2011-07-18

Udan irakurtzeko ipuin bat: Herr Zett

Flash back eginda, koka dezagun geure burua Erdi Aroa eta Berpizkundearen arteko muga lausoan. Egin dezagun beraz, denboraren koordenadan zehar bidaia bat, eta geldi gaitezen XVI. edo XVII. mendeetako urte zehatz batean, 1599an, kasurako. Denboraren koordenada emana dugu: X = 1599.

Lekuaren koordenada, Y alegia, Europaren erdialdea da, baina irakurlea asetzeko zedarritu dezagun, aukera dezagun, ausaz, Europa zaharra zeharkatzen duen ibai urdin bat, eta hauta dezagun ibai urdinetan urdinena, Urdin ibai, Danubio ibaia bera, eta jarrai diezaiogun ur arrasto urdinari arrasto berezi bat topatu arte, seinale bat, bidaiari orok bidean gelditzeko behar duen seinalea. Hortxe dugu seinale bat: karrak! -belearen karranka-. XVI. mende bukaerako bidaiariak badaki bele baten karranka patu txarreko seinalea dela, eta Danubio urdinaren alde bietan eraiki den Rabensburg-en, Beleen Hiria-n, behar dela gelditu. Horixe dugu Y lekuaren koordenada, honezkero ebatzita: Y = Rabensburg.

X eta Y ezezagunak ezagun bihurtuak, entzuleak pentsa lezake narrazio honek bereak egin duela... baina entzulea oker legoke. Denboraren eta lekuaren koordenada zehatz horietan aurkitzen baitugu gure narrazio honetako protagonista. Protagonista ez da karranka ari zen adur txarreko bele beltza, ezta ekuazio matematikoetara emana bizi zen jenio txarreko matematikaria. Xumeagoa da gure protagonista. Rabensburg-eko hiritar bat, Friedrich Schwarz izenez, zapatagile izatez. Hortxe dugu Friedrich zapatagilea, Rabensburg-eko azoka handian, zapatak egiten kaleko bere saltokian.

Rabensburg-eko azoka handian, Babaria osoko produktuak daude salgai; Danubio urdina dugu produktuen, pertsonen, ideien eta albisteen garraio bidea. Lanean ari delarik, gure protagonista -dei diezaiogun ponte izenaz-, Friedrich, kantuan ari da, lanaren aringarri. Danubio urdinari esker, Friedrich zapatagileak Babaria osoko bezeroak izaten ditu. Begira iezaiozu, irakurle, irudika ezazu Friedrich Schwarz ile beltza urdintzen hasia baina sasoiko, begi nabarrak ingude txiki beltzean finkaturik, taun-taun larruari zapata itxura eman, eta josteko. Irudika ezazu larruzko mandarra jantzita, eta ingude txikiaren aurrean agondua emandako urteen ondorioz, konkortzen hasia. Mailu txikiaren hotsak bizitasuna ematen dio kale osoari. Mailuaren hotsak bezeroak erakartzen ditu, gero eta bezero gehiago. Friedrich Schwarz pozik eta bozkariotan dago, horren alai ezen mailuaren hotsak lagunduta kantu-kantari ari baita. Burura etorri zaion lehenbiziko kanta hasi da ozenki errezitatzen, mailuaren kinki-kankarekin bat eginda.

Friedrich Schwarz zapatagilea da, ez kantari fina, ordea. Kanta hori abesten baino kanta lardaskatzen ari da. Bezero askorik ez du erakarri kantuarekin, baina bai, aldiz, zaldun bat. Honaino heldu bazara, irakurle, azken ahalegina eskatzera natorkizu: irudika ezazu, arren, zaldun bat, dotore askoa, belearenak bezain beltzak diren begiekin zapatagile kantariari begira.

Ezezaguna ezagutzeko irratia entzuten duzunez, entzule, aitortzera noakizu, maleruski, ez dugula zaldunaren izenik ezagutzen, eta jadanik X eta Y ezezagunak erabili ditugunez, orain Z baliatu eta zetaz jantzitako zaldunari Herr Zett deituko diogu, Zeta jauna, alegia. Herr Zett-ek mailuaren hotsekin nahastutako kanta ezagutu du, eta zalditik azkar jaitsi, ezpata artoski zorrotik atera, eta dzirt-dzart Friedrich Schwarz zapatagile on baina kantari eskasaren saltokia puskatzen hasi da. Herr Zett-en ezpata zorrotzak larru berriak ditu tarratatu, oihal finak urratu, zapata ederrak hondatu.

Friedrich Schwarz zapatagileak, harri eta zur, soilik etsipenak eman dezakeen kemen apurrarekin galdetu dio:

- Baina zergatik hondatu du berorrek nire lana?

Zaldunak ezpata zorroan sartu du, zaldi gainera igo eta, erdeinuz begiratuta, hauxe erantzun dio:

- Hik nire abestia, nire sortze-lana, hondatzeko eskubidea hartu baduk, nik ere badiat hire lana hondatzeko eskubide osoa.

Eta Herr Zett zaldun kantugilea joan zen.

Hor hasi omen zen jabego intelektualaren aldarria, narrazio honetan ebatzitako X, Y eta Z koordenada horietan.

Diotenez, Rabensburg-eko Friedrich Schwarz zapatagileak jarraitu omen zuen zapata ederrak egiten eta josten. Izan ere, XVII. mendearen hasieran idatzitako Die Bayern Zeitgeschichte kronika liburuan agertzen da “Herr F. Schwarz” izeneko burges baten aipamena, Danubio aldeko zapata saltzaile gisa; bera izan omen zen "zapata-zoletan Schwarz izeneko marka" jartzen lehena. Kronika liburu horretan ez dago informazio gehiagorik, eta ez da aipatzen kantatzeko zaletasunik gorde zuen edo ez.

Herr Zett zaldun kantagileari dagokionez, ezezaguna: ez Die Bayern Zeitgeschichte liburuan, ez Entziklopedian... ezta Google-n ere.

Egia da, baina, kultura ulertzeko modu burgesa eta sormenaren arteko lehia garai horretan ere hasi zela. Harrezkero, ez dugu izan bakerik. Mamu berriak sortu ziren: jabego intelektualaren orpotik plagioaren mamua sortu zen. Hartara, XVIII. mendeaz geroztik bekatuetan bekatuena plagiatzea izan da, eta lapurretaren sinonimo bilakatu da, Plagiatzea bekatu bihurtu zeneko kondaira honetan biltzen den gisara.

No comments: