2011-03-07

Sarri-ren liburua solasgai Berriozarko Irakurle Klubean

Bigarren milurteko honen hasierako urteotan, gero eta liburu hibrido gehiago dago. Genero literarioak nahasten dira eta idazleak bizi-bulkada indartsu batez akuilaturik idazten du. Emaitza, batzuetan, zaila da sailkatzen, zaila da zedarritzen zer den ipuina eta zer poesia, zer den prosa eta zer poesia. Hartara, testu batean baino gehiagotan hibridazioaren uztarri beretik doaz poesia eta prosa. Idazleak idatzi egiten du eta idazkuntza horretan generoak uztartzen, txirikordatzen dira, eta orain arteko bereizketa klasikoak, poesia ala prosa bereizketa kanonikoak, kale egiten du hibridazioaren aurrean. Gutenberg galaxiako sailkapen hamartar unibertsala motz gelditu da, beste galaxia oparo eta nabarragoak egunetik egunera deskubritzen ari direlarik... Liburuzainen etsipenerako, bidenabar esanda.

Horixe bera gertatzen da Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako liburuarekin. Iragan den udan ateratako liburua dugu, Hik Hasi-ren udako jardunaldietan aurkeztua. Sarrionandiaren prosa poetikoa aurkituko dugu, bete-betean.



133 mikro-ipuin, istorio labur, tesela, Sarri-Sarrirenak, eta, gainera, Lierni Altuberen 122 marazki zoragarrirekin apailatuak. Gida didaktiko bat dauka, HIK HASIren web gunetik behera kargatu daitekeena eta bertan azaltzen dira ipuin batzuk lantzeko proposamen didaktikoak. Txalotzekoa HIK HASIkoek hartu duten lana eta gida didaktikoa web gunean jartzeko erabakia, hala nola liburuaren formatu zaindu ederra.



Ene irudikoz, maisu-lantzat har daitezkeen pieza batzuk ditu liburu honek. hala nola Liburua egiteko enkargua, Semaforoa, Lagun desberdinak, Telefonoa... Gianni Rodari-ren Gramática de la Fantasía liburuan agertutako hainbat ariketaren adibide bizia.



Ez da harritzekoa, beraz, zeinen ongi saltzen ari den liburu hau, eskola guztietan egon beharko litzatekeen liburua. Non sailkatuko du liburuzainak? Prosan? Poesian? Finean, zer inporta du etiketak? Bata izan, bestea izan, oso liburu ona da, eta guztiz gomendagarria.



Laster izanen dugu liburu hau solasgai Berriozarko Irakurle Klubean; hilaren 23an, arratsaldeko 7,30etan, Berriozarko liburutegian. Animatu!

1 comment:

Itxaurdi said...

Irakurle Klubeko lagun batzuek hala eskatuta, gaurko saioa bertan behera utzia.

Hurrengo asteazkenean, hilaren 30ean bilduko gara, ohi den gisara, arratsaldeko 19:30ean, Berriozarko liburutegian.

Barkatu endredoak