skip to main |
skip to sidebar
Duintasuna, Koronabirusaren aurkako txertoa
Izua,
izu-laborria zabaltzen ari da dendetan, geltokietan eta parkeetan.
Autoak, aparkaturik; tabernak, itxirik. Alta, koronabirusak
barreiatzen darrai. Ez Estatu Batuen eta Mexikoren arteko murruak, ez
Ceutako eta Melillako hesiek, ez Zisjordaniako murruak, ez
Mendebaldeko Sahara erdibitzen duen lotsaren murruak ez dute eragotzi
birusaren hedapen azkarra. Segurtasun Kontseiluko nazio boteretsuenek
soilik duten beto-eskubideak ere ezin izan dio aurre egin gaixotasun
horri.
Planeta
osoan zehar barreiatzen den birus berbera borrokatzen dute nazio
txiroek. Dendak hutsik daude eta botika-dendetan, aho-maskarik ez;
bitartean, Siriako errefuxiatuak truke-txanpon baten gisa baliatzen
dituzte herrialde zenbaitetan. Goseak eta hotzak hilko ditu
errefuxiatuak, euren patuaz inor arduratzen ez delarik.
Salba
ditzagun enpresa txiki eta ertainak, indar dezagun oinarria eta eska
dezagun kreditu-lerro bat familiei laguntzeko. Nago ez ote zaizkigun
ahaztu Irak, Libia, Yemen eta Siria-ko gerlak. Gatazka hauetan zenbat
hildako eragin dituzte armek, ni umea nintzela Mendebaldeko Saharako
gatazkan ikusi nuen gisan.
Beto
eskubidearen eta arma-salmenten nazio horiek beraiek dardarka daude
koronabirusa dela kausa. Dabiden mendekua da, Goliat-en aurkakoa,
Mediterraneoan errefuxiatuak hiltzen eta mugako patruilek ontzi
hauskorrak bultzatzen dituztelarik
Gizateria
gaixorik dago, gerla-errefuxiatuak hiltzen uzten diren unetik
bertatik gaixorik, eta gaixotasun hori koronabirusa baino
kutsakorragoa da.
Okindegiaren
aurrean ilara osatzen dugu, elkarrengandik metro eta erdira
gaudelarik ez kutsatzearren. Okinak dirua erabili ordez
kreditu-txartela baliatzeko aholkatzen du, birusa diruaren bidez
barreiatzen omen delako. Diru hitza entzunda, gogora datozkit
Mendebaldeko Saharako Dajla hirian aitona zenak emandako pezetak,
goxokiak erosteko ematen zizkidan pezeta zaharrak, zera erraten
zidalarik: «Bertze umeei ere eman, bai? Ez itzak goxoki guztiak hik
bakarrik jan!».
Kreditu-txartelak
ez, baina gaixotasun larriko pertsonak hilko dira koronabirusa dela
kausa.
Etxean
eserita nagoela, edalontzi bat hartu eta limoi ura, oliba olioa eta
ezti pixka bat isuri dut. Dokumental bat ikusten ari naiz, eta
protagonistak tuaregak, Tenere basamortua zeharkatzen ari direnak.
Aurpegia estalirik eta dromedarioak lagun, oinez doaz basamortuan
zehar, Bilma oasi txikiraino artoa, artatxikia eta piper lehorra
eramateko. Gero, datila eta gatza eramanen Agadez oasira.
Ibilaldi
luzean zehar gidari bat dute, haizeak jotzen duenean hondar-aleak
irakurtzen dakien gidaria. Bidea ezagutzen du, aitak eta aitonak ere
lehenago egin zuten bide bera baita, eta karabana haren atzetik doa.
Gidaria nagusia ere bada, eta ura zentzuz banatzeaz arduratzen da,
eta ausart doa oinez, arrakastaren ala porrotaren menpe tuaregak
—herri eta komunitate gisa— daudela jakitun. Oasiaren palmondoak
urrundik antzematen dituela, taldetik baztertu, eskuak zeruari
zabaldu eta bidaia luzea bukatzea eskertzen du.
Egun,
arriskua irakurtzen eta beldurra uxatzen dakien norbaiten beharrean
gaude, zeinak bide segurutik eramanen gaituen, Tenere basamortuko
tuaregen gidariak egiten duen eran.
Onik
irtengo gara, hitzaren jabe gara eta, idazketaren eta zenbakien jabe
gara eta. Ez ditzagun errefuxiatuak ahantzi, gaixorik daudenak,
agureak eta atsoak, etxerik gabekoak, eta ez dezagun ahantzi
ospitaleetan apokalipsi unibertsal hau borrokatzen duten
gizon-emakumeak Historia egiten ari direla.
Utzi
diezaiogun hesiak eta murruak eraikitzeari, eta egin dezagun gerren,
pobreziaren eta koronabirusaren aurkako txerto unibertsal bat. Ikas
dezagun ongi lezioa. Izan dadila duintasuna gaixotasun honen aurkako
txertoa.
Ali Salem Iselmu idazle sahararraren artikulua, euskarara ekarria.
No comments:
Post a Comment