2011-03-20

Japoniatik, adeitasunez

Japoniako lurrikararen ondoriozko tsunamia jasan eta gero, Fukushimako hondamendi nuklearra. Reiko Furuno lagun japoniarrari posta elektroniko bat bidali ez bidali ibili nintzen, duda-mudatan. Badakit Tokiotik hegoaldera bizi dela senarrarekin, Taketorekin; ez nuen astun jokatu nahi, nahikoa lan izanen baitzuten kinka horretan munduaren beste puntan bizi den euskaldun baten mezu gogaikarririk jaso gabe ere.

Azkenik, kirioak dantzan, mezu bat bidali nion nire kezka agertzeko eta ongi egotea espero nuela esateko. Erantzuna, baina, ez zen nahi bezain azkar heldu, eta are urduriago jarri nintzen. Hondamendiaren irudi danteskoak burutik kendu ezinik ibili nintzen… harik eta Reiko lagunaren erantzun amultsua jaso nuen arte. Eskerrak emanda, onik eta ongi zeudela ihardetsi zidan; gaitzerdi!

Alabaina, Reiko ez da Japonian dudan lagun bakarra. Etsuko laguna ere han dago; berari ere mezu bat igorri nion, baina oraindik ez dit erantzun… Eta nahiago nuke, zinez, hau guztiau nire ipuin horietako bat balitz.

2011-03-07

Sarri-ren liburua solasgai Berriozarko Irakurle Klubean

Bigarren milurteko honen hasierako urteotan, gero eta liburu hibrido gehiago dago. Genero literarioak nahasten dira eta idazleak bizi-bulkada indartsu batez akuilaturik idazten du. Emaitza, batzuetan, zaila da sailkatzen, zaila da zedarritzen zer den ipuina eta zer poesia, zer den prosa eta zer poesia. Hartara, testu batean baino gehiagotan hibridazioaren uztarri beretik doaz poesia eta prosa. Idazleak idatzi egiten du eta idazkuntza horretan generoak uztartzen, txirikordatzen dira, eta orain arteko bereizketa klasikoak, poesia ala prosa bereizketa kanonikoak, kale egiten du hibridazioaren aurrean. Gutenberg galaxiako sailkapen hamartar unibertsala motz gelditu da, beste galaxia oparo eta nabarragoak egunetik egunera deskubritzen ari direlarik... Liburuzainen etsipenerako, bidenabar esanda.

Horixe bera gertatzen da Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako liburuarekin. Iragan den udan ateratako liburua dugu, Hik Hasi-ren udako jardunaldietan aurkeztua. Sarrionandiaren prosa poetikoa aurkituko dugu, bete-betean.



133 mikro-ipuin, istorio labur, tesela, Sarri-Sarrirenak, eta, gainera, Lierni Altuberen 122 marazki zoragarrirekin apailatuak. Gida didaktiko bat dauka, HIK HASIren web gunetik behera kargatu daitekeena eta bertan azaltzen dira ipuin batzuk lantzeko proposamen didaktikoak. Txalotzekoa HIK HASIkoek hartu duten lana eta gida didaktikoa web gunean jartzeko erabakia, hala nola liburuaren formatu zaindu ederra.



Ene irudikoz, maisu-lantzat har daitezkeen pieza batzuk ditu liburu honek. hala nola Liburua egiteko enkargua, Semaforoa, Lagun desberdinak, Telefonoa... Gianni Rodari-ren Gramática de la Fantasía liburuan agertutako hainbat ariketaren adibide bizia.



Ez da harritzekoa, beraz, zeinen ongi saltzen ari den liburu hau, eskola guztietan egon beharko litzatekeen liburua. Non sailkatuko du liburuzainak? Prosan? Poesian? Finean, zer inporta du etiketak? Bata izan, bestea izan, oso liburu ona da, eta guztiz gomendagarria.



Laster izanen dugu liburu hau solasgai Berriozarko Irakurle Klubean; hilaren 23an, arratsaldeko 7,30etan, Berriozarko liburutegian. Animatu!

2011-03-05

Txolin izena eta izana

Berriozarko inauterietan Txolin dugu pertsonaia nagusia. Berriozarrera bizitzera etorritako hainbat lagunek, aitzitik, ez dakite pertsonaia hori historikoa dela.

Félix Sarasa, Txolin, Berriogoitin sortu, Artikara ezkondu zen eta bertako alkate izan zen. Baina Historiak ez du horregatik jaso, baizik Berriozar eta Iruñerri osoan gerrillari ibili zelako duela bi mende.

Halabeharrez -edo hala beharrez, ezin jakin- Euskal Hiztegiak jaso ditu Felix Sarasaren nolakotasunak, aldez edo moldez jaso ere; Euskal Hiztegian txolin izen arruntak hiru adiera ditu:

  1. Kaskarina

  2. Hitzontzia

  3. Edanean apur bat igaroa

Gure Txolin “kaskarina” bainoago, arina zen, azkarra, argia, bizkorra: frantsesen kontra aritua eta aditua; tropa frantsesen buruak, Reille kondeak, 2000 duroko dirusari bat eskaini zuen Txolin harrapatzearen ordainetan. Halere, Txolin ez zuten sekula harrapatu, eta Iruñerrian ibili zen, abestiak dioen gisara, "jo ta ke borrokan".

Txolinhitzontzia” bai, baina beti ere, euskaraz; espainolez nekez hitz egiten baitzuen. Reille konde horrek Txolin harrapatzeko aipatu dirutza hori bando baten bidez eskaini zuen: bando hori euskaraz ere inprimatzeko agindua eman zuen, euskara Iruñerriko biztanleen hizkuntza zelako froga. Euskara, natural-naturala. Abestiak ere hala dio: "Alkatearentzat euskara, txoriak airea bezala".

Amaitzeko, hiztegiak dakarkigun hirugarren adiera honako hau da.Edanean apur bat igaroa Erraz da asmatzen zer ezkutatzen den definizio politikoki polit horren atzean: ardurak ardura eta arriskuak arrisku, jaia eta besta gustuko bide zituen gure Txolinek eta, abestiak dioenez, parrandari ez zion uko egin. Ardoa bizki maite omen zuen eta mozkortu ez, baina bai txolindu egiten zela. Izanez ere, hortik omen zetorkion ezizena: Txolin

“Negu gorrian gaudela, heldu zaigu inautea”; eta inauteriarekin batera, Txolinen balentriak gogoratzeko garaia. Ongi pasa gaur gaueko sagardotegian. Kontuz, halere, sagardroga horrekin. Gutxi gasta eta bueltak amari.



2011-03-03

Tila lasaigarria da, baina ez TILA

Ingeles irakaslea izanik, nekez sinets liteke ingelesaren kontra nagoenik. Ni ingeles irakaslea naiz lanbidez eta, zertan ukatu, ingelesaren irakastearen aldekoa naiz. Izanez ere, hizkuntza oro ikastearen eta irakastearen aldekoa nauzu. Irakatsi bai, baina ez edonola.

Nafarroa Garaian, erabaki politiko zehatz batzuen ondorioz, TILA izeneko eredua ezarri dute hainbat eta hainbat eskolatan. TIL sigla horien ordaina, euskaraz, Hizkuntzen Trataera Bateratua da, baina inork gutxik baliatzen du. Beraz, joko handia ematen du esateak: hurrenez hurren, “tila” TILA eta “tilde” TILD. Hitz jokoak eta zirtoak, aise.

Tamalez, gaur egun ez dago behar adina ingeles irakasle kualifikaturik hori aurrera eramateko. Eta tamalez badiot, panorama ezagutzen dudalako diot. Ildo horretatik, hainbat urtez ingeles irakasleen irakasle izan den Richard Weyndling-ek agerian utzi du egoeraren larria.

Bestalde, euskarazko D ereduan irakasle gehien-gehienak EGAdun dira, eta EGA da Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C1 mailari dagokion baliokidea. Nekez esan daiteke berdin ingelesa irakasle anitzen mailaz. 139/2009 Foru Aginduan ezartzen dira ingelesez irakasteko behar diren hizkuntz betebeharrak, baina, lege horrek daukan bigarren xede gehigarrian salbuespenak agertzen dira... Hor dago zirrikitua maila nahikorik ez duen hainbat irakasle sartzeko, "programen beharrak direla eta eta hala komeni denean". Salbuespena ohitura bihurtu ote da? Eta horra hemen denok buruan dugun kezka: Nola irakatsiko dute ingelesez maila on-ona izan ezean? Nekez!

TILAn, finean, ikastorduen erdia –gutxienez 14 saio- espainolez emanen dute, (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 401/2009 ebazpena) eta ingelesa ohiko saioez gain, ikasgairen bat(zuk) –zehaztu gabe oraindik- ingelesez. Baina irakasgai bat(zuk) emanda -edo irakasgai horren erdia ingelesez emanda- hori al da programa eleaniztuna? Hori txapuza bat da, hori baizik ez.

Horren adierazgarri, duela hiruzpalau aste Berriozarren PSNk antolatutako hitzaldi bat: La Educación multilingüe izeneko afixa ikusi ahal izan genuen… gaztelania hutsean. Itxurak egiteko bederen, bazuten jartzerik “Hezkuntza eleaniztuna” eta Multilingual Education. Baina ez. PSNkoentzat eleaniztuna gaztelania hutsez iragartzen da. Ez nintzen izan PSOEko parlamentari den Arraiza andereak emaniko hitzaldian, baina lepoa eginen nuke hitzaldi osoa gaztelania hutsez izan zela. Hori al da "hizkuntzen trataera bateratua"?

Hizkuntzen irakaskuntzan adituak direnek gaztigatu digute: hezkuntza munduan, lehenago hastea ez da beti hoberena. Ume txiki-txikienekin aritzeko, gainera, irakasle natiboak izanen lirateke egokienak, ikasleek ahoskera onena lortze aldera. Baina ez dago irakasle ingeles natiborik horretarako…

D ereduetan bai, irakasle natibo -euskaldun zahar- asko daude, eta alfabetaturik, EGAdunak. Itsasoan urak arraina nola, hala behar du hizkuntzak inguratu ikaslea murgiltze eredu batean. Eta horregatik ikasten dute euskara D ereduan, nahiz eta etxeko hizkuntza ez izan.

Oroz gain, D ereduko eskoletan urteak eta urteak daramatzate lanean: zenbaitetan, 30 urteko esperientzia dago. TILA, aldiz, enpirikoki frogatu gabe dagoen eredu bat da, curriculum espezifikorik ere ez duena, eta hainbat eta hainbat erabaki garrantzitsu hartzea ikastetxearen esku geldituko da.

Kontuak ez da saio kantitatea handitzea, baizik kalitatea. Ingelesa, beraz, bai; baina ez edonola! Erabaki politikoak izan dira erabakigarriak, ez didaktikoak. Tila lasaigarria da, baina ez TILA.

Horiek horrela, nire seme-alabak D ereduan daude apuntatuta, aukerarik onena delako. Berdin pentsatu dute hainbat eta hainbat gurasok: 52 ume D ereduan Berriozarko Mendialdea Eskola Publikoan; 39, berriz, TILAn.