2016-09-02

Jaietan ere, preso eta iheslarien alde,

 Beste urte batez, gure preso eta iheslariak gogoratzen. Beste urte batez preso eta iheslariak etxetik at dugun azken urtea izan dadin nahimenarekin. Beste urte batez, baina, errealitate gordinak badirau. Dispertsio politikoa, mendekatzailea, kriminala, duela urte anitz PSOE eta EAJ bezalako alderdiek adostua, indarrean dago oraindik. Hori dela kausa, senideak behartuta daude astebururo kilometroak eta kilometroak egitera eta, xahutzen den dirutzaz gain, bidaia luzeek dakartzaten arristuak, istripuak, eta bisita egitea eragozten ahal dien edozein ustekabe txar; hori horrela astebururo, beste urte batez.
Bereziki larria, gaixo dauden presoen egoera. Gaixorik dauden presoak artatu ezean, euren osasunak okerrera egiten du. Hori tortura zuria da, tortura pesoentzat eta tortura senideentzat, hauek pairatzen baitute inpotentzia lazgarria baita. Horra hor Josetxo Arizkurenen edota Iñaki Etxeberriaren adibide latzak.
Ezin ahaztuko dugu preso politikoei ezarri nahai zaien bizi bitarteko kondena ezkutua. Hori guztia salatzeko eta geldiarazteko SARE hiritarrak abian jarritako trena hartu behar dugu guztiok. Horregatik, beste urte batez, eta jaietan egonik ere, dispertsio politika kriminala bertan behera uzteko aldarrikapena egiten dugu, eta beti ere irribarrea galdu gabe.
Berriozarren ditugu lau lagun Berriozartik oso urrun IÑAKI, Toledon, 520 kilometrora; JOSEBA, Puerto de Santa Marian, 1050 kilometrora, eta MIKEL ta IBAI, Monterroson, 640 kilometrora, eta beraiek badakite maite ditugula eta gogoan ditugula beti, baita jaietan ere.
Etxean nahi ditugu! Iñaki, Joseba, Mikel eta Ibai, etxera; preso eta iheslari politikoak Euskal Herrira.