2017-12-13

Tximeletaren pisua


Erri de Lucaren Il peso della farfalla liburuttoaren euskarazko itzulpena zuzentzen hasi naiz abenduko goiz goibel honen hondarrean, eta hasi orduko ohartu naiz hau ez dela lan makala izanen. Zirriborroaren alboetan, paper zuriaren gainean gorri, barreiaturik agertzen dira  nire luma Jaguar gorriaz egindako zuzenketa markak. Ordenagailua piztu eta testu prozesadorea zabaldu dut. Saguak berez egin du bidea eta fitxategia irekitzeko botoiari sakatuta, Tximeletaren pisua 02.odt fitxategia aurkitu eta klik bikoitza eginda, begien aurrean zabaldu zait idazle italiarraren testua. 

Korritze barra mugitu dut eta lehenbiziko bost orrialdeak pasatzean II. txatala aurkitu dut. Atal hori bazkaldu aitzin zuzentzen badut, pozik eta uros. Napoliko idazle zoragarri horrek idatzitako istorioaren mamia ez dut lardaskatu nahi, baina laster ohartu naiz itzultzaileak egindako lehen zirriborro horretan badagoela zer-zuzendurik. Perpaus batzuk lokabeak dira, autonomo xamar. Lokailuak falta zitzaizkion, baina kontuz ibili behar da testuari zama gehiegi ez eranstearren, De Lucaren estiloa ez hondatzeko. Horretarako, puntuazioa baliatu dut lokailuen ordez, jatorrizko estiloari lotzeko asmoz.

Sintaxi eta joskera kontuek, ohi bezala, buruhauste handienak eman dizkidate, eta gero, zuzentzaile ortografikoak gorriz salatutako akats tipografikoak eta ortografikoak ebatzi ditut. Azken puntua jarrita, oraindik ez da ezer bukatu, akatsak ez baitira pantaillan ikusten. Ordubete eman dut bigarren atal hura, bakarrik atal hori, zuzentzen; bost orrialde horiek zortzi edo bederatzi orrialdeko atal bihurtuko dira liburu formatuan. Azken berrikusketa egin aitzin, atala osorik berriz irakurri aitzin, inprimatu egiten dut. Inprimatzeko botoiari emanda, eserlekutik jaiki eta, Samsung laser inprimagailuak orrialdeak ateratzen dituen bitartean, leihotik begira jarri naiz


Negu gorria
auto burrunba, urrun
berun hodeiak



Haikua orrialdearen izkina batean apuntatzen ari naiz nire Jaguar lumarekin, ahaztuko ez bazait, txuri gainean gorri. Haikuaren ondoan, txuri gainean beltz, Erri De Lucaren atala euskarara ekarria, berreraikia, artez eta moldez euskaratua, ederki atondua. Perpausak lotuta agertzen dira, elkarren jarrian, eta irakurlea eramanen dute erraz hirugarren ataleraino. Gorde honela botoiari sakatu eta atal zuzenduaren segurtasun kopia gorde egin dut USB batean, zer gerta ere. Bazkaltzeko ordua da.


2017-12-10

Traizioa, manipulazioa eta delitu gehiago egiteko deia


Traizioa

2016ko maiatzean, Baionako Euskal Museoan, Maiatz-ek antolatu literatur itzulpenari buruzko saio gogoangarri hartan, Jose Mari Sentorain leitzarrak testu bat irakurri zuen. Testu hori liburu zahar bateko aitzin-solasa da, Carlos García Gualen-en Antología de la poesía lírica griega liburuan agertzen dena, blog honetan jadanik jasoa. Nik Ryookan euskaratzen traizioa egin nuen lehenbizi; orain beste traizio bat aitortzera noa: Idea Vilariño euskaratzeko traizioa.


Manipulazioa

Euskal Herriko Unibertsitateko Manu López Gasenik idatzi zuenez, bada literatur itzulpenen munduan behar bezala ulertu ez den kontzeptu bat: manipulazioa. Kontzeptu honen jatorria 1985ean argitaratutako liburu batean aurki daiteke: The Manipulation of Literature. Liburu horretan, itzulpenen ikerkuntza sortu berrian ziharduten aditu batzuk jatorrizko testuaren eta xede testuaren arteko baliokidetasunaz mintzo ziren, itzulpen literarioak alderdi deskriptibotik aztertzeko helburuz. Bertatik atera daitekeen ondorioetako bat da itzulitako testuak neurriren batean aldatzen direla sorburu testutik xede testura, irakurlearen ustezko ulermen mailara egokitzeko, edo beste zernahirako, eta aldaketa horiei eman zieten izen probokatzaile samarra “manipulazioa” izan zen.


Honek ekartzen dit gogora Nafarroako Unibertsitate Publikoko Juankar Mugartza irakasle eta lagunak behin esan zidana: berari manipulatzailea deitzea laudorioa da, eta ez kritika txar bat, lausengu bat da, eta ez hitz gorri bat. Bide batez: Juankar lagunaren Arima animalia poema liburua Durangoko Azokan aurkeztu berri da egunotan, Maiatz-en eskutik.




Nik Idea Vilariñoren poemekin ere manipulazio-lan bat egin behar izan dut euskarara ekartzeko, batez ere Uruguaiko gaztelaniazko berezitasunak, hitzak eta esapideak, euskarara ekartzeko lan nekezan; hori izan da poemok euskaratzeko tenorean erronka nagusia enetzat, Idea Vilariñoren olerkien manipulazioa alegia. Maiatz aldizkarian dituzue Uruguaiko olerkari handi horren hogeita hamar olerki euskaraturik.





Delitu gehiago egiteko deia

Eduardo Gil Berak Friedrich Hölderlin-en Hyperion liburua euskaratu zuenean, aitzin-solasean, adierazten zuen "deusek ez zuela hainbat kalte egiten euskal irakurlearen arimarako nola poeta handi batzuen itzulpenen ausentziak". Idea Vilariño poeta handi horietako bat da. Gaztelaniatik euskarara ekarritako literatur lanak anitzak dira, baina gehien-gehienak Espainiako gaztelaniatik izan dira ekarriak, ozeanoz beste aldean dauden olerkari eta idazle asko ahaztuta.


Nik dakidala behintzat, Idea Vilariño izan da Uruguaiko lehen emakume olerkaria euskarara ekarria... baina hor daude zain, beste emakume poeta batzuk, Uruguain bertan, Delmira Agustini eta Juana de Ibarbourou, edota Idearen garaikideak ziren Ida Vitale edota Amanda Berenguer... Eta gizonezkoen artean, nik maite dudan Liber Falco euskarara ekartzeko inor animatuko al da?


2017-11-21

Nobel saria eskuratu duen idazle —ustez— japoniarraz

Testu honek aitorpen lotsamangarri bat dakar hasiera-hasieratik: Nobel saria jaso aitzin ez neukan Kazuo Ishiguroren ezer irakurria. Japoniako literaturaz zer edo zer badakidalakoan egonik ere, Kazuo Ishiguroren eleberririk ez dut etxean. Nobel saria eman aitzineko egunetan Haruki Murakami idazle ezagunak saria eskura zezakeela zabaldu zen, urtero bezala, baina aurten ere, aurreko urteetan bezala, saririk gabe gelditu da Murakami, Nobel saridun izangai izateko kondenatua. Gainera, aurten Kazuo Ishigurori eman badiote, ez dut uste datorren edota datozen urteotan berriz ere beste idazle japoniar bati Literatur nobel saria emanen diotenik... Beraz, Haruki Murakamik Nobel saria eskuratzeko aukera anitz galdu du, Nobel saririk gabeko idazle handien gauaren sakonean galduta. Bide batez, Gauaren sakonean da Haruki Murakamiren eleberri bakarra euskaraz irakur daitekeena, oraingoz bederen, Ibon Uribarrik euskaratua eta Ereinen eskutik argitaratua, 2009an.

Kazuo Ishiguro ez da Haruki Murakami bezain ezaguna, ezta beste nobel saridun japoniarrak —Yasunari Kawabata eta Kenzaburo Oé— bezainbeste ere. Bidenabar, irakurle zaleak Yasunari Kawabata-ren Loti ederrak irakur dezake Literatur Unibertsalaren bilduman. Ez, Kazuo Ishiguro ez da Kawabata bezain ospetsua, eta ez da Yukio Mishima bezain ezaguna —beste Nobel saridun izangai betierekoa— edo azken urteotan ospetsu bihurtu diren Yoko Ogawa edo Natsuo Kirino emakume idazleak bezain sonatua... orain arte bederen. Goian aipaturiko idazle horien guztien liburuak extean dauzkat —ez denak, doike— edo irakurriak ditut... baina Kazuo Ishiguroren libururik ez daukat. Oraintsu, Nobel saria eman diotelarik, argitaletxeak hor ibiliko dira urteetan biltegietan pilaturiko eta ahanzturiko liburu aleak tirriki-tarraka sustatzen, itzultzaileak estutzen ahalik eta lasterren Ishigururen liburuak itzul dezaten —“Noizko? Atzoko!—... Ezpada nobel saridun berriaren egile-eskubideen gaineko liskar korapilotsu eta borroka zikinetan sartzen direla.

Kazuo Ishuguroren gaineko datak eta datuak bilatzen eta biltzen hasi ziren Nobel saria jaso ahala, eta orduan ikasiko zuten Nagasakin jasio zela, 1954an, baina umea zelarik Britaina Handira joan zela familiarekin, sei urte baino ez zituelarik. Ingalaterrako bere etxean japonierari eutsi zioten, baina argi dago “English Writer” —Idazle igeles bat— dela, Suediako Akademiako aurkezleak aurkeztu zuen gisara.


Bada Albazeteko lagun bat, haiku idazten duena —naturari loturiko poema laburra, japoniar jatorrikoa— duela gutxi hauxe idazten zuena: “Wikipedia Borges bera baino gehiagotan aipatzen da”. Arrazoi du, eta nik neuk ekarri nahi dut Kazuo Ishigururen gaineko iruzkina, Wikipediarena, testu hau biribiltzeko, zeren eta aurtengo nobel saria definitzerakoan, Wikipediak dio jatorri japoniarreko idazle ingelesa dela; bere NocturnosGauezkoak— ipuin-bilduma eta Pálida luz en las colinasMuinoetako argi motela— eleberria irakurri eta gero, ezin argiago daukat.

Kazuo Ishiguroren liburu horren haritik, hil honetako nire kolaborazioa Euskalerria Irratian


2017-11-11

Su gabeko etxea, gorputz odolgabea


Sukaldeko sutondoan, zizeiluan eserita nagoelarik, gogora datorkit kostaldeko lagun gipuzkor batek behin harritu zela zizeilu hitza aditzean: “Gurian aulkiya deitze zaio, besterik gabe. Zelako rarua den hemengo jentia". Bertzalde, lagun zuberotar batek esana dakit han züzülü esaten diotela; Ekialdean, antza, ederki bereizten dugu zer den aulkia —gurean, kadira eta zer zizeilua.

Larrazkeneko bazkal osteetan eguteran esertzea maite dut, baserriaren aurrean, ekibegian, eguzki engainagarriaren azken izpien indar hondarrak biltzeko edo. Olarri mendirantz eguzkia emeki-emeki amiltzen ari delarik, maite dut pentsatzea aurrekoan baina pixka bat gehixeago luzatu dela eguna. Patxi Zubizarreta lagunak aspaldi idatzi zuen gisa, “ilunabarra ez zen hain erabatekoa izango hain iheskorra ez balitz”.

Eguzkia ezkutaturik, baserrira sartzen naiz atzera, harrikoa egitera eta gero, sutondoan egotera. Baina gaur, harrikoa eginda, egunaren argitasuna oraindik aprobetxatzeko edo, berriz ateratzea deliberatu dut, ilundu aitzin itzuliño bat ematera, eta gure baserritik maldan behera doan bidezidorrean barna abiatu naiz Luisenera, eta agian ama zenaren lehegusina Zezili agurtzeko aprobetxatuko dut, bera ere urteetan aitzina doa-eta. Orduan erreparatu diot bidetik aparte xamar dagoen makalari, makal sendo luze handiari, udaberrian eta udan gure baserritik Olaldea ikustea eragozten diguna, baina orain, larrazkenak erdi-biluzturik, herriko eliza eta etxeak antzematen uzten dituena. Gure baserriko tximiniari darion kea, hego-haizerik ezean, gorantz doa kiribil eder bat sortuz, baserritik gertu dagoen makal luze eder horrekin —pagoen eta haritzen artean, nabarmen— bat egiteko asmoz edo.



Makal urruna,
tximiniatik lehian
ke zirimola










2017-10-20

Surik gabeko etxea

“Surik gabeko etxea, gorputz odolgabea” 
Zuhur-hitza.



Iruñetik ez da sobera urrun gurelocus amenus’, gure ama zenaren baserria, Maienea: Olaldea, Orotz-Beteluren auzoa, Artzibarren, Aezkoarekin muga-mugan, Pirineo aurreko atari haritzaz eta pagoz betean.

Mendien arteko ordokian, Olaldeako elizaren inguruan, etxe txiki batzuk hurrenez hurren elkarri atxikiak, eta beste baserri zahar apain batzuk errepide nagusiaren eta bakarraren alde banatan. Han-hemenka etxe ederrak, hutsik egoten direnak asteburu eta oporraldietan izan ezik; beheko sua lauzpabost etxetan baizik ez da egoten pizturik neguko egun luzeetan.

Gure baserria bazter batean egonik, ez dugu harreman handirik izaten beste auzokideekin, ezpada guretik gertu dagoen baserrikoekin, errepide ondoko Luisena, gure ama zenaren ahaide urruna. Mendiaren magalean, gure baserria bezalakobertze baserri batzuk mendi maldetan barreiatuak, besteak beste, gure auzokoa, guretik hurbilen dagoena, Gabutxoena, mutilzahar bat bakar-bakarrik bizi den baserri zaharra; aspaldi hondatu zitzaion tximinia, eta harrezkero gizona estufa baten ondo-ondoan ematen omen ditu egunak eta gauak, beheko sua erabili ezinik. Jadanik ez dut gogoan noiz izan zen etxe horretako tximiniari kea zeriola ikusi nuen azkenekoa... badira urteak! Gurean, ama zendu zenetik, arreba eta biok ia-ia astebururo etorri ohi gara, gaur goizean bezala.



Larunbat goiza da eta Iruñetik heldu berriak garelarik, beheko sua piztea dugu lehen eginkizun. baserriko txininiatik ateratzen den kea ikustea pozgarria da. Pikuondo zaharra moztu genuenean epaitza egin eta adarrak eta adaskak bildu genituen; adaska lehortu horiek prest izaten ditut sua pizteko eta tximinia hotzak laster hartzen du suaren berotasuna, eta kea hasten da goitiko bidea egiten; ez beti, batzuetan kostatu egiten zaio, eta sukaldea kez bete, haizeak nondik jotzen duen. Izan ere, hego-haizeak jotzen duenean, beti kez betetzen zaigu sukaldea, eginak egin eta esanak esan... Gure ama zenak zioenez, “haize hegoa, haize eroa” Zorionez, behin arnasa hartuta, sugarrak indartzen direlarik, sukaldea, baserriaren muina, hasten da biziberritzen. Zizeiluan esari ohi naiz tarte batez, sua zaintzeko aitzakiarekin. Maite dut suari begira egotea, keak laratzetik goiti egiten duelarik.



Suari beha
hegan doakit gogoa 
erre gaberik.



2017-10-10

Haiku euskaraz: panorama laburra


Iragan den asteburuan haikuari buruzko topaketa izan zen Iruñeko Yamagutxi liburutegi publikoan, Haikunversaciones taldeak antolatua. Hemen egin den lehen biltzarra izan da, lehenagotik beste lau egin diren arren Estatu Espainolean. Hiru egunetan zehar, haikuzale eta haikugile askotxo bildu ginen eta asko ikasi genuen elkarrengandik.

Niri egokitu zitzaidan euskaraz idazten den haikuari buruzko hitzaldi bat ematea; erdaraz egin nuen arren, euskaraz idatzi nuen eta hemen duzue... Behingoagatik bederen, euskarazko bertsioa erdarazko baino lehenago!

2017-10-04

XXI. mendeko Che


Ernesto Che Guevara Boliviako oihanean erail zutenetik 50 urte beteko dira bortz egunen buruan,  urriaren 9an. Haren gaineko hitzak eta iritziak entzungo ditugu egunotan, baina segur aski inork gutxik eginen dio erreferentzia duela urtebete Iñaki Gil de San Vicentek idatzitako El Che del siglo XXI liburuari. Caracaseko Trinchera argitaletxearen eskutik.
Liburuaren asmo dibulgatzailea guztiz txalogarria da, zeren eta egileak dioenez, alfabetatzea, —zentzu zabalean eta ez zurrunean ukerturik— gaur egun duela mende erdia baino zailagoa da, baina baita are beharrezkoagoa ere. Izan ere, alfabetatzea, egun, ez da bakarrik irakurtzen eta idazten irakastea; egun, kritikoki pentsatzen irakatsi behar dugu, non eta dogmaz eta irrazionalismoz betetako gizarte batean, zatata mediatikoaren erdian, manipulazio subliminala eta inkonszientea nagusi delarik, Gainera, egun, informazio —eta desinformazio— zientifiko eta teknikoaren zama askoz konplexuagoa da duela 50 urte baino. Egun, analfabetismo funtzionala handiagoa da duela mende erdia baino.
Nekez laburbil daiteke guztiz gomendagarria den liburu hori lerro xume hauetan, baina Che Guevararen beraren bi aipamen zehatz azpimarratu nahi dut, biak ala biak, gaurkotasun handikoak gaur egun ere, ene ustez bederen.
Che Guevarak hauxe dio militanteaz: "Militanteak argitasun politikoa izan behar du. Argitasun politikoak ez du esan nahi Iraultzaren proposamen ororekin baldintzarik gabeko adostasunik izan behar duenik, baizik sustengu arrazoitua eduki behar duela, neke handiak jasateko gauza izan behar dela, eta, batez ere, analisirako gaitasun dialektiko handia eduki behar duela, ekarpenak etengabe egiteko, maila orotan, bai teorikoki, baita praktika iraultzailean ere".


Eta hauxe koadro politikoaz: Koadro politikoa, beraz, sortzailea da, goi mailako buruzagia, maila politiko oneko teknikaria, eta kapaza izan behar da produzio sektore bat aurrera eramateko edo jendartean zuzendaritza garatzeko bere postu politikotik, dialektikoki arrazoituz.


Dialektikoki ulertu behar dira Guevararen testuak, tokian tokiko eta uneak uneko baldintzen arabera egokituz, bai, baina XXI. mende ere badute funts iraultzaile itzela. Izan ere, horregatik hain zuzen prentsa burgesak 50 urte daramatza Che Guevara-ren obra laidoztatzen; egunotan ere, bereak eta bi irakurri eta entzunen ditugu Cheren irudia eta ekarpen iraultzailea higatzearren. Zorionez, Che Guevarak ekarpen teoriko-praktikoa itzelak zarata mediatiko burgesa estaltzeko gaitasuna du. Alta, ene irudikoz Guevararen egindakoak eta idatzitakoak ez dira aski ezagunak, eta gure esku dago gehiago irakurtzea, aztertzea, euskaratzea, eztabaidatzea eta praktikara eramatea, teoria eta praktika uztarri berean joanik, elkarren eskutik, mundu hobe baten alde ari garen guztion onerako.


Izan ere, Che duela 50 urte erail zuten, baina haren irakaspenek bizirik diraute. Berak irakatsi zigun militantea zaildu, gogortu behar dela, beti ere xamurtasuna galdu gabe; eta internazionalismoaren orinarria, alegia zapalkuntza borrokatu behar dela, injustizia non-nahi delarik ere. Horregatik eta elkartasuna herrien arteko xamurtasuna delako, herriak tinko! Bartzelonako kale batean aspaldi irakurri nuen: “La solidaritat es una flama que no s'extingeix”.
Askapena erakunde internazionalistak 30 urte betetzen dituela ospatuko du Berriozarren larunbat honetan, eta egitarauaren ekitaldirik behinena Ernesto Che Guevarari egin beharreko omenaldia da: ezinbesteko hitzordua.


2017-09-25

Takiji Kobayashiren literatura proletarioa, euskaraz

Japoniako literatura proletarioan Takiji Kobayashi dugu idazlerik ezagunena, eta euskaraz irakurtzeko aukera dugu Katakrak-en eskutik argitaratutako liburuari esker.

Takiji Kobayashiri buruz lehenago ere idatzi nuen bere bizitzaz —eta heriotzaz— Kanikosen liburu eta fenomenoaren kontura. Gaur egun Takiji Kobayashi batez ere liburu horregatik da ezaguna, eta Japoniako literaturaren historian erreferente bat da.

Hedoi Etxartek azaldu zuenez, Katakrak iragan den abenduan hasi zen liburuak argitaratzen eta Takiji Kobayashiren liburu honekin beste urrats bat eman dute aitzina. Liburu honetan Kobayashiren bi nobela labur biltzen dira: Nagusia kanpoan bizi da eta 1925eko martxoaren 15a. Bi lan hauen euskaratzailea, Hiromi Yoshida, iragan den astean egon zen Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean liburuaren berri emateko.


Hiromi Yoshida eta Hedoi Etxarte (arg. Patxi Larrion)

Hiromik aspaldi ikasi zuen euskara —Lazkaon, Azpeitian... — eta ederki mintzatzen da gure hizkuntzaz. Ez da euskaratu duen lehen lana; Yukio Mishimaren Arratsaldeko atoiuntzia —Patxi Zubizarretaren laguntzarekin euskaratua— Literatura Unibertsala builduman eman zen argitara duela hogei urte inguru, eta blog honetan ere horri buruzko testu bat irakur dezakezu

Hiromik kontatu zuen bezala, Jose Luis Otamendik eskatu zion 1925eko martxoaren 15a euskaratzeko, eta gero, Jose Luisek berak zuzenketa eginda, Hiromiren itzulpena literatur mailako testu bihurtzen lagundu zuen. Nobela labur hori SUSAren webgunea egon da hainbat urtez, baina Katakrak-ek liburu formatuan atera du orain Nagusia kanpoan bizi da nobela laburrarekin batera, barau ere Hiromik euskaratua.

Hiromik ez da itzulpengintzatik bizi eta ez du bere burua itzultzailetzat hartzen, eta horregatik pixka bat lotsatuta agertu da lehengo eguneko aurkezpenean. Tokion bizi eta bertan eukarazko eskolak ematen ditu, eta zin-zinez eskertzeko da egin duen ahalegina, eguneroko lanetatik aparte hartu duen lanagatik bi nobela labur hauek euskarara ekartzen.

Nagusia kanpoan bizi da nobela laburrean Japoniako nekazari txiroen bizitza latz eta gogorra azaltzen zaigu, eta oso hitz xumeekin idatzia izanagatik indar handiko kontakizuna da

1925eko martxoaren 15a data esanguratsua da oldarraldi errepresibo ikaragarria hasi baitzen egun horretan Japoniako langile mugimenduaren aurka. Testua gordin eta gogorra izanik ere, niri behintzat erakargarriagoa eta irakurtzeko errazagoa egin zait Nagusia kanpoan bizi da baino.

Langileentzat idatzia, literatur aldizkarietan agertu ziren atalka iragan den mendeko bigarren hamarkadan. Gaur egun, zorionez, liburu formatuan langile literaturaren lagin ederrenetakoa dugu euskaraz; merezi du irakurtzea.



2017-08-19

Ryookanen 101 haikuak Hats Arten mintzagai

Junkar Mugartza eta Auxtin Zamorarekin, konpainia noblean
Gaur Senpere-Amotzen, Ryookan poeta japoniarraren 101 haikuak izan ditugu solasgai.  Ryookanen 101 haikuak  liburua iragan den udazkenean aurkeztu nuen, eta horren kronika ttipia egin nuen. 
NUPeko irakasle eta laguna den Junkar Mugartzak liburuaren aitzin-solasa idatzi zuela eta, gaur ere hitza hartu du eta liburuaren inguruko sekretu ttipiak —eta beste sekretu batzuk ere— aletu ditu. 
Haiku klasiko hauek euskarara ekarriak, hutsune txiki bat betetzen da, zeren eta Eduardo Gil Berak idatzi zuen bezala, ezerk ez dio hainbeste kalterik egiten euskarari nola poeta handi batzuen ausentziak.
Haiku klasiko hauen bidez Ryookanek naturan sentitutakoa transmititzen saiatu naiz, eta espero dut aware delakoa —emozioa, sentsazioa, mira...—  irakurleak ere sentitzea.
Olerkarien aterpe den Larralden Hats Arte ekimena antolatzeagatik eskerrak ematea baizik ez zait gelditzen Auxtin Zamorari; milatan esker!  


  

2017-07-23

Hendaiako hondartzan, Galia gogoan

Hego haize leunak aurpegia laztantzen dit; ezinegon handia susmatzen dut ene barnean, eta era berean, lasaitasun handia, lasaitasun urduria erranen nuke paradokixikoa izanik ere. Burua astun sentitzen dut, agian hiru egun badaramadalako gaueroko pilula txikia hartzen, loaren lagungarri; Hendaiako hondartzan barna oinutsik ibiltzeak arintasun-sentsazioa ematen dit. Kaioek itzulika egiten dute hegan ene gainetik. Saharako Galia izeneko neskatikoa hondartza honetan egon zen jolasean duela urtebete.

Argitasun handiko eguerdi honetan oso jende gutxi dabil hondartzan, eta eguraldi iragarpenek adierazi bezala, haize hotz leuna dakar; hegazti batek txilio berezi bat egin du, eta hunkitu egin naiz. Hondarrean ibiltzearen ibiltzeaz hozminduriko hankak igurtzi ditut hondar ale batzuk kentzeko eta harrizko eskaileratan gora abiatu naiz. Xehetasun orok ekartzen dit gogora Galia neskatikoa, baita hondar aleak kentzeko keinuak ere.

Itsas ondoko harresian txori txiki bat da, papo laranja eta luma hori-beltzak dituena; txonta arrunta behar du, baina hegan egin du ihes ni hurbildu ahala. Txoria zegoen leku berean eseri naiz hanketako hondar aleak kentzeko, eta nire azpian txoria egondako leku zehatzean Galia ere egon zelako sentsazioa izan dut gorputzean zehar.


Ederki gogoratzen dut Galia hondartza honetan bertan, “I'm thirsty” zioen kamiseta bat jantzita, “Egarri naiz” alegia. Paradoxikoa zen arren, hemen zela ez zen egarri, ez gose, ez hemen Iparraldean, ez Hegoaldeko gure etxean. Errefuxiatu jaio zen Galia Balal Mohamed neskatoa, gure etxean, Oporraldia Bakean programari esker, azken bost urteotan udak eman dituen neskatikoa; aurten, baina, jadanik ez da etorri, programak ezarritako adin-epea bukatuta, eta Hendaiako hondartzak hutsik dagoela ematen du, Berriozarko gure etxea bezain hutsik.


Dunbarri haitzak
uhainek bortitz joak
apar usaina 



2017-06-09

Gerrak ez du emakume-aurpegirik

Iragan den ostiralean, Liburu Feriaren abaroan, Gerraren kontrako hitzak izeneko ekimen egin genuen Iruñeko Gaztelu plazan. Urterik urte erroturik dagoen ekimen xumea da, eta behin baino gehiagotan blog honetan bertan agertu da horren berri.

Aurten nik prestaturiko testua itzulpen bat da, aspaldi gaztelanaiz irakurri nuen La guerra no tiene rostro de mujer liburutik ateratako pasarte labur bat. Svetlana Aleksievitxi duela bi urte Nobel saria eman ziotenez geroztik, haren libururak hasi ziren itzultzen, eta nik liburu hori irakurri nuenean pentsatu nuen pena zela euskaraz ez izatea, eta horregatik itzuli nuen zatiño ba, María Afanásievna Garachuk soldadu errusiarrari dagokion zatia:

Gerra hasi zenean, medikuntza fakultatean bukatu berria nintzen. Sorterrira itzuli nintzen aita gaixorik zegoelako. Eta bat-batean, berria aditu genuen. Gerra! Gogoratzen dut goiz-goizean zela berria jaso genuelarik. Goizeko ihintza artean han zen berria iragarrri zutenean: gerla! Ihintz hori, belarrean, zuhaitzetan ikusi zuen ihintz hori, gerora ere gogoratzen nuen anitzetan, frontean nengoela. Gizakioi gertatzen zitzaiguna, natura, arras diferentea zen. Eguzkia, distiratsu... bitxiloreak, nire lore maiteenak, eder-ederrak, milioika pentzeetan.


Gogoratzen dut gari-soro batean ezkutatu ginen egun bat, eguzki beteko egun bat. Alemaniarren metrailetak esnatu ziren: ta-ta-ta-ta-ta, eta gero, deus ere, isiltasuna. Gariaren xulurla baino ez zen aditzen... Eta zerpentsaturik ematen zidan: adituko al dut inoiz berriro ere gariaren xuxurla?”



Liburuak gerrara joan ziren emakume sobietarren istorioak biltzen ditu. Kontakizun gordinak, hunkigarriak.... gerra emakumeen begietatik ikusia, gutxitan bezala.

Gauzak zer diren, Gerrak ez du emakume aurpegirik liburua euskaraz atera berri da Iker Sancho Insausti lazkaotarrak euskaratua. Liburua, esan gabe doa, erosi egin dut berriz irakurtzeko... eta, aitor dezadan, jakiteko nola itzuli zuen Iker Sancho gazteak zati hori... Jakin-minik duenak jo beza 64. eta 65. orrialdeetara,  Interesik duenarentzat, oso ederki labubiltzen ditu itzultzaileak liburuaren nondik-norakoak bideo honetan.




2017-05-10

Vera Voloshina


Armada Gorriak Hitler azpiratu zueneko 72. urteurrena ospatu berri da. Garaipenaren urteurrenaren kari, komeni da, komeni denez, garaipen hori gauzatzen lagundu zutenak gogoan hartzea; horietako bat, Vera Voloshina.
  
Vera Danilovna Voloshina Siberian sortu zen, Kemerovo herrian, 1919ko irailaren 30ean. Aita meatzaria zen, eta ama, erizaina. Verak kirolak maite zituen, bereziki, gorputz hezkuntza. 1937. urtean Moskura joan zen bizitzera eta Kirol eta Kultur Fisikoaren Institutuan tiroa, marrazketa eta poesia lantzen ikasi zuen. Horretaz gain, Moskuko Aeroklubean I-153 “Txaika” hegazkina pilotatzen ikasteko eskolak hartu zituen, eta baita paratxutismo eskolak ere. Neska ile-hori ederra, ikasle azkarra, gelako neska dibertigarriena omen zen; Veraren ametsa, beste guztien gainetik, atleta bihurtzea, eta bide horretan, altuera-salto lehiaketa bat irabazi egin zuen.


Gerra baino lehen, 1935ean, Ivan Shadr eskultoreak atleta-gorputzeko Vera hartu zuen eredutzat Neska arraunarekin hamabi metroko eskultura ospetsua egiteko tenorean.





1941eko ekainaren 22an, Vera, ikasketeetako hirugarren urtean zela, jantzi txuri bat erostera joan zen, umetatik ezagutzen zuen Yuri Dvuzhilny izeneko mutil batekin ezkontzeko asmoz zebilen eta; dendan gerra hasia zela enteratu egin zen.



Yuri frontera bidali eta gero, Vera gotorlekuak eraikitzen laguntzen aritu zen, harik eta berak ere, behin eta berriz eskatuta, setati, frontera joatea lortu zuen arte. Frontetik eskutitz gutxi bidali zuen, eta amari igorritako batean hauxe zioen: “Ama, niretzako botak lortzerik badituzu, eta eskularruak (dauzkadanak urratuta daude-eta), zaila suertatzen ez bazaizu bederen, mesedez bidali, bestela hotz handia pasatuko dut gure baso zabaletan. Ama, ez zaitez hainbeste kezkatu nitaz, ez zait ezer gertatuko, zorioneko izar baten azpian sortu nintzenez gero, ehun urte biziko naiz eta.”

1941eko udazkenean frontearen lerroak zeharkatuta, alemaniarren aurkako ekintzetan parte hartzen hasi zen, gerrillari. Tiratzaile trebea, alemaniarren lerroen atzean borrokatuz, 6 ekintza arrakastatsutan parte hartu zuen. Verarekin batera, beste gerrillari bat, Zoya Kosmodemyanskaya neska gazte herabetia, Verak beti babestua. Zoya Kosmodemyaskayari buruz duela bi urte ere idatzi nuen Dikea izeneko artikulu batean.

Baina gatozen harira. Azaroaren 21ean beste ekintza batean parte hartu zuen, eta gau horretan, bi herriren arteko bidean barna beste gerrillariekin zihoala, alemaniarrek eraso egin zieten eta Vera larriki zauritu zuten, besaburuan tiroa emanda. Soldadu alemaniarrek atxilotu eta torturatu egin zuten.

Astebete iraganda, 29an, Goloukovo-ko estatu-etxaldean Vera urkatu egin zuten. Lekukoek kontatu zutenaren arabera autoz eraman zuten urkamendu-lekura. Vera autoan zetzan, barneko arropaz baino ez jantzita, odoletan. Bi soldaduk zutiarazteko imintzioa egin zutenean, Verak soldaduak egotzi eta, zutik jarrita, aldarrikatu zuen —lehen alemanez, errusieraz gero—: “Ez naiz heriotzaren beldur! Nire burkideek mendekua hartuko dute! Irabaziko dugu! Ikusiko duzue!” eta Internazionala abesteari ekin zion, soldadu alemaniarrak entzuten zutelarik. Ofizial alemaniarrak oihu egin zien soldaduei eta orduan soldaduek lakioa lepoan jarri zioten Verari. Ofizialak pistola eskuan, gidariari autoa martxan jartzeko agindu zion; artean Verak “Agur, burkideak!” esateko indarrik izan zuen. Sahats batetik urkatuta hil zen, 23 urte baino ez zituela; alemaniarrek bertakoei ez zieten Veraren gorpua ehorzten utzi.

 Abenduaren erdi aldean, Alemaniarrak joan eta gero, Golovkovo-ko herritarrek Vera-ren gorpua jaitsi eta Kryukovon ehortzi ahal izan zuten.

Amak Verarengandik jasotako azken eskutitzean, hauxe zioen: “Orain frontean nago, ama. Ez zaitez kezkatu, ez da ezer seriosa, eta heriotza behin baino ez da gertatzen.”

Vera Voloshina urkatu zuten Golovkovo herritik hamar kilometrora, Petristxebon, haren burkide Zoya Kosmodemyanskaya ere berdin urkatu zuten.   

Garaipena eta gero, Neska arraunarekin eskultura ospetsuaren kopiak ezarri ziren Sobier Batasuneko hainbat eta hainbat herritan.

Vera Voloshina hil zuten lekuan haren omenez eraikitako oroitarria, Golovkovon.

1968an Tamara Smirnova astronomoak aurkitu zuen asteroide bati Vera Voloshina izena eman zioten sobietarrek haren omenez. Izar gorri bat, zeruan betiko: Vera Voloshina. 

2017-04-17

Te kikara

Te-katiluak ez dira xaboiaz garbitu behar, urez baizik. Te-katilu honen arrakala finetan istorioak jasota gelditu dira, katilu honen iguran entzundakoak, eta xaboak deseginen lituzke; urak ez, ordea. Urak katilua garbitu egiten du, baina bere baitan bildutako istorioak ez ditu ezabatzen. Horregatik maiteago ditut katilu zaharrak berriak baino, portzelanazko arrakala txikietan istorioak gordetzen dituztelarik.

Haatik, katilu berriek ere badute bere xarma, diztira, bere baitan istorioriorik ez duten arren, oraindik. Istorio berriak biltzeko prest daude.

Ausarkeria ote da te-kikararen inguruko haiku bat asmatzea? Ez da asmatu beharrik, begien aurrean daukat-eta:

Bedats haizea
apiril-goiz honetan,
kikara bero.




2017-03-16

Korrikaren aurkezpenean

Korrikaren 20. edizioa hasteko gero eta egun gutxiago falta dira, eta aurtengo edizioaren aurkezpenean parte hartzeko ohorea izan nuen bart.

Ni Iruñean sortua ikanik, euskaldunberria naiz, eta euskara Iruñeko Joan D'Amendux Gau-eskolan ikasi nuen gaztetan, AEKn; gero, irakaslea ere izan nintzen bertan, eta gaur euskaraz bizi banaiz, neurri handi-handi batean AEKri esker bizi naiz. Hau da irakurri nuen testua.

Indar bat, entzuteko...eta esateko modu bat,
bizipoz bat.

HIZKUNTZA, KULTURA,
MUNDU BAT
Euskara hizkuntza kultura
eta mundu bat da: bertako
hizkuntza, gure kultur izaera
eta munduan nor izateko
modua. 
Euskal Herria euskaraz
ulertzen dugun euskaldun
eta euskaltzaleok aspaldi
ekin genion geure hizkuntza
sendotzeari, etorkizun hobea
nahi dugulako.





Atzoko ekitaldian parte hartzea bereziki zirraragarria izan zen niretzat, eta Saray Robles bertsolariaren bertsoa gozatzeaz gain, euskara ikasten ari diren lagun berriak ezagutzeko aukera izan nuen...  Biba zuek!





2017-02-21

Joakin Lizarraga XXI.mendean

Joakin Lizarraga idazlea Elkanon jaio zen, 1748ko irailaren 17an, Migelena etxean, Eguesibarko etxe aberatsenetako batean. 






Iruñean eta Valladoliden ikasi zuen jesulagunekin, eta Donostian apaiztu zen 1771n. Loiolatik sorterrira itzuli zen, Elkanoko parrokiako bikario, eta bertan eman zuen bizitza osoa, apaiz 63 urtez. Elkano, berez, Iruñetik gertu dagoen herri txiki lasai da eta garai hartan ere hala zen. Herriko bakea Penintsulako Gerlak urratu zuen, batez ere 1813. urtean. Izan ere, Lizarraga bera hiltzeko mehatxuak jaso eta bere ondasunak bahitu zizkioten. 1835eko urtarrilaren 20an, 86 urte zituela, sortetxean bertan hil zen, eta Elkanoko elizan bertan lurperatu zuten.




Joakin Lizarraga da, kopuruaren aldetik, euskaraz gehien idatzi duen euskal idazlea: 5.000 orri baino gehiago. Diotenez, Elkanon bertan, etxe zahar baren horma bat botatzean, bertan aurkitu zituzten idazki horietako anitz, XVIII. eta XIX. mendean Iruñerrian mintzo zen euskalkian idatziak, hegoaldeko goiz-nafarreraz: predikuak, katiximak...

Sermolari eta idazle oparoa, herritarren eta beste apaizen beharrez ohartuta, prediku guztiak euskaraz idatzi zituen, eta erlijio-liburuak euskaratzen izugarrizko lana egin zuen. Hartara, Joakin Lizarragak ez ezik, bertze apaiz anitzek baliatu omen zituzten.

Egun, Joakin Lizarraga izena Sarrigurengo Eskola Publikoak darama, Eguesibarren, apaiz idazlea jaio, bizi eta hil zen etxetik ez sobera urrun. Bete-betean asmatu dute eskola berri honi Joakin Lizarraga izena jarrita, Elkanoko idazleak ez baitzuen artean horrelakorik. Aitor dezadan, duela hamar urte baino gehiago, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa (EIBZ) sortzeko prozesuan neronek proposatu nuela Joakin Lizarraga izena jartzea, baina garai horretako Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbiztuko arduradunek ez zutela nire proposamena aintzat hartu; arantza bat nuen, eta Sarrigurengo Eskolari izen hori emanda, arantza hori erauzi egin dut, zorionez.

Zorionak, bidenabar, Joakin Lizarraga Sarrigurengo eskola publikoko irakasle eta gurasoei, bukatu berri den aurrematrikulazioan 126 ume apuntatu direlako —iaz baino 25 gehiago—. Dudarik ez dut, Joakin Lizarraga izena daraman eskolan seme-alabak apuntatu dituzten gurasoei ez zaie damutuko. 

2017-02-12

Si non caste, saltem caute

Carabinieri horiek harrituta gelditu ziren Andrea Contin apaizaren etxea arakatu zutenean: bibradoreak, zartailuak, kateak, emakume-lentzeria lizuna, baita emakume bota txuri berezi bat ere, takoi altukoa. Apaiz baten etxeak baino, sex shopa zirudien. Ustegabea are handiagoa izan zen Paduako komisaldegian Andrea Contin apaizaren etxetik hartutako bideoak ikusi zituztelarik: aita-santu izenak zituzten bideoak izanik ere —Joan Paulus II, Benedictus XVI eta beste— etxean egindako pornoa zen. Italiako Fiskaltzak publiko egin duen auzibidearen atalean agertzen diren zehaztasunak, likits eta lohiak, agerikoak dira.

On Andrea apaizari sexu-jokoak eta pornoa ez ezik, luxua ere gustatzen zitzaion, jatetxe on garestietako oturuntzak, eta Cap d’Agde-era joatea noizean behin. Cap d’Agde-k, Marseillatik hurbil dagoen turismo-gune handiak, ospe handia du: alde batetik, hondartza nudistak direla zio; bestetik, bikote-trukaketa klubak direla kausa.

Apaiza Jaguar gorri batean joaten zen horietara, ederki lagunduta, eta bikote-trukaketa horietan, sexu jolas moduan, hirugarren pertsona batekin sexu harremanak izatean Andrea Continek apaiza zela ezkutatzen zuen —horrek piz lezakeen morboa profitatu gabe— eta abokatutzat jotzen zuen bere burua. Paduara itzulita, Jaguar gorria bere gurasoen etxean ezkutatzen zuen; San Lazaro parrokiako eliztarrek ez zuten zertan jakin Jaguar gorri bat bazuela, nekez azal zitekeena kontuan hartuta apaiz baten soldata 1.050 eurokoa baino ez dela.

Erregeak ez du zaldi ainitzen jabe izan beharko (Deuteronomioa, 17 16,(...) Ez du emazte ainitz ukanen, haren bihotza desbidera ez dadin, ez du metatuko urre eta zilar. (Deuteronomioa 17, 17) Bistan da, erregeek agian ez, baina apaizek bai.



Ni duela sei urte Paduan egon nintzen, Pisatik Veneziarako bidean, San Antonio eliz ederra ikusteko geldialdi labur bat eginda, gabonetan. Aurtengo gabonetan hitzetik hortzera ibili den auzia San Lazaroko apaizarena izan da. Nik ez nuen ikusi apaiz horren San Lazaro eliza ikusi —San Lazaro berriro ere berpiztuko balitz, bere parrokiako apaizaren balentriak ikusita lotsaren lotsaz hilko litzateke berriz— , baina apaiz hau ez da sexu-jokoetan ibili den apaiz bakarra: Andrea Continek berak grabatutako —eta gero aita-santu izenez etiketatu— bideo porno zenbaitetan agertzen Carbonara di Rovolon elizako parrokoa, Roberto Cavazzana. Apaiz hau, gaztea eta itxura onekoa —George Clooney-ren antzekoa, omen— eliztarrek biziki maite zuten, batez ere, emakumeek.

Bideoak ikusita, Andrea Contin apaizak Roberto Cavazzana apaizarekin amorante batzuk partekatu omen zituen... Emakume horietako batek egindako salaketari esker zabaldu da auzia; lehenago, Paduako eliz-agintarienaga jo baina ez zioten kasu handirik egin, eta horregatik jo zuen Carabinieri-engana; “Emakumeak goiz eta arratsaldez ibiltzen ziren apaizarekin” salatzaileak esan zuenaren arabera... 15 emakume prostituziora bultzatzeagatik akusatua izan daiteke... eta badira zonaldeko beste bi apaiz ere ikerketapean daudenak.

Paduako eskandaluaz eta beste hainbat auzitaz galdetuta, Conferenza Episcopale Italianako idazkari nagusia den Nunzio Galantinok aitortu zuen “apaiz zenbaiten jokaeragatik sufrimendua eta lotsa bazela, baina Eliza ez dutela ordezkatzen”

Diskurtso kanonikoa baliatzen dute berez delituak direnak zuritzeko. Izan ere, on Andrea Continek onartu ditu harremanak izatea emakume batzuekin, bederatzirekin bai; salaketa jarri zion emakumearekin urteak eta urteak oheratu dela ere onartu du, emakume hori jo izana edo beste gizon batzuekin harremanak izatera behartu izana ukatu duen arren. Emakumeak salatu duenez, “apaiz horrekiko harremana zaila zen, berak zeuzkan gustu sexual bereziengatik”.

Apaiz horiek ez badira Elizaren ordezkari, zergatik bidali ditu kanpora, leku seguru eta ezezagun batera eskandalua baretu arte? Hori ez al da balizko delitugile bati ihes egiten laguntzea eta aterpea ematea? Apaiz horiek hainbeste “bekatu” eginda, Elizak deskumika ditzala; gero, utz ditzatela justizia arruntaren esku. Izan ere, Italiako Fiskaltzak egotzitako delituak ez dira nolanahikoak: etxeko indarkeria, dirua bidagabe erabiltzea eta prostituzioa eragitea.

Zelibatuaren arau zahar hori eutsiezina eta sotengaezina da, eta ederki iruditzen zait edonor nahi duenarekin oheratzea, apaiza, moja, apezpikua, gotzain edo aita santua izanik ere... abusatzen ez duen bitartean. Badira kasu ezagun asko: apaiza batzuek harreman normalizatua daramate eta seme-alabak dituzte euren emazteekin. Ez berdin litzaidale apaiz batek gizon batekin ibiliko balitz, besteak ere nahi badu... hor dago gakoa.

Duela urte batzuk idatzitako Deabruen habian banioenez, Eliza Katolikoaren barruko ustel usain jasan ezinak ez du etenik, artaldea zaindu beharrean arkumeez abusatu dituzten artzainak. Izan ere, Andrea Contin eta Roberto Cavazzana apaizak ez dira salbuespenak... Paduan eta Erroman, Bostonen eta Dublinen, eta badakigu Euskal Herria ez dela salbuespena... Aspaldi sortu zuten Erroman esaera bat: Si non caste, saltem caute: Ezin bazara izan kasto, zuhur jokatu. On Andrearen oturuntzek, orgiek, bideoek eta Jaguar gorriak agerian uzten dute: ez kasto, ez zuhur.