Banana Yoshimoto idazlearen liburu bat, Kitchen, mintzagai izan genuen atzo Yamaguchi liburutegiko solasaldi literarioan. Zinez interesgarria izaten da besteen ahotan entzutea zuk zeuk irakurri duzun liburu baten gaineko iruzkin oro. Arrakasta handia izan duen liburu horrek, Kitchen delakoak baina, ez nau asebeterik utzi eta hala adierazi nuen.
Oro har, badakizue zer dagoen Japoniako literaturan, ezta: heriotza, tragedia, mundu onirikoa, espirituak... bi hitzetan esanda, baratzeko alegrantzia. Dolua eta maite dituzunen galeraren aurrean, Kitchen-eko protagonistaren jarrera agonikoa eta tragedia baten gaineko jokaera tragikoa iruditu zitzaidan; euriaren gainean, bustia. Gainera, joko gehien eman lezakeen pertsonaia, Eriko, hil egin zuen idazleak nobelaren erdian. Gero, Ilbetea izeneko bigarren atalari ematen dio hasiera, eta hori irakurtzean izan nuen irudipena hauxe izan zen: ea zertan aritua nintzen hirurogeita lau orrialde arteko beste guztia irakurtzen. Irakurketan ,sarritan, mundu erdi oniriko erdi magiko horretan galduta sentitu naiz, eta iruditzen zait Yoshimotok behin eta berriz ari dela formula beraren inguruan bueltaka.
Zati ederrak ere baditu, alabaina:
Denbora, garden eta isil, tantaz tanta erortzen zaigu idazlumaren arrastatze-soinuarekin batera.
Kitchen bukatuta, Moonlight Shadow izeneko narrazio laburra ematen digu opari Banana Yoshimotok, baina Kitchen-en zama gainetik kendu ezinik irakurri nuen eta ipuin hori ere ez nuela gozatu aitortu behar dut. Agian hasiera-hasieratik Moonlight Shadow izen bereko Mikel Oldfield-en melodia aurkitu behar nuela uste nuelako… Bada, nik ez dut aurkitu Aukitu nuena, aitzitik, Urara izeneko pertsonaia fantasmagorikoak eramango zuen ilargiaren argiaren itzala, carried away by a moonlight shadow.
Far away on the other side…
Bukatzeko, atzoko solasaldian komentatu zenaren arabera, N.P. (1990), Amrita (2002) eta Tsugumi (2008) ildo beretik omen doaz… Antza denez, liburu luzeetan baino, Banana Yoshimoti hobeki moldatzen da distantzi laburretan eta horregatik aholkatzen dizuet Sueño Profundo irakurtzeko (Tusquets, 1989). Hiru ipuinek osatzen dute Sueño Profundo: Lo Sakona, Gaueko bidaiariak eta Esperientzia bat… Mundu onirikoa, mundu errealaren eta ametsen muga lausoan mugitzen diren hiru istorio labur, ongi idatziak eta guztiz gomendagarriak uda honetan irakurtzeko. Eta ipuin horiek irakurrita, Banana Yoshimotorekin zaletzen bazara, liburu luzeagoetara pasa zaitezke.
Ea inor animatzen den baten bat euskarara itzultzen!
No comments:
Post a Comment