2008-02-16

Besoen arteko epelean

Joana da ekaitza

heldua da egiak xuxurlatzeko unea

bihotzaren korapiloak deslotzeko unea

negu gorrien pisu itzela arintzeko unea

galdutako aukeren oinazeak ahazteko unea

malko katartikoak xurgatzeko unea

eta bidea argitzeko unea heldu da.


Eta ilun beltzenetik

sortzen den irribarreak

bide bihurria argituko du

iraganeko itzal gehiagorik ez

geure gogora hegan egiteko libre

Amodioaren txinpartak sentitu ditugu

eta Desira izeneko basoan barna goaz

elkarren eskutik

su mendien barna

amodioak damaigu argitasuna.


Hortaz, ez zaitez kezka

tximistak iluna urratzen duenean

besoetan hartuko zaitut

ortotsa noiz helduko zain

Elkarrekin eginen baitugu dantzan

azken mendeko azken urteko azken egunera arte.

Eta, baiki, udazken bati beste negu batek darraio,

baina nor da tximisten beldur besoen arteko epelean?


Post scriptum: badakit ez direla garai onak lirikarako... baina inoiz izan al dira garai onak lirikarako? Nafar Ateneoaren poesia aldizkarian argitaratu berri den poema txiki hau ekarri dut leiho honetara, giroa goxatzeko edo...

No comments: