2008-02-04

Pernando eraman dute


Pernando Barrena hartu dute atxilo gaur goizean Berriozarko udaletxearen ondo-ondoan. Beste Garzonkeria bat. Enegarrena. Berarekin batera atxilotu dituzte Patxi Urrutia, Amaiurren, eta Unai Fano, Larrabetzun. Pasa den larunbatean Iruñeko hotel batean emandako hitzaldia izan omen da euren krimen larria.
Berriozarko haren etxera eraman dute eta ordu bietatik laurak eta hamar arte luzatu dute antzerkia; antzerki dramatikoa: berdez, urdinez, eta kalez jantzitako aktoreek ez digute pasatzen utzi; kazetari guztiei utzi diete hurbiltzen Berria egunkariko kazetariari izan ezik; Pernandoren aitari ez diote utzi semea besarkatzen; Berriozarko alkateari berari ere ez diote pasatzen utzi. Hor egon garenok aukera izan dugu bost segundoz ikusi eta agurtzeko Citroën C 4 beltz batera zeramatelarik: "Aupa Pernando; Jo ta ke, irabazi arte. Animo, Pernando! Animo!"
Pernando eraman duten auto beltzean ardi beltzaren pegatina beltza itsasia; otso beltzak ardiaren pegatinaz mozorroturik. Inpotentziaren zapore mingotsa ahoan ari naiz idazten lerrook, egun batean, gaur etxetik eraman dituzten horiek gure oihu isila adituko duteneko esperantzarekin: "Aupa; jo ta ke, irabazi arte! Animo eta eutsi!"

No comments: