2008-09-16

Elurra udan

Elurra izeneko liburukotea irakurri dut uda honetan. Udaren atarian ginelarik, Neguko barnetegiaren berri eman genuen gisara, uda bukatzear dela Elurra-z mintzatuko natzaizue.
Uda baino lehenagotik neukan erosia, eta 564 -aise esaten da- orrialde dituenez, udako oporretarako utzi nuen.
Udan zehar irakurri dut eta udazkena heldu aitzin neure buruari hitz eman nion post hau idatziko nuela... Eta euskaldun baten hitza ez da ur gaineko bitsa.

Aspaldi ez dut irakurri horrenbeste hunkitu nauen eleberririk. Orhan Pamuk-en Elurra itzuli dutenetako batek, Fernando Rey lagunak, gaztigatu zidan... Eta zinez hunkigarria izan da Nobel saridun turkiarraren eleberria.
Zertan datza nobela honen arrakasta? Ene irudikoz, nobela luze honen arrakasta tentsioari eta erritmoari nobela osoan zehar eustean datza... Zeren eusten baitio, ederki eutsi ere.

Elurra, Kar turkieraz, lehenengo pertsonan idatzita dago -azken atala izan ezik- eta protagonistak Ka du ezizena, eta Kars izeneko herriko futbol taldeak Karsspor du izena; protagonista Karspalace hotelera heldutakoan elurra ari zuen:

Elurrak, hiriko zikinkeria, lohia eta iluntasuna estaltzean, haiek ahantzarazi eta araztasun sentsazioa pizten zuen beti Karen baitan, baina Karsen emandako lehen egunean galdu zuen elurrarekin lotzen zuen inozentzia sentsazio hura. Han, elurra nekagarria zen, gogaikarria, izugarria, eta gau osoan egin zuen elurra. Eta ez zuen atertu goiz osoan ere.


Eleberri osoan ez zuen atertu. Zeinen trebea den Pamuk sentsazioak eta deskribapenak egiten! Baina, ordainetan, eleberri luzea atera zaio. Turkiako egoera korapilatsua agertuko zaizu, idazlearen estilo ederrarekin hornitua. Irakurri beste pasarte gogoangarri hau:
Hasieran, hura, ideia bat baino gehiago, irudi bat izan zen, museo bateko geletan barna presaka eta arreta handirik gabe margolan bat ikusi duzunean bezala: gero hartaz pentsatzen jarrita ere, ez zara gauza oroitzeko. Irudi bat baino gehiago, sentsazio bat izan zen, une batez agertu eta gero desagertu egiten dena. Ez zen Kari hori gertatzen zitzaion lehenbiziko aldia.

Ni irakurtzen aritu naizelarik azpimarratu ditudan zati guztiak hona ekartzea gehiegi luzatzea litzateke. Nire lagun bat irakasle eta irakurle sutsua da eta, behin, horrela mintzatu zitzaidan: "Hirurehun hitz baino gutxiago duen liburua... utikan!" Ondorengo irri-karkailek erakutsi zuten erdi-brometan ari zela. Baina, egia da euskarazko sorkuntzan, batzuk behintzat, faltan bota dugula eleberri potente sail on bat, XIX. mende bukaerako klasikoen eleberri potolo horien antzerako eleberri multzo bat, Orhan Pamuk-ek berak miresten duen eta liburuan aipatzen den Turgenev idazle errusiarraren tankerakoak... Zorionez, uda honetan, denbora luzea eskatu didan eta ordainetan asko eman didan eleberri hau irakurri dut. Eta post xume honek balio badu zuk ere noizbait Elurra irakur dezazun, bejondeigula!


Fernando Rey itzultzailearekin, Elurra mahai gainean dugula

No comments: