2011-12-30

2012: zabaldu urtea euskarari


Ni euskaraz idazten ari naiz. Zu euskaraz irakurtzen ari zara. Hura euskara ikasten ari da... baina euskaltegian izena emateko epea igarota, bere kasa ikasteko metodo bat ekarri dio Olentzerok: Arian du izena metodoak eta Elkar-en eskutik atera da. Metodo honek ikasleentzako liburua, lan koadernoa eta CDa dauzka, eta laster merkaturatuko dituzte falta diren beste material osagarriak: bertsio digitala eta irakurgaiak.

Arian metodoaren emaitzak ikusteko irrikan nago, eta ez dakit Arian honek gaindituko duen euskara ikasteko Bakarka metodo mitikoa. Nolanahi, ene ustez, metodo hauek guztiak euskara ikasteko osagarri baizik ezin daitezke izan. Nork bere kasa hizkuntza bat ikasteko, ezinbestekoa da sekulako engaiamendua izatea, oso serio hartzea, eta egunero-egunero tarte bat gordetzea ikasteko.

Euskaltegira joateko denborarik ez duten horiek, Arian metodoa erosita, benetan arituko dira ari eta ari, arian ari ikasten egunero-egunero? Batzuk bai, agian, baina nago batek baino gehiagok ez duela laugarren ataletik aitzina eginen, ez baita aski lehen edo bigarren atalak ikastearekin: sekulako konpromisoa eskatzen dute metodo hauek guztiak. Neronek alemana ikasteko ahaleginak egin nituen horrelako metodo batekin... eta gaur egun hitz batzuk baino ez dakizkit alemanez, hasieran aurreikusten nuen mailatik oso-oso urruti.

Gainera, oraingoz, Arian metodoaren lehen maila baino ez dute, A1 mailari dagokiona, euskara ikasten hutsetik hasi nahi dutenentzat alegia; urtero beste maila bat kaleratzeko asmoa dute, hurrenez hurren, A2, B1, B2, eta C1 mailari —EGAren baliokideari— dagokiona.

Ez nuke inor zapuztu nahi: lerrook irakurtzen ari den inork Arian metodoa eros badu, animo! Euskaldunon eginbeharra da euskara ikasten ari denari laguntzea eta animoak ematea. Hortaz Arian ari... euskara ikasi?  

2012...  Zabaldu urtea euskarari!

2011-12-23

Agosti Xaho eta Euskal Pizkundea mintzaldia



Agosti Xaho eta Euskal Pizkundea” mintzaldia eginen da Berriozarren hilaren 27an.

Agosti Xaho, aitzindari bakartia liburua izanen dugu solasgai egilearekin, Xabier Zabaltza Perez-Nievasekin.

Aurten berrehun urte bete dira Xaho jaio zenetik eta urtean zehar hainbat ekitaldi egin dira haren izena eta izana hobeki ezagutzeko, besteak beste, Donostian EIEren eskutik egin  jardunaldia edota  Xabier Zabaltzaren beraren liburuaren aurkezpena Hendaian.

Xahoren omenez egin diren ekitaldien zerrenda osatzeko, Zorroka euskara taldeak antolatua den jarduera hau abenduaren 27an eginen da,  asteartean, 7etan, Berriozarko Kulturgunean.

2011-12-21

25 urte igarota ere


Abenduaren 13a Iruñeko Alde Zaharrean. Asteburua zen, eta ezohiko eguraldi goxoak epeltzen zuen gauerdi pasatu berria. Poteatzen ibiltzeko giro aproposa, eta bitartean, Iberdrolaren egoitzatik gertu, gizon batek eskuartean zeraman lehergailuak eztanda egin zuen behar baino lehen: une horretan bertan hil zen 34 urteko gizasemea, Iruñearen bihotzean, Orreaga etorbidean bertan, Germán Rodríguez zortzi urte lehenago polizia batek hil zuen lekutik hurbil.

Alde Zaharrera albiste tragikoa heldu bezain laster, San Ignazio kaletik hurbildu nintzen Orreaga etorbiderantz. Polizia nazionalak, marroiz jantzitako polizia nazional haiek ikustean, pozik zeudela ematen zuen. Gau horretan berriz ere inoiz usaindu ez dudan kiratsa nabaritu nuen, oraindik gogoan gorderik dudana. Marroiz jantzitako polizia batek joateko agindu zidan, baina orduan heldu zen emakume hura, Sarasate pasealekuan bizi den familia ezagun bateko kidea berau: emakumea bertaratu, poliziarekin hitz egin, eta pozez algaraka hasi zen oihuka, gorpuzkin barreiaturik eta gorpua artean bero zela. Esan zituenak ez ditut gogoratu nahi, baina iltzatuta gelditu zitzaidan gogoan sentitu nuen emakume harenganako nazka, gorrototik harago doan higuina. Polizia nazionalaren irriak emakumearen oihuekin batera hedatu ziren airera.

Laster ikasi nuen hildakoak Juan Carlos Gallardo zuela izena eta Berriozarren bizi zela. Gau hori oso luzea izan zen. Lau lagun atxilotu zituzten; horietako bat, Berriozarko lagun bat, torturatu eta gero handik egun batzuetara aske utzi zuten Gallardoren pisukidea. 
 
Juan Carlos Gallardok Iraultza taldeko kide bat zen, erakunde armatu iraultzaile bateko kidea eta, aldi berean, EMK-ko kidea. Iraultzaren ekintza armatuak lehergailu bidezkoak izan ziren, batez ere langile gatazkekin zerikusia zuten eraikinak eta Estatuaren eraikinak erasotuz, eta baita interes inperialisten aurka. Bizia gizarte kapitalista eraldatzearen alde eman duten guztiek ez al dute merezi gogoratzea, 25 urte igarota ere? Isiltasun batzuk izugarri adierazgarriak dira.

Juan Carlos Gallardok eman zuen bizia oraindik pairatzen ari garen gizarte kapitalista irauli nahian: hori horrela, ez al du lekurik gure Herriaren historia idazteko orduan? Ahanztura selektiboak ez du laguntzen historia osatzen eta ahanzturaren zaku beltzetik atera behar dugu kapitalismoaren kontrako borrokan bizia eman zuten guztien errelatua, errelatu historikoa hainbestetan aipatzen den garai honetan. Gatazkaren biktima guzti-guztiak bilduko dituen eta denon artean jaso behar duen Euskal Memoria osatzeke dago. Ala Gallardoren heriotzaz barre egin zuten miserable horiek kontatzen digutena sinetsiko dugu?

2011-12-09

Durangoko Azokan, Gerezi Garaiko Haikuak mintzagai

Atzo, Durangoko Azokan, Gerezi Garaiko Haikuak liburuaz solasladi-elkarrizketa egin zen Ahotsenean.  Edorta Jimenez idazle handiaren galderak erantzuten aritu nintzen Maite Ramos irudigilearen laguntzarekin.



Estetika japoniarra labur liteke hitz baten: aware. Baina zer da aware? Euskaraz, Ibon Uribarri itzultzaileak Senez aldizkarian argitu zuen bezala, "tristura nostalgikoa, etsipen onartua, mira" dateke; edo J.M. Bermejok berrargitaratu duen Instantes liburuan esaten duen legez, portugaldarren saudade horren antzekoa dateke.

Motori Norinaga-ri zor diogu momo no aware esapidea, eta aware horren ikur izan dira poesian gerezi loreak, hain dira hauskor, arin, iheskor, eder...

Atzoko elkarrizketan garatzeko betarik izan ez nuen kontua.

Eta zor txiki hau kitaturik, burura datorkit duela hiru mendeko haikugile baten poema txiki bat, Senseki-ren haiku bat:

Banoa jada:
ilargi hotz, oskarbi;
bihotz garbia.

2011-11-30

Smok Wawelski, Poloniako elezahar bat


Badut lagun bat Poloniara joanen dena zubi foralean. A ze inbidia! Sanoa, baina inbidia, azken finean...

Lagun hori Krakoviara joatekoa denez, Krakoviako elezahar bat kontatu diot, Smok Wawelski, Jak  to zen Smokiem Wawelskim bylo. Wincenty Kadlubek-en kroniketan agertzen den elezahar hau XII edo XIII. mendeetakoa omen da. Halaxe dio elezaharrak.




Aspaldi-aspaldian, Poloniako baso ederren artean eta Vistula ibaiaren ondoan, Krakus izeneko errege bat bizi zen. Gaztelu batean bizi zen, Wawel izeneko muino batean. Vistula ibaian gora eta behera merkatariak ibiltzen ziren eta, horri esker, gero eta jende gehiago joan zen bizitzera inguru horretara. Baina gizakiak ez ezik, beste izaki bat ere heldu zen zorigaiztoko egun batean: dragoi bat.
Dragoi anker horrek Wawel muinoko beheko aldean dagoen leize-zulo bat aurkitu zuen eta leize zulo hori hartu zuen bizileku. Aldian behin, dragoi ankerra leize zulotik atera, ahotik sua botatzen hasi eta dena suntsitzen zuen gupida gabe. Orduan, Krakus erregeak bere zaldun prestuenak bidali zituen dragoia hiltzera, baina bat ere ez zen bizirik itzuli. Dragoi maltzurra ateratzen zen hilabetean behin eta den-dena suntsitzen hasten zen. Batez ere, neskatila gazteak zituen gustuko jateko eta neska gazte bat jan orduko leizera itzultzen zela ohartu ziren herrian. Hori horrela, leize zuloaren ahoan neskatila gazte bat jartzea erabaki zen hilero-hilero, dragoia hori jan eta herria suntsi ez zezan. Eta hala izan zen. Dragoia hilabetean behin ateratzen zen leize zulotik eta neskatila gazte bat jaten zuen aldiro.


Gauzak horrela, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri, dragoiak herriko neskatila gazteak, banan banan jan zituen harik eta bakarrik neskatila bat bizirik gelditu arte, erregearen alaba, Wanda. Etsi-etsi eginda, erregeak ez zekien zer egin eta orduan iragarki bat plazaratu zuen: inork dragoia hiltzen bazuen, Wanda alabarekin ezkondu eta ondasun handiak jasoko zituela.
 
Herrian bazen zapatari bat, Skuba Dratewka, oso azkarra zena. Erregearengana jo zuen zapatari gazteak eta Krakus erregeari esan zion erronka onartzen zuela. Baina zer egin zezakeen zapatari gazte batek, zaldun prestuenek kale egin zuten dragoiaren aurrean? 
   
Esaera zaharrak dioenez, asko balio du indarrak, baina gehiago buru azkarrak.

Zapatari gazteak bildots bat hartu zuen, sufrez bete eta dragoiaren leize zuloaren ahoan utzi zuen. Dragoia atera zenean, neskatila gazte baten ordez bildots xamur bat ikusi eta -grausk- irentsi egin zuen. Orduan hasi zen nabaritzen egarria, sekulako egarria, sabela erretzen zion egarri izugarria. Egarria apaltzeko Vistula ibaira jo eta ura edaten hasi zen. Edan eta edan eta edan aritu zen, baina ez zegoen modurik egarria apaltzeko. Vistula ibiaren erdia edan zuen eta, halere, ez zuen egarria kendu, eta edaten jarraitu zuen harik eta sabela – danba- lehertu egin zitzaion. Eta hala hil zen dragoi gaiztoa.

Kronikek diotenez, Skuba Dratewka zapataria Wandarekin ezkondu zen, eta Krakus erregeak Wawel muinoaren inguruan hiri bat sortu zuen: Krakovia.

Harrezkero pozik bizi izan ziren. Haiek pozik bizi baziren, gu ere pozik bizi gaitezen.


2011-11-23

Hauteskunde orokorren kronika ttipia


Bat, bi eta hiru eserleku nahi zuen lortu Yolanda Barcinak UPN-PP koalizioarentzat, baina azkenik, gaur arratsaldean bertan berretsia, bi baizik ez; halaber, Barcinak nahi zuen PSNk bi ateratzea, baina azkenez, bat baizik ez. Bana lortu dute Amaiurrek eta baita, Geroa Bai-k ere... Nafarroa Garaian sekula ez dira lortu bi ordezkari abertzale bidaltzea Madrilera. Ez da kontu makala!
Horregatik Yolanda, esanak esan, ez dago oso pozik: UPN-PP koalizioan joanik ere, 7000 boto galdu duelako Nafarroan; poz maltzurrik ez hauteskunde gaueko irudietan... Horrelako gauetan, telebistako bolumena jaitsi, eta aurpegiaren hizkuntzari erreparatzeko gomendioa egiten dut nik. Politikariek esaten dituzten hitzak aldez aurretik prestaturiko eta esku-liburuetatik ateratako hitzak izaten dira. Aldiz, aurpegiek hitzek baino askoz gehiago komunikatzen dute horrelakoetan. Yolandaren aurpegiari begira, Okzitaniako Tolosan jasotako hiru tartakadez gain, hauteskunde gauean beste bi tartakada jaso berri zuela zirudien.
Hauteskundeak direla-eta, Berriozar, halere, beti berexi: PSNren hondamendi iragarria gorabehera, Berriozarren zerrenda bozkatuena izan da, 1639tik 1042ra jaitsita ere. Estatu mailako hauteskunde izanik eta PPren gehiengoa aurreikusita egonik ere, Berriozarren 85 boto gehiago baizik ez du lortu eskuin-koalizioak. Amaiurrek 843 boto lortu ditu; eta Geroa Bai-k horren erdia, 418. Amaitzeko, Izquierda-Ezkerrak, 348.




Baten bati irabazi diot garagardo bat egin genuen porra dela medio...
Dena dela, hauteskundeak pasatu eta biharamunean, Volswagenek Landabenen daukan lantegiko 700 laguni ez zaiela kontratua berrituko iragarri da, eta Barcinak hori gertatuko zela ederki zekien leehnagotik. Baina iragan den astean lantegira eginiko bisita batean konbentzitu omen zuen zuzendaritzak albistea txarraren iragarpena atzera zezan, gutxienez hauteskundeak iragan arte atzera zezan... Eta Volkswageneko zuzendaritzak, batere disimulurik egin gabe, hauteskundeen biharamunean, to eta no, 700 lagun, kalera... Eta burura datorkit galdera bat... 700 lagun horietako askok ez al zioten botoa emanen Barcinari berari?



2011-11-17

Hausnarketa Egunerako gonbita

Hauteskunde Egunaren bezpera Hausnarketa  Eguna da, erabat irrigarria den kontu bat, betiko alderdi politikoek berdin-berdin jarraitzen dutelako agertzen beraiek kontrolatzen dituzten komunikabideetan.

Etxean, hausnarketan, nor bere baitan bildua egon beharrean —ziur bainaiz horixe egitea zenuela pentsatua—, nik proposatzen dizut bertso bazkari batera etortzea Berriozarrera, Zulo Alai elkartera.

Bazkari legea egin eta gero, segur naiz hausnarketarako aukerarik izanen duzula Xabier Terreros-en eta Julio Soto-ren eskutik —edo ahotik—.







Berriozarren, euskaraz bizi gara (batzuk bederen)

2011-11-01

Geure lurrean, atzerritar


Lagun bat daukat, Nafarroa Beherean sortua eta Hegoaldera bizitzera etorria. Lagun euskaldun honek hemen bizi eta lan egiten du. Bo, hobeki erranik, lan egiten zuen, krisia dela kausa langabezian gelditu berri baita.

Langabezian gelditu denez gero, Nafarroako Enpleguaren Zerbitzura jo du. Zorionez, afixak-eta euskaraz ere badaude bulegoan, eta orduan ez du arazorik izan langabetu berrien ilara aurkitzeko. Gainera, zortea izan du, leihatilan zegoen administraria euskalduna baitzen. Administrariak egin beharreko prozedura azaldu dio, euskaraz, txukun. Baina lagun baxenafarraren datuak betetzeko orduan, ustekabea: lagun baxenafarrari ez dagokio inprimaki hori betetzea, bertze bat baizik, atzerritarra delako, “frantsesa” alegia. Hori guztia esaten ari zaiona, gainera, euskalduna ere bada, euskaraz ari zaio mintzatzen, biziki larriturik. Lagun baxenafarrak beste inprimaki bat bete behar izan du, “atzerritarrentzako” dokumentu bat.

Gertaera bitxia izateaz landa, lagun horren egoera eskizofrenikoa da, eta errealitate gordinaren adierazgarri ere bada: euskaldunok geure lurrean, arrotz, geure lurrean atzerritar.

2012ko ekainaren 16an Iruñean eginen den martxa nazionala iragartzeko prentsaurrekoan, Patxi Abasokok, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko eledunak, argi esan zuen: duela bost mendeko gertakizunak urruneko kontuak direla pentsa liteke, baina konkistaren ondorioak oraindik ari gara pairatzen. Adibidez, mugaz bestaldeko nafarrak atzerritartzat hartzea Nafarroan bertan.



Manex Erdozainzi-Etxart olerkari baxenafarrak idatzitako Nafarroari poema irekian irakurtzen ahal da: 

Gure etsaiak  
Gure kanpoko etsaiak
Espainol eta Frantsesak
Gure Herri barruko etsaiak 
Espainol eta Frantsesen 
Morroi esku-makilak 
Gure Herri hau 
Madarikatu zutenak 
Gure kanpo-barneko etsaiak 
Gure etsai izaten 
Iraunen dute zerbait gisaz : 
Portaera hau 
Salatu behar dugu 
Urbi et Orbi !


Duela 500 urteko Albako dukearen tropek, odol eta gar, Nafarroa Garaia konkistatu zuten. 500 urte igaro eta gero, nafar batzuk atzerritartzat hartzen dituzte Iruñean, frantsesek alde honetako nafarrok atzerritartzat hartzen gaituzten bezalatsu Donibane Garazin. Eta oraingo Albako dukesa agertzen zaigu telebistan, guri begira ezkontzen ari delarik irribarretsu. Guri egiten digu irri, ez dezagun ahantzi.

2011-10-27

Barcinari, opari goxoa

Okzitaniako Tolosan gertatu da gaur arratsaldean. Abiadura Handiko Trenaren aurkako Mugitu izeneko taldekideek ekintza ikusgarria egin dute. Nafarroako Parlamentuan, BILDUkoek izan ezik, berehala arbuiatu dute "erasoa".  Bitxia da ikustea klase politikoa zeinen azkar ateratzen den erantzuten jendeari azaltzeko zer pentsatu behar duen horrelakoetan.

Alta, niri guztiz deitoragarria eta arbuiagarria iruditzen zait Yolanda Barcina andereak oraindik itzuli ez izana gainsaritan patrikaratutako 140.000 euro horiek.


Orobat, guztiz deitoragarria eta arbuiagarria gaur eguerdian foruzainek eta polizia espainolek oldartzea ikasle gazteen aurka: aspaldiko partez, pilotakadak eta beldurra nagusi Iruñeko Alde Zaharrean... Eta 16 urteko gazte bat atxilotua. Baina poliziena ez omen da "biolentzia". 

Baina telebistan Patxi Lopezek ez al du esaten biolentziaren garaia bukatu dela?



2011-10-06

Xahoren itzala


Hilaren 10ean Agosti Xaho sortu zeneko berrehun urte beteko dira. Bigarren mendeurrena parada ezin ederragoa dugu Atharratzen sortutako Xahoren izana eta izena plazaratzeko eta ezagutarazteko.

EIEren eskutik, atzo eta herenegun bi eguneko jardunaldia egin zen Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean

Fermin Arkotxa, Patri Urkizu eta EIEko lehendakari Ander Iturriotzekin



Iñaki Egañak, 2010eko maiatzaren 9an, BERRIAren gehigarri batean argitaratutako artikulua ekarri nahi dut gogora. BERRIAren igandeko gehigarrian argitaraturiko artikuluak “Ameslariak” zuen izenburua eta bertan gaur hona ekarri gaituen Agosti Xaho aipatzen zen, Xaho ameslaria. Erromantizismoaren garaian ingelesek Lord Byron zuten; Italiarrek, Giuseppe Garibaldi; uruguaiarrek, José Artigas. Alta, estaturik gabeko populua da gurea eta, horregatik, gure Xahok ez du jaso ez Byronek, ez Garibaldik, ez Artigasek jaso duten oihartzuna. Herriaren ametsak, boteretsuen amesgaiztoak. 

Karl Marxek Manifest der Kommunistischen Partei liburu mugarrian aldarrikatzen zuen: “Mamu bat dabil Europan barrena... komunismoaren mamua”. Hori izan zen 1848an. Urte horretan beran, Europako herririk zaharrenean, Xahok aldarrikatzen zuen: “Gora Euskal Errepublika!” Ameslari, bidegile eta, batez ere, aitzindaria: Koldo Izagirrek Autopsiarako frogak liburuan kontatzen duenez, Xahok eta Abadiak “Zazpiak uskal Herrietako Euskalduner” eskaini zieten beren gramatika... 1836an!

Zertaz eta nortaz ari garen ikusteko eta hobeki ikasteko bi egunotan adituak izan ditugu mintzalari, nik baino askoz gehiago dakitenak: Fermin Arkotxa baxenafarra; Patri Urkizu gipuzkoarra, Fermintxo Sanchez Agurrruza nafarra, Kepa Altonaga bizkaitarra...

Xahoren bizitzaz, eta Xahoren obraz mintzatzeko izan dira, hurrenez hurren: Fermin Arkotxa baigorriarra, Xahori buruzko tesia egiten ari dena eta Claude Larronde-ren hitzetan “Munduan Agosti Xaho hobekien ezagutzen duen pertsona”; eta Patri Urkizu, Agosti Chahoren bizitza eta idazlanak liburuari esker, 1991n, Euskaltzaindiaren Mikel Zarate saria lortu zuena, eta Agosti Chahoren kantutegia izeneko liburua argitaratu zuena, Susaren eskutik duela bortz urte. 

Atzo mahai-inguru interesgarria izan dugu, EHUko irakasle eta idazle den Kepa Altonagaren gidaritzapean: Xaho XXI. Mendean izenburukoa, Fermin Arkotxarekin eta Fermintxo Sánchez Agurruzarekin. Eta, last but not least, Aitor Txarterinak sortutako kamishibai bat, Xahoren Aitorren elezaharrean oinarritua, jardunaldia biribiltzeko.

Bi egun, aski trinkoak,  baina zinez interesgarriak, Xahoren itzala argitzen laguntzeko. Zorionez ez da izan eta ez da izanen Xahoren inguruan antolaturiko bakarra: Hendaiako Abadia gazteluan Xabier Zabaltzaren eskutik, Xahoren biografia euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, Bidegileak bildumaren barruan aterea. Bertzalde, heldu den larunbatean, Eusko Ikaskuntzak Baionako Euskal Museoan bertze jardunaldi bat eginen du. Izan bitez ekimen guztiak ongi etorriak, Xahoren itzala luzatzeko balioko badute.

2011-10-05

Azeri nobleaz



Azeri noblea eleberriaz mintzatu naiz Berriozar Irratian gaur, Berrion magazinean eskaintzen den Literatur Txokoa tartean.
 
Onintza, protagonista, bere bidearen bila dabil bizitzan, eta lagun batekin batera artzain zahar batengana joanak, hortzak eta kakagura tarteko, agure bitxiak “txori ona”, zoriona, erakusten die. Bi animalia agertzen dira Onintzaren bizitzan: arranoa eta azeria; Agustin, unibertsitario sendokote bat, batetik; eta Iker, txikitako amodio galdua, bestetik. Zein da arranoa? Zein, azeria? Hor dago gakoa.

Fernando Morillok ongi garatu du horrela planteatutako istorio hori, eta gazte hizkera sinesgarria garatu du, hitano erregistro ezberdinak eta hitz gorri sinesgarriak baliatu dituelarik. Noizbait sartu badu ere neskato baten ahotan oso sinesgarria ez litzatekeen zerbait, trikimailu bat erabilita ederki sartzen du: “Ba al dakizu nola esango lukeen gure amamak? Zama bat nahi ez mandoari, bi zama”
Hizkuntza zaindu du, beraz, lantzean behin gaitza izanik ere sinestea pertsonaia berak bi esaldiok esan ditzakeenik:

Alde batetik, “Tira, hasteko, zuk ez pentsatu horrek zer nahiko duen. Ispiluari begira eta zuzenean galdetu zure islari”. Bestetik, “Nola jaten da hori?”. 

Halere, arin eta azkar irakurtzen den nobela lortu du, eta, ustez aske gelditutako hari zenbait, ederki txirikordatzen ditu azken ataletan: horra hor, adibidez, agurearen agertze berantiarra nobela bukatzeko gutxi falta delarik, eskumuturrekoarena…

Idazle ofizioa ederki ikasi du eta garapen narratiboan asmatu du oso luzea zatekeen pasadizoa, bi mutilen arteko lehia piraguetan, a posteriori kontatuta. Hartara, nobela ez da astuna egiten. Egin duen bukaera erdi-ireki horrekin ere asmatuko duelakoan nago; happy end erraz batek hondatuko zukeen nobela, ene irudikoz.

Labur esanda. Ongi biribildutako lana, 15-16 urteko neskentzat oso aproposa. Ongi funtzionatuko duen ala ez? “Patuak eta gogoak esango din.”  

2011-09-23

Derryko lagunaren mezua

Derryko lagun irlandar baten mezua jaso dut. «Bateragune auziaren» epai bidegabearen oihartzuna Irlandaraino heldu da. Arnaldo Otegiri eta Rafa Riezi hamarna urte; Arkaitz Rodriguezi, Miren Zabaletari eta Sonia Jacintori, «bakarrik» zortzina. Bakarrik? Erraz da esaten.

Lagun irlandarra suminduta zegoen, amorratuta, eta kontatu dit Liverpoolen futbol partida bat ikusi behar zuela telebistan, eta partida hastear zela, ohi den bezala, You'll never walk alone kanta entzun zuela.


Abestia aditu ahala, Derryko lagunari gogoa joan zitzaion Arnaldo Otegi dagoen Espainiako espetxeraino. Eta abesti horren indarra Arnaldori eta beste lagunei helarazi nahi ziela aitortu zidan Derrytik Espainiako espetxeetaraino:

Ekaitzaren barna zoaztela
Ez burua makurtu
Eta ez izan iluntasunaren beldur
Ekaitzaren ostean dator zeru urdina
Eta hegatxabal baten zilarrezko kantu goxoa.
Segi aurrera, haizea gorabehera, segi aurrera, euria gorabehera,
Nahiz eta zuen ametsak zapuztu.
Segi aurrera, segi aurrera, itxaropena bihotzean,
Zeren sekula ez zarete bakarrik ibiliko.
Sekula ez, sekula ez zarete bakarrik ibiliko.
Segi aurrera, segi aurrera, itxaropena bihotzean,
zeren sekula ez zarete bakarrik ibiliko,
Sekula ez, sekula ez zarete bakarrik ibiliko, Arnaldo, Rafa, Arkaitz, Miren eta Sonia.

Eta abestia bukatutakoan, Basque friends gogoan eta begiak malkotan zituela aitortu dit Derryko lagunak, amorrazioaren malko garratzak masailetatik beheti.

Baina Irlandan ederki dakite gaurko malkoak biharko irriaren atarikoak direla. Bobby Sandsek ederki adierazi zuen: «Gure mendekua gure seme-alaben irria izanen da». Atzo Irish Republican Army-ko komandante zena, Derryko Martin McGuinness, gaur egun Irlandako presindentegai dugu. Derryko nire lagunak ez daki, baina iragan den larunbateko manifestazioan jendetzak «Otegi lehendakari» oihukatzen zuen.

Lagun irlandarraren mezua horrela bukatzen zen: A chara, tiocfaidh ár lá. -Kamarada, gure eguna helduko da-. Otegik berak ere argi adierazi zuen epaiketaren bukaera-bukaeran: «Inork ez dezala utz abiaturiko bide hau, irabaztera goaz eta. Irribarre egin dezazuela da eskatzen dizuedana, irabazi egingo dugulako».

2011-09-22

"Autokarabana" eleberria Berriozarko Irakurle Klubean

Nik ez daukat karabanarik, baina sarritan, ipuin honetako protagonistek bezala, ingurukoez nazkaturik amaitzen dut, eta eguneroko gauzez asper-asper eginda, eta horrelakoetan nik ere ospa egiten dut. Baina nik ez dut karabana hartuta ospa egiten, nik arkatza hartzen dut, eta orri zuriak itsaso eta zeru zabal bihurtzen zaizkit, mendi edo bailara, herrixka edo hiri, nik nahi dudana. Edonora narama irudimenak, eta gasolina baino askoz ere merkeagoa da; doan da, aizue! Txikitan ere halaxe gertatzen zitzaidan, eta nire liburuak eta koadernoak edozein bazterretan egindako marrazkiz beteta egoten ziren. Eta horrelaxe jarraitzea pentsatzen dut, irudimenaren gasolina amaitzen zaidan arte...


Fermin Etxegoienen Autokarabana liburua mintzagai hilaren 28an, asteazkenean,  7,30etan, Berriozarko liburutegian.

2011-08-27

Bide ertzean


Uda honetan bete dira 75 urte militar espainolak matxinatu zirenetik legezko errepublikaren aurka. Uda hartan ere busti ziren soroak, bide ertzeak eta bazterrak, odolez busti baina. Haatik, frankisten ondorengoek ez dute damurik erakutsi beharrik, antza, ezta barkamenik eskatzeko asmo zipitzik ere.

Bide Ertzean taldeak kantatzen duen gisara, “Nafarroako galsoroetan, ozen mintzo da isiltasuna”, gure etxetik egunero ikus dezakegun Ezkabaren inguruko isiltasun ozena bezain zalapartatsua. “Saminak ez du atseden hartzen, desagertuen etxean bederen. Non ote dira jakin nahi nuke, oroimenaren krabelin gorriak. Non ote diren jakin nahi nuke. Gure hilotzek lur gainean, erein zuten libertatea.”

Laster izanen dira Berriozarko jaiak eta Bide Ertzean taldea etortzekoa da jaietako azken egunean...

Ezkaba mendiak badu gorderik, oraindik ere, hainbat gorri hilotz eta hainbat hilotz gorri, Olentzeroren etxolatik gertu, hor nonbait... Biolentzia eta biktima hitzak higatu dituzten horiek datozela pala bana eskuan hartuta botilen hilerriko indusketetan laguntzera. Eta biktima guztiak -baina guzti-guztiak-aintzat hartuta, betor udaberria, bai, irailean izanik ere!


2011-07-31

Barregarriak

Duela urte anitz, Goardia Zibilaren kontrol batean gertatutako pasadizo bat kontatzera noa. Berriozarko lagun batzuk zihoazen autoa geldiarazi zuen Goardia Zibilak. Duela urte asko izan zela adierazteko, bakarrik zehaztuko dut autoaren atzeko aldean pegatina bat zegoela: “Zain dezagun Belagua / Salvemos Belagua” pegatina beltza-txuri-berde mitikoa: duela hogeita hamar urte? Kontuak kontu, egun hartan, Berriozarko lagunen autoa bazterrean aparkatuarazi eta goitik behera miatu omen zuten trikorniodunek. Ez zieten ezer susmagarririk aurkitu eta, jeep-eko goardia zibilek joaten utzi zieten Berriozarko lagunei. Baina goardia zibil batek, gustura gelditu ez, eta hauxe esan zien: "Se pongan como se pongan, Belagua va a seguir preso". Irakurleak imagina dezakeenez, sekulako barreak egin zituzten lagun horiek... autoan abiatu eta gero, zeren gauza jakina da, goardia zibilak ez dira ezagunak euren umore finagatik. Barregarri geratu zen goardia hura.

Duela pare bat urte beste pasadizo hau gertatu zitzaigun. Presoen aldeko ostiraleroko kale-agerraldian berrogeita hamar lagun inguru bildu ohi gara Berriozarren eta ostiral horretan, herriko preso baten urtebetetzearen karietara, tortilla-pintxoak, ogia, ardoa eta txorizoa zeuden mahaitxo tolesgarri batean. Presoen senideak, amak, amonak, lagunak, umeak, lagun koadrilak... tortilla noiz ebakiko zain. Pankartaz bestaldean, Guardia Zibilaren patrol bat kale-agerraldiaren hasiera-hasieratik, eta berehala bigarren patrol bat heldu zen. Bigarren honetatik jaitsi zen “mandoa”; agindu bat emanda, azkar hurbildu ari zitzaizkigula ikusi genuen, adarra jotzeko asmoz zetorrela ikusi ere. Txapelokerraren uniforme berdeko besaburuan piperpoto txikia izugarri nabarmentzen zen. Mandoak txostenean jarriko lukeen modura, “realizando un movimiento envolvente, se procedió a rodear a los allí congregados”. Los allí congregados, guk alegia, ez genekien zeren edo noren bila zetozen, eta begira gelditu gintzaizkien. Berehala ikusi genuen nola “realizando una rápida maniobra, procediéndose a la verificación del diverso material que pudiese ser constitutivo de delito” Eta aurkitu zuten bilatzen zuten aitzakia, adarra jotzeko aitzakia: mahaitxo tolesgarrira hurbildu, ogia mozteko labanari begira gelditu eta Guardia Zibileko mandoak hauxe gaztigatu zigun: “Ese cuchillo no está permitido” Ogia mozteko labana zerradunari begira gelditu ginen denok. Absurdoa, patetikoa, barregarria zen. “Pues ya cortaremos el pan con la mano” erantzun zion andre batek. “Mandoa” bera irrigarri gelditzen ari zela oharturik, atzera egin eta joan zen, beste guardia zibil batzuek atzetik jarraitzen ziotelarik. Denon begiradek ere sentituko zuten iltzaturik balen kontrako txalekoan eta txapela berde okertuan. Ogia mozteko 8,5 zentimetroko xafla duen labana kamutsa han utzi zigun... kamutsa, bai, zeren tortilla zatikatzeko baliatu genuen eta ez zegoen oso zorrotz, ez horixe! Ez dakit txostenik eginen zuen mandoak ekintza loriatsu horren inguruan, baina irrigarri gelditu zen: gure lepotik egin nahi zuten irri eta haiek beraiek geratu ziren barregarri. Iluntze hartan, tortilla osoa jan genuen; goxo-goxo zegoen. Hori eta gure seme-alaben irriak izan ziren gure mendeku txikiak.

Uda honetan Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kontura gari-gari-Garitano izeneko kanta sortu dute sasi-kazetari espainol batzuek, Martin Garitano iraindu edota bere lepotik barre egiteko asmoz. Aitzitik, Euskalerrian buelta eman zaio, eta orain ere espainolak gelditu dira barregarri. Espainolek harrokeria dute galbide.

Istorio barregarri anitz eta askotarikoak ditugu Euskalerrian kontagai, baina oraindik kalera ateratzeko garaia da, atzo bertan uztailaren 30ean hamaika lagun presoen eskubideen alde atera ziren bezala eta irailaren 17an aterako garen bezala. Jarrai dezagun bidea egiten, egindako bideaz harro, harrokeriarik gabe eta irribarrea galdu gabe.

2011-07-18

Udan irakurtzeko ipuin bat: Herr Zett

Flash back eginda, koka dezagun geure burua Erdi Aroa eta Berpizkundearen arteko muga lausoan. Egin dezagun beraz, denboraren koordenadan zehar bidaia bat, eta geldi gaitezen XVI. edo XVII. mendeetako urte zehatz batean, 1599an, kasurako. Denboraren koordenada emana dugu: X = 1599.

Lekuaren koordenada, Y alegia, Europaren erdialdea da, baina irakurlea asetzeko zedarritu dezagun, aukera dezagun, ausaz, Europa zaharra zeharkatzen duen ibai urdin bat, eta hauta dezagun ibai urdinetan urdinena, Urdin ibai, Danubio ibaia bera, eta jarrai diezaiogun ur arrasto urdinari arrasto berezi bat topatu arte, seinale bat, bidaiari orok bidean gelditzeko behar duen seinalea. Hortxe dugu seinale bat: karrak! -belearen karranka-. XVI. mende bukaerako bidaiariak badaki bele baten karranka patu txarreko seinalea dela, eta Danubio urdinaren alde bietan eraiki den Rabensburg-en, Beleen Hiria-n, behar dela gelditu. Horixe dugu Y lekuaren koordenada, honezkero ebatzita: Y = Rabensburg.

X eta Y ezezagunak ezagun bihurtuak, entzuleak pentsa lezake narrazio honek bereak egin duela... baina entzulea oker legoke. Denboraren eta lekuaren koordenada zehatz horietan aurkitzen baitugu gure narrazio honetako protagonista. Protagonista ez da karranka ari zen adur txarreko bele beltza, ezta ekuazio matematikoetara emana bizi zen jenio txarreko matematikaria. Xumeagoa da gure protagonista. Rabensburg-eko hiritar bat, Friedrich Schwarz izenez, zapatagile izatez. Hortxe dugu Friedrich zapatagilea, Rabensburg-eko azoka handian, zapatak egiten kaleko bere saltokian.

Rabensburg-eko azoka handian, Babaria osoko produktuak daude salgai; Danubio urdina dugu produktuen, pertsonen, ideien eta albisteen garraio bidea. Lanean ari delarik, gure protagonista -dei diezaiogun ponte izenaz-, Friedrich, kantuan ari da, lanaren aringarri. Danubio urdinari esker, Friedrich zapatagileak Babaria osoko bezeroak izaten ditu. Begira iezaiozu, irakurle, irudika ezazu Friedrich Schwarz ile beltza urdintzen hasia baina sasoiko, begi nabarrak ingude txiki beltzean finkaturik, taun-taun larruari zapata itxura eman, eta josteko. Irudika ezazu larruzko mandarra jantzita, eta ingude txikiaren aurrean agondua emandako urteen ondorioz, konkortzen hasia. Mailu txikiaren hotsak bizitasuna ematen dio kale osoari. Mailuaren hotsak bezeroak erakartzen ditu, gero eta bezero gehiago. Friedrich Schwarz pozik eta bozkariotan dago, horren alai ezen mailuaren hotsak lagunduta kantu-kantari ari baita. Burura etorri zaion lehenbiziko kanta hasi da ozenki errezitatzen, mailuaren kinki-kankarekin bat eginda.

Friedrich Schwarz zapatagilea da, ez kantari fina, ordea. Kanta hori abesten baino kanta lardaskatzen ari da. Bezero askorik ez du erakarri kantuarekin, baina bai, aldiz, zaldun bat. Honaino heldu bazara, irakurle, azken ahalegina eskatzera natorkizu: irudika ezazu, arren, zaldun bat, dotore askoa, belearenak bezain beltzak diren begiekin zapatagile kantariari begira.

Ezezaguna ezagutzeko irratia entzuten duzunez, entzule, aitortzera noakizu, maleruski, ez dugula zaldunaren izenik ezagutzen, eta jadanik X eta Y ezezagunak erabili ditugunez, orain Z baliatu eta zetaz jantzitako zaldunari Herr Zett deituko diogu, Zeta jauna, alegia. Herr Zett-ek mailuaren hotsekin nahastutako kanta ezagutu du, eta zalditik azkar jaitsi, ezpata artoski zorrotik atera, eta dzirt-dzart Friedrich Schwarz zapatagile on baina kantari eskasaren saltokia puskatzen hasi da. Herr Zett-en ezpata zorrotzak larru berriak ditu tarratatu, oihal finak urratu, zapata ederrak hondatu.

Friedrich Schwarz zapatagileak, harri eta zur, soilik etsipenak eman dezakeen kemen apurrarekin galdetu dio:

- Baina zergatik hondatu du berorrek nire lana?

Zaldunak ezpata zorroan sartu du, zaldi gainera igo eta, erdeinuz begiratuta, hauxe erantzun dio:

- Hik nire abestia, nire sortze-lana, hondatzeko eskubidea hartu baduk, nik ere badiat hire lana hondatzeko eskubide osoa.

Eta Herr Zett zaldun kantugilea joan zen.

Hor hasi omen zen jabego intelektualaren aldarria, narrazio honetan ebatzitako X, Y eta Z koordenada horietan.

Diotenez, Rabensburg-eko Friedrich Schwarz zapatagileak jarraitu omen zuen zapata ederrak egiten eta josten. Izan ere, XVII. mendearen hasieran idatzitako Die Bayern Zeitgeschichte kronika liburuan agertzen da “Herr F. Schwarz” izeneko burges baten aipamena, Danubio aldeko zapata saltzaile gisa; bera izan omen zen "zapata-zoletan Schwarz izeneko marka" jartzen lehena. Kronika liburu horretan ez dago informazio gehiagorik, eta ez da aipatzen kantatzeko zaletasunik gorde zuen edo ez.

Herr Zett zaldun kantagileari dagokionez, ezezaguna: ez Die Bayern Zeitgeschichte liburuan, ez Entziklopedian... ezta Google-n ere.

Egia da, baina, kultura ulertzeko modu burgesa eta sormenaren arteko lehia garai horretan ere hasi zela. Harrezkero, ez dugu izan bakerik. Mamu berriak sortu ziren: jabego intelektualaren orpotik plagioaren mamua sortu zen. Hartara, XVIII. mendeaz geroztik bekatuetan bekatuena plagiatzea izan da, eta lapurretaren sinonimo bilakatu da, Plagiatzea bekatu bihurtu zeneko kondaira honetan biltzen den gisara.

2011-06-24

Montevideo, Derry, Iruñea

Montevideon Daniel Vidart antropologo uruguaiarra ezagutu nuen. Euskal jatorrizko bere abizenaz harro, hauxe diosku: “nostalgia hitzak —grekoz, nostos, itzulera; álgos, mina— itzultzeko irrika, desira mingarria, azaltzen du.” (Los Fugitivos de la Historia. Ediciones de la Banda Oriental, Montevideo, 2009)


Nostalgia hitzarekin batera, herrimin hitza dugu euskaldunok, berez, hagitz adierazgarria. Euskal Herritik at gaudelarik, gurea ez den Herri batean atzerrian gaude; beste herri batean, erbestean. Atzerrira joanda preso politiko bat bisitatzera, eta bisita beste Herri batean eginda, laguna, anai-arreba, osaba-izeba, seme-alaba edota gurasoa kartzelan utzita, Euskal Herrirako bidea hartzen dugu sentsazio nahasi batekin: alde batetik, herrimina, Euskal Herrira ahalik eta lasterren itzuli nahi dugulako; bestetik, nostalgia, laguna, anai-arreba, osaba-izena, gurasoa edo dena-delakoa, jakin badakigulako Espainiako, Portugalgo edo Frantziako kartzela urrun batean utzita, itzuli beharko dugula berriz ere dispertsio politikari esker. Nostalgia, itzultzeko desira mingarria, mingarria baita itzuli behar izatea atzerrira gogoz kontra.


Derryn Tony Gillespie apaiz irlandarra ezagutu nuen. Duela gutxi izan da Iruñean, Bloody Sunday ekimena dela eta. Galdetu zidan Derryn aspaldi egondako preso nafar bati buruz, eta kontatu nion ia-ia hogei urte daramatzala kartzelan, eta orain Iruñetik ia-ia mila kilometrora dagoela, herritik at, atzerrian, Puerto IIn —irakur bedi puertodosen—; kontatu nion ze trabak jartzen zizkioten alabarekin euskaraz komunikatzeko, eta beste hainbat kontu. Lagun irlandarrak argi esan zuen hitz bakar batean: “Hori amorala da”.


Kartzela politika mendekatzaileak ez du ezer onik ekarri, eta kartzela politika giltzarrietako bat da gatazka gainditzeko, are garbiago orain: borroka armatuaren aitzakiarik gabe, guztion elkartasunarekin eta engaiamenduarekin bidea egiten ahal dugu.


Montevideon eta Derryn badute presoen egoera larriaren berri. Uztailaren 3an dugu hitzordua, Iruñean, eguerdiko 12etan Golen zinemetatik abiatuko den manifestazioan: euskal presoak Euskal Herria ekartzeko bidea egin dezagun, entzun nahi ez dutenek ere entzun bezate, egun batean nostalgia eta herrimina iraganeko kontuak izan daitezen.

2011-06-21

Karramarroaz

Ikasturtea amaitzear eta irakaskuntzaren munduan ibiltzen garenok jakin nahi genuke nor izanen den Hezkuntza kontseilaria.

Kontseilariak badatoz eta kontseilariak badoaz. Batzuek beste batzuek baino eragin handiagoa izan dute. Oroitzen al zara Markotegi eta Arellanoren garaiez? Ziur baietz. Baina, nor oroitzen da orain Jesús Laguna kontseilariaz? Eta Luis Campoy kontseilari tuterarraz? Gero, Perez Nievas etorri zen, baina dimisioa eman zioten duela bi urte, UPN-k eginiko jokaldi politikoaren ondorioz CDNren izarra betiko itzaltzearren. Orduan Miguel Sanzek esan zion Alberto Catalani Hezkuntza kontseilaritza ere hartzeko. Azken bi urteotan Alberto Catalan esanekoa izan da Hezkuntza kontseilaria, UPNzen zuzendaritzako kidea izateaz gain eta Gobernuaren eleduna ere izateaz gain.

Hauteskundeak eta gero, argi zegoen Catalanek ez zuela jarraituko kontseilari. Haren ordez nor, baina? Antza, Nafarroako Unibertsitate Publikoan erretore izandako Pérez Prados jauna izanen omen da kontseilari berria, Barcinak horretarako erakarri zuen-eta UPNren zerrendetara. Irakaskuntzan urte batzuk daramatzagunok badakigu kontseilari berri bakoitzak egitasmo berriak ekartzen dituela; berri zaharrak, akaso.

Goitik” etortzen zaizkigun hitz handiko eta xede handiagoko egitasmo horien mendean bizi gara irakasleok. Bat-batean etortzen diren ekaitz horiek kezkaturik eta durduzaturik uzten gaituzte, trumoi ozen eta oinaztargi azkarrak itsuturik. Hezkuntza politikaz arduratzen diren horiek, batzuek ume bat eskolan inoiz ikusi ez duten horiek, den-dena egiteko agindu eta epe estuak ezartzen dizkigute: Santo Domingo aldapatik agindu, eta lubakietako irakasleek aginduak bete ditzatela, eta, ahal bada, atzoko. Nornahi izan delarik ere, kontseilari guztiek nahi izan dute euren arrastoa utzi hezkuntza munduan, euren inpronta.

Orain euskaltzale izateagatik nabarmentzen ez den Perez Prados izan daiteke kontseilari berria, UPN eta PSNren koalizio gobernuari esker –uler bedi ironia-; Yolandaren eta Robertoren arteko feeling-ari esker.
Niri Roberto Jimenezek gogora ekartzen dit Alemaniako sozialdemokraziaren burua zen August Bebel. Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren ibilaldi herratikoa zen, eta Alemaniako eskuinaren txaloak hartzera ohituta zegoen August Bebel. Orduan parlamentari ezkertiar batek galdetu omen zion: “Zertan ari zara, Bebel? Burgesiak txalotzen badizu…” Seinale txarra!

Ez gaitezen harritu, beraz, karramarroa deitzen diotenean Roberto Jimenezi. Zergatik deitzen diote Pitillasekoari karramarroa? Politika kontuetan beti atzeraka, atzeraka, atzeraka ibiltzen delako, karramarroaren gisara.

Profita dezagun oporraldia atseden hartzeko eta indarrak biltzeko, lagunok, irailean beharko ditugu eta.


2011-06-08

Hisako Matsubara-ren "Samurai" liburuaz


Hisako Matsubara idazle japoniarraren Samurai eleberria izan dugu solasgai Iruñeko Yamaguchi liburutegian. Jatorriz alemanez idatzia, japoniar batek idatzia izanik ere, Japoniatik Ameriketara lan bila joandako gazte baten familia sorterrian geldituta, ohikoa ez den ikuspuntu bat erakusten digu.

Erdaraz irakurri dudan azken liburu eder hau irakurtzeko gomendatzen dizuet. Irakur gosea pizteko edo, pasarte txiki bat baino ez, euskaratua.


Nik ere esamesa horiek aditu ditut –esan zuen halako batean amultsuki–, baina ez diet garrantzirik ematen. Heldutasunak indarrak ematen dizkit bizitzaren kontraesanak gainditzeko, zuzen-zuzenean esku hartu gabe. Horrela nagusitzen da egia eta neure iritzia osatzen dut.

2011-06-04

Nik den-dena sinesten dut

Atzo Gerraren aurkako hitzak ekimena ospatu zen Iruñean, Hipokresia Infinituak antolatua. Bederatzigarren urtez, eta Iruñeko Gazteku Plazako liburu feriaren abaroan, gerraren aurkako hitzak jaso eta plazaratu ziren.

Aurten Jesus Lizano poeta akrataren olerki bat euskaratu eta irakurri nuen: Nik den-dena sinesten dut.

Nik den-dena sinesten dut

sortzez gizon ona naizelako.
hori nire aita zela
-zeinek daki
zein zen bere aita-,
hau nire laguna dela
-eta nor zen bere laguna
ama neure ama zela
semea neure semea dela
-zeinek daki-.

Nik sinesten dut, sinetsi egiten dut;
nire eginbeharra ari naizela betetzen
alferrikaltzen dudanean
nire astia, nire pentsaera,
nire zentzumenak
den-denok mendera gaitzan
indarrean dagoen aginteak
- zeinek daki
zeinek jarri zuen indarrean-
nire amak torturatzen ninduela
nire onerako; nire onerako
hilko naizela, madarikatu halakoak!
Hau agintari bat dela
hori gotzaina dela
-zer da gotzain bat-

Nik sinesten dut, sinetsi egiten dut,
irensten dut
elikadura bolo osoa.
Lege oro txalotzen dut,
mito oro sinesten dut
kakaz beterik nagoela;
eta besteak, garbirik.
Agindu oro sinesten dut

zentzugabekeria oro,
historia osoa sinesten dut
-historia, hiltzaileena-

Oi, egia! Egia, zer zinen
eta non zauden!

Nik sinesten dut, sinetsi egiten dut;
esadazue zernahi
grekoz, ingelesez,
turkieraz, hindiz.
Betetzen dut eginkizun nagusia
sortzez gizon ona den ororena
munstro gisa honetan:
neure burua engainatzea.



2011-05-23

Hauteskundeak Berriozarren: kronika ttipia


Ez al dugu Berrriozarren bozkarioz egoteko motiborik?

CDNko Santos Munarriz-en izarra betiko itzali da; egia da, halere, hemendik aurrera udal bilkurak ez direla lehen bezain dibertigarriak izanen bera gabe.

Estreinakoz dugu Berriozarren PP, eta PPko Pepe -el hijo la Blasa- zinegotzi ikustea ere dibertigarria izan daiteke.

PPk UPNri kendutako botoekin Moises Ayerra zinegotzi akta jaso ezinik geldituko da: ez ahantzi UPNtik PPra joan zela; gero, PPtik Nieves Cipres-en alderdira, eta gero, atzera UPNra; bidaia luzea ezer ez lortzeko...

PSOEk inoizko emaitzarik txarrenak eskuratu ditu Berriozarko bere feudoan; ulertzekoa da, beraz, euren urduritasuna eta jenio txarra boto zenbaketa egunean, baina horrek ez du justifikatzen behar den bezala egoten ez jakitea.

Izan ere, horra hor EZKERRA: ez du erdietsi espero bezainbeste, baina ez du espektakulo negargarririk eman.

Horiek horrela, noiz izan dugu Berriozarren gehiengo abertzale garbia?
Jakina denez, NABAI 2011k 4 zinegotzi eta BILDUk 3 erdietsi du.

13 zinegotzietarik, noiz izan dugu 7 abertzale, argi eta garbi? Ezberdintasunak ezberdintasun, zein bere ildotik, hortxe dugu gehiengo osoa, lotzen gaituena bereizten gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

2011-05-18

Nire ahalegin ororen saria, gure Aberria Espainiatik aske ikustea



Gaur, maiatzaren 18a, berrehun urte betetzen dira Uruguaiko Las piedras herrian, Espainiarrek jasan zutenetik lehen porrot militarra Ameriketan. Espainiako Inperioaren hondamendiaren hasiera baino ez zen izan, baina ordura arte garaiezintzat hartzen zen armada espainola menderatu zuten: Montevideotik gertu dagoen Las Piedras herrian José Posadas espainola garaitu zuten José Gervasio Artigas-en indar iraultzaileek.

Maiatzaren 18an, bi armaden arteko bataila goizeko 11etan hasi zen. Artigas-ek lortu zuen mila laguneko gudaroste bat osatzea, baina Posadas kapitainak 1.230 soldadu zeukan agindupean; gainera, soldadu espainolak profesionalak ziren, eta garai hartako kanoi eta fusilik modernoenez horniturik zeuden. Artigasen jarraitzaileak, aldiz, landa gizonez eta desertorez osatua zegoen. Artigasek indarrak banatu zituen hiru zutabetan espainolak inguratzeko. Kanoiak erpinetan jarrita, Espainiako Erret Koroaren armadak hiruki bat osatu zuen; halere, Artigasek inguratu eta espainolek amore eman behar izan zuten arratseko 5etan. Espainiako Erret Koroaren tropak azpiratuta eta José Posadas gatibu hartuta, José Gervasio Artigasek esan zituen hitz ospetsuok: “Senda itzazue zaurituak eta erruki zaitezte garaituez”.

Uruguaiko heroi nazionalaren hitzak ikasten dira oraindik ozeanoz beste aldeko eskoletan. Uruguaiko hainbat eta hainbat herritako erdiguneetan ikus daitezke On José Artigas-en estatuak; goiko argazkikoa, Pando herriko plazakoa dugu. Artigas, Herri Askeen Babeslea, argi eta ozen mintzo zen: "Ni ez nago salgai, eta nire ahalegin ororen saria gure Aberria Espainiatik aske ikustea izanen da”. Esan zezakeen ozenago, nekez garbiago.

Horregatik ez da kasualitatea izan diasporako euskaldunek ospatu izana aurtengo Aberri Eguna, Montevideon, aurresku bat dantzatuz Artigasen zaldizko eskulturaren begiradapean; Nafarroaren bandera gorria, Independentistak sarearen berdea eta Ikurriña zuri-gorri-berdea, Independentzia plazan. Zaldizko eskulturatik, On José Artigasen esaldi ospetsuenaren oihartzuna aditu zitekeen. “Besteengandik ez, geuregandik baizik ezin dugu ezer espero”. Indarrak bildu eta aldaketak eragiteko tenorea heldu da.

Iraganari begira, bai, baina etorkizuna eraikitzeko. Egia da, gaur egun, Euskal Herria burujabe izatearen alde gaudenok ez dugula zertan oinarritu gure aldarrikapena soilik historian eta arrazoi historikoetan. Baina historian gertatu eta ezkutatu dizkigutenak ongi ezagutzeak lagunduko digu etorkizuna hobeki eraikitzen.

Garai berriak Euskal Herrian. Garai berriotan kemena eta adorea beharko dugu aitzina egiteko. Horregatik ez dago sobera, amaitzeko, Artigasen beste esaldi bat lerrootara ekartzea: “Gogoan izan zoriontasunaren sekretua askatasunean dagoela eta askatasunaren sekretua kuraian datzala."



2011-05-02

Hizkuntza eta Literatura X. jardunaldian, hitzaldia


Iruñeko Irakasle Laguntza Zentroan, Hizkuntza eta Literatura X. jardunaldiak. Iruñeko ILZk urtero antolatu ohi du horrelako jardunaldi bat, eta blogak ditugu aurten ardatz. Jardunaldien lehenbiziko egunean hitzaldi bat eman dut, haikuak eta blogak uztarturik.

2011-04-14

Gerezi garaiku haikuak liburuaren auzkezpena


Haikuak euskaraz. Ez da lehenbiziko aldia. Badira Ni baino lehenago haikuak euskaraz idatzi dutenak: Juan Kruz Igerabide izan dugu, dudarik gabe, erreferentzia. Maiatz argitaletxeak berak atera zuen duela urte zenbait François Aillet-en Haiku kaiku izeneko liburua. Senez aldizkarian Ibon Uribarrik eman zigun opari duela pare bat urte lau maisu klasikoren haiku zenbaiten itzulpena, Baxô-ren, Buson-en, Issa-ren eta Xiki-ren haiku zenbait, biziki interesgarria den artikulu batean. Azken hilabeteotan, Karlos Linazasororen Hamazazpikotan liburua atera da, Elkar-en eskutik; eta Josetxo Azkonaren Ni ez naiz Fujin izan, Pamielaren eskutik. Haikuak eta euskaraz. Zergatik ez?

Haiku batean sentsazioak biltzen dira, zazpi bider bost bidez zazpi silabatako artefaktu poetiko batean. Hamazazpi silabatako haiku batean ezer ez da sobera, luzamendurik eta estruktura bihurririk onartzen ez duen olerki mota bat. Haikuak iradokitzaileak dira, kontatu baino gehiago iradoki egiten baitute. Joan Mari Irigoienek dioenez, poesian hitzak sukarriak direla; haikuetan sukarri horiek sortzen duten txinparta unean unekoa da, ez da iraunkorra… Baxô-k zien bezala, “une jakin eta leku batean gertatzen ari dena” da haikua. Naturarekin estuki lotutako poesia da, naturatik edaten duena.

Ni haikuak itzultzen hasi nintzen, besteak beste Ryokaan-en 99 haiku ospetsuak euskaratu nituen, eta Reiko Furunori, nire lagun japoniar bati, erakusten nizkion. Harik eta, egun batean, Reikok jauzia emateko eta euskaraz sortzeko akuilatu ninduen arte. Akuilu horren emaitza da eskuartean dugun liburua. Liburuko haikuak lau denboratan daude sailkatuta, lau urtarotan, Japoniako haijin batzuek egin ohi duten gisara. Izan ere, liburuaren egituratzeko eredutzat hartu dut Issa Kobayashi-ren Berrogeitamar haiku izeneko liburua.

Izenburua, bestalde, ez da ausaz hautatua izan. Japoniako literaturan hamaika erreferentzia daude gereziekin, gerezi-lorekin eta gezeziondoekin loturik; eta, bestaldetik Euskal literaturaren Gerezi denbora nobelara garamatza, Inazio Mujika Iraolaren eleberri horretara. Gerezi denbora, itxaropen denbora, hala izaki oraingoa garaia Euskal Herrian.

Iragan den larunbatean, Lucien Etxezaharretak Berrian idatzitako Bizitza korrikan izeneko artikuluan aipatzen zuen: “Aita Santi Onaindiaren Mila euskal olerki eder obraren haritik: mila gara, eta askoz gehiago, eta guk ere munduari apaindura zenbait gure hizkuntzarekin eskaintzen diogula!” Nire xumean hori bera egin nahi izan dut Gerazi garaiko haikuak liburu honekin. Lortu dudanentz, irakurleak erranen du.

2011-04-01

Somerset Maugham Berriozarko Irakurle Klubean

Euskaraz sortutako liburua bat eta euskarara ekarritako beste bat tartekatzeko irizpideari jarraiki, hurrengo liburua itzulpen bat da, Xabier Olarrak egina.

Willian Somerset Maugham idazlearen Sei Istorio izeneko liburua izanen dugu mintzagai hurrengo tertulian. Sei istorio izeneko liburuaz mintzatzeko hitzordua finkatuta dago jada: maiatzaren 11n, 19:30ean, ohi den gisara, Berriozarko liburutegian.

Aste Santuan tartea delarik, ez biltzea apirilean deliberatu dugu; denbora dexente dago, beraz, liburu honetako sei ipuinak patxadaz irakurtzeko maiatzaren 11ra bitarte luze honetan.

Gogoratu Irakurle Kluba zabalik dagoela eta, hortaz, aukera dago jende gehiago biltzeko gurera. Liburuaren ale bat eskuratzeko aukera duzu liburutegira joanda.

2011-03-20

Japoniatik, adeitasunez

Japoniako lurrikararen ondoriozko tsunamia jasan eta gero, Fukushimako hondamendi nuklearra. Reiko Furuno lagun japoniarrari posta elektroniko bat bidali ez bidali ibili nintzen, duda-mudatan. Badakit Tokiotik hegoaldera bizi dela senarrarekin, Taketorekin; ez nuen astun jokatu nahi, nahikoa lan izanen baitzuten kinka horretan munduaren beste puntan bizi den euskaldun baten mezu gogaikarririk jaso gabe ere.

Azkenik, kirioak dantzan, mezu bat bidali nion nire kezka agertzeko eta ongi egotea espero nuela esateko. Erantzuna, baina, ez zen nahi bezain azkar heldu, eta are urduriago jarri nintzen. Hondamendiaren irudi danteskoak burutik kendu ezinik ibili nintzen… harik eta Reiko lagunaren erantzun amultsua jaso nuen arte. Eskerrak emanda, onik eta ongi zeudela ihardetsi zidan; gaitzerdi!

Alabaina, Reiko ez da Japonian dudan lagun bakarra. Etsuko laguna ere han dago; berari ere mezu bat igorri nion, baina oraindik ez dit erantzun… Eta nahiago nuke, zinez, hau guztiau nire ipuin horietako bat balitz.

2011-03-07

Sarri-ren liburua solasgai Berriozarko Irakurle Klubean

Bigarren milurteko honen hasierako urteotan, gero eta liburu hibrido gehiago dago. Genero literarioak nahasten dira eta idazleak bizi-bulkada indartsu batez akuilaturik idazten du. Emaitza, batzuetan, zaila da sailkatzen, zaila da zedarritzen zer den ipuina eta zer poesia, zer den prosa eta zer poesia. Hartara, testu batean baino gehiagotan hibridazioaren uztarri beretik doaz poesia eta prosa. Idazleak idatzi egiten du eta idazkuntza horretan generoak uztartzen, txirikordatzen dira, eta orain arteko bereizketa klasikoak, poesia ala prosa bereizketa kanonikoak, kale egiten du hibridazioaren aurrean. Gutenberg galaxiako sailkapen hamartar unibertsala motz gelditu da, beste galaxia oparo eta nabarragoak egunetik egunera deskubritzen ari direlarik... Liburuzainen etsipenerako, bidenabar esanda.

Horixe bera gertatzen da Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako liburuarekin. Iragan den udan ateratako liburua dugu, Hik Hasi-ren udako jardunaldietan aurkeztua. Sarrionandiaren prosa poetikoa aurkituko dugu, bete-betean.



133 mikro-ipuin, istorio labur, tesela, Sarri-Sarrirenak, eta, gainera, Lierni Altuberen 122 marazki zoragarrirekin apailatuak. Gida didaktiko bat dauka, HIK HASIren web gunetik behera kargatu daitekeena eta bertan azaltzen dira ipuin batzuk lantzeko proposamen didaktikoak. Txalotzekoa HIK HASIkoek hartu duten lana eta gida didaktikoa web gunean jartzeko erabakia, hala nola liburuaren formatu zaindu ederra.



Ene irudikoz, maisu-lantzat har daitezkeen pieza batzuk ditu liburu honek. hala nola Liburua egiteko enkargua, Semaforoa, Lagun desberdinak, Telefonoa... Gianni Rodari-ren Gramática de la Fantasía liburuan agertutako hainbat ariketaren adibide bizia.



Ez da harritzekoa, beraz, zeinen ongi saltzen ari den liburu hau, eskola guztietan egon beharko litzatekeen liburua. Non sailkatuko du liburuzainak? Prosan? Poesian? Finean, zer inporta du etiketak? Bata izan, bestea izan, oso liburu ona da, eta guztiz gomendagarria.



Laster izanen dugu liburu hau solasgai Berriozarko Irakurle Klubean; hilaren 23an, arratsaldeko 7,30etan, Berriozarko liburutegian. Animatu!

2011-03-05

Txolin izena eta izana

Berriozarko inauterietan Txolin dugu pertsonaia nagusia. Berriozarrera bizitzera etorritako hainbat lagunek, aitzitik, ez dakite pertsonaia hori historikoa dela.

Félix Sarasa, Txolin, Berriogoitin sortu, Artikara ezkondu zen eta bertako alkate izan zen. Baina Historiak ez du horregatik jaso, baizik Berriozar eta Iruñerri osoan gerrillari ibili zelako duela bi mende.

Halabeharrez -edo hala beharrez, ezin jakin- Euskal Hiztegiak jaso ditu Felix Sarasaren nolakotasunak, aldez edo moldez jaso ere; Euskal Hiztegian txolin izen arruntak hiru adiera ditu:

  1. Kaskarina

  2. Hitzontzia

  3. Edanean apur bat igaroa

Gure Txolin “kaskarina” bainoago, arina zen, azkarra, argia, bizkorra: frantsesen kontra aritua eta aditua; tropa frantsesen buruak, Reille kondeak, 2000 duroko dirusari bat eskaini zuen Txolin harrapatzearen ordainetan. Halere, Txolin ez zuten sekula harrapatu, eta Iruñerrian ibili zen, abestiak dioen gisara, "jo ta ke borrokan".

Txolinhitzontzia” bai, baina beti ere, euskaraz; espainolez nekez hitz egiten baitzuen. Reille konde horrek Txolin harrapatzeko aipatu dirutza hori bando baten bidez eskaini zuen: bando hori euskaraz ere inprimatzeko agindua eman zuen, euskara Iruñerriko biztanleen hizkuntza zelako froga. Euskara, natural-naturala. Abestiak ere hala dio: "Alkatearentzat euskara, txoriak airea bezala".

Amaitzeko, hiztegiak dakarkigun hirugarren adiera honako hau da.Edanean apur bat igaroa Erraz da asmatzen zer ezkutatzen den definizio politikoki polit horren atzean: ardurak ardura eta arriskuak arrisku, jaia eta besta gustuko bide zituen gure Txolinek eta, abestiak dioenez, parrandari ez zion uko egin. Ardoa bizki maite omen zuen eta mozkortu ez, baina bai txolindu egiten zela. Izanez ere, hortik omen zetorkion ezizena: Txolin

“Negu gorrian gaudela, heldu zaigu inautea”; eta inauteriarekin batera, Txolinen balentriak gogoratzeko garaia. Ongi pasa gaur gaueko sagardotegian. Kontuz, halere, sagardroga horrekin. Gutxi gasta eta bueltak amari.