2008-08-17

Spain is pain



Isiltasuna nagusi autoan
Lurruna kristalean
Gaur ere egunak argituko du
Eta lagun irlandarrek aldarri bezala,
gure eguna helduko da.

Spain is different diote
Spain is pain diot nik
Espainia mina da
Espainia mingarria da
Mingotsa

Izen ahozkaezinezko herrien barna
Lurruna kristalean
Eta kristalaren beste aldean
Izen ahozkaezinezko herri lausoak

Espetxera helduta, urduritasuna nagusi. Esperoan,
Oraingoan paketea sartu behar. Esperoan.
Pekunioa sartu behar. Esperoan.
Laster gure txanda. Esperoan
Beti esperoan, esperantza galdu gaberik.

Filmetako gartzelak dirdiratsuak.
Fimetako jagoleak dotoreak.
Filmetako irudiak beti gardenak
Espainiako gartzelak zikinak.
Espainiako jagoleak kutreak.
Espainiako kristalak beti zikinak

Bai, Spain is different ziotenek arrazoiz zioten
Spain is pain, aitzitik.
Espainia mina da
Espainia mingarria da
Mingotsa

Berrogei minutuko begiradak
Berrogei minutuko hitzak
Berrogei minutuko irriak
Berrogei minutuko taupadak
Kristal zikinak gelditzerik ez dituenak

Berrogei minutuz
Bizitasuna nagusi gelaxkan
Lurruna begietan
Gaur ere bisitak bereak egin du
baina lagun irlandarrek aldarri bezala,
gure eguna helduko da.

Kristal lodiaren beste aldean
laguna, senarra, semea, alaba, emaztea, neska-laguna, mutil-laguna, ezaguna...
Hamaika hitz duintasuna izendatzeko.
Nire begi lausoetan lagunaren irudia daramat bueltan

Isiltasuna nagusi autoan
Lurruna kristalean
Bihar ere egunak argituko du
Zinez, Spain is different
Spain is pain

Espainia mina da
Espainia mingarria da
zapore mingotsa etxerako bidean.

Baina lagun irlandarrek aldarri bezala,
gure eguna helduko da.



Poema hau HATSAren poesia- Olerki bilduma 2008an argitaratu zen; David Cebrian Curtis-eko espetxean dago gaur egun, A Coruñan, Ezkabatik 650 kilometrora.

2008-08-08

Kalkulagrama

“Estatu Batuetako Armadaren 142. konpainiako soldaduek eraso bat burutu dute gaur, goizaldean, Irak-eko ipar-mendebaldean. Pentagonoko iturriek azaldutakoaren arabera, 154 errebelde hil, zauritu edo atxilotu omen dituzte. Etxe Zuriko bozeramaileak adierazi duenez, operazio militar hori esker petrolioa erauzteko 69 dorre babestuko dituzte Estatu Batuetako tropek. 5 militar estatubatuar zauriturik suertatu dira ”.


EITBko esataria hitz egiten ari delarik, kopuru horiek guztiak kalkulagailu batean idatzi dituzu zenbaki horiek guztiak elkarren ondoan: 142, 154 eta 69. Ondoren, atera zaizun kopuru hori bider 5 –militar zaurituen kopurua- egin duzu. Atera zaizun emaitza hauxe da: 71077345. Itxuraz, esanahirik gabeko kopuru bat.
Alabaina, kalkulagailuko pantailan agertzen den kopurua berezia da: kalkulagailua goitik behera jarrita, pantailako zenbakiak horiek, 71077345, letra bihurtzen dira, eta 71077345 kopurua hitz bihurtuta, operazio militarraren benetako garailea agertzen zaizu: SHELLOIL.



Artifizio bitxi honi kalkulagrama deritzo. Màrius Serra katalanaren Verbalia liburu zoragarritik hartu nuen, eta Interneten ere erreferentzia bat baino gehiago agertzen den kontu horrekin. Nik istorioa jantzi egin dut, hori baino ez. Zergatik? Iruditzen zaidalako euskarak behar dituela bide berriak urratu.

Behar zenean, araugintzan aritu ginen; gero, testugintzara egin genuen jauzi... Ez dut ukatzen bide horiek jorratu behar zirenik: ezinbestekoa zen, eta egin, egin genuen. Eta, gainera, badakit jorratzen jarraitu behar ditugula... Horretarako dugu Afaltzaindia eta enparauak.

Baina, horrenbeste gintza serio eta zurrunekin -sobera jainkotiar, lurtar arruntontzat- bidean gelditu zaizkigunak ez dira gutxi izan... Zirtorik edota hitz-jokurik gabe, euskara herren eta maingu ibiltzen da; zuzena agian bai, baina hotza, hila, edo, kasurik hoberenean, gatz eta piperrik gabea. Horregatik, arauaren zurruntasunetik jolasera egin behar dugu jauzi, euskara erakargarri, bizi, kilikagarri, berexi, osasuntsu, bixkor, erabilgarri eta gustagarri izanen bada. Hizkuntza komunikaziorako tresna bada, bihur dezagun jolaserako tresna, bizi-bizia, bizitza bezalakoa.

Ildo horretatik, Iñaki Arranz-en liburu guztiz gomendagarria irakurtzeko aholkatzen dizut: "Hitza azti" izenburu palindromikoa duena, duela bi urte atera zena, eta, ene ustez, behar baino oihartzun ttikiagoa izan duena. Ez da di-da batean irakurri behar den liburua; hobe duzu atalez atal irakurri, bete-betean gozatuko baduzu... nik gozatu nuen bezainbeste, bederen.

2008-08-04

Idazteak ezusteko lekuetara eramaten gaitu



“Egia zen, beraz: idazteak ezusteko lekuetara eramaten gaitu. Idazle adiskideok,argi ibili: kontuz idazten duzuenarekin, egunen batean lehendakaritzan amaituko duzue bestela, zuek ere.”



Edo gartzelan. Hasierako hitzak Harkaitz Canorenak dira, lehendakaritzan irakurriak, ongi merezitako Euskadi saria jaso aitzin emandako hitzaldian. Iñaki De Juanak ez zuen entzungo, gartzelan baitzen. Handik egun gutxira, preso donostiarrari GARAn argitaratutako artikulu pare batengatik 12 urte baino gehiago ezarri zioten; azkenik, bakarrik beste hiru ezarri zizkioten. Preso donostiarra, kondena oso-osorik beteta, kalera atera zen larunbatean, eta ongietorrian irakurri zen haren testua ari da ikertzen Espainiako Auzitegi Nazionala... Egia zen, beraz, Harkaitz Canok idatzitakoa: idazteak ezusteko lekuetara eramaten gaitu.

Horren inguruan idatzi nuen artikulu bat, Iñaki de Juana eta Harkaitz Cano, BERRIAn eta GARAn argitaratu zena 2006ko abenduaren hondarrean. Egun hauetako ekaitz mediatikoaren erdian berresten dut idatzitakoa. Quod scripsi, scripsi.

Idazteak edo hitz egiteak: gaur betetzen dira sei hilabete Patxi Urrutia eta Pernando Barrena preso hartu zituztenetik, prentsaurreko batean hitz egiteagatik...

2008-08-03

SRV

Oporretan izateak aukera ematen dizu normalean egiten ez duzuna egiteko. Esate baterako, mendira joan eta argazkiak lasai ederrean ateratzeko. Esate baterako, aspaldiko lagun zahar batekin hitzordua egin eta solas egiteko. Edota, esate baterako, aspalditik begiz jo eta erosi nahi zenuen DVD hura erosteko: Stevie Ray Vaughan-ena, esate baterako.

Stevie Ray Vaughan-en helikopteroak lurra jo zuenean, haren itzalak goia jo zuen; 1990ko abuztuaren 27a zen, eta East Troy-n, Wisconsi-n, kontzertu bat eman eta gero, aukera izan zuen Chicago-rako bidaia helikopteroz egiteko; leku libre bat zegoen eta SRV-ek hartu zuen. Aireratu eta berehala istripua izan zen; helikopteroan zihoazen guztiak hil ziren. Harrezkeroztik, era tragiko batez hil diren artisten Parnaso berezian dago SRV, zenbaiten ustez, inoiz izandako blues-rock gitarra-jotzailerik onena -Eric Guitar Clapton-en baimenarekin, jakina.

Crossfire izeneko DVDa aspalditik nuen begiz joa, eta opor hauetan tentaldian erori eta DVD hori erosi dut.



SRV-en kanta klasiko horrek, Crossfire delakoak, hauxe esaten digu:

Egunak joan eta egunak etorri....neon-argiek itsuturik /
Harat eta honat beti presaka....inork ez du ezertarako astirik /
Diruz larri, ezertxo ere ez da doan... Datorrela norbait ni erreskatatzera /
Loturik nago... tiroen artean harrapaturik /
Loturik... tiroen artean harrapaturik.

Hortza hortz truk, eta begia begi truk....saldu zeure arima, soilik erosteko, erosteko eta erosteko. /
Dolar baten eske, eta txakur txiki bat ostu. /
Tira, ez al duzu ikusten nagoela..../
Loturik... tiroen artean harrapaturik /
Loturik... tiroen artean harrapaturik /

Ontasun pixka bat behar dut nik....norbaitek sinpatikoa izatea nirekin, bestela…/
Loturik gaude... tiroen artean harrapaturik /

Indartsuak irabazi eta ahulak galdu... Ez eskaini inoiz beste masaila /
Ez inori sinetsi, ez izan hain tentela... Den-dena gertatzen da urrezko arauaren arabera /
Loturik gaude... tiroen artean harrapaturik /
Loturik gaude... tiroen artean harrapaturik /
Loturik gaude... tiroen artean harrapaturik /
Loturik... tiroen artean harrapaturik.



1980an idatzi zuen kanta SRV-ek... baina gaur ere idatzia izan liteke. Gainera, teknikoki liluragarria ez izan arren, DVDn dagoen zuzeneko bertsioan indar handiagoz gozatu daiteke.

Oporretan izatek horrelako kontuetarako aukera ematen digu, esate baterako.