Atzo bertan bukatutako ikastaroaren oihartzun zenbait ekarri nahi dizuet blog honetara, eta inork interesik badu, jo dezala Cassany-en Rere les línies - Tras las líneas liburura; izan ere, ikastarotik ez ezik, liburu horretatik ere edan dut testu hau osatzeko.
Ze zaila den irakurtzea. Alabaina, askoren ustez, ze erraza den! Eta irakurketa nola aldatu den azken urteotan...! Eta nola aldatuko den!Hori eta askoz gehiago eskaini digu ikastaroan irakasle katalanak. Irakurle zintzoak susmatuko zuenez, - Diskurtsoaren azterketa kritikoa da Daniel Cassanyk Pompeu Fraba Unibertsitatean irakasten duena; ezin bestelakoa izan!
Askoren ustez, irakurtzea grafia ahoz erreproduzitzea baino ez da; Erdi Aroko ikuspegia da hori, eta ulermena bigarren maila batean gelditzen da. Ikuspegi modernoagoen arabera irakurtzea irakurritakoa ulertzea da eta, horregatik, ulertu gabe ahoz testu bat erreproduzitzen dutenei analfabeto funtzional deritze.
Baina gaur egun, ikuspegi soziokultural batetik begiratuta, aldarrikatzen duguna hauxe da: irakurketa eta idazketa giza-produktuak dira, gizarteak berak zehaztutako produktuak.
Izan ere, irakurketa bera modu ezberdinez ulertu da historian zehar; hartara, leku bakoitzean eta garai bakoitzean, bai irakurketak, bai idazketak, tokian tokiko eta lekuan lekuko ezaugarriak hartu dituzte.
Azken urteotan, beraz, garrantzi handia ari da hartzen literaltasun kritikoa. Ingelesezko literacy hitzetik dator literaltasun hori. Ze garrantzitsua den -eta izanen den- konturatzea kontu hauetaz guztiaz! Egia da irakurtzea irakurritakoa ulertzea dela... baina horrek ez du esan nahi irakurtzen duzun guztia sinetsi behar duzunik! Ezinbestekoa da ikuspegi kritikoa izatea, batez ere, gero eta gehiago on line irakurtzen dugun garaiotan... Testuak, atzo Cassanyk esaten zuen modura, gailu kulturalak dira.
Irakurtzean hiru maila bereizi behar dira:Lerroetan idatzita dagoena ulertzea hitz guztien esanahia ulertzea da. Baina guk badakigu agertzen dena bezain garrantzitsua izaten dela ezkutuan dagoena, esaten ez den hori, lerroan artean dagoena.
- zer dagoen idatzita lerroetan,
- zer dagoen lerroen artean, eta
- zer dagoen lerroen atzean.
Badakigu lerroen artean irakurtzen eta hitzetatik haratago joan behar dugula; argi eta garbi agertzen ez den arren, lerroan artean irakurriz geure ondorioak atera ditzakegu, esaten ez den zerbait ondorioztatu dezakegu; iradokitzen dena, ironiaz esaten dena...
Baina agian ez dakigu beste maila bat dagoela ezkutuan, hirugarren maila bat, lerroen atzean ezkutuan dagoena; egile(ar)en ideologia, ze ikuspuntua darabilen testu horretan, nor den benetan egilea, ze argudioak erabiltzen dituen -eta zeintzuk ezkutatzen dituen-, ze intentzioarekin egin duen hori... Lerroen atzean ezkutatzen dena ikusteko ezinbestez irakurle kritikoak izan behar dugu.
Esan gabe doa, hiru ulermen maila horien arteko mugak lausoak dira, eta, anitzetan, zaila suerta dakiguke hori maila horiek... baina ez du axola; garrantzitsauena da konturatzea, egon, badagoela lerroen atzean ikuspuntu gordea, sarritan garrantzi handikoa izaten dena.
Zeren, ez dezagun geure burua engaina, hizkuntza ez da objektiboa; ezin da izan objektiboa. Hizkuntza, izatez, abstraktua da. Geure buruan baino ez dago hizkuntza, eta liburu batean hizkuntza jakin baten gramatika dugu, edota hiztegi batean hizkuntza baten lexikoa... Baina errealitatean berbaldiak daude. Eta berbaldiak betui kokatuta ematen dira, garai eta toki jakinetan, eta ez era abstraktu batean. Bernbaldiak ez daude denboratik at, edo egoera jakin batetik at; egilea, beti, hiztun komunitate jakin batean ekoizten ditu berbaldiak. Egilea, beraz, ez da izaki abstraktua, eta bizi da hiztun komunitate jakin batean, non, besteak beste, irakurri eta idatzi egiten d; eta komunitate horretan mundua ulertzeko ikuspegi bat dago, munduaren ikuspegi jakin bat, munduko beste hizkuntz komunitateetan ez dutena... Hortaz eta beraz, berbaldiak ezin dira neutroak izan; ezinezkoa da objektibitatea, berbaldi neutrorik edo objektiborik ez da.
Berbaldia neutroa ez denez, ezin da izan errealitatearen isla objektiboa; eta errealitatearen ikuspegia erabat lotuta dago intentzioei, jarrerei, usteei... Hori guztia -eta gehiago- kontuan hartu beharko dugu irakurle kritiko izanen bagara.
Literaltasun kritikoaz urteak daramatzate lanean Australian, Tasmaniako Gobernuaren webgunean ikus daitekeenez.
Estatu Batuetan ere, ari dira lanean: Adibidez, Sri-Lankan sortutako Canagarajah irakaslea.
Hurbilago, Europan, ezinbesteko erreferentzia da Lancaster Unibertsitateko Baliabide Zentroa
Astirik eta gogorik baduzu, baduzu nondik abiatu, beti ere ikuspegi kritiko batez...
Argazkian ikus daitekeenez, Daniel Cassanyekin berarekin afaltzeko parada izan nuen Aspaldiku-ko beste kide batzuekin batera.
Oso ongi ikusten ez zaion arren, ezkerretik hasita bigarrena duzu Daniel Cassany. Afarian berbaldi kokatuak eta eraginkorrak gozatzeko aukera izan genuen; besteak beste, txiste apartak eta errepikaezinak... Eta irakurle zorrotzak bereiz ditzala hitzen arteko ñabardurak, sinonimoak ez baitira!
Eta amaitzeko, excursus bat. Eskuinetik hasita lehena, Pello laguna dugu, latinzalea amorratua berau. Berarentzat, maitekiro, atsotitz hau: Vinum et musica laetificant cor; et super utraque dilectio sapientiae.
Eta galde ez diezadan zer esan nahi duen horrek, hona hemen geure hizkuntzaz: Ardoak eta musikak alaitzen dute, baina bi gauza hauen gainetik jakinduriarekiko maitasuna dago.
Eta amaitzeko, excursus bat. Eskuinetik hasita lehena, Pello laguna dugu, latinzalea amorratua berau. Berarentzat, maitekiro, atsotitz hau: Vinum et musica laetificant cor; et super utraque dilectio sapientiae.
Eta galde ez diezadan zer esan nahi duen horrek, hona hemen geure hizkuntzaz: Ardoak eta musikak alaitzen dute, baina bi gauza hauen gainetik jakinduriarekiko maitasuna dago.
No comments:
Post a Comment