2010-06-29

Greba orokorra Euskal Herrian

Greba zergatik egin dudan galdetzen badit alabak, ipuin baten bidez erantzungo diot: Astoak eta zorrak

2010-06-26

Deitu erleei

Deitu erleei zabal dezaten Garbiñe Arrieta hil dela, Montevideon, duela egun gutxi batzuk, buruko isuri baten ondorioz.

Deitu erleei zabal dezaten hutsune handia utzi duela Uruguaiko euskal jendearen artean, baita ozeanoz alde honetan ere, Garbiñe ezagutzeko aukera izan genuen guztion bihotzetan.

Deitu erleei zabal dezaten Garbiñek erakutsi zigula elkartasuna, herriarekiko maitasuna eta behartsuen alde lan egitea zer den, hitzetatik harago erakutsi ere.

Deitu erleei zabal dezaten laurogeita hamalauan bera zikintzen saiatu ziren ABC-ko kazetari txakur horietaz, “Purificación” deitu zioten horietaz, irri egiten zuela Garbiñek.

Deitu erleei zabal dezaten Garbiñe bezalako moja bat ezagutzea ohore handia izan dela ni bezalako antiklerikal batentzat, duela gutxi ezagutu nuen arren.

Deitu erleei zabal dezaten, batez ere, emakume zoriontsua izan zela, eta, bizitza gogorra gora behera, zoriontasun hori bazekiela partekatzen, bere inguruan barreiatzen zuela.

Horregatik, deitu erleei zabal ez dezaten tristura, denok gogora dezagun Garbiñe alai, edo kantuan, edo txiste bat kontatzen, edo hizketan, uruguaieraz ala euskaraz, zeren Ameriketan urte asko egonda ere, Garbiñek ez zuen sekula euskara goxo zoragarri hura galdu.

Erleek jakinen dute hori egiten.

2010-06-22

Nabigatzaileentzako gaztigua

Euskarazko ereduak, D ereduak, 25 urte bete ditu aurten Berriozarren. Hogeita bost urte hauetan lortu dena ez da gutxi, baina A, G eta D ereduak dituen ikastetxe bat, -zortziehun ikasle baino gehiago, laurogei irakaslez osaturiko klaustro bat- ez da erraz gobernatzen den itsasontzia.


Duela hiru urte jada, Mendialdea Guraso Elkarteak eskaera ofizial bat egin zion Nafarroako Gobernuari D ereduko ikastetxe berri bat eraiki zezan eta hizkuntz ereduaren arabera bi zentro antola zitzan: bi zentro, beraz, ez gaur dagoen ikastetxe partekatu gobernagaitza. Ez ziguten erantzun, eta Haur Hezkuntza, eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bat eraiki beharrean, institutu berri bat egin zuten, aurten mustu dena. Nolanahi den ere, gurasoen nahia argia eta garbia da aspaldi-aspalditik.


Ikasturte honetan bi zentro sortzeko gaia planteatu zen ikastetxean eta irakasle gehienak, bozketa batean, bi zentro sortzearen alde agertu ziren: D ereduko irakasle gehien-gehienak ez ezik A eta G ereduan irakasle dauden batzuk ere hala agertu ziren bozketa libre eta demokratiko batean. Irakasleen jarrera horrek akuilatutik, D ereduko gurasoak martxan jarri ginen berriro D ereduko zentro baten aldeko aldarrikapena berpizturik.


Hamaika bilera eta elkarrizketa, kale agerraldiak Berriozarren eta Hezkuntza Departamentuaren atarian. Martxoan jakinarazi zitzaion gurasoen nahia eta jarrera ikuskari den Pilar Jauregi andreari. Gero, beste bilera eskaera formala egin zitzaion ikuskari nagusiari eta bilera gertatu baina hiru ordu lehenago bertan behera utzi zuen ikuskari nagusi Esparza jaunak. Oraindik ez omen du astirik izan gurasoak hartzeko.


Atzo ere manifestazio jendetsua egin dugu Berriozarren eta bertan parte hartu dugu guraso askok eta baita irakasle askok ere. Finean, denoi komeni zaiguna da, UPNko, PSOEko eta Ezker Batuko zinegotziak kontrakoa bozkatu arren udalean.


Eta orain, zer egin? Hasieran aipatu dudan itsasontziaren konparaziori jarraiki, honako hau da, ene uste apalean, gakoa: gurasook arraunlariak izan gara bidaia honetan, baina lemazain eta kapitain on bat behar dira ozeanoan barna nabigatzeko. Alferrikakoa da bitakora koaderno zoragarri bat prestatzea, inor ez badago prest luma bitakoran idazteko eta itsasontzia gobernatzeko ardura bere gain hartzeko.


Arraunlariok ezin gara aginte-ganberara igo. Portuko agintariekin biltzeko esperantza ez dugu galdu, baina portuko ikuskatzaileek ederki dakite zer nahi dugun, baina Mendialdea izeneko itsasontzia ez dute utziko ateratzen portutik aginte talde bat gabe, kapitaina eta lemazainik gabe, Mendialdea izeneko itsasontzia hondoratuko litzatekeelako.


Kapitain-pilotu bat behar dugu, Mendialdea izeneko itsasontzia libre nabigatuko bada. Eta D ereduko eskifaiako kidea izan behar da, bestela arraunlariok erabat zapuztuta geldituko ginateke eta, agian, inork hartu nahi ez duen itsasontzitik jaitsiko lirateke batzuk.


Eskifaiako kideok: abagune ezin hobea da lemari heltzeko eta D ereduko itsasontzia libre nabigatzen has dadin. Ardurak hartzeko garaia da, zeren ardurarik eta erantzukizunik hartu ezean, portuko agintaritzak izendatuko du kapitain kanpotar bat, eta gero komeriak. Arraunlariok zain gauzkazue arraunari ekiteko.

2010-06-08

Banana Yoshimoto-ren liburuez

Banana Yoshimoto idazlearen liburu bat, Kitchen, mintzagai izan genuen atzo Yamaguchi liburutegiko solasaldi literarioan. Zinez interesgarria izaten da besteen ahotan entzutea zuk zeuk irakurri duzun liburu baten gaineko iruzkin oro. Arrakasta handia izan duen liburu horrek, Kitchen delakoak baina, ez nau asebeterik utzi eta hala adierazi nuen.


Oro har, badakizue zer dagoen Japoniako literaturan, ezta: heriotza, tragedia, mundu onirikoa, espirituak... bi hitzetan esanda, baratzeko alegrantzia. Dolua eta maite dituzunen galeraren aurrean, Kitchen-eko protagonistaren jarrera agonikoa eta tragedia baten gaineko jokaera tragikoa iruditu zitzaidan; euriaren gainean, bustia. Gainera, joko gehien eman lezakeen pertsonaia, Eriko, hil egin zuen idazleak nobelaren erdian. Gero, Ilbetea izeneko bigarren atalari ematen dio hasiera, eta hori irakurtzean izan nuen irudipena hauxe izan zen: ea zertan aritua nintzen hirurogeita lau orrialde arteko beste guztia irakurtzen. Irakurketan ,sarritan, mundu erdi oniriko erdi magiko horretan galduta sentitu naiz, eta iruditzen zait Yoshimotok behin eta berriz ari dela formula beraren inguruan bueltaka.


Zati ederrak ere baditu, alabaina:

Denbora, garden eta isil, tantaz tanta erortzen zaigu idazlumaren arrastatze-soinuarekin batera.

Kitchen bukatuta, Moonlight Shadow izeneko narrazio laburra ematen digu opari Banana Yoshimotok, baina Kitchen-en zama gainetik kendu ezinik irakurri nuen eta ipuin hori ere ez nuela gozatu aitortu behar dut. Agian hasiera-hasieratik Moonlight Shadow izen bereko Mikel Oldfield-en melodia aurkitu behar nuela uste nuelako… Bada, nik ez dut aurkitu Aukitu nuena, aitzitik, Urara izeneko pertsonaia fantasmagorikoak eramango zuen ilargiaren argiaren itzala, carried away by a moonlight shadow.
Far away on the other side…


Bukatzeko, atzoko solasaldian komentatu zenaren arabera, N.P. (1990), Amrita (2002) eta Tsugumi (2008) ildo beretik omen doaz… Antza denez, liburu luzeetan baino, Banana Yoshimoti hobeki moldatzen da distantzi laburretan eta horregatik aholkatzen dizuet Sueño Profundo irakurtzeko (Tusquets, 1989). Hiru ipuinek osatzen dute Sueño Profundo: Lo Sakona, Gaueko bidaiariak eta Esperientzia bat Mundu onirikoa, mundu errealaren eta ametsen muga lausoan mugitzen diren hiru istorio labur, ongi idatziak eta guztiz gomendagarriak uda honetan irakurtzeko. Eta ipuin horiek irakurrita, Banana Yoshimotorekin zaletzen bazara, liburu luzeagoetara pasa zaitezke.

Ea inor animatzen den baten bat euskarara itzultzen!

2010-06-07

Jack Destripatzailearen arrastoari jarraiki

Jainkoaren izenean zin egiten dizut inoiz ez nuela espero izango horrelako ikuskizun espantagarririk aurkitzea. Deskriba ezina da bertan nik ikusitakoa, ezin da. Espero dut nire bizitza osoan berriro horrelako gauzarik ez ikustea.

Jack Destripatzailearen arrastoari segika garatzen den nobelatik ateratako paragrafo bat da. Deskriba ezina dena, baina, deskribatzen du idazleak jarraian:

Izterrak zatituta zeuzkan, abdomena erabat irekia eta barruko errai guztiak kanporatuak, besoak txikitura zeuzkan, bularrak moztuta. Errai pusketak botata zeuden ohean eta pusketa batzuk (gibela, birika zatiak, giltzurrun bat…) mesanotxe gainean utzita. Ohe maindireak eta tapakiak odolez blaituta zeuden eta zoruan odol putzu handi bat zegoen logela osoan zabalduta. Hormak ere odolez zeuden zipriztinduta.


Behin baino gehiagotan baliatzen ditu horrelako deskribapen odoltsuak, batzuetan irakurlea odolez zipriztindu, bete eta itotzeraino. Ederki ikasia du idazleak ofizioa, zalantza. Nago, baina, ez duela nobela honekin erabat asmatu. Irakurtzen hasi nintzen atzeko azalak akuilaturik “protagonistari iruditzen zaio badakiela nor izan daitekeen Jack Destripatzailea…”. Eta hori liburuan ez da gertatzen bukaera-bukaerara arte! Aurreko guztia, beraz, betegarri?
Oro har, erraz irakurtzen den liburua da, batzuetan hiztegi arazo batzuk ematen dituen arren:
  • 8. Eloisak hartu zuen anaiaren arta bere gain.
  • 47. Ene zakil hanpatua bildu zuen orduan nire paineluan. Bizpahiru ukaldi trebe eta bizkor gehiago eta ohartu baino lehen esnetu nintzen. Hazi bero lirdingatsua paineluan geratu zen.
  • 85. Esku artean hartu zidan bigunki ene zakila paineluan bilduta. Ohartu baino lehen guztiz zantartuta neukan, berak hain trebeki egindako gora eta beherako igurtzi goxo haiei esker. Minutu erdi bat pasatu baino lehenago isuria neukan ene hazi beroa painelura
  • 112. “indibiduoa”: Ibon Sarasolaren hiztegian, gizabanako, pertsona, morroia
  • 168. (…) asturuak halaxe agintzen bazuen. Asturua, Hiztegi Batuan ez dagoen hitza. Zergatik ez erabili patuak edo, esaldia berridatzirik, “menturaz”?

A ze joera kezkagarria, liburuetan hitz bitxiak biltzekoa! Egiaren esatera, testuinguruari esker ulertzen diren hitzak dira, baina oso irakurle konpetenteak ez diren 16 urtekoentzat… nik ez nituzkeen erabiliko. Beste arazo batzuk, hizkuntza aldetik beti ere, topatu ditut :
  • “Erditik kendu” ez al da oso erdarakada nabaria?
  • Eta, ordenari dagokionez, “Bere New York-eko etxera”… ez al da New York-eko bere etxera?

Nolanahi den ere, ongi garatuta dagoen eleberri bat da: bukaeran, protagonista itsasontzian doalarik, berriz ere Mrs. Hutchinston (“Juliette, mesedez”) agertzea… ez al da kasualitate gehiegi?

Eta amaitzeko, bukaera efektista bat:“Hasierak eta bukaerak elkartzen dira beti: Jack Maverick Ritown-Plepper” hitz jokoak zapore ona uzten dizun arren, ez du eleberri honen grazia gutxi ordezkatzeko balio.