2015-09-10

Bertso xume bat ikasturtea hasteko

Ikasturtearen hasieran, irakaskidei egin bertso xumea: animoak emateko bertze modu bat 

Irailak 10, lehen eguna

Zer nolako apurua!

Baina lehenago egina dugu

Ta beraz, lasai burua

ikasturte hau baietz gainditu

hori bada segurua

ongi hasi, ta hobe bukatu

Ez al da hori helburua?




2015-09-02

Eliza handi bat, Euskal Herria plazan

Orain dela hamar urte, horixe zen Eliza Katolikoaren egitasmo nagusia Berriozarren, udaletxearen ondoko plazan eliza berri bat eraikitzea. Juxtu-juxtu orain dela hamar urte, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuak, Fernando Sebastianek, aldarrikatzen zuen orube hori ezinbestekoa zela eliza bat eraikitzeko, eta guztiz beharrezkotzat jotzen zuen, Berriozarren dauden beste hiru elizak nahiko ez zirelakoan... Eliza prest zegoen emateko San Kristobal elizaren esparrua ordainetan; trukean Eliza Katolikoa ez zen aterako galtzaile, ez horixe!

Garai horretan Benito Rios genuen alkate, eta PSNz gain, UPNk eta CDNk sostengatzen zuten udal gobernua; egitasmoaren kontra, gizabanako anitz, talde asko eta askotarikoak, eta garai hartako beste alderdi politiko guztiak: Berriozar Baietz, IU, Aralar eta Batzarre. Baina indar handiena orube publikoaren defentsan osatu zen plataformak egin zuen, eta kale agerraldia bat baino gehiago egin genuen, baita manifestaldi bat ere jaietan, ehunka lagun bildu zituena, 2005eko irailaren 5eko egunkariak dioenari kasu egitera. Jadanik Berriozarren bizi ez den lagun bat, Iñigo Orella, Kristauen Oinarrizko Komunitateetako kide eta plataformako eleduna argi mintzo zen salatzeko orduan egitasmoa “Berriozarko auzokide gehienen interesen kontra” zihoala, “Eliza Katolikoak hemengo bizilagun asko eta asmo ez baitu ordezkatzen ”. 

 Iñigo Orella, mikroa eskuan duela

Urte horretako jaietarako pegatina bat atera zen, Herriaren orubea, herriarentzat zioena, behean duzun hori, non putre batzuk herriaren orubearen gainetik aritzen ziren hegan, “OPUS” hitza airean osatzen zutelarik... Zorionez, erantzun zabala izan zen, egitasmoa gelditu eta, azkenik, bertan behera utzi zuen Fernando Sebastian artzapezpikuak.

Hamar urte igarota, Berriozarko hiru elizek hutsik jarraitzen dute, hileta-elizkizun edota jaunartze egunetan izan ezik. Eliza Katolikoaren eta Berriozarko bizilagun gehienen arteko amildegia gero eta handiagoa da. Izan ere, garai batean gutariko edonork, jakin, ederki zekien nor zegoen apaiz eta nor parroko Berriozarko parrokian... Eta gaur egun?

Gaur egun Euskal Herrian plazan dauden eserlekuak, zuhaitzak, berdegunea, pasealekua, aparkalekua ikusten duzun hurrengoan, ez ahantzi han eliza bat egon zitekeena, gurutzeak, kanpaiak, serorak, apaizak eta beste hostia batzuk, gure herriaren erdi-erdian. Nork esaten zuen borrokak ez zuela merezi? Ez ditzagun borroka horiek ahantzi!