Joakin
Lizarraga idazlea Elkanon jaio zen, 1748ko irailaren 17an, Migelena etxean,
Eguesibarko etxe aberatsenetako batean.
Iruñean eta Valladoliden
ikasi zuen jesulagunekin, eta Donostian apaiztu zen 1771n. Loiolatik
sorterrira itzuli zen, Elkanoko parrokiako bikario kargua hartu, eta bertan eman
zuen bizitza osoa, apaiz 63 urtez. Elkano, berez, Iruñetik gertu
dagoen herri txiki eta lasaia da, eta garai hartan ere halakoa zen. Herriko
bakea Penintsulako Gerlak urratu zuen, batez ere 1813. urtean. Izan
ere, Lizarraga bera hiltzeko mehatxuak jaso eta bere ondasunak bahitu
zizkioten. 1835eko urtarrilaren 20an, 86 urte zituela, sortetxean
bertan hil zen, eta Elkanoko elizan bertan lurperatu zuten.
Joakin Lizarraga da, kopuruaren aldetik, euskaraz gehien idatzi
duen euskal idazlea: 5.000 orri baino gehiago. Diotenez, Elkanon
bertan, etxe zahar baren horma bat botatzean, bertan aurkitu zituzten
idazki horietako anitz, XVIII. eta XIX. mendean Iruñerrian mintzo
zen euskalkian idatziak, Hegoaldeko Goiz-Nafarreraz: predikuak,
katiximak...
Sermolari
eta idazle oparoa, herritarren eta beste apaizen beharrez ohartuta,
prediku guztiak euskaraz idatzi zituen, eta erlijio-liburuak
euskaratzen izugarrizko lana egin zuen. Hartara, Joakin Lizarragak ez
ezik, bertze apaiz anitzek baliatu omen zituzten.
Egun, Joakin Lizarraga izena Sarrigurengo Eskola Publikoak darama, Eguesibarren, apaiz idazlea jaio, bizi eta hil zen etxetik ez sobera urrun. Bete-betean asmatu dute eskola berri honi Joakin Lizarraga izena jarrita, Elkanoko idazleak ez baitzuen artean horrelakorik. Aitor dezadan, duela hamar urte baino gehiago, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa (EIBZ) sortzeko prozesuan neronek proposatu nuela Joakin Lizarraga izena jartzea, baina garai horretako Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbiztuko arduradunek ez zutela nire proposamena aintzat hartu; arantza bat nuen, eta Sarrigurengo Eskolari izen hori emanda, arantza hori erauzi egin dut, zorionez.
Zorionak, bidenabar, Joakin Lizarraga Sarrigurengo eskola publikoko irakasle eta gurasoei, bukatu berri den aurrematrikulazioan 126 ume apuntatu direlako —iaz baino 25 gehiago—. Dudarik ez dut, Joakin Lizarraga izena daraman eskolan seme-alabak apuntatu dituzten gurasoei ez zaie damutuko.
No comments:
Post a Comment