2008-12-31

Gaza, geza, giza...

Gaza
Gaza eta, oro har, Ekialde Hurbila oso urruti dago. Hain da urruti, ezen gure belarrietara ez omen dira heltzen bonbardatze masiboen oihartzunak, ez palestinar zaurituen garrasiak, ezta hildakoen isiltasun ozena ere. Hemen eta, oro har, Mendebalde ustez demokratikoan, lazgarria zait batzuen isiltasuna Gazako genozidioaren aurrean.

Geza
Bi munstroen teoriaren arabera, Gobernu Sionista txarra da, baina bonbei harrika erantzuten dieten gazte palestinarrak ere bai. Diskurtso hori garatzen duten guai horiek, Ongia eta Gaizkiaren gainetik agertu nahi horretan, ez dira palestinarren alde bustitzen... ez da politikoki polita eta, gainera, horrela, ez dira zipriztinduko. Bere burua ezkertiartzat jotzen duten guai asko dago, ez ardo ez ur, ez fu ez mu, zaporerik gabeko sasi ezkertiarrak: gezak.

Giza
Giza Eskubideen Deklarazioa paper-errea da Israelen. Ez ahaztu: euren irudiko, Israel Jaungoikoak hautaturiko Herria da eta Palestina agindutako lurraldea. Beste guztiok, kristau izan, musulman izan edo ateo izan, "jentilak" baino ez gara. Sionismoa arrazista da oso, eta Jaungoikoak emaniko lurra ari dira garbitzen. Lerrook idazterakoan 360 baino gehiago dira hildakoak, eta kopurua gorantz joanen da, Israelek dioenez, orain arteko erasoaldia "lehen urratsa" baino ez baita izan.

Goza
Etxea ezta enea, gozatzen baizen eztut. Esakune hori Luis Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegian agertzen da gozatu hitzaren lehenbiziko adieran. Gobernu sionistak gozatzen du Palestina, baina Palestina palestinarrena baizik ez da. Estatu sionista inperialismo eta kapitalismoaren ondorioa da eta Palestina gozatzen, ustiatzen du Mendebalde kapitalistaren baimenarekin. Gaza-ko sarraskien aurrean eta epelkeria guai alferretan ibili gabe, goza dezagun guk elkartasunaren sugarra eta gora dezagun Palestinaren aldeko aldarria: elkartasuna itzaltzen ez den sugarra baita.

Gaza, geza, giza... horrek burura dakarkit Mikel Laboa zenaren kanta gogoangarria...

"Baga, biga, higa, laga, boga, sega,
Zai, zoi, bele, arma, tiro, pun!"

2008-12-20

Gasta Claus

Eguberri kapitalistaren protagonista Gasta Claus da. Coca-Cola-ren tresna lotsagabe den horrek, kapitalismo basatiaren paradigma den horrek, gorritik duen bakarra Coca-Cola-ren beraren kolore gorria da.
Ipuinen munduarekin dudan atxikimendua ez da gaur goizekoa. Har dezagun Hiru Txerrikumeak ipuina, koka dezagun Eguberrietako giro hünkigarri honetan eta, besta hünkigarri hauen atarian garela profitatuz, goza dezagun bideo zinez hünkigarri honetaz.



Gasta Claus hil da; biba Gasta Claus!

2008-12-18

Apoak eta igelak Berriozarren



“Apoak eta igelak elkarri zipoka biziko dira beti.” Koldo Izagirrek gaztigatu zigun Apoaren edertasuna ipuinean. Ezkabako Talaia honetatik tristuraz ikusi dut apoek igelekin zuten hitzarmena hautsi eta igelak bota dituztela udal gobernutik. Igelak, ilegalak hainbat eta hainbat lekutan, orain arte apoekin egon dira Berriozarko udal gobernuan, hiruna zinegotzirekin, UPNk bezainbeste... bon, Berriozarren UPNk hiru zinegotzi zituen, baina bat PPra pasatu berri da... harrapakariak banatzen direnez, anfibioak ere bai? Politika negargarria... Eguzkipean zabaldu zen berria; gero, anfibioen egunkarian agertu zen albistea. Samina sumin eta tristura amorrazio bihurtuta, azalpen on baten zain dago ama, zain aita, zain andre eta lagunak... Bene-benetan zergatik apoek hautsi dute hitzarmena? Nehork ez du sinesten kudeaketa arazoen aitzakia.

Bizkitartean, Berriozarko basoan harrapariek irri egiten dute apoen alkatearen lepotik, ahul ikusten dutelako eta, horregatik hain zuzen, etengabe erasoan jarraitzeko prest azaltzen dira hegazti: apoen alkatearen kontrako zentsura mozioa eskatu dute harrapakari ase-ezinen buruak... Anfibiok, ordea, goibel, harrapakarien presioa eramaten jakin ez duelako, legealdiaren hasieran -kostata- apoek eta igelek egindako hitzarmenari eusteko adorerik ez duelako izan. Antza, putreen agerkarietan argitaratzen denarekin asaldatuago anfibioen arteko elkar-ulertzeaz baino. Ai, apo! Bizi dugun egoera politiko negargarria gainditzeko ausartak izan behar, ez koldarrak!

Ez da hori kontua? Orduan, kalkulu politikoa al da dena? Alegia, apoen aurreikuspenak betetzen badira, igel ilegalak ezin izanen dira berriz aurkeztu eta igelen boto horiek... hain dira goxoak! Gero hurbilak erakutsiko digu apoek igeleen botoak eskatuko dituztela, apoek beraiek igelak udal gobernutik bota dituztela ahaztua edo. Gero hurbilean, hurrengo hauteskundeetan, apoek esango diete igelei: “Begira dezagun aurrera; emaguzu gaur hauteskundeotan botoa, barkatu gure zorrak. Izan ere, denok gara anfibioak...” Hori al da jokaldia? Mesedez, otoi eta arren! Igelak bai, baina ez motelak, ez txepelak, ez tentelak.

Igel batzuk suminduta, beste batzuk saminduta; baita apo batzuk ere; lehengoan aintziran apo batzuekin egon nintzen solasean... Apo arruntek ere ez dute ulertzen. Zin-zinez, apoen buruzagiek nahi al dute gaurko egoera gainditu? Edo poetak kantatzen zuen bezala, “bizimodu lasai batengatik, idealak galdu” al dituzte? Apoaren edertasuna ipuin bat da, baina ez dezagun ahantzi Koldo Izagirre maisuak irakatsi ziguna: okerreko bideari apo-bidea deitzen zaio.


2008-12-08

Zein beste mundukoa, Durangotik bueltan



Durangoko Azokan salgai egon den liburu hau, Zein beste mundukoa, irakurtzen bukatu berri dut. "Bizi taupadak" sailean argitaraturiko poema liburu honetan Karlos Linazasoro bete-betean topatu dut berriro ere. BERRIAn atera zen "Burlaizea poemetan" izeneko kritikak akuilaturik, gogoz ekin diot irakurtzeari. Liburua eskuetan harturik, Juan Kruz Igerabide-ren sarrera irakurri dut:

[...]

Bizitza eta txundimena, eta ironia, eta malenkonia punttu bat: “Bizitza atzo da; kendu ezingo diguten gauza bakarra”: Paradoxikoki, galdua duguna; baina, galdua dugularik, sufrikarioa ere arinagoa gertatzen da: “Izan den orok leunagoa du arantza”. [...]

Are gogo handiagoz jarraitu dut irakurtzen, eta espero nuen gazteentzat liburu hori ez dut aurkitu; ez dakit merkatuaren diktaduraren eraginez ote den, baina, gazteentzako liburua al da hau? Hala bada, DBHko 4. mailakoentzat edo Batxilergokoentzat: lexiko zaila aurkitu dut... haiku eta poema laburrak izanik ere, batzuk zailak direlakoan nago.

Bestalde, liburuan poema batzuetatik beste batzuetara jauzi handiegi dagoela iruditzen zait. Atzeko azalean dagoena, adibidez, poema zoragarria da:


Maite zaitudan laurdena asko da

Maite zaitudan herena aski da

Maite zaitudan erdia gehitxo da

Maite zaitudan osotasuna oro da

Eta hala ere eskas

Gehiago merezi duzu,

oro baino gehiago dena,

eta nik ez dakit oro baino gehiago ematen,

ez dakit ematen dena.

Ni osoa, maite, luze-laburrean,

ez baita zure laurdena


Hori eta liburuaren hasieran agertzen direnak ttukun-ttukunak dira:


Ahaztuak

ezin

ditut

ahaztu:

mihian

zaizkit

iltzatu


Baina 2. atalean, Egutegia atalean daudenak, oro har, betelanak iruditu zaizkit. Gainera, haikuak izan gabe haiku direnak ere topatuko ditu irakurleak, hunkigarriak batzuk, betelan diren beste batzuen ondo-ondoan.

Eta azken zalantza bat: 76. orrian dagoena ez ote da akats tipografikoa? Hutsaren barrengoa da poesia, atalaren izenburak berak salatzen duen gisara, ezen ez hutsaren hurrengoa...


Laburbilduz, liburu desorekatua iruditu zait. Zapore gazi-gozoa utzi dit idazle tolosarraren liburuak, zein beste mundukoa ez dena.

2008-12-07

Olaizola II.aren alde

Biharko finalean edozein gauza gerta daiteke, baina ni Olaizolaren aldekoa naiz. Ez dut ezer Irujoren kontra, ez horixe! Alabaina, goizuetarrak irabaziko duelakoan nago...
Lau t'erdiko finala izan genuen solasgai lehengo eguneko afari batean. Kontua da koadrilako batzuk Iberokoaren aldeko sutsuak direla eta, azkenik, porra bat egin genuen.
Badakizu jendeak nola edaten duen, nola berotzen duen muturra, nola erretzen den burua eta purua...
Inork esan ez dezan "ahaztu" zaiola, denon begi-bistan jarriko dut gaur lehengo eguneko porra... eta bihar, ikusiko da nor den hurrengo afariko kopak ordaindu behar dituena. Hitza hitz!


  • Piruk 22-15 Irujoren alde
  • Eduardok 22-16 Olaizolaren alde
  • Edortak 22-18 Irujoren alde
  • Albertok 22-17 Olaizolaren alde
  • Josemik 22-19 Irujoren alde
  • Josuk 22-14 Olaizolaren alde

Bihar ikusiko!

2008-12-05

Durango planetara bazoaz, bilatu Kensuke-ren Mundua

Ez dakit asteburu luze honetarako planik duzun. Edozelan ere, baldin eta Durangoko Azokara bazoaz, bila ezazu Elkar argitaletxearen saltokian Kensuke-ren Mundua.

Bon, Kensukeren Mundua "Kensukeren erreinua "da. Hala idatzi zuen Michael Morpurgok jatorriz, Kensuke's kingdom. Euskarazko izenburua gaztelaniazko bertsioaren kalko bat baizik ez da. Izan ere, alemanez Kensukes Königreich da, italieraz Il regno di Kensuke eta portugesez O reino de Kensuke. Baina gurean mundua. Euskal Herri mundu txikian, beti behera begira, hegoalderantz, gaztelaniari so... Nik duela hiru urte-edo irakurri nuen El mundu de Kensuke gaztelaniaz, eta gustatu zitzaidan. Orain berriz irakurri dut euskarazkoa eta -izenburuaren auzia gorabehera- txukun euskaratutako liburua iruditu zait, gustura irakurtzen den horietako bat.

Michael Morpurgo idazle britainarrak asko eta ongi idatzi du; duela gutxi -iaz?- haren beste liburu bat -Pacefull soldadua- euskaraz gozatzeko aukera izan genuen.
Michael Morpurgok azaltzen digu haren weborrian nola sortu zen Kensukeren mundua idazteko asmoa, nola aukeratu zituen izenak, noiz idatzi zuen...

[...]”Nabigazio-egunkariari begira nago orain. Papera apur bat zimurtuta eta horituta dago zaharraren zaharrez; nire idazkera, esku honetatik ateratako zirriborroak, ezabatzen hasiat eta higatuta daude zenbait orritan, baina gehientsuena ondo irakur daiteke. Hemendik ateratakoa nabigazio-egunkariko zenbait pasarte baino ez dira.” [...]


Krisiaren ondorioz aita langabezian; itsasontzi baten abiatzen da familia ingeles bat Peggy Sue itsasontzian: aita, ama, mutiko protagonista eta Stella txakurra.
Liburuaren hasierako atalak luzeak egin zaizkit; agian lehenago gaztelaniaz irakurria nuelako, agian zaila baita justifikatzen horrelako erabakirik; aitak berak diosku: “-Ez nau zoro-haizeak jo, aditzen? Aspalditik zebilen nire buruan jiraka, fabrikan lan egin dugun urte luze hauetan guztietan. Eta egia da, denbora luze horretan amets hutsala baino ez da izan agian.” Edonola, harrigarria da nola onartzen duten ideia familiako beste kideek: ”Amak te hurrupa txiki bat hartu zuen eta baiezko keinua egin zuen buruarekin, emeki.”

Bidaian idatzitako kaieraren justifikazioan ere inbertitu behar izan zuen Morpurgok istorioa sinesgarria izate aldera:
Eskoletan ez nintzen bereziki ona idazlanetan. Ez zitzaidan sekula gairik bururatzen, eta ez nuen jakiten nola hasi. Baina Peggy Sue-n erraza zen: koadernoa ireki eta idatzi, ez nuen besterik egin behar. Zeresana sobera nuen beti! Eta hori da kontua. Ohartu nintzen, ordea, ez nuela hitz bakar bat ere idazten. Idatzi ez, esan egiten nuen. Solasean aritzen nintzen buruarekin, besoarekin, hatzekin, arkatzekin, orri zuriarekin. Eta hala oroitzen dut orain, horrenbeste urteren ondoren: orriarekin berriketan aritu izan banintz bezala.


Pasarte hori erabil daiteke “eguneroko” testu motaren justifikazio gisa, gazteekin lantzen den eguneroko bat zer den eta nola idatz daitekeen ederki azaltzen baita. Hori ere luze egin zait... Australiako pasarte hori... Izan ere, 52. orrira arte ez da gertatzen denok espero genuela, alegia, kareletik behera erortzea protagonista; liburuaren herena irakurri behar izan dugu! Irla isolatuan agertzen da eta “benetan sinesten nuen nire eskariak bete egingo zirela, norbaitek entzungo zituela, begiak zabaldu eta Peggy Sue ikusiko nuela olatuen gainean hegan, nire bila. Baina ozeanoak basamortua zirudien, ostertzeko lerro zuzena ez zen inoiz eteten. Etsiak hartuta gelditzen nintzen beti, gogoa ilun, baina ez erabat lur jota. Ez, behintzat, lehendabiziko asteetan.” Robinson Crusoe moderno baten pare, irlan da gure mutila... baina ez dago bakarrik: Kensuke agertzen da, liburuari izenburua ematen dion japoniarra.

Hemen hasi da liburua zinez interesgarria jartzen. Agure japoniarra eta mutilaren arteko hartu-eman horiek tentsioa ematen diote istorioari. Japonierazko hitzak tartekatzen ditu -epilogoa eta gero agertzen da hiztegitxoa lagungarria da oso- eta hortik aurrera istorioa bizkor garatzen da... Ozeano Barean isolaturik gelditu ziren soldadu japoniar zenbaitek urteak eta urteak eman zituzten irla horietan... hori datu historikoa da, eta Michael Morpurgok ederki erabiltzen du, baita Nagasaki-n jaurtitako bonba atomikoaren kontua ere. Parametro horietan garatzen da istorioa, mutikoa eta agurearen arteko istorioa Kensukeren erreinuan... Baina orain ez dut gehiago kontatuko; aski izan bedi esatea istorio ederra dela, bukaera arte ongi kontatua eta epilogo hunkigarri batekin biribildua.

Post scriptum bat lexikoaren inguruko kezka bat plazaratzeko; zertan irabazten du liburuak “xextra” edo “gopor” hitzak erabiliz? Ene ustez, ezertan ez. Ez da gaur goizeko kontua, badakit; izan ere, Guy de Maupassant-ek aspaldi adierazi zuen:"Erabil dezagun zentzu ia ezin atxikizkoa duten izen, aditz, adjektibo gutxiago, baina erabil dezagun esaldi mota gehiago, modu gehiagotan eratuak, senez ebakiak, egokitasun handiko musikaltasun eta erritmoz jantziak. Saia gaitezen estilista bikainak izaten, ezen ez hitz bitxien biltzaile.”

2008-12-02

Aliquando bonus Sarasola dormitat

Duela hiru urte Zehazki hiztegi zoragarria argitaratu zen Dugangoko Azokaren bezperan, presaka argitaratu ere, Durango Azokan ahalik eta ale gehien saltzeko. Baina, esaera zaharrak dioen bezala, azkar eta ondo, usoak hegan.

Aiherkunde eta herrarik gabe doan mezu honetan zehaztapen batzuk egin nahi ditut. Izanez ere, Ibon Sarasolaren hiztegia oso lan-tresna ona da hizkuntzarekin lan egiteko zortea dugunontzat, eta hiru urteotan erabiltzearen poderioz, akats ttipi batzuk harrapatu ditut. Akatsok frogatzen dute latinezko esaera zaharrak gaztigatzen ziguna: "Aliquando bonus Homerus dormitat", alegia, Homero handia bera, noizbait, lokartu daitekeela... Hartara, Ibon Sarasola handiaren hiztegian aurkitutako akatsak ausartu naiz zerrendatzen, hiru urteotan maiz baliatu baitut hiztegi mardul hori.

Akatsak ez daitezela har kritikatzat, ni ez bainaiz nor Ibon Sarasola kritikatzeko, gure hizkuntzaren onerako egindako zehaztapen ñimiñoak baino ez baitira nireak, nire iritzi xumean eginikoak, Sarasolaren lan handiari deus ere kentzen ez dizkiotenak; kentzea baino, gehitzea izan baita nire asmoa, noizbait beste argitalpen bat eginez gero, aztertu eta kontuan har daitezen -edo ez-

Zehatz izateko, eta Andu Lertxundik erabilitako hitza neureganatuz, Zehazki-n honako hiztripuak zerrendatu ditut:


39. orrian: Alejandrino1 adj-m (verso) alexandrino.
Alejandrino2 adj-m.f (de Alenjandría) alexandriar, Alexandriako.
Baina dodecasílabo adj. (verso) hamabi silabako, alexandriar... dodekasilaboa? Ez al da hamalau silabakoa?


103. orrian baluarte

1. baluarte, gotorleku
2. (persona, cosa) gotorleku: Euskadi es un baluarte de la religión. Euskadi erlijoaren gortorlekua da... gortorlekua?


251. or. Estar con el agua al cuello, sua eta hura kokotsaren parean izan: no te lo pediría si no estuviese con el agua al cuello, ez nizuke eskatuko sua eta hura kokotsaren parean ez banitu; "h" dantzari hori...


598. orrian, akatsa baino eztabaidagarria izan daitekeen zerbait: leitmotif motivo Zergatik ez “leit motiv”?

Perífrasis “perifrasi” jarri du, ongi, baina 650. orrian paráfrasis “parafrase” jarri du eta, aurreko irizpideari jarraiki, “parafrasi” beharko luke, ezta?

2 aukera: 1goa, loreek usaintzen dute eta 2garrena, loreei usaina darie. Zergatik ez alderantziz?

794. orrian: "Salida de artistas" Artistentzako sarrera... Sarrera ala irteera?


Lengua galesa: Euskaltzaindiaren hiztegi batuan galesa agertzen da; Sarasolarenean galesera. Zein erabiliko dugu?


861. orrian Tetrásforo hitza ez da zuzena; ez da tetrásforo (sic) tetrástrofo baizik.

Post hau Ad maioren gloriam Lingua Vasconiae Nafarroaren Egunaren, Euskararen Egunaren atarian.

Ongi esanak kontuan hartu, eta gaizki esanak baztertu.

2008-12-01

Askatzen badizkigute, eraso egingo diegu




Gaurko Diario de Navarra-n aho bete hotz gelditu naiz albiste hori irakurritakoan.

Kontua da lau lagun, besteak beste José Cendón argazkilari galiziarra, Somalian bahitu dituztela. Bada, hango poliziako buruak adierazi du bahitzaileekin lehen kontaktua gauzatu dutela eta, erdarazko albisteak hauxe dioenaren arabera "bahitzaileek askatzen badizkigute, eraso eginen diegu"

Arraioa! A ze putakumea! Askatzen badituzte ere, berdin-berdin egingo die eraso! Eta, gainera, aldarrikatzen du! A zelako aparejua, gobernadore hori!
Fernando Lázaro Carreterren liburuaren osagarri polita: "El dardo en la palabra", Hitzean azkona, bide batez esanda, oso liburu gomendagarria.

Guztiarekin ere... A ze pagotxa dugun hizkuntza bat baino gehiago dakigunok; hizkuntza batean baino gehiagotan jolasteko aukera ez dute sekula izanen elebakarrek hiztripu hauei esker...

2008-11-24

Ilargia ezpainetan, irribarrea gogoan


Nik ez nekien, baina orain badakit: “Ze usain gozoa / ilargiak / jaioberriaren aurpegian!”. Juan Kruz Igerabideren Ilargia ezpainetan liburuttoari esker ikasi nuen. Iaz izan nuen aukera Juan Kruzekin berarekin ordu batzuk emateko eta orain, neguko arratsalde hotz honetan, liburutto horretako hainbat poema berriz irakurri dut. Usain goxoko poemak, xamurrak, ederrak.

“Leihoan / bi begi / tximeleta.” Poema llaburrak –ezen ez motzak– iradokitzaileak; orain leihotik begira nagoela nire begien isla dakusat eta islak dakarkit burura tximeleta... edo ez, orain leihotik begira nagoelarik, nire begiek dakusaten tximeletaren hegoek dakarkidate burura begien isla; irakurlea zein den.

Zazpi urteko gure alaba txikiari poema irakurri eta marrazteko eskatu diot: tximeleta begidun bat marraztu du, hegoetan begiak dituen tximeleta.

Haiku-en oihartzuna dakarten poemak bildu ditu Adunakoak, duela hamabost urte baino gehiago estreinakoz argitaraturiko Begininiaren poemak gogoangarriaren ildotik: “Partxiseko fitxa da / ilargia / zeruraino itsasia.” Orduan bezala, oraingoan ere Luis Emanaldiren marrazkiak osagarri; izan ere, Begininiaren poemak liburuko bi marrazki berriro agertzen dira Ilargia ezpainetan liburuan, bi liburuen arteko lokarri.

Badira poema batzuk, ume txikiekin, landu daitezkeenak, eta maitasuna gai nagusia duten poemak bereziki nerabeentzat ederrak izan daitezkeenak. DBHko lehenengo zikloan irakurtzeko moduko poema asko eta asko daude, horregatik Ilargia ezpainetan liburuttoa Liburu Gaztea sarirako hautatuen arteko bat da, DBHko 1go mailarako, zehatz izateko.

Ume txikiagorekin ere ongi funtzionatzen dute hainbat poemak. Adibidez, Lehen Hezkuntzaren 2. mailan, arbelean hauxe idatzi: “Ilargiaezpainetanduzulazunigana”; alegia, poema idatzi hitzen arteko tarterik gabe, hitz guztiak jarraian idatziak eman. Bi lan egin behar zuten umeek: lehenbizikoa, hitzak bereiztea, eta bigarrena, bertsoak bereiztea. 24 umeetatik 22k egin zuten ongi aparteko laguntzarik gabe. Irribarrea umeen eta irakaslearen ezpainetan.

Zuk ez zenekien, baina orain badakizu “Ilargia ezpainetan / duzula, / zu nigana...” Horregatik irakurri behar dituzu poema horiek, irribarrea izateko gogoan eta ilargia ezpainetan edo, agian, ilargia gogoan eta irribarrea ezpainetan; irakurlea zein den.

2008-11-23

Txapas gogoan iltzatua

Gogoan dut iltzatua Txapas lankidea hil zeneko albistea heldu zitzaigun egun beltz hura, gaur dela urtebete. Handik hilabetera edo, lantokian hamaiketako berezia prestatu behar izan nuen nire urtebetetzearen karietara, eta lantokiko bilera aretoan elkartu ginenean patata tortilla, ardoa, patea, eta gaztaren inguruan Txapasen itzala gainetik kendu ezinik ibili ginen hamaiketako osoan zehar.

Gogoan dut iltzatua hamaiketako berezi horretako, hiruhilekoaren bukaerako hamarretako berezi horretako, ardo beltza aukeratzeko orduan Obanosko Septemtrion ardoa baztertu nuela; ardo berezi hori aukeratzeko zorian nengoela burura etorri zitzaidan Txapasek berak kontatu zidala Septemtrion ardoa egiteko mahats mordoak banan-banan eta eskuz biltzen dituztela... Septemtrion baztertu nuen, ez bainuen nahi hamaiketako osoan zehar Txapasen itzala izatea ardo trago bakoitzean. Palacio de Monjardin krianza bat hartu nuen, agian ez Septemtrion-en mailakoa, baina ardo beltz on-ona, ene irudikoz. Alferrik, baina. Hamaiketako horretan Palacio de Monjardin botila zabaltzean beste lankide batek bota zuen deblauki: “Txapasek esango lukeen bezala, Palacio de Monjardin: hiru gezurren ardoa; herri hartan ez dago palaziorik, ez dago mendian, eta ez dago jardinik.” Eta egia da; orduan gogoratu nuen Txapasi entzuna niola nik neuk ere kontu xelebre hori. Goiz horretako ardoa ez zitzaidan iruditu beti bezain on-ona; ez zegoen mindua, ez zegoen ozpindua... baina han ez zegoen gure Txapas eta gu ginen minduak.

Gogoan dut iltzatua berarekin lan egin nuen azken eguna, neka-neka eginda zegoela eta ni, txantxetan, zahartrosia izanen zela esaten niola.

Gogoan dut iltzatua ohean zela, Burlatako bere etxean, ikustera joan nintzen azken aldia; liburutto ttipi bat eman nion opari.... eta zeinen gustura egon ginen hitz eta pitz... plazera zen Txapasekin solas egitea, Erdi Aroko kanta ingeles baten itzulpenaz, latinezko atsotitz baten kontura, testu batean koma baten beharraz, edo Miguelico Sanz-en azken xelebrekeriaz. Ze zoriona izan genuen Txapas ezagutzean, lagunok!

Gogoan dut iltzatua Txapas bizirik ikusi nuen azkeneko aldia, gurpil aulkian noraezeko pasieran lagun baten laguntzarekin, eta gogoan dut une horretan pentsatu nuena: Txapas izan denarekin, dedio! Txapas izan denarekin.
Bukatzera noa: hasieran esan dudan bezala, gogoan dut iltzatua Txapas hil zeneko albistea heldu zitzaigun egun beltz hura. Goiz hartan eskela jarri behar geniola-eta, Otamendiren bertso bat bururatu zitzaidan:

Iturria hertsitzen duzunean
ni ez naiz amaitzen
urarekin bizi naiz
berarekin naiz joaten.


Ez dakit asmatu genuen, zeren badakit Txapasek ura baino gustagarriago zuela ardoa, neronek dudan eran; Txapasek esaten zuen bezala, “ardoa, gutxi baina ona!” Nolanahi den ere, egia da Txapasekin lan egitea pribilegio bat izan dela, luxua izan da niretzat, eta harekin bizi eta biziko garela.

Javier Tirapu Flores, Txapas lankidea, irakasleen irakasle eta adiskidea. Haren omenez jaso dezagun kopa, eta egin dezagun topa, ardo gutxi baina on batekin, berari gustatzen zitzaion ardo beltzarekin, Txapasen omenez, berarengandik ikasi nuen eta gogoan iltzatua gelditu zaidan esaldi bat erabiliz; “bere izenean eta gure gizenean!”

Bitxia da, gero! Askoz errazago egin zait lankidearen gaineko ohar hau idaztea, gure aitarena baino...

2008-11-22

Ezjakinkeria (sic)

Hemen batzuek ez dakite euskaraz eta, gainera, ez dute jakin nahi. Nehork ez dezala bere burua engaina! Horri ezjakinkeria deitzen diot nik. Seinaleak ele biz ikusita, euskaraz solasean edota kantuan entzunda, tripak mugitzen zaizkie fatxa hauei... Tripak mugituta, nola ez dituzte, bada, puzker handiak botako! Eta fatxen arteko norgehiagoka ikusten ohituak gara, zeinek handiago botako duen, zeinek gehiago zabalduko kaka... Izanez ere, fatxen eremuan eskuindarrak ez ezik nik PSNkoak ere sartzen ditut, neholako zalantzarik gabe! “Vascuence-ren Legea”-ren aldatzeari uko egin berri diote-eta, gertaerei nagokie.

Pasadizo adierazgarri bat gertatu zitzaidan Iruñeko kafetegi fatxa batean. Arratsalde batean kafetegi horretara sartu, mahaira eseri eta hurbildu zitzaidan zerbitzariari kafesne bat eskatu nion, alemanez:”-Guten Abend! Ich möchte einen Kaffee mit Milch und Zucker, bitte.”
Zerbitzariak ez zekien alemanez... baina ahaleginak egin zituen, alegia, saiatu zen ulertzen, hark hitz egiten ez zuen Goethe-ren hizkuntza, baina, halarik ere, komunikatzeko ahalegina egin zuen... Arrapostua emateko tenorean, aldiz, ingelesezko hitz batzuk lardaskatzen hasi zitzaidan... Bon, kontua da arratsalde hartan kafesne bat ekarri zidala. Danke schön!

Gaur, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aldarrikatzeko manifestazioan izan eta gero, lehengo eguneko kafetegi horretara sartu, mahaira eseri, eta zerbitzariari euskaraz eskatuta...
“-Kaixo, kafesne bat, mesedez, sakarinarekin”. Zerbitzariak hauxe erantzun dit: “Es que no hablo el vasco”; haren begiradak, gainera, beste zerbait esaten zuen: “¡No te jode! ¡Lo que me faltaba! ¡Mira cómo son, que nos quieren imponer el vasco! ¡A mí que no me venga con hostias porque, mecagüensusmuer...!

Inolako ahaleginik ez ulertzeko euskaraz egiten duenari... Ulertzeko! Ez nion eskatu euskaraz erantzuteko! Agian, “kafesne” ulertzen zaila da, eta “kafekonletxea” esan behar nion... Edo, agian, ez zidan ulertuko “sakarina” hitza. Ezjakinkeria, agian.


Manifestazioa hasi aitzin, Golem zinemaren aurrean

2008-11-16

Nola idatzi norberaren aitaren obituarioa?

Eskuartean daukat “Doluan laguntza izpi batzuk” izeneko liburuttoa. Aita hil zitzaigun ostiralean eta haren errautsak jaso berri ditugu. Tanatorioan hartu dudan liburuan hauxe irakurri dut: “Irakurri eta idatzi, onuragarria da benetan, nola sentitzen zaren benetan zure buruari aitortzeko gauza izan zaitezen.” Izan ere, arrebak esan zidan zerbait idazteko... Baina bi egun igaro eta gero, hauxe baino ez dut lortu:

Labur zurrean hitzekin saiatuko naiz azaltzen jadanik denok dakiguna: jakina baita gure aita gizon xaloa zen, xumea, bihotz onekoa; bi hitzetan esanda, gizon on-ona. Une latz honetan gure atsekabearekin bat egin duzuenoi eskerrik asko etortzeagatik, eta amaren, arrebaren eta hiruron izenean mila esker, bihotz-bihotzez.


Gainera, hitzok esateko unean ez naiz gauza izan deus ere esateko; han gelditu naiz, eserita, zurrun, hotz... Eta liburuttoaren aholkuari jarraiki idazten ari naiz orain; baina ez dakit hobeki sentitzen naizen...

2008-11-05

Poesia joan-etorrian (II)

Plinio Zaharrak idatzi omen zuen "Nulla dies sine linea", alegia, ez eman egun bat ere lerro bat idatzi -edo irakurri- gabe. Euskaldunok esango genuke: "Hotz ala bero, irakurri -edo idatzi- egunero". Haatik, Plinio Zaharraren hitzak ekarri nahi izan ditut hizpidera, bitakora hau egiteak aukera ematen didalako hainbat urtez golkoan gorderik izan dudana plazaratzeko. Halatan, urteak dira gertatu zitzaidala aitortzera noakizuna, baina plazaratzeko tenorea heldu delakoan, noan harira.

Unibertsitaterako busera elkarrekin igo ginen. Une hartan, ohartu ere ez nintzen egiten zu han zinela, edo erdizka baino ez nintzen ohartu, edo busera igo eta gero ohartu nintzen. Busean esertzean ohartu ere ez nintzen egin zure begi horiek han zeudela, edo erdizka baino ez nintzen ohartu, edo eseri eta eta gero ohartu nintzen.

Oroitzapenak uharteak dira, iragan lausoaren hariaz josiak agertzen direnak. Oroitzapen kate ahul horretatik tiraka agertu zara. Oroitzapenak oroitzapen, ametsen itsaso nahasian aurkitu zaitut, behin eta berriz, urte hauetan guztiotan, itsaso nahasi horretan galtzen erraza dela jakinda ere. Zernahi dela ere, jakizu zure begi horiek izan ditudala iparrorratz urteotan, eta, horiei eskerrak, ez naizela ibili noraezean itsasoaren zabaltasun urdinean. Olatuen bidez heltzen zait zure begien melodia, edo, horrela uste dut nik, bederen.

Egun hartako gandua! Buseko giza-lanbroen artean hegan sentitzen nintzen, baina, haatik, ez nengoen urduri; aldarte gozo eta otzanez sentitzen nintzen, barneko harrik gabe, bihotzeko zimikorik gabe; izan ere, haizearen zurrumurru atseginak zugana hurbiltzeko eta hurbiltzeko agintzen zidan. Eta hurbildu nintzaizun.

Begi nabarrak erakutsi zenizkidan, eta zure mutur beltzak iragarri zidan bus hura ez zela paradisuan geldituko, eta etorkizun beltza nuela aurrean, ikatza bezain beltza, erabiltzearen erabiltzez metafora gastatua bilakatu den hori erabiltzea zilegi bazait. Atzera eseri, eta aurreko eserlekuaren bizkarrean poema xume hauxe idatzi nizun:

Billabesan begiak kliskatu eta artean han zinen.
Behin aitortu zenidan
lepoa zenuela gorputz atalik sentikorrena.
Musukatuko,
laztanduko,
besoetan hartuko zintuzkedan,
Zureganatzeko gogoak erretzen zizkidan barrenak:
zer ez nizun esango belarri-girgiletan,
zer ez nizun xurgatuko,
zer ez nizun emango orduan!
Poeta nintzela aitortu nizun eta barre egin zenuen.
- Poeta, bai; baina lasai, ez naiz kutsakorra. –esan nizun.
Billabesan begiak kliskatu eta gero, joana zinen.
Poetok, maitale herabeti horiek.

Urte batzuk igaro eta gero, orduan aitortu ez nizuna ari natzaizu talaia honetatik aitortzen eta, honenbestez, egina dut gaurko lana. Blog honetan geldituko da sekula aurrez aurre esan ez nizun hori, agian, noizbait irakurriko -edota entzungo- duzun esperantza zimelduarekin.

Plinio Zaharraren hitzekin hasi eta, orain, gogora datorkit Vesuvio sumendiaren erupzioa hobeto ikustearren sumendiaren ahora gehiegi hurbildu eta itota hil zela. Idatzitakoaz damutuko ote naiz... Delete?

2008-11-02

Berbaldiaz (eta III) edota "Gora eleaniztasuna!"

Pare bat post bat jarri dut blog honetan Daniel Cassany-en ikastaroan ikasitako hainbat konturekin. Berbaldiaren -diskurtsoaren- azterketa kritikoaren beharrizana azpimarratzen du irakasle katalanak. Rere les linies - Tras las líneas liburuan, gai baten aldez aurretiko ezagutza beharrezkoa izanik interpretazio kritikoa egiteko, idazkiak esaten ez duen hori ere asmatuko badugu.

Beste hainbat kontu interesgarri dakarkigu liburu horrek, zer pentsaturik ematen duen liburua baita; gaur, atzokoaren haritik hirugarren post hau ari naiz idazten Cassany-en liburuaren haritik.

Gero eta arruntagoa da hizkuntza anitzetan irakurtzea eta idaztea. [...] Munduko gizarte gehien-gehienak eleanitzak dira. Gero eta arruntagoa da hizkuntza ezberdinetan irakurtzea; hizkuntza batean jasotzen duzu mail bat, eta beste batean ari zara kontsulta bat egiten web batean, baina beste batean ari zara idazten ordenagailuan une horretan bertan.

Baina etxeko hizkuntzaz ez da atzerritar hizkuntza batean bezala irakurtzen; ohar dadila irakurlea ez dudala ama-hizkuntza idatzi, etxeko hizkuntza baizik, azken urteotan hizkuntzalariek gero eta gehiago darabilten dermioa erabilita. Nire kasuan, adibidez, etxeko hizkuntza ez da nire ama-hizkuntza -ezta nire aita-hizkuntza ere, bidenabar esanda-; gurasoak erdaldunak ditut nik, erdaldun peto-petoak, izan ere.

Eleaniztasunaren karietarat, blog hau bera horren adibidea da. Blog bat zein hizkuntzatan idatzi behar den, hasieratik hartu ohi den erabakia da. Euskaraz egitea neure erabakia izan zen, beste hizkuntza bat aukera nezakeen arren. Erabaki hori ez zen ausaz hartutakoa, ez zen kasualitate hutsa izan. Lingua Navarrorum delakoak behar duen tornuia geuk eraiki ezean inork ez digu eginen XXI. mendean...

Cassanyk azaltzen duenez, Ama hizkuntza irakurtzean prozedura jakin batzuk baliatzen ditugu eta, horri esker, gure lan-memoria berehala erabiltzen dugu inferentziak egiteko eta esanahia eraikitzeko. Atzerritar hizkuntza batean, aldiz, sintaxia eta lexiko guztia ez dira horren ezagunak, eta gure memoriaren zati bat horretarako baliatzen dugu; horregatik, atzerritar hizkuntza batean gehiago kostatzen zaigu inferentziak egitea, adibidez.

Blog honetan bertan aurki daitezke, atzera begiratuta, italierazko esaldi batzuk; tartekatu ditut japonieraz, katalanez, gaztelaniaz, eta frantsesezko hitzen bat; latinezko esaera zenbait; ingelesezko esaldi bat -poema batean tartekatuak- eta, orobat, alemanezko testutxo bat aukeratu nuen Firefox-en ekimen bat iragartzeko. Post hauetan egindako estekek ere hainbat hizkuntzatan idatzitako gune anitzera eramanen zaituzte... Horrelakoa da Internet, horrelakoa da mundua, eleanitza, Nafarroa Garaian askok uste duen arren espainola dela "hizkuntza natural bakarra", jaiotzen den ororen berezko hizkuntza.

Honaino, beraz, Tras las líneas liburuaren irakurketaren haritik idatzitako hirugarren -eta azken- post hau. Jakin minak jotako irakurleak iturrira jo eta irakur dezala, beti ere ikuspuntu kritiko batetik, zeren egileak hiru gezur sartu zituen liburuan zehar, nahita sartu ere, joc edo joko modura, eta haren weborrian baino ezin daitezke soluzioak aurkitu...

Ez zait gustatzen irakurtzea, eta zer?


Umeen ikuspuntua azaltzen zaigu liburu honetan, bilduma horretako beste liburuetan bezala; izenburuak agerian uzten duenez, irakurzaletasun ezaren kontua da liburuaren abiapuntua.

Eskolan sartzen direnean, haurrek entzuten dute irakurtzeko zaletasuna eduki behar dutela, baina zaletasun hori eduki ezean, guraso eta irakasleok umeen arazo bihurtzen dugu hori.

Ipuin luze honetan, Pako Aristik, ume bihurtuta, erakusten digu ze kaltegarria izan daitekeen... irakurtzea. Nolabait esateko, irakurle ez izateko eskubidea aldarrikatzen du Urrestillakoak. Alabaina, protagonista irakurri egiten du ipuinaren bukaeran... zer eta protagonistak berak idatzitako narrazio bat. Hortik aurrera, idazle izatea erabakiko du, irakurle izatea baino dibertigarriagoa delakoan...

Soluzio bitxia ematen dio Pakok gai topiko horri eta, liburua irakurritakoan, galdera bat datorkit burura: ez ote da Pako Aristi bera istorio honetako ume protagonista?

2008-11-01

Berbaldiaz (II)

Daniel Casany irakasle katalana gustuko dudala ez dago ezkutatzerik; nire lankideek jadanik barre egiten dute nire lepotik Cassany -ahoska dadila kasañ- hizpidera ekartzen dudanean... Tira! Zertan ukatu! Nik miresten dut irakasle hori, eta bere liburuak argitaratu ahala irensten ditut. Duela hilabete luze bat blog honetan bertan post bat argitaratu nuen eta gaur, larunbata denez eta astia dudanez, -asteburutako idazle nauzu ni- horren haritik beste bat idaztera noa.

Rere las líneas-Tras las líneas liburuan atal interesgarri bat dago: Diskurtsoaren Arterketa Kritikoa. Hona, laburtuta eta euskaratuta, atal horren mamia.

Diskurtsoa (berbaldia) ez da inoiz neutroa, ez da errealitatearen isla objektiboa. Berbaldiaren sortzailea leku eta une zehatz batzuetan sortu duenez, subjektu horrek daukan errealitatearen isla baino ezin da izan; baina errealitatearen ikuspegia erabat lotua dago intentzioei, jarrerei, usteei eta, horregatik, berbaldiak islatuko ditu menpekotasun harremanak, bidegabekeriak eta zapalkuntzak. Hori horrela bada, hori guztia kontuan hartu beharko da ulermen kritikoa egingo bada.

Interpretazio kritikoa egiteko, beraz, gaiaren aldez aurretiko ezagutza eduki behar da; idatziak esaten ez duen guztia asmatu behar da.
Liburuan aurrera egin ahala, beste hainbat pasarte interesgarri irakur daitezke. Ene ustez, Cassany-k duen dohain miresgarrienetako bat hauxe da; besteok ere pentsatzen duguna argi, garbi, egoki eta biribil azaltzeko dohaina; behin baino gehiagotan gertatu zait pasarte jakin bat irakurritakoan, zera pentsatzea: ze arrazoia duen tipo honek, egia biribil-biribila da. Adibidez, jarraian doan pasartea, esandakoaren erakusgarri.

[...] prosa izebergaren punta baino ez da; itzulpen batekin izotz puska bat baino ez dugu ikusten, ur azalean dagoena, baina izebergaren zati txikiena baino ez dena.

Berdin-berdin gertatzen da blog honekin berarekin. Izan ere, ehungarren post ari naiz idazten uneotan, eta talaiari hau ez da objektiboa -ezin naiteke izan- , eta ehun testu llabur hauek, izebergaren puntak baino ez dira. Irakurlearentzat talaiariaren beraren isla bat izateaz gain, talaiariari berari atsegin handia eman dio blog xume honek, eta idazten jarraitzeko asmoa berretsi baino ez dut egin nahi.

Alabaina, sarri askotan, zalantzatan egoten naiz inork ikusten dituen izotz pusketa hauek Interneteko ozeano zabalean. "Nobody cares about my blog!" aldarrikapen etsigarria ez dut hemen zabalduko ezen, guztiarekin ere, ehun bezalako kopuru biribilak gonbit egiten du atzera begiratzera eta egindako ibilbidean argitaratu ditudan "harrikadak" hor daude, zuen iruzkinen zain, diskurtsoaren azterketa kritikoa osatzeko zain...

Seinale desorekatua



Ezkabako Talaiatik zutikako seinale handi bat dugu ikusgai, erdaraz hutsez baina. Iruñetik zatozela, Berriozarrerako noranzkoan biribilgunean sartu baino lehentxeago seinale handi hori duzu; zutikako seinale hori gaztelania hutsean dago, desorekatua: “Berriozar, Burlada, Villava (norte, Pamplona” adierazten ditu. Burlata, Atarrabia (iparra), eta Iruñea izenak falta dira, ordea. Badakigu, seinale hori dela-eta, Behatokiak Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilari kexa-eskutitz bat bidali diola horren berri emateko. Zerbait lortuko ote dugu? Zaila da oso. Nolanahi den ere, hobe da saiatzea besoak antxumaturik gelditzea baino.
Badakit, orobat, zaila dela Ezkabako Talaia xume honetatik eragitea; haatik, nire xedea bada kezka bederen sortzea, alegia, erdaraz hutsez dauden hainbat eta hainbat kontuez ohartaraztea. Soilik erdaraz dauden seinaleak, esate baterako, inertziaz -edo utzikeriaz- normaltzat jotzen ditugu; halatan, ez genuke, inondik ere, normaltzat jo beharko. Izan ere, lehen urratsa gure jarrera aldatzean datza.

2008-10-16

Hitzen aroztegian

Post interesgarri bat irakurri dut duela gutxi GoiHataren blogean: El forjador de palabras. El traductor

Artikulu horretan arotzaren eta itzultzailearen arteko analogia garatzen da. Testu polita da, nik kontu batzuk zehaztuko nituzkeen arren.


Ene irudikoz, arotzaren jarduna idazlearenarekin parekatu daiteke, ez soilik
itzultzailearen jardunarekin.


Bestalde, testu bat egiteko, ezpata bat bezain zorrotza den testua, ez idazlea, ez arotza, ez dira zerotik abiatzen; badute atzean sostengu baten tradizioa eta kultur ondasuna, badute eskarmentua -afizioz hartua edo ofizioz ikasia- eta, badituzte oinarria hartzeko ereduak.


Hasteko, mailua -edota arotzak idazluma- hartu aitzin, bezeroarengan, hartzailearengan, pentsatu behar da, eta produktua norentzat den kontuan hartuta, ideiak zehazten hasiko da, eta behar dituen tresnak antolatzen; sutegia piztu; ikatza, ura eta beste hainbat tresna prestatu beharko ditu. Zeren "nolako hartzailea, halako ezpata": batzuentzako egin beharko ditut kobre-altzairuzko testu gorriak, beste batzuentzat kobalto-altzairuzko testu erakargarriak, eta beste batzuentzat karbono-altzairu arruntak. Baina, egon, badira manganeso-altzairu, nikel-altzairu, bessemer-altzairu eta beste hainbat testu mota.


Orduan, eta ez lehenago, burdina berotu eta hasiko da zirriborroak egiten, lehen mailukadak ematen... baina ez edonola! Ideiak antolatu behar dira; ideia bakoitza pasarte batean, eta ideiak hurrenkeran behar dira eman; aroztegian ere atalez atal egin behar dira lanak. Burdina gorri dagoenean jo behar da, atsotitzak agintzen digun gisan, baina kolpe zehatzak emanda, gozo, leun, arin -baina ez arinkeriaz-; kolpe kopurua ere, neurrian; izan ere, kolpe gehiegi emanez gero, hitz gehiegi, hartzailea aspertuko dugu...


Burdina gori-gori dagoenean hasiko da itxura hartzen, baina beti behar da denbora burdinak behar duen berotasuna har dezan... Era berean, testu on batek ere denbora behar du: Azkar eta ondo, usoak hegan, hil berri den Gotzon Garate-ren Atsotitzak bildumako beste esaera zahar baliatuta. Eta, halere, azken puntua jarrita ere, lana ez dago bukatua; azken kolpea eman eta gero, beti geldituko zaigu hirugarren fase bat.


Egin dugun objektua, artefaktu komunikatiboa, berrikusi eta okerrak zuzentzeko ordua heldu da; izan ere, ezpata zorrotza egin nahi dugu, irakurlea gustura uzteko modukoa, bezeroa asebeterik utziko duena. Orduan helduko da ikatz-hautsa gehitzeko ordua, testua aberasteko ordua, burdina altzairu bihurtuko bada. Gure testua aztertu eta hutsak kentzeko unea, ezpata zorrotz-zorrotz utziko badugu.


Eta bezeroari eman aitzin, ezpata probatuko dugu, ea uste bezain zorrotza den; testua probatu eta eraginkorra dela frogatuko dugu: Dzast! Alafede! Zinez, hitza ezpata bezain zorrotza izan daiteke. Irakurri dudan testua ona zen, gramatikalki zuzena ez ezik, ongi antolatua ere; eta aberatsa, dirdiratsua. Arotzaren trebezian datza sekretua. Baina nork ezagutzen ditu arotzaren sekretuak? Nork dauka sorgin-harria? Nor da filosofoen harriaren jabe?



Lagunok!
Ez denaren bila ez abia; sorgin-harririk ez da. Inor ez da arotza edo idazlea jaio; idazten ikasi egiten da. Sekretu bat eta bakarra ez dago; arotzak jarraibide batzuk ikasi zituen maisuarengandik, gaur egun zientzia eta teknikak ikasten diren legez; idaztea ikasi eta landu behar den zerbait da. Juan Garzia Garmendiak duela zortzi urte idatzi zigun Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 30. zenbakian: "Idaztea ikasi eta landu behar den zerbait da"


Denok ez gara inoiz izanen goi-mailako arotza edota idazle; kontua da ezpata bat, edo lantza bat, edo gezi bat egiten ikastea. Arte-lana eta teknika uztartzen dira aroztegian eta idaztegian.



Vale bene

2008-10-15

Poesia joan-etorrian (I)

Hilean behin, poema xume bat irakurtzeko asmoa dut Euskalerria Irratian, Arratsalde.on saioan. Hileroko hirugarren asteazkenean, 17:30ean, emititzen dute. Jarraian duzu poema eta, entzun nahi izanez gero, behera kargatzeko aukera daukazu mp3 formatuan.


Azken hiru asteotan nire bizibideak goia jo du,
zure gorputzaren usnan lurrunak azpiratu ninduenetik.
Esadazu nola beste gizaseme xaloek ez duten atzeman.
Berrogeitaka urteren bueltan zaharregia estrata bihurrietan ibiltzeko
zuri begira kontent naiz billabesako bidaia eternalean,
ezen, harrezkero, zure begiradari helduta joaten naiz bizitzaren busean.

Azken hiru egunotan zeinen gaitza zaidan ilaran,
zu zakartzan busaren esperoan -eta desesperoan- egotea.
Zure gibelean hitz totelak jalgitzeko abiatu naiz hirutan,
eta hiruretan hirurak erdibidean geratzeko kondenatua;
zertarako abiatu, hitz ulergaitz batzuk baino ez murmurikatzeko?

Azken hiru orduotan irrikatzen zintudan eta azaltzean begiek zure azalaren zirrikitua bilatu zuten, bularren errekaren bazter txuriak miresteko...
ezen zuri beha ditut ene amets eroak eta haragietako dardarizoak baretzen.

Azken hiru minutuotan zure gorputzaren siluetari jarraiki galdu naiz.
Zugan pentsatzeari jarririk, isilunezko mintzoak aditzeko gai bazina...

Azken hiru segundotan zure siluetak inoiz baino biluziago dirudi.
Eta geldialdi eskatua mezu apokaliptikoak hautsi du dena...
ezen ez dezadan neure burua engaina; zergatik aipa igarotako pasadizoak?
Bihar ere, zu zakartzan busean izanen nauzu.
Pasio gorria billabesa berdez mugitzen da Iruñean barna.





Azken hiru... poema hori Poesia joan-etorrian/Poesía en movimiento errezitaldian irakurri nuen, Mendillorrin, irailaren bukaeran. Argazkikoak dituzu La Montañesa-Veoliako burua, Iruñerriko Mankomunitateko presidentea, eta Nafar Ateneoko idazkaria; hiru erakunde horien artean egindako ekimena izan zen, eta errezitaldian irakurritako poemak liburuxka formatuan eman ziren argitara. Liburuxkaren aleak billabesetan banatu zituzten, Mugikortasunaren Astea-ren karietara.

2008-10-11

Jauna, Zu zara gure jomuga.

Bihar, Pilarika egunean, el coñazo del desfile, Raxoi-ren hitzetan. Ea zer aurpegiarekin azaltzen den bihar Madrilgo desfile horretara. Bera bezalako espainol txintxo batentzat coñazo bat bada, zer esango dugu espainol sentitzen ez garenok!
Nola edo hala -ezen ez nolanahi- Raxoi agertuko da. Azala behar da gero! Baina lasai, azal gogorrekoa da Mariano... Eta azalduko dira, halaber, eliza katolikoko ordezkariren bat edo beste; kapilau militarra berriak ez du, segurki ospakizuna galduko. They are living a celebration, celebration... Enpin! Batzuek salatuko dute -arrazoi osoz- ea zer egiten duen kapilau militar katolikoak laikoa den herrialde baten armadaren desfilean...

Halarik ere, euskaldunok ere badugu zertaz harritu. Lehengoan lagun batek esan zidan Euskal Herrian autoak bedeinkatzen direla; sinesgaitza egin zitzaidanez XXI. mendean horrelakorik gertatzea, nik -Santo Tomasen gisara, ikusi arte ez nuela sinetsiko- estanpita hura ikusi nahi nuela adierazi nuen... eta voilà! Arantzazu-n eman zioten estanpita hura ekarri zidan autotik: Jauna, Zu zara gure jomuga.

Jauna, Zu zara gure jomuga,
Zu zara, baita ere, bizitzara daraman benetako bidea.
Gu guztiok, erromes eta bidegaldurik,
Zuregana goaz etengabe.
Bedeinkatua Zu, Jauna,
zuk emanik baitauzkagu,
zientziaren eta teknikaren bidez,
tresnak eta bideak,
Zuk emaniko lurrean lan egiteko,
batetik bestera ibiltzeko, senideengana joateko,
Zuk egindako harrigarriak ikusteko,
eta gure bizitza atseginago egiteko.
Emaguzu, Jauna, zentzu ona, begi argia,
kemena eta esku zabala,
kotxe hau erabiltzen eta gidatzen jakin dezagun.
Hala eskatzen dizugu
Arantzazuko Amaren otoitzez
eta Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Amen.
Amen eta hemen, non eta hemen, Euskal Herriaren bihotzean, Arantzazun, horrelako estanpita bat ematen omen diote auto berria bedeinkatzera hurbiltzen den orori. Tira, zehatz izateko, eman ez dute dohanik ematen... kobratu egiten omen dute borondatea. XXI. mendean, lagunok... Patetikoa!

Horregatik, bihar, el coñazo del desfile delakoa patetikoa iruditzen bazaizu, ez ezazu ahantzi gure bihotzeko Euskal Herriaren bihotzean badugula patetismo adibiderik. Larre guztia ez da pagotxa, ez horixe!

Pagotxa nik izan dudana gaur arratsaldean. Lagun batek sutsuki maite duen bere Suzuki berrian eraman nau buelta bat ematera... Bedeinkatu gabeko Suzuki batean.

Lagun honek barre egin du jakin duenean
Arantzazun auto berriak bedeinkatzen dituztela.

2008-10-09

Pilarika egunaren atarian

Arrosarioa baturik errezatzen duen familiak baturik iraunen du. Urteak eta urteak eman nituen esaldi hori entzuten –ezen ez aditzen- etxeko irrati-aparatuan. Gure aitak beti egiten zuen otoitz bazkaldu eta afaldu aitzin, eta igandero-igandero, 14 urte bete arte, mezatara joatera behartzen ninduen. Katekesian ere orduak eta orduak eman nituen kristau zintzoz inguraturik, Cristo Rey parrokian; izen horrekin, atera kontuak! Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea amaitutakoan, COU delako hori bukatutakoan, apaiz ona izan nintekeela esan zidaten. Zin-zinez diotsuet: apaiztegirako bidea hartu izan banu, gure aita zoriontsua izanen zen. Horregatik, OPUSekoek niregana jo zutenean, eta nik antzarak ferratzera bidali nituenean, aitari eman nion disgustua ez zen nolanahikoa izan. Handik gutxira soldaduskara ere ez nintzela joango esan nionean, disgustu handiagoa eman nion... Ordurako Cristo Rey-ren bidetik aldendu eta Iruñeko Talde Antimilitaristara hurbildua nintzen, Eguzki Irratiaren egoitzara... O tempora, o mores!

Igande honetan, hilaren 12an, ez naiz mezatara joango; aita ez dadila enteratu, baina Hispanitatearen egunean ez naiz Pilarika-ren omenezko mezara joango, ezta militarren desfilea telebistan ikustera ere, aitarekin egiten nuen gisara. Aita en regulares-n ibilia zen eta gustatuko zitzaion ni izatea, adibidez, kapilau militarra. Aitzitik, ni nahikoa irregularra naiz, eta, agerian dagoenez, aitaren ametsa ez zen egia bihurtu. Gustatuko zitzaion ni izatea Francisco Pérez Gonzalez-en gisakoa: kapilau militarra lehen eta Iruñeko eta Tuterako artzapezpikua orain.

Niri gustatuko litzaidake jakitea aurten zer egin behar duen Igande hoentan artzapezpikuak; joango al da 12ko desfilean parte hartzera? Gustura hartuko luke desfilean, alajaina! Nork esaten zuen aurreko gotzaina, Fernando Sebastián, oso fatxa zela? Bada, oraingoa ultrafatxa da! Fernando Sebastianek behin jantzi zuen Guardia Zibilaren trikornioa; Francisco Pérezek, ordea, uniforme osoa du...

Ondoko argazkian duzue, Estatu Batuetako Armadako beste kapilau batzuekin, Manas-eko basean. Argazkiarekin batera datorren oharrak ez du argitzen hegazkinak aireratu aitzin bonbak bedeinkatu zituzten ala ez. Baina biolentoak besteok omen gara.

2008-10-07

ENIAkoekin elkartasuna

Ezkabako Talaia fisikotik ederki ikusten da ENIA lantegia; jadanik ez dago ikusgai izen zaharraren letreroa ate nagusian: Somer. Izan ere, berriozartar askok era horretan deitzen dio enpresa horri oraindik ere, duela urte batzuk beste multinazional batek erosi eta, harrezkero, "ENIA Carpets" deitzen den arren. Nik dakidala, alfonbrak, moketak -carpets- ekoizten dituzte; ohikoa da ikustea kamiotzarrak Berriozarko sarrera horretan, trenbidearen ondo-ondoan, sartu-irten, sartu-irten.
ENIAko nagusiak diru-galerarik ez, baina, antza, nahi zuten adina irabazi ere ez, eta "deslokalizazio prozesuari" ekin diote; nola erabiltzen duten hizkuntza kapitalistek! Espero zuten bezainbeste irabazi ez, eta beste leku batera eraman nahi dute lantegia, banaketarako langile gutxi batzuk bakarrik utzita.
Horri "deslokalizazio prozesua" deitzea zurikeriatan ibiltzea da; langileak kaleratzea da, eta ez etorri niri koplekin. Baina, jakina, ez da horren "politikoki polita"... Zurikeriak gorabehera, panorama beltza langile horientzat. Eta irtenbide bakarra? Borroka. Zein bestela? Greba hasi zuten eta mobilizazioak ari dira egiten azken egunotan. Eta zaila da ez topatzen ezagunik langile horien artean; Berriozarren bizi dira asko eta asko... Une gogorrak familia horientzat guztientzat; berrogei lagun baino gehiago kale gorrian nahi dituzte utzi... Berriozarrerako kolpe latza!
Bart itxialdia egin dute Berriozarko udaletxean eta, gaur goizean, kale agerraldia udaletxearen pare-parean. Bihoakie, lerrootatik, elkartasun mezu bat. Eutsi, ez etsi eta kapitalari hortzak erakutsi!


Gaur goizean udaletxearen parean egindako kale-agerraldia

Post scriptum:
Badakit ENIAren kasua ez dela bakarra; badakit, halaber, beste lantegi asko ere kinka bertsuan dagoela... Agian horregatik, hain zuzen, garrantzitsua da salatzea; ezinbestekoa da ez isiltzea. Krisi garaiaren aitzakiatan ez dezagun iparra gal, ezta borrokarako kemena ere!

2008-10-05

Esteban Adoaingoaren bizitza eta mirakuluak

Datorren larunbatean, hilak 11, Esteban Adoaingoa jaio zeneko bigarren mendeurrena izanen da. Kaputxinoa izan zen, fraide kaputxinoa alegia; izan ere, gaurko gazteek bestela pentsatzen duten arren, kaputxinoa kafe mota bat baino gehiago da...
Esteban Nafarroan sortu zen, Urraul Goitin. Horren harira, Diario de Navarra-k artikulu bat argitaratu zuen duela astebete. Hagiografiaren estilo zorrotzenean idatzia, Esteban Adoaingoaren bizitza eta mirakuluak kontatzen dizkigu artikuluaren egileak.
Baina idaztea, batez ere aukeratzea da; zer esan eta nola esan aukeratu behar duzu idazterakoan. Eta Diario de Navarran badakite zer esan eta badakite zer ezkutatu. Egilearen munduaren ikuskera eta pentsaera politikoa lerroen artean susma daiteke; agerian dago gobernu liberalekin ez duela inolako sinpatiarik; egilearentzat Baiona "Frantzia" da... Baina garrantzitsuena hauxe da: egileak ez du esaten -ezkutatzen du- Esteban Adoaingoa euskalduna zela. Egileak ez al zekien hori? Hagiografo batentzat arduragabekeria handia izango litzateke ez jakitea zein zen bere idazlanaren protagonistaren ama-hizkuntza; axolagabekeria baino, hipokresia adibide bat da. Diario de Navarra-n Nafarroaren euskalduntasuna ezabatzeko eta ezkutatzeko praktika iraunkorra da, baita santu izateko bidean dagoen fraide bati buruzko artikulu xume batean ere... Artikulugilea erdalduna izanagatik, ziur naiz badakiela Esteban Adoaingoa euskalduna zela; jakinen ez zuen, bada! Izan ere, beste kaputxino batek, aita Frantzisko Ondarrak, Fontes aldizkarian artikulu bat idatzia utzi zuen erdaraz: "Escritos en vascuence del P. Esteban de Adoain (1808-1880)".
Hona bertatik ateratako pasarte bat, Esteban Adoaingoaren euskara zahar eta ederrean idatzia:
"Maria Saindua agertu zitzaion -Benita zeritzan Florenziako bekatari ohiari-, eta erran zion barkatuak zirela bekatu guziak; baina beti oroitzeko bekatuez, Jaungoikoaren miserikordiaz, pasione sainduaz, eta oroitzeko ezen anitz bekatu gutiagoekin infernura joan zirela, eta erran zion egun artan berean zortzi urteko aur batek infernura joan bear zuela bekatu baten gatik".

Nafarroan batzuk lanean ari dira etengabe euskal kutsu duen oro ezabatzen, ezkutatzen, errotik erauzten... Eta datorren larunbaten Urraul Goitin eginen duten ekitaldia izanen da, segur asko, horren adibide. Ni ez naiz fededuna, eta ez naiz ekitaldi horretara joanen. Izanen al da kristau euskaldunik Esteban Adoaingoaren euskalduntasuna aldarrikatuko duenik? Esteban Adoaingoaren mirakulua izanen litzateke!
Nolanahi den ere, niri paradigmatikoa iruditzen zait Diario de Navarra inefableak egin duena Esteban Adoaingoaren euskalduntasuna ezkutatuta; eta hori egiten badu horrelako gai batekin... zer ez du egingo beste gai anitzekin!
Eskerrak irakurle kritikoak garen, eta eskerrak badakigun irakurtzen lerroen artean, eta lerroen atzean, eta lerroen azpian... Zerbait-zerbait ikasi dugu Cassany-en ikastaroan...

2008-09-28

Il dotore, zinez dotore

Valentino Rossi, Il dotore, mundiala da. Mundiala eta munduko txapelduna. Gaur, Japonian, berriz irabazi du, dotore-dotore irabazi ere.
Beste pilotuek diotenez, ez dago ezer izugarriagorik Rossi atzetik datorkizula ispiluan ikustea baino; motorrarekin bat eginik italiarraren kaskoa ikusten baduzu, jai duzu; ordurako beranduegia da. Ordurako badakizu italiarrak hartuko dizula aurrea eta 46 zenbakiduna izanen dela zure aurretik joanen den Yamaha. Zalantza bakarra omen da nondik eta noiz aurreratuko zaituen. Oraingo bihurgunean? Hurrengoan?
Gainera, kaskoa erantzitakoan ere, tipo xelebra da; jatorra, libertigarria eta katxondo hutsa... Eta, batez ere, guapoa, oso guapoa...
Kataluniako sari nagusitik, Montmeló-tik, lagun batek ekarritako kamiseta jantzi dut... Baina ez dakit oso dotore nagoen.

2008-09-27

Ainhoari gutun bat

Irailaren 27an, Gudari Egunean, ipuin bat Joseba Sarrionandiak aspaldi idatzia. Ainhoari gutunak liburu ospetsutik ateratako 14. gutuna da, eta irakurri nuen lehenbiziko aldian, duela nahi baino urte gehiago, hunkitu ninduen.
Barka biezat irakurleak Euskaltzaindiaren arau ortografikoak eguneratu baino lehenagoko bertsioari eutsi badiot transkripzioa egitean; antzinako kutsua duen baina gaurkotasunik galdu ez duen ipuin zoragarri hau bere horretan uztea nahiago izan dut, duela hogei urteko xarma hura berriz gozatu nahian.

Antigualean Inperio arrotz batek gure herria okupatu zuelarik, jendea errebelde altzatu zen herriska eta mendietan. Erresistentzia talde tipitan antolatzen zen han hemenka, baina gure jendeak ez zuen apenas harmarik Enperadoreari aurre egiteko, eta bere harmada handiak bere larderia ezarri zuen nahinon.

Egun batez, errebelde batzu oihanaren bihotzean zihoaztela, suge bat agertu zitzaien bideska bazterrera. Sugea aizkora bat inguratuz zutitzen zen. Eta sugeak esan zuen:

"Hau ezazue aizkora hau"

Gazte errebeldeel aizkora hura hartu zuten, sugea artean sasitzetan ezkutatzen zela. Eta harrez gero gure herriko burrukalariek, aizkora harekin, gerla krudel eta luzeari hasiera emanaz, Enperadorearen soldadoei kontra egiten zieten.

Behin eta berriro burrukatu ziren, eta erori ziren soldadoak, eta erori ziren errebeldeak, eta gerla horrela iraun zuen hamaika eta gero beste hamaika urtetan zehar. Harik eta Enperadorearen harmada gogaitu zen arte. Eta orduan Enperadoreak bere harmada odolustu hura bere erresumaren mugetara erretiratzea agindu bide zuen.

Eta gure herri tipira bakea itzuli zen askatasunarekin batera. Eta burrukan ihardunak ziren neska mutilak iada beren etxeetarantza zihoaztela, eta kantuz zihoazten, troka ilun baten alboan sugea agertu zitzaien berriro, esanaz:

"Itzul egidazue utzi nizuen aizkora"

Eta errebelde garaile haiek, harriturik, aizkora izugarri hura han bertan lurrean utzi zuten. Eta beren etxeetara, beren eginbide arruntetara joan ziren.

Oraindik orain, nahi baino urte gehiago igaro eta gero, ipuin honek hunkitzen nau.

2008-09-25

Kantuak eta kontuak, kontu eske.


Gerraren aurkako hitzak eta kantuak aireratu genituen bart. Hipocresía Infinita taldearen ekimenez, bosgarren urtez egin da Barañainen, batzuek maltzurki -edo ez horren maltzurki- Buenos Aires deritzen herrian, Ezkabako Talaiatik gertu xamar. Ohi den bezala Barañainen, atzo haizeak fir-fir ari zuen... eta gerraren aurkako hitzak eta kantuak eraman zituen haizeak. Ez dakigu, baina, gerraren aurkako aldarriak aditu behar zituztenen belarrietara heldu ziren gure kantuak eta kontuak. Kontu eske ari gintzaizkien... Jakinen zuten, nonbait, zeren aurreko urtean ez bezala, aurten ez zen agertu Barañaingo alkate jaun txit agurgarri izendatu berria... Nik nahiago dut horrela; mugagabeko hipokresia infinitu zuritzaileari stop! Nolanahi den ere, Ezkabako Talaia honetan jarri ditut irudi batzuk eta atzo irakurritako poema xume bat, Barañaingo haizeak betiko eraman ez dezan Ezkabako botiletako taupaden oihartzuna.

Jaengo Ángel Mena Gómez-en taupadak
Cuencako José Alarcón Carrillo-ren taupadak
Bizkaiko Andrés Cangoiti Cuesta-ren taupadak
behar baino hirurogeita hamar urte beranduago.
Ezkaba mendian hamaika hilotz barreiaturik.
Goian beude esango dute kristauek;
beude, baina ez han, goian,
baizik geure gogoan,
horiek guztiak,
faxismoaren kartzela beltzetan hildako horiek guztiak, Guardia Zibilaren baleen bidez eraildako horiek guztiak, torturaren bidez eraildako horiek guztiak,
ziega beltzen isolamenduan eraildako horiek guztiak,
osasun atentzio faltagatik eraildako horiek guztiak.
Beude gure gogoan eta atseden har bezate,
historiak agintzen duen duintasunez,
ezez ez mendian barreiaturik,
zulo beltz galduetan,
botila txuri bana ondoan dutela

Ez al zenekiten?
Hilotz zenbaitek,
botila bana izan dute ondoan urte hauetan guztietan
isilpeko salatari,iragan beltzeko oroigarri txuria
eta botilotan hildakoaren datuak zeuden idatzirik,
txuri gainean beltz.

Denboraren joan-etorriek paper erreak bihurtu dituztenez,
borreroen ondorengoek botilok
hutsik zeudela egin dute aldarri
hezur zurien gezur beltza.

Ezen hildakoen bihotz-taupaden oihartzuna zuten gorderik.
Eta zuk ere aditzen ahal duzu

Jaengo Ángel Mena Gómezen taupaden oihartzuna, Cuencako José Alarcón Carrilloren taupaden oihartzuna, Bizkaiko Andrés Cangoiti Cuesta-ren taupaden oihartzuna...
Eta oraindik lurpean zain dauden guztien taupaden oihartzuna.



Poesia emanaldia 7ak laurden gutxitan hasi zen eta Aspaldikuren blogean ikus daiteke informazio osagarria; eta ekitaldiaren argazkiak.

Poesia ez ezik, prosa ere irakurtzeko parada izan nuen, eta blog honetan irakur dezakezu testua, kalkulagrama bat.

2008-09-24

Berbaldiaz, Daniel Cassany-ekin

Duela urte gutxi batzuk nekez irudika genezakeen nola aldatuko zen irakurtzeko ohitura. Begien aurrean pantailan lerratzen diren hitzak ari zara prozesatzen; blog batek azkar editatzeko eta Interneten argitaratzeko aukera ematen digu, duela urte gutxi batzuk imajinaezina. Baiki, orain dugu aukera duela ordu gutxi batzuk gertatutako zerbait pantailaratzeko. Horren adibidea duzu post hau. Daniel Cassany irakasle katalanaren bi eguneko ikastaro gogoangarri bat hartu berri dut: Irakurriaren ulermenaren ikuspegi kritikoa.
Atzo bertan bukatutako ikastaroaren oihartzun zenbait ekarri nahi dizuet blog honetara, eta inork interesik badu, jo dezala Cassany-en Rere les línies - Tras las líneas liburura; izan ere, ikastarotik ez ezik, liburu horretatik ere edan dut testu hau osatzeko.

Ze zaila den irakurtzea. Alabaina, askoren ustez, ze erraza den! Eta irakurketa nola aldatu den azken urteotan...! Eta nola aldatuko den!
Askoren ustez, irakurtzea grafia ahoz erreproduzitzea baino ez da; Erdi Aroko ikuspegia da hori, eta ulermena bigarren maila batean gelditzen da. Ikuspegi modernoagoen arabera irakurtzea irakurritakoa ulertzea da eta, horregatik, ulertu gabe ahoz testu bat erreproduzitzen dutenei analfabeto funtzional deritze.
Baina gaur egun, ikuspegi soziokultural batetik begiratuta, aldarrikatzen duguna hauxe da: irakurketa eta idazketa giza-produktuak dira, gizarteak berak zehaztutako produktuak.
Izan ere, irakurketa bera modu ezberdinez ulertu da historian zehar; hartara, leku bakoitzean eta garai bakoitzean, bai irakurketak, bai idazketak, tokian tokiko eta lekuan lekuko ezaugarriak hartu dituzte.
Azken urteotan, beraz, garrantzi handia ari da hartzen literaltasun kritikoa. Ingelesezko literacy hitzetik dator literaltasun hori. Ze garrantzitsua den -eta izanen den- konturatzea kontu hauetaz guztiaz! Egia da irakurtzea irakurritakoa ulertzea dela... baina horrek ez du esan nahi irakurtzen duzun guztia sinetsi behar duzunik! Ezinbestekoa da ikuspegi kritikoa izatea, batez ere, gero eta gehiago on line irakurtzen dugun garaiotan... Testuak, atzo Cassanyk esaten zuen modura, gailu kulturalak dira.
Irakurtzean hiru maila bereizi behar dira:
  • zer dagoen idatzita lerroetan,
  • zer dagoen lerroen artean, eta
  • zer dagoen lerroen atzean.
Lerroetan idatzita dagoena ulertzea hitz guztien esanahia ulertzea da. Baina guk badakigu agertzen dena bezain garrantzitsua izaten dela ezkutuan dagoena, esaten ez den hori, lerroan artean dagoena.
Badakigu lerroen artean irakurtzen eta hitzetatik haratago joan behar dugula; argi eta garbi agertzen ez den arren, lerroan artean irakurriz geure ondorioak atera ditzakegu, esaten ez den zerbait ondorioztatu dezakegu; iradokitzen dena, ironiaz esaten dena...
Baina agian ez dakigu beste maila bat dagoela ezkutuan, hirugarren maila bat, lerroen atzean ezkutuan dagoena; egile(ar)en ideologia, ze ikuspuntua darabilen testu horretan, nor den benetan egilea, ze argudioak erabiltzen dituen -eta zeintzuk ezkutatzen dituen-, ze intentzioarekin egin duen hori... Lerroen atzean ezkutatzen dena ikusteko ezinbestez irakurle kritikoak izan behar dugu.
Esan gabe doa, hiru ulermen maila horien arteko mugak lausoak dira, eta, anitzetan, zaila suerta dakiguke hori maila horiek... baina ez du axola; garrantzitsauena da konturatzea, egon, badagoela lerroen atzean ikuspuntu gordea, sarritan garrantzi handikoa izaten dena.

Zeren, ez dezagun geure burua engaina, hizkuntza ez da objektiboa; ezin da izan objektiboa. Hizkuntza, izatez, abstraktua da. Geure buruan baino ez dago hizkuntza, eta liburu batean hizkuntza jakin baten gramatika dugu, edota hiztegi batean hizkuntza baten lexikoa... Baina errealitatean berbaldiak daude. Eta berbaldiak betui kokatuta ematen dira, garai eta toki jakinetan, eta ez era abstraktu batean. Bernbaldiak ez daude denboratik at, edo egoera jakin batetik at; egilea, beti, hiztun komunitate jakin batean ekoizten ditu berbaldiak. Egilea, beraz, ez da izaki abstraktua, eta bizi da hiztun komunitate jakin batean, non, besteak beste, irakurri eta idatzi egiten d; eta komunitate horretan mundua ulertzeko ikuspegi bat dago, munduaren ikuspegi jakin bat, munduko beste hizkuntz komunitateetan ez dutena... Hortaz eta beraz, berbaldiak ezin dira neutroak izan; ezinezkoa da objektibitatea, berbaldi neutrorik edo objektiborik ez da.

Berbaldia neutroa ez denez, ezin da izan errealitatearen isla objektiboa; eta errealitatearen ikuspegia erabat lotuta dago intentzioei, jarrerei, usteei... Hori guztia -eta gehiago- kontuan hartu beharko dugu irakurle kritiko izanen bagara.

Hori eta askoz gehiago eskaini digu ikastaroan irakasle katalanak. Irakurle zintzoak susmatuko zuenez, - Diskurtsoaren azterketa kritikoa da Daniel Cassanyk Pompeu Fraba Unibertsitatean irakasten duena; ezin bestelakoa izan!

Literaltasun kritikoaz urteak daramatzate lanean Australian, Tasmaniako Gobernuaren webgunean ikus daitekeenez.

Estatu Batuetan ere, ari dira lanean: Adibidez, Sri-Lankan sortutako Canagarajah irakaslea.

Hurbilago, Europan, ezinbesteko erreferentzia da Lancaster Unibertsitateko Baliabide Zentroa

Astirik eta gogorik baduzu, baduzu nondik abiatu, beti ere ikuspegi kritiko batez...

Argazkian ikus daitekeenez, Daniel Cassanyekin berarekin afaltzeko parada izan nuen Aspaldiku-ko beste kide batzuekin batera.
Oso ongi ikusten ez zaion arren, ezkerretik hasita bigarrena duzu Daniel Cassany. Afarian berbaldi kokatuak eta eraginkorrak gozatzeko aukera izan genuen; besteak beste, txiste apartak eta errepikaezinak... Eta irakurle zorrotzak bereiz ditzala hitzen arteko ñabardurak, sinonimoak ez baitira!

Eta amaitzeko, excursus bat. Eskuinetik hasita lehena, Pello laguna dugu, latinzalea amorratua berau. Berarentzat, maitekiro, atsotitz hau: Vinum et musica laetificant cor; et super utraque dilectio sapientiae.

Eta galde ez diezadan zer esan nahi duen horrek, hona hemen geure hizkuntzaz: Ardoak eta musikak alaitzen dute, baina bi gauza hauen gainetik jakinduriarekiko maitasuna dago.

2008-09-20

Max Hamman-ekin



Asteburu honetan Max Hamann-en ikastaro bat hartu dut. Dokeos Learning Management System-aren gaineko ikastaroa izan da, eta hagitz interesgarria izan da.

Bukaeran iritzia emateko eskatu digu eta horretan ari naiz. Niri gustatu zait, arina egin zait eta ez naiz aspertu... aste osoaren zama handia gainean daramadan arren. Abiadura anitzeko ikasketariak izan gara eta hori nabaria izan da. Garrantzitsuena izan da baliabide piloa erakutsi digula, eta gure kasa ibili beharko dugu, dexente ibili ere, ikusitako guztia ikasteko.
  • GNU lizentzia duen kode irekiko softwarea: Sourceforge.
  • Liburu digitalak sortzeko tresna: MyCrapbook 4.0
  • Power Point zaharrak berrerabiltzeko on line: Xagraren adibidea.
  • Webquestak sortzeko, euskaraz.
  • Audioak lantzeko ezinbesteko tresna, audacity.
  • Plataforma bat hizkuntzak ikasteko, buusu, nire alemana lardaskatzeko.
  • Eta Extremadurakoen bitxia: atenex -en barnean dagoen "constructor" delakoa.

Lau katu eta bost txito, ikastaroa bukatu eta kitto.

2008-09-17

Iragarritako bidegabekeria baten haritik

Gaurko albistea da: Amnistiaren aldeko mugimenduko kideak kartzelara. Iragarritako bidegabekeria bat da; jakin, badakit. Baina iragarria izanagatik ez al dugu salatu behar bidegabekeria ? Barneak erretzen dizkigun suak ez al dizkigu bihotza, eta eztarria, eta burua, eta begiak kiskaltzen?

Batzuei 10na eta bestetzuei 8na urteko kartzela zigorra. Erraza da esaten! Hitz horiek ez lirateke larriak izango, baldin eta hitz horiek beraiek dakartena ezagutuko ez bagenu. Elkartasuna, herritarren samurtasuna nahi dute hautsi... Ni honetaz guztiaz gehien mintzen nauena da euskaldun batzuen axolagaberia, horrelakoetan gordetzen duten isiltasuna... Ahantzi al dute Bertold Brech-en poema? "Lehenbizi, judutarrak harrapatzera joan ziren; ni judutarra ez naizenez, (...)" Eta Benito Lertxundiren kanta? "Eta poeta, eta poeta, ixilik gelditu da... " Horrelakoetan erakusten da garen ala ez garen! Eta bagara ala ez gara!

Elkartasuna kriminalizatu nahi dute... Alferrik, baina! Literaturari begira egoten den blog hau, egun batez bada ere, kartzelan dauden euskaldunei besarkada bero bana bidaltzeko baliatuko dut, birtuala bada ere.
Elkartasuna hautsi? Sekula ez! Eutsi, ez etsi, eta Espainiari hortzak erakutsi!