2007-05-25

Aspaldiku behar zena

Kultura eta hizkuntzen ondarea balio handiko altxorra da, babestu eta garatu beharrekoa, eta ezinbestekoa da ahalegintzea aberastasun hori izan dadin elkar aberasteko eta elkar ulertzeko, eta ez, komunikaziorako oztopo, batzuek ulertu nahi duten gisara.

Horregatik, muga fisiko guztien gainetik eta sasi uste edo uste ustel guztien azpitik bideratu dugu Aspaldiku Elkartea, Nafarroako kultura hedatzeko elkartea.

Aspaldiko partez behar zena. Poeta eta poesia zale batzuek aspaldi eskatzen zuten. Aspaldiko kontua da, beraz, poesiaren inguruan biltzea, eta poesia irakurtzea, entzutea, sortzea, idaztea, gozatzea. Aspaldiko partez ibiltzen ginen batzuk egitasmo horren inguruan jira-biran; iaz estreinakoz egindako Nafar Poesiaren Bestaren harira bildu ginen batzuk eta aspaldiko egitasmoa gauzatu dugu.

Gure xedeak xumeak bezain garrantzitsuak: jarduera kulturalak antolatzea: hitzaldi, biltzar edo topaketa poetikoak antolatzea; liburuak, aldizkariak eta ikerlanak argitaratzea, biak ala biak, bai euskaraz bai gaztelaniaz.

Halaber, prest gaude gure laguntza eskatzen duen beste elkarte edo instituzioekin elkarlanean aritzeko, ideiak trukatzeko eta bestelako jarduera kulturalak sustatzeko, zubiak eraikiz, mugak gaindituz, kulturaren esparruan ekimen bateratuak bideratuz; muga guztien gainetik eta sasi guztien azpitik poesiak batzen gaituelako.

Horren erakusgarri, heldu den larunbatean, ekainaren 2an, Agoizko Kultur Etxean Aspaldiku-k antolatu duen Nafarroako Poesiaren II. Biltzarra, non zu-zeu, poeta edota poesia zale zaren hori, gonbidatuta zauden.

2007-05-14

Alexander Tapia Perurena


50 urte bete berri dira dira Alexander Tapia Perurena hil zenetik. Alexander Tapia Iruñean sortua zen, Nabarrerian, euskaldun berria eta poeta.
Horren harira Iruñeko Udalak aste beteko ekitaldi sorta antolatu berri du, Tapia Perurenaren izena eta izana plazaratzeko.
Horren barruan, Tapia Perurena zentzu zabalean hartuta, testu irakurketa egin zen pasa den asteazkenean Deskaltzos kaleko Erraldoien Txokoan. Besteak beste Alexanderren malko garratzenak.

Poeta etxetik atera eta aldapa behera abiatu zen, bizitzak dakartzan eginbehar latz, garratz eta gogor horietako bat artoski betetzera. Izan ere, hil berri den lagun batentzako azken agur idazkia egitea ez da inork gogoz idazten duen zerbait. Gainera, azken bolada hartan poesiari baino, Irina-lantegiaren kontuei emana bizi zen Alexander gaztea. Horregatik zeraman besapean larruzko karpeta beltza emate-agiri eta fakturaz beterik, eta eskaturiko poema, ordea, artean idatzi gabe.

Lagun hil berriaren oroitzapenak txirikordatzen zitzaizkion gogoari, eta goibel, burumakur, kopetilun zihoan Udal Merkatuaren kaletik barna. Azken agur-poema bat eskatu ziotenean ezin zuen ezetzik esan, eta egun batetik bestera zela jakinda ere, zerbait asmatuko zuela uste zuen. Uste ustela, ordea. Gau osoa emana zuen zerbait idatzi nahian, baina ez zuen hitzak lotzen asmatu.

Martzeliano ostatuan kafe bat hartzea pentsatu zuen, baina sartu gabe pasatu zen ostatuaren aurretik. Presaka zebilen, berandu xamar zebilen, eta kafearen garratzak ez zion kenduko gogoaren goibela.

Santo Domingo aldapa gurutzatzera zihoala bat-batean gelditu eta ziztu bizian zetorren automobila pasatzen utzi zuen. Fort-T bat zen, muturreko ezker eskuin bi faro txuri zituena, zezen baten gisara, beltz-beltza eta zalapartatsu. Nola aldatzen diren gauzak, esan zuen bere baitan. Nork esango luke gure Iruñean automobilak ibiliko zirela gora eta behera... Militarren ospitalaren ondotik pasatzean goardian zeuden soldaduei kirik egin zien. Horiek -ez militarrak, ez zezenak- ez ziren fidatzekoak, ez horixe; horiengandik ahalik eta urrunen!

Baina, azken finean, zer zen Iruñea, soldadu eta apaizen herri bat baino, pentsatu zuen, eta pentsatu zuena berresteko Dominikoen eliza paretik pasatu zen. Gero, Deskaltzos kalea hartu zuen, eta garaiz helduko zela pentsatu zuen, kale horri izena ematen zion eliza baitzuen helburu, Karmeliten eliza. Halere, Deskaltzos kalea ez da sobera luzea eta kale horretan zerbait asmatu behar zuen, poemaren bat, hitz soil batzuk, hunkigarria zen zerbait... ezin baitzen agertu esku hutsik, poemarik gabe. Hitza emana zuen, eta euskaldunaren hitza ez da ur gaineko bitsa, ez da begien aurrean duen Dekaltzos kaleko iturriko ura bezala, etengabe doan ura bezala, inon gelditzen ez dena.

Zerbait idatzi beharko zuen, zeren quod scripsi, scripsi, ura ez bezala. Goibel, burumakur, kopetilun zihoan poeta, kezkatuta lagun hil berriaren omenezko poema bat idazteko gauza izan ez zelako, eta areago, lagun hil berriaren omenez malko bat bera ere isuri ez zuelako... Ez zekien zergatik, hunkituta zegoen, pott eginda, baina laguna hil zeneko albiste jaso zuenetik ez zuen malkorik isuri... barnean zeukan garraztasuna zen poetak isurtzen ahal zuena.

Gogoratu zuen Parisen idatzi zuen Zoruna olerkirako, Shelley erromantiko ingelesak esandakoa izan zuela abiapuntu: “Our sweetest songs are those that tell of saddest thought”. Egia zen, gogo goibelenetik sortzen baitira olerkirik goxoenak.

Orduan, ohartu zen malko gordeak, malko isuri gabeak, horiexek direla, garratzenetan garratzenak. Deskaltzos kaleko iturrian gelditu eta Karmeliten elizara abiatu aitzin, besapeko karteratik irina-lantegiaren faktura bat atera eta, atzealdean, hil berriaren omenezko hitz batzuk lotu zituen, poema txiki, xume bat sortuz, ura ez bezala, betiko geldituko zena:


Malko gordeak

malko isuri gabeak.

Horiexek dira

garratzenetan

garratzenak.

2007-05-08

Fernando Sebastian: dominus dixit ad me


Iruñeko Artzapezpikuak ez du aurkezpenik behar.

Iruñeko Artzapezpikuak, Fernando Sebastianek, jarrera argi eta garbia agertu du datozen hauteskundeei begira: Falange aintzat hartzeko eta babestekoa dela dio, baita eskuin muturreko beste zenbat alderdi ere, besteak beste, Alternativa Española, Comunion Nacionalista Catolica, eta Tercio Catolico de Accion Politica. Espainian bota zituen bereak, bereak eta bi, Leon-en emandako hitzaldi batean eta, zehatz eta mehatz, BERRIAn irakur ditzakezu.

Ez ni ez naiz harritzen, aspaldi ezagutzen dugu Ezkaba mendiko magalean Eliza Katolikoaren agintarien itzal beltza. Gainera, Sebastianekin ezin da eztabaidatu. Nahi baduzu saiatu, baina, argudioak hartu eta eman, hartu eta eman... azkenik beti bukatzen da fede kontu batekin... sinesten baduzu ongi, bestela... zeren Fernando Eliza Katolikoaren ordezkaria da Nafarroa Garaian, eta Jainkoaren hitza du ahoan; hortaz, horrekin bukatzen da argudio-dantza eta bukatzen da fandangoa: dominus dixit ad me, –Jaunak esan zidan-...
Eta hi egon hadi isilik, fedegabeko hori!

Alderdi urtramontano horiek aintzat hartzea eta babestea merezi dutela Jaungoikoak esango al zion Iruñeko Artzapezpiku eta Tuterako Gotzainari?

Ez, Sebastiankeriak ez nau harritu. Goian duzue iazko Pilarika eguneko haren argazkia.

Beraz, Sebastianekin harritu ez, baina bai larritu ezen, zeren zain daude katoliko aurrerakoiak? Ez dute ezer egingo, ezta? Oraingo honetan ere ez? Horrek bai larritzen nauela, bai horixe!

Oso ongi, Fernando! Argitasun pixka bat gure egunerokoaren iluntasunean... argi mintzo da eta argi azaldu zaigu!

Zinez, Fernando Sebastianek ez du aurkezpenik behar, ezta merezi ere!

2007-05-05

Berriozarko Haur Eskola krisi larrian


Ezkabaren magalean, besteak beste, Berriozar dago. Bertako Haur Eskolaren inguruko zalaparta handia sortu da gure herrian azken asteotan.
Gurasoak oso kezkatuta daude, apirilaren 24ko osoko bilkuran, udal gobernua osatzen duten PSOEk, UPNk eta CDNk bat-batean erabaki dute ez berritzea kontratua Haur Eskola kudetzen duen enpresari. Horren ondorioz, langileei kontratua ez zaie berrituko eta kale gorrian geldituko dira.

Eta zergatik egin dute hori?

Ez dute inolako arrazoirik eman. Zergatik? Hargatik! Horixe da gurasoak gehien atsekabetzen dituena. Alkatearen jarrera udal bilkuran oso harroputza izan zen. Izan ere, oro har, guraso gehien-gehienok pozik daude Haur Eskolaren funtzionamendurekin eta, orain langile guztiak kalera botatzea inolako arrazoirik eman gabe ez da zilegia; nolanahi den ere, Udal Goernu taldearen prozedura desegokia izan da Areago kontuan hartuz hurrengo ikasturterako umeen aurrematrikulazioa egina dagoela; Berriozarko Udalaren webgunean iragartzen den bezala, epea agortuta dago.

Hain zuzen, horregatik daude horren kezkatuta, zeren gurasoek jadanik eginak dituzte aurrematrikulazioak, epe guztiak agortuta daude eta eskuak lotuta utzi dituzte.

Baina Haur Eskola egonen da irekita irailaren 1ean?

Horixe jakin nahiko luketa eta irailaren 1ean irekita egonen den, zeren ez diete ezer ziurtatu hurrengo ikasturteko funtzionamenduaz. Zerbitzu publikoa da, eta orain sortu den katramila hau sortu beharrean, errazena zen beste urte batez berritzea kontratua Haur Eskola kudetazen duen enpresari.

Gainera, UPNkoek ingelesa sartu nahi omen dute, inork eskatu ez duena sartu nahi dute... argi dago euskarari kalte egiteko eta euskararen kontra jotzeko darabiltela ideia hori. Sinadurak ere bildu dituzte bidagabekeria hori salatzeko, baita kalera atera ere.

Ezkabaren talaiatik ikusi genuen ostegunean, Berriozarko Eguzki Plazan eginiko kale agerraldia.

Gurasoek eskatzen dutena hauxe da: Haur Eskola kudetzen duen enpresari berritzea beste urte batez, eta irakasleek berdin-berdin jarraitzea.

2007-05-04

Adierazpiderako leihoa

Ezkaba mendiaren magalean Mendialdea Eskola duzu. Hor ere izena eta izana bat datoz. Mendialdea Eskolan Joxe Mari Iturralde idazlea izan da. Iturralderen azken liburua, Hyde Parkeko hizlaria mahai gainean daukat, oraindik irakurri gabe.

Jakin nahi nuke lerrook irakurtzen ari den inork jadanik irakurri ote duen... zeren Londonek badu Hyde Park. New York-ek badu Central Park. Parisek baditu Eliseoko Zelaiak. Iruñak badu Gaztelu Plaza. Eta guk Ezkabako talaiatik adierazpiderako leihoa.



2007-05-03

Itxaurdi izena eta izana

Ezkabaren talaia honetatik Iruñerria osoa ikusten da. Itxaurdi Ezkaba mendiaren magalean zegoen makaldia zen. Makalak gaixorik zeuden eta, makalak makal, makaldia eraitsi dute.
Zorionez Itxaurdik blogosferan izan du susperraldia, eta bitakora hau sortu da udaberri honetan.
Iruñerritik mundura, Ezkabako talaiatik beha, ikusten denaren berri emateko asmoz sortua.