ohartu naiz itzultzaileak egindako lehen zirriborro horretan badagoela zer-zuzendurik. Perpaus batzuk lokabeak dira, autonomo xamar. Lokailuak falta zitzaizkion, baina kontuz ibili behar da testuari zama gehiegi ez eranstearren, De Lucaren estiloa ez hondatzeko. Horretarako, puntuazioa baliatu dut lokailuen ordez, jatorrizko estiloari lotzeko asmoz.

Sintaxi eta joskera kontuek, ohi bezala, buruhauste handienak eman dizkidate, eta gero, zuzentzaile ortografikoak gorriz salatutako akats tipografikoak eta ortografikoak ebatzi ditut. Azken puntua jarrita, oraindik ez da ezer bukatu, akatsak ez baitira pantaillan ikusten. Ordubete eman dut bigarren atal hura, bakarrik atal hori, zuzentzen; bost orrialde horiek zortzi edo bederatzi orrialdeko atal bihurtuko dira liburu formatuan. Azken berrikusketa egin aitzin, atala osorik berriz irakurri aitzin, inprimatu egiten dut. Inprimatzeko botoiari emanda, eserlekutik jaiki eta, Samsung laser inprimagailuak orrialdeak ateratzen dituen bitartean, leihotik begira jarri naiz


Negu gorria
auto burrunba, urrun
berun hodeiak



Haikua orrialdearen izkina batean apuntatzen ari naiz nire Jaguar lumarekin, ahaztuko ez bazait, txuri gainean gorri. Haikuaren ondoan, txuri gainean beltz, Erri De Lucaren atala euskarara ekarria, berreraikia, artez eta moldez euskaratua, ederki atondua. Perpausak lotuta agertzen dira, elkarren jarrian, eta irakurlea eramanen dute erraz hirugarren ataleraino. Gorde honela botoiari sakatu eta atal zuzenduaren segurtasun kopia gorde egin dut USB batean, zer gerta ere. Bazkaltzeko ordua da.


2017-12-10

Traizioa, manipulazioa eta delitu gehiago egiteko deia


Traizioa

2016ko maiatzean, Baionako Euskal Museoan, Maiatz-ek antolatu literatur itzulpenari buruzko saio gogoangarri hartan, Jose Mari Sentorain leitzarrak testu bat irakurri zuen. Testu hori liburu zahar bateko aitzin-solasa da, Carlos García Gualen-en Antología de la poesía lírica griega liburuan agertzen dena, blog honetan jadanik jasoa. Nik Ryookan euskaratzen traizioa egin nuen lehenbizi; orain beste traizio bat aitortzera noa: Idea Vilariño euskaratzeko traizioa.


Manipulazioa

Euskal Herriko Unibertsitateko Manu López Gasenik idatzi zuenez, bada literatur itzulpenen munduan behar bezala ulertu ez den kontzeptu bat: manipulazioa. Kontzeptu honen jatorria 1985ean argitaratutako liburu batean aurki daiteke: The Manipulation of Literature. Liburu horretan, itzulpenen ikerkuntza sortu berrian ziharduten aditu batzuk jatorrizko testuaren eta xede testuaren arteko baliokidetasunaz mintzo ziren, itzulpen literarioak alderdi deskriptibotik aztertzeko helburuz. Bertatik atera daitekeen ondorioetako bat da itzulitako testuak neurriren batean aldatzen direla sorburu testutik xede testura, irakurlearen ustezko ulermen mailara egokitzeko, edo beste zernahirako, eta aldaketa horiei eman zieten izen probokatzaile samarra “manipulazioa” izan zen.


Honek ekartzen dit gogora Nafarroako Unibertsitate Publikoko Juankar Mugartza irakasle eta lagunak behin esan zidana: berari manipulatzailea deitzea laudorioa da, eta ez kritika txar bat, lausengu bat da, eta ez hitz gorri bat. Bide batez: Juankar lagunaren Arima animalia poema liburua Durangoko Azokan aurkeztu berri da egunotan, Maiatz-en eskutik.




Nik Idea Vilariñoren poemekin ere manipulazio-lan bat egin behar izan dut euskarara ekartzeko, batez ere Uruguaiko gaztelaniazko berezitasunak, hitzak eta esapideak, euskarara ekartzeko lan nekezan; hori izan da poemok euskaratzeko tenorean erronka nagusia enetzat, Idea Vilariñoren olerkien manipulazioa alegia. Maiatz aldizkarian dituzue Uruguaiko olerkari handi horren hogeita hamar olerki euskaraturik.





Delitu gehiago egiteko deia

Eduardo Gil Berak Friedrich Hölderlin-en Hyperion liburua euskaratu zuenean, aitzin-solasean, adierazten zuen "deusek ez zuela hainbat kalte egiten euskal irakurlearen arimarako nola poeta handi batzuen itzulpenen ausentziak". Idea Vilariño poeta handi horietako bat da. Gaztelaniatik euskarara ekarritako literatur lanak anitzak dira, baina gehien-gehienak Espainiako gaztelaniatik izan dira ekarriak, ozeanoz beste aldean dauden olerkari eta idazle asko ahaztuta.


Nik dakidala behintzat, Idea Vilariño izan da Uruguaiko lehen emakume olerkaria euskarara ekarria... baina hor daude zain, beste emakume poeta batzuk, Uruguain bertan, Delmira Agustini eta Juana de Ibarbourou, edota Idearen garaikideak ziren Ida Vitale edota Amanda Berenguer... Eta gizonezkoen artean, nik maite dudan Liber Falco euskarara ekartzeko inor animatuko al da?


2017-06-09

Gerrak ez du emakume-aurpegirik

Iragan den ostiralean, Liburu Feriaren abaroan, Gerraren kontrako hitzak izeneko ekimen egin genuen Iruñeko Gaztelu plazan. Urterik urte erroturik dagoen ekimen xumea da, eta behin baino gehiagotan blog honetan bertan agertu da horren berri.

Aurten nik prestaturiko testua itzulpen bat da, aspaldi gaztelanaiz irakurri nuen La guerra no tiene rostro de mujer liburutik ateratako pasarte labur bat. Svetlana Aleksievitxi duela bi urte Nobel saria eman ziotenez geroztik, haren libururak hasi ziren itzultzen, eta nik liburu hori irakurri nuenean pentsatu nuen pena zela euskaraz ez izatea, eta horregatik itzuli nuen zatiño ba, María Afanásievna Garachuk soldadu errusiarrari dagokion zatia:

Gerra hasi zenean, medikuntza fakultatean bukatu berria nintzen. Sorterrira itzuli nintzen aita gaixorik zegoelako. Eta bat-batean, berria aditu genuen. Gerra! Gogoratzen dut goiz-goizean zela berria jaso genuelarik. Goizeko ihintza artean han zen berria iragarrri zutenean: gerla! Ihintz hori, belarrean, zuhaitzetan ikusi zuen ihintz hori, gerora ere gogoratzen nuen anitzetan, frontean nengoela. Gizakioi gertatzen zitzaiguna, natura, arras diferentea zen. Eguzkia, distiratsu... bitxiloreak, nire lore maiteenak, eder-ederrak, milioika pentzeetan.


Gogoratzen dut gari-soro batean ezkutatu ginen egun bat, eguzki beteko egun bat. Alemaniarren metrailetak esnatu ziren: ta-ta-ta-ta-ta, eta gero, deus ere, isiltasuna. Gariaren xulurla baino ez zen aditzen... Eta zerpentsaturik ematen zidan: adituko al dut inoiz berriro ere gariaren xuxurla?”



Liburuak gerrara joan ziren emakume sobietarren istorioak biltzen ditu. Kontakizun gordinak, hunkigarriak.... gerra emakumeen begietatik ikusia, gutxitan bezala.

Gauzak zer diren, Gerrak ez du emakume aurpegirik liburua euskaraz atera berri da Iker Sancho Insausti lazkaotarrak euskaratua. Liburua, esan gabe doa, erosi egin dut berriz irakurtzeko... eta, aitor dezadan, jakiteko nola itzuli zuen Iker Sancho gazteak zati hori... Jakin-minik duenak jo beza 64. eta 65. orrialdeetara,  Interesik duenarentzat, oso ederki labubiltzen ditu itzultzaileak liburuaren nondik-norakoak bideo honetan.




2016-12-12

Azukre-poltsa batek gogora ekarria




Etxean gordeta neukan azukre-poltsa batek gogora ekarri dit iazko martxoan Portugalen emandako oporraldia. Fernando Pessoa berrirakurtzea aitzakiatzat hartuta, oporraldi labur baina ederra eman genuen, batez ere, Portugalgo hiriburuan, eta blog honetan bertan horren arrasto txiki bat utzi nuen, Infernuak izeneko testua.

Gaurko kafeak, Prousten madalenak nola, oroitzapen eder askoak berpiztu ditu ene gogoan, besteak beste  Lisboako A Brasileira ostatu mitikoan hartutako kafea, Fernando Pessoaren ondo-ondoan eserita; eta hor, A Brasileira-ren kanpoko aldean, kafe goxo bat hartzen nuelarik, haren Poemak pluralean euskaraz irakurtzeko profitatu nuen,..



 O poeta é um fingidor.
Finge tão completamente
Que chega a fingir que é dor
A dor que deveras sente.

Poeta itxuratzaile bat da
Hainbeste itxura egiten du
ezen mina duen itxura ere egiten du,
benetan sentitzen duen mina