2012-12-27

Hodeien seme-alabak

Eduardo Galeano behin baino gehiagotan izan dut hizpide blog honetan bertan. Gaur Saharari buruzko hitzaldi bat izan dugu Berriozarren eta  idazle uruguaiarraren testu bat baliatu dut sarrera gisa, Hodeien seme-alabak.

Marokok 1987an Mendebaldeko Sahararen basamortua iparraldetik hegoaldera erdibitzen duen harresia bukatu zuen egiten.
Harresi hori munduko harresirik luzeena da; soilik Txinako Harresi handia da luzeagoa. Saharako harresian, milaka soldadu marokoar, sahararrak aberri usurpatuaren alde batetik bestera iragan ez daitezen.
Behin baino gehiagotan Nazio Batuen Erakundeak sahararren autodeterminazio eskubidea berretsi du, baita bozketa egiteko aukera aitortu ere; baina Marokok ukatu du, eta jarraitzen du ukatzen. Ukazio hori, berez, Marokoren aitorpen bat da: bozka emateko eskubidea ukaturik, Marokok aitortzen du herri oso bat lapurtu duela.
Sahararrak zain daude; 40 urte daramate zain. Etengabeko herrimin eta etengabeko larritasun zigorra jasotzera kondenatuak.
Sahararrek euren buruari Hodeien seme-alabak deritze, beti euriari jarraitzen diotelako; euriari ez ezik, sahararrek justiziari ere jarraitzen diote: justizia, ura basamortuan bezain zaila aurkitzen.


Arratsalde 7etan Zulo Alai elkartean ehun lagun inguru bildu gara abenduaren hasieran Saharan egondako berriorzartar batzuen esperintzia ezagutzeko eta hango irudiak ikusteko. Bestalde, irudien osagarri,   hitzaldi txiki bat eman du du Jose Ochoa lagunak eta azpimarratu du Saharako egoera gero eta okerragoa dela; kanpamentuetara heltzen den giza-laguntzari esker hilaren 8ra arte izaten dute jateko, hori baino ez. Sahararrek behar dute inoiz baino gehiago gure sostengua, gure laguntza, gure lana... Egoera politikoa blokeatuta egonagatik, horrek ez du esan nahi gu besoak antxumaturik gelditu behar garenik, alderantziz baizik.

 Ume sahararrak udan ekartzen jarraitu behar dugu, krisia gorabehera; Oporraldia Bakean programari esker, Saharako heriotza-tasa %70 jaitsi da... ez da kontu makala!



2012-12-14

Ur hutsa, jende garbia, euskara bizia

Ur hutsa, ur gardena; jende garbia, baina ez garbizaleak, eta euskararen aldeko lanean aritzearen aritzez esku-zikinak; eta euskara bizia, horixe baita behar eta nahi duguna, euskaraz bizi, Esne Beltzaren kantak aldarrikatzen duen ber gisan.  Abendu ilun honetan Ezkaba mendia urez gainezka dago, batez ere azken egunotako euriteen poderioz, Ezkaba euskara-lorez eta euskal-hiztunez bete dadila udaberrian!


Berriozarren, Ezkabaren magalean, udazkeneko egun zoragarri batean egindako bideo hau izan dadila gozagarri eta oroigarri, izan bitez gure eguneroko ekintzak gure hitzen alabak... Euskara ala ez gara!

2012-12-06

Serora batek esanak


Duela 25 bat urte serora batek hitzaldi bat eman zuen Berriozarko parrokian. Serora hori Filipinetan ibilia zen hainbat urtez, hango behartsuei laguntzen-eta, harik eta paramilitarrek jo-mugan jarri zuten arte. Orduko gotzainaren aginduz, Filipinetatik atera eta serora Euskal Herria etorri zen. 

Hitzaldian, gogoan dut, serora horrek ez zuen serora-jantzirik eramaten, eta  horrek lagundu zuen harengana hurbiltzen, —gaur egun Errekalde kalean bizi diren serorekin gertatzen den ez bezala—. Orduko hitzaldi hura goxoa izan zen, bertatik bertara emana, Berriozarko parrokian, parrokia zabala eta irekia zen garaian, —gaur egungo apaizarekin gertatzen den ez bezala—. Hitzaldi hartan hainbat kontu aipatu zuen, baina bat azpimarratu nahi dut. Serora hark esaten zuen —garai hartan!— hemen, Europan, kontsumismoa handia dela, baina gauza guztiekin, baita kulturarekin ere; kultura maite duen jendeak, hemengo jendeak, kontsumismoa egiten duela gauza guztiekin, baita kontu kulturalekin ere: liburuekin, adibidez. 

Gaur goizean serora hark esandakoa gogorarazi dut neska-lagunak, etxean pilatuta ditugun liburuak non jarri ez dakigularik. Liburu-jale apetatsua izanik, jadanik ez dut kontrolatzen ze liburua dudan eta zein ez, zein eta nori utzia eta zein eta non galdua. Orobat, apalategiko liburu batzuk irakurritzat ditudan arren, ez naiz gai gogoratzeko irakurriak ditudan ala ez. Horixe gertatzen zait, adibidez, ondo-ondoan ikusten dudan El bastardo liburuarekin. Hitzok idazteari utzi, aulkitik altxatu, ondo-ondoko arasan dagoen liburua hartu, zabaldu, begiratzen hasi... eta bai! Egilea, Alberto Irigoyen uruguaiarra da; eta bai! Orriak pasatu ahala  irudi lauso batzuk ari dira iratzartzen ene garunaren txoko ezkuturen batean... Bai, aspaldi irakurri nuen, baina zapore gazi-gozoa utzi zidan. Agian berriz irakurri beharko nuke. 

Izan ere, asko ikasten da liburua irakurriz, baina baita liburuak berrirakurriz. Gainera, ni ez naiz duela 20 urteko bera —gauza bistakoa da— eta ideia bat dabilkit buruan jira-biraka: liburu zaharrak irakurtzeari ekin behar diot berriro. Adibidez, Andolin Eguzkitza zenaren Heriozaren itzalpeetan liburua. Berriz ere lerrook lotzeari utzi, altxatu, arasan dagoen liburua hartu, zabaldu, begiratzen hasi Bai! 1998ko martxoan irakurri nuen, artean Andolin bizi zela... Eta bai!, liburua irakurri nuen, dudarik ez dut, azpimarratuta daudelako esaldi zenbait, eta alboko ohar batzuk, arkatzez eginak... 

Buruan jira eta bira dabilkidanez ideia hori, erabaki bat hartu dut: liburu gehiagorik ez dut erosiko, harik eta etxeko liburu guztiek sortutako anabasa txukundu, sailkatu eta berriz irakurri arte. 

Baina nor ari naiz engainatzen? Ene burua engainatzeko bezain txepela ote naiz? Badakit ez dudala beteko arestian agindutakoa. Serora batek esana dakit kulturarekin, liburuekin adibidez, kontsumismoan erortzen garela, eta "tentaldiari uko egiteko modurik erosoena, bertan erortzea da". Hori ez zuen serorak esan, jakina; Oscar Wildek esana da. Durangoko liburu eta disko feriara joanen naiz bihar-etzi, eta Oscar Wildek esandakoaren eta serora horrek esandakoaren arteko lehia bizia izanen da. 


Serora bat Vatikanon, Pinaburuaren patio ospetsuan

2012-12-01

Gaur dela 500 urte

Munduan ez dago herririk bere konkista ospatzen duenik. Hemen, ospatu baino gogora ekarri dut duela bost mende Espainiak Nafarroa Garaia, odol eta gar, azpiratu zuela. Orduko hartan bortxakeria eta odol isurtzea izugarriak izan ziren; batzuek libre adhesi├│n izendatu arren, gaur inork gutxik sinesten du Jaime Ignacio del Burgoren bertsio kamutsa, besteak beste, urte osoan zehar Nafarroa Bizirik ekimenak egindako lanari esker.

Gaur egun berezia izan dugu Berriozarren. Ezkabaren magalean dagoen Berriozar herrian, gaur dela bostehun urte, Nafarroako errege Enrique IIIk hartu zuen ostatu, segur aski Juan Ezpeletako jaun leialaren jauregian, gaur egun oraindik auzo zaharrean dagoen jauregian. Nafar tropek mugaz bestaldeko bidea hartu aitzin egon zen Berriozarren; horren froga, idazki bat, 1512ko abenduaren 1ean sinatua "Berrio"-n.  Gertaera horiek guztiak gogora ekartzeko hitzaldi bat egin berri da aste honetan bertan Berriozarko kulturgunean.

Hitzaldian parte hartu zuten, Patxi Pitillas lagunaren argazkietan dakusazunez, Javier Ilundainek eta Carmelo Urrak. Garai historiko horretan kokatzeko mintzo zen Javier Ilundain; Berriobeitin sortua, komertziala lanbidez baina jadanik erretreta hartuta, euskaraz eta erdaraz arituz zen.

Bestalde, Carmelo Urra, Barindanokoa baina aspaldi Berriozarren bizi dena; Mendialdea eskolako maisua eta Berriozarren historiaren sustraiei begiratzera emana, artxibategietan hainbat eta hainbat ordu pasatu dituena, jubilatu aitzin eta baita jubilatu ondoren ere.

Carmelo Urra eta Javier Ilundainekin

Hitzaldia bizia eta entretenigarria izan zen, kontu guztiz jakingarriak ederki azaldu baitziren.  Besteak beste, Berriozarrekin estuki lotuta dagoen Juan Ezpeletako baroiaren soslaia eta baita Donamaria kapitainarena ere. Bitxia da: espainolen aldeko Donamaria mertzenarioak badu kale bat Berriozarren, Donamaria kalea hain zuzen, neroni bizi nintzen kalea; Juan Ezpeletako jaun nafarrak ez al luke merezi plaza bat?

Bukatzeko, Eliza Katolikoak nola jokatu zuen Gaztelako Fernandoren alde eta Nafarroaren kontra azpimarratu da: Fernandok “arma espiritualak” eskatu zizkion Juan II. Aita Santuari eta honek bulda ospetsua eman zuen, non aldarrikatzen zen eskumikatuko zituztela Nafarroako erregearen aldekoak gaztelarren konkistari aurre eginez gero...



Berrogeita hamar lagun baino gehiago bildu ginen Berriozarko Kulturgunean