2008-03-21

Ostiral Santuko puntuazioaz

Behin baino gehiagotan mintzo gara Ezkabako Talaiatik puntuazioaren garrantziaz eta, zehatz izateko, koma baten garrantziaz. Halarik ere, anaia maiteak , zilegi bekit gaur bezalako Ostiral Santu honetan berriz ere puntuazioaren kontua lerrootara ekartzea; finean, nork bere zoroak bizi ditu, eta gaur goizean Iruñeko Katedralean egon naizenean, aditu ditut Jesusek gaizkileetako bati esan omen zizkion hitz entzutetsu hauek: "Benetan diotsut: gaur nirekin izango zara paradisuan" (Lukas, 23,43).
Alegia, gaur bertan berpiztuko zara paradisuan nire ondoan; ez purgatoriorik, ez deus ere; lasai, gaizkile hori.
Baina, -ai baina horiek- interpretazio batzuen arabera, bestela agertzen dira hitzok, eta historian zehar, beste modu honetan ere agertu da:
"Benetan diotsut gaur: nirekin izango zara paradisuan"
Eta esanahia ezberdina da: gaur esaten dizut noizbait egonen zarela nirekin paradisuan; hots, bigarren esaldi horrek ez du ziurtatzen gaizkilea egun horretan bertan berpiztuko denik paradisuan...
Txikikeria dirudien arren, Elizaren historian, ezbedintasun horren kontura hamaika buruhauste, kontzilio, bilkura, eszizio eta katramila sortu ziren...
Baina har ditzagun kontu serio hauek guztiak umore onez, bideo honetako fededun zintzoek egiten duten modura...

2008-03-19

Aldea dago


Ezkabako talaiatik haratago leku anitz dugu ikusgai; leku anitz eta anitzak, askotarikoak. Leku ederrak eta leku hitsak: industrialdeak, kasurako.
Baina nola idazten da hori? Bi hitzetan, gaztelaniaren antzeko? Hots,zona industrial-en kalko morfosintaktikoa eginda, "Industri Aldea"?. Gainera, "Aldea" letra larriz... Baina ezin egon gaitezke horren alde... Bitxikeria hori Uharte eta Atarrabiaren artean dago, eta horren arabera, bereiz idatzi beharko genuke?

Baina Hegoalde eta Iparralde idazten dugu... Eta Euskaltzaindiak aspaldi gaztigatu zigunez, Industrialdea behar du.

Zorionez, beste leku anitzetan ongi idatzia dago:


Ezkabako talaitik Iruñerria osoa ikusten denez, inguru-minguruan buelta eman dut txirrindulaz, argazki-kameraz horniturik, Aitaren Eguna profitatzeko edo, eta Arrotxapean ongi idatzia agertzen da: Industrialdea, alegia, hitz bakarra, behar den bezala.
Eta Ezkabako talaiatik gertu, Berriozar eta Aintzoainen artean, Berriainz industrialdearen inguruko seinalean ere, ongi idatzia:


Aldea dago, ezta?

2008-03-16

Herria tabernatik

Eduardo garagardo, Josemi bussinessman, Txurrero eta enparauak, Berriozarko Herria tabernan, goizaldeko ordu txikitan bizirik eta onik; garagardoaren garagardrogaren eraginez baino, sagardoaren eta orujoaren liluraz blai gabiltza, Antxon tabernariaren begirada zorrotzaren pean... Bizirik eta onik!
Berrogei urteren bueltan eta bizirik! Falta zaigu Antton-en webcam-aren argazkirik... Hori tamala!

Eta estreinakoz, Antxonek erratza utzi, eta idazten hasi da:
"Ea astun hauek etxera doazen! Hartara, erratza pasatzen bukatuko dut"