Euskarazko ereduak, D ereduak, 25 urte bete ditu aurten Berriozarren. Hogeita bost urte hauetan lortu dena ez da gutxi, baina A, G eta D ereduak dituen ikastetxe bat, -zortziehun ikasle baino gehiago, laurogei irakaslez osaturiko klaustro bat- ez da erraz gobernatzen den itsasontzia.
Duela hiru urte jada, Mendialdea Guraso Elkarteak eskaera ofizial bat egin zion Nafarroako Gobernuari D ereduko ikastetxe berri bat eraiki zezan eta hizkuntz ereduaren arabera bi zentro antola zitzan: bi zentro, beraz, ez gaur dagoen ikastetxe partekatu gobernagaitza. Ez ziguten erantzun, eta Haur Hezkuntza, eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bat eraiki beharrean, institutu berri bat egin zuten, aurten mustu dena. Nolanahi den ere, gurasoen nahia argia eta garbia da aspaldi-aspalditik.
Ikasturte honetan bi zentro sortzeko gaia planteatu zen ikastetxean eta irakasle gehienak, bozketa batean, bi zentro sortzearen alde agertu ziren: D ereduko irakasle gehien-gehienak ez ezik A eta G ereduan irakasle dauden batzuk ere hala agertu ziren bozketa libre eta demokratiko batean. Irakasleen jarrera horrek akuilatutik, D ereduko gurasoak martxan jarri ginen berriro D ereduko zentro baten aldeko aldarrikapena berpizturik.
Hamaika bilera eta elkarrizketa, kale agerraldiak Berriozarren eta Hezkuntza Departamentuaren atarian. Martxoan jakinarazi zitzaion gurasoen nahia eta jarrera ikuskari den Pilar Jauregi andreari. Gero, beste bilera eskaera formala egin zitzaion ikuskari nagusiari eta bilera gertatu baina hiru ordu lehenago bertan behera utzi zuen ikuskari nagusi Esparza jaunak. Oraindik ez omen du astirik izan gurasoak hartzeko.
Atzo ere manifestazio jendetsua egin dugu Berriozarren eta bertan parte hartu dugu guraso askok eta baita irakasle askok ere. Finean, denoi komeni zaiguna da, UPNko, PSOEko eta Ezker Batuko zinegotziak kontrakoa bozkatu arren udalean.
Eta orain, zer egin? Hasieran aipatu dudan itsasontziaren konparaziori jarraiki, honako hau da, ene uste apalean, gakoa: gurasook arraunlariak izan gara bidaia honetan, baina lemazain eta kapitain on bat behar dira ozeanoan barna nabigatzeko. Alferrikakoa da bitakora koaderno zoragarri bat prestatzea, inor ez badago prest luma bitakoran idazteko eta itsasontzia gobernatzeko ardura bere gain hartzeko.
Arraunlariok ezin gara aginte-ganberara igo. Portuko agintariekin biltzeko esperantza ez dugu galdu, baina portuko ikuskatzaileek ederki dakite zer nahi dugun, baina Mendialdea izeneko itsasontzia ez dute utziko ateratzen portutik aginte talde bat gabe, kapitaina eta lemazainik gabe, Mendialdea izeneko itsasontzia hondoratuko litzatekeelako.
Kapitain-pilotu bat behar dugu, Mendialdea izeneko itsasontzia libre nabigatuko bada. Eta D ereduko eskifaiako kidea izan behar da, bestela arraunlariok erabat zapuztuta geldituko ginateke eta, agian, inork hartu nahi ez duen itsasontzitik jaitsiko lirateke batzuk.
Eskifaiako kideok: abagune ezin hobea da lemari heltzeko eta D ereduko itsasontzia libre nabigatzen has dadin. Ardurak hartzeko garaia da, zeren ardurarik eta erantzukizunik hartu ezean, portuko agintaritzak izendatuko du kapitain kanpotar bat, eta gero komeriak. Arraunlariok zain gauzkazue arraunari ekiteko.
No comments:
Post a Comment