2008-09-25

Kantuak eta kontuak, kontu eske.


Gerraren aurkako hitzak eta kantuak aireratu genituen bart. Hipocresía Infinita taldearen ekimenez, bosgarren urtez egin da Barañainen, batzuek maltzurki -edo ez horren maltzurki- Buenos Aires deritzen herrian, Ezkabako Talaiatik gertu xamar. Ohi den bezala Barañainen, atzo haizeak fir-fir ari zuen... eta gerraren aurkako hitzak eta kantuak eraman zituen haizeak. Ez dakigu, baina, gerraren aurkako aldarriak aditu behar zituztenen belarrietara heldu ziren gure kantuak eta kontuak. Kontu eske ari gintzaizkien... Jakinen zuten, nonbait, zeren aurreko urtean ez bezala, aurten ez zen agertu Barañaingo alkate jaun txit agurgarri izendatu berria... Nik nahiago dut horrela; mugagabeko hipokresia infinitu zuritzaileari stop! Nolanahi den ere, Ezkabako Talaia honetan jarri ditut irudi batzuk eta atzo irakurritako poema xume bat, Barañaingo haizeak betiko eraman ez dezan Ezkabako botiletako taupaden oihartzuna.

Jaengo Ángel Mena Gómez-en taupadak
Cuencako José Alarcón Carrillo-ren taupadak
Bizkaiko Andrés Cangoiti Cuesta-ren taupadak
behar baino hirurogeita hamar urte beranduago.
Ezkaba mendian hamaika hilotz barreiaturik.
Goian beude esango dute kristauek;
beude, baina ez han, goian,
baizik geure gogoan,
horiek guztiak,
faxismoaren kartzela beltzetan hildako horiek guztiak, Guardia Zibilaren baleen bidez eraildako horiek guztiak, torturaren bidez eraildako horiek guztiak,
ziega beltzen isolamenduan eraildako horiek guztiak,
osasun atentzio faltagatik eraildako horiek guztiak.
Beude gure gogoan eta atseden har bezate,
historiak agintzen duen duintasunez,
ezez ez mendian barreiaturik,
zulo beltz galduetan,
botila txuri bana ondoan dutela

Ez al zenekiten?
Hilotz zenbaitek,
botila bana izan dute ondoan urte hauetan guztietan
isilpeko salatari,iragan beltzeko oroigarri txuria
eta botilotan hildakoaren datuak zeuden idatzirik,
txuri gainean beltz.

Denboraren joan-etorriek paper erreak bihurtu dituztenez,
borreroen ondorengoek botilok
hutsik zeudela egin dute aldarri
hezur zurien gezur beltza.

Ezen hildakoen bihotz-taupaden oihartzuna zuten gorderik.
Eta zuk ere aditzen ahal duzu

Jaengo Ángel Mena Gómezen taupaden oihartzuna, Cuencako José Alarcón Carrilloren taupaden oihartzuna, Bizkaiko Andrés Cangoiti Cuesta-ren taupaden oihartzuna...
Eta oraindik lurpean zain dauden guztien taupaden oihartzuna.



Poesia emanaldia 7ak laurden gutxitan hasi zen eta Aspaldikuren blogean ikus daiteke informazio osagarria; eta ekitaldiaren argazkiak.

Poesia ez ezik, prosa ere irakurtzeko parada izan nuen, eta blog honetan irakur dezakezu testua, kalkulagrama bat.

No comments: