2023-06-22

Poesia eta musika uztarri berean

Ikasturteari amaiera duina emateko ekitaldi berezi bat egin dugu Nafarroako Liburutegi Nagusian, olerkiak eta musika uztarturik. Zerokotan-en eskutik hiru olerkari bildu gara, Teresa Ramos, Gabriela López argentinarra eta hirurok. Gaztelaniaz egin dute haiek eta euskaraz ni, tarteka-marteka Nafarroako Musika Kontserbatoriko artistek pieza ederrak jo dituztelarik.

Hitzen hasperenak olerki-liburutik ateratako ale batzuk irakurri ditut, besteak beste, The Happy Few izenekoa:   


            The Happy Few

Gutxi batzuk izatera ohituta betidanik

gutxi batzuk izatera kondenatuta betiko

gutxi batzuk izateaz gain,

gutxiagotuak beti

gutxietsia den

hizkuntza txiki batean gainera

lagun gutxi batzuk

izatearen kontzientzia hartuta

maite duguna gozatzen

zoriontsu eta dohatsu

sentitzen garelarik.

Begi biziekin irakurtzen ari zaren

bertso-lerro hauen bidez

ari natzaizu mintzatzen,

nori eta zuri

non eta hemen

poesia irakurtzen dugunon

konplizitatez betetako

babesleku bakarrenetako batean

bizitzen jarraitzeko.


Nolanahi, gaurko saioan hirurogei lagun baino gehiago egon direla kontuan hartuta, ez gara hain gutxi poesia maite dugunok...





2023-06-13

Hemingway gaztea Iruñean, 1923-2023: izozmendiaren teoria


 Hemingway Iruñera estrainekoz etorri zenetik ehun urte beteko dira aurteko Sanferminetan. Artean ez zen ospetsua, ez zen Pulitzer sariduna, ezta Nobel sariduna ere, hogeitabost urteko kazetari gazte bat baizik ez zen. Hemingway gazteak ez du zerikusirik erakutsi diguten Hemingwayren gaineko irudi estereotipoz betearekin, ez horixe! Izan ere, Hemigwayren kontura, mito anitz eta askotarikoak daude, Iruñeko La Perla hotelaren ingurukoa, adibidez.


Nolanahi, Iñaki Sagarna eta Edorta Jimenezekin batera, Iruñeko Kondestablearen jauregian mahai-ingurua egin da euskaraz eta bertan, besteak beste, Izozmendiaren teoria azaldu zen.

Hemingway-ren teoria —eta praktika— ospetsu honen arabera, testu literarioa izozmendi baten gisakoa da, eta testuak, izozmendiaren antzera, istorioaren osotasunaren zati ttipi bat baino ez du agerian uzten, irakurleak osa dezan.
 

Hori horrela, begien bistan den izozmendiaren zatiak ur-azalaren azpian gertatzen ari dena iradoki behar du; ipuinaren mamia edo giltzarria, garrantzizkoena, sekula ez da zehatz eta mehatz zuzenean azaltzen. Idazleak gertaerak aurkezten ditu, baina ez du azalpen luzerik ematen, eta irakurleak interpretazio-lana egin behar du.
 

Kazetari gazte bat zelarik, anitzetan entzun zuen Kansas City Star egunkariko Pete Wellington zuzendariaren ahotik: "Erabili aditzak, ekintza eman behar baita, ez adjektiboak" Perpaus laburrak, errazak, argiak eta zehatzak.
 

Irizpide horiek abiapuntutzat hartuta, urrats handi bat eman zuen aitzina Literaturaren (letra larriz idatzita) gaur egungo kontzepziorantz; izan ere, narratiba tradizionalak problemak ebazteko eskemaren arabera funtzionatzen zuen, eta zer gertatu(ko) ote da? galderari ematen zion arrapostu. Hemingwayk, berriz, zertzeladak baizik ez ditu ematen, ipuinean zer gertatzen den irakurleari guztiz argitu beharrik gabe. Anbiguotasun horri esker, ipuina irakurtzeko aukerak biderkatu egiten dira.


Ernest Hemingwayren ipuinetako batzuk, "Muinoak elefante txuriak halako", "Hiltzaileak", eta "Cat in the Rain", gaur egungo narratibaren klasiko bihurtu dira. Istorio horiek, sinple eta xaloak izanik ere, gizakiari buruzko azterketa sakonak gordetzen dituzte bere baitan, eta irakurleak osatu, esanahia eman behar dio. Euskaraz badugu aspaldi euskaratutako altxor bat, Hemingwayren ipuingintza gozatzeko:  Francis Macomber eta beste zenbait ipuin, Igela argitaletxearen eskutik.
 

Izozmendiaren gisako idazkera baliatu zuelarik, Ernest gazteak present izanen zuen, naski, urte batzuk lehenago Titanic itsasontzi transatlantiko erraldoiak izozmendi bat jo eta hondoratu zenekoa; Ernest Hemingwayren idazkera-estiloak ere ordura arteko literaturaren flotazio-marran arrakala ederra eta jaidura berritzailea sortu zuen, Literatura izeneko itsasontzia hondoratu gaberik ere.

 

Hitzaldian, Hemingwayren narratibaz landara, Hemingwayren poesiaz ere mintzatu ginen, eta kontu jakingarri anitz gehiago ere, esaterako, Ernest Hemingwayren lagun bati buruz hitz egin genuen, Eric Dorman-O'Gowan Chink izeneko lagun irlandarraz...

 



2023-06-07

Emaileen Egunaren kari

 

Ekainaren 7an Emailearen Eguna ospatzen da. Aukera hau baliatu dut emaileei eta emaileen senideei  eskerrik beroena adierazteko, transplante bat izan dugunon izenean; ene kasuan, giltzurrun transplantea.


Izan ere, transplanteez hitz egiten dugunean, ezer baino lehen, baitezpadakoa da eskerrona adieraztea bai emaileei eta baita haien senideei ere dohaintzaren eskuzabaltasunagatik, zeharo altruistak direlarik. 


Pelloren egia bada ere,  emailerik gabe ez dago transplanterik, bistan da, ezta dohaintzen elkartasun desinteresaturik gabe ere.


Orobat, eskerrik asko zirujau, erizain eta sendagileei ere eman beahr zaizkie, baita, Osasunbideko langile guztiei ere, gutxitan txalotuak, lanean ez beti aitortuak eta gehiegitan ezezagunak eta ezikusiak.


Bada epitafio gisa erabili ohi den testu labur bat bat, eta emaile izan beharraz kontzientzia hartzeko lelo gisa baliatzen ahal dena:


Bizi emankor dena

ez da hiltzen ahal;

maitasunez libreki emana

ez daiteke ezerezean gal.


2023-06-05

Limoi bat...

Sergie Pàmies idazle kataluniarraren ipuin bilduma hau, Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu Si menges una llimona sense fer ganyotes— (Txalaparta, 2011) hirugarrenez irakurri berri dut. Liburuen lehen orrialde txurian data jartzeko ohiturari esker, badakit 2011n irakurri nuela estrainekoz. Limoiaren zapore garratza baino, oso zapore goxoa utzi zidan liburu honek irakurri nuenean, eta oraingo honetan, gozatu dut berrirz ere.


Hogei ipuinek osatzen duten bilduma hauek aniztasunaren dohaina dute, eta, beraz, irakurle orok erran lezake ipuin-bilduma hau irakurritakoan, “ipuin batzuk beste batzuk baino gehiago gustatu zaizkit”; ez zait oso iruzkin burutsua, Pelloren egia  baita ipuin bilduma batean, ezinezkoa dela ipuin guztiak izatea berdin maitagarriak neurri berean ala gorrotagarriak neurri berean; ipuin bilduma orotan, berez, aurkitzen ditu irakurleak beti gustagarriagoak diren ipuin batzuk bestetzuk baino, jakina.


Nolanahi, Sergi Pàmiesen ipuin bilduma honetako  ipuin guzti hauek iradokitzaileak dira, aberatsak, eta idazle-ofizioa ederki egiten duen froga idazkera-estiloan datza: ipuinotan ez dago ez sobera, ez falta duen deusik, egileak ipuinak zorroztu, berridatzi eta azaleko kontuak kimatu dituen seinale, maisutasunaren erakusgarri ene uste apalean.


Ipuin guztietako hasierak izugarri zaindu ditu Pàmisek, ipuinari ekiteko egunerokoa edo ohikoa den egoera edo anekdota bat baliatzen du, eta aitzakiatzat hartuta, ipuina abiatzen da; aise ikusten ahal du bere burua irakurleak pertsonaia zenbaitetan, hasieran bederen... eta irakurlea harrapatuta sentitzen da, berez, eserialdi bakar batean guztia irakurtzen duen arte.


Ipuinetan protagonista anonimoak pertsona arruntak dira, baina gaurko gure gizartearen gaixotasun isilak pairatzen dituzte (segurtasun eza, isolamendua, abandonua, harremanetarako gaitasun urria eta beste portaera-nahasmendu zenbait), baina idazlea ez da luzamendutan ibiltzen deskribatzen patologiarik, protagonistek egiten dituzten ekintzen bidez eta zertzelada laburren bidez ikasten dugu gertatzen zaiena.


Bukaeretan ere, idazleak asmatu egiten du bete-betean ipuinak biribiltzeko, irakurlea , gehienetan, txundituta utzirik.


Txokolatearekin gertatzen den bezala, ez da komeni txokolate-tableta guztiak jatea takada batez, tripako minik izan nahi ez badugu; gainera, hori eginda ez genituzke gozatuko ez txokolatea, ez ipuinak. Komeni da, komeni denez, txokolate batetik bestera trago bat ur hartzea, denbora tarte bat uztea alegia, ipuinak utzitako zaporea aho sapaian bueltaka dabilkigularik, txokolatearen entzimek gure burmuinean sortutako ideia, zalantza, ezinegona, harridura, durduza, irribarrea, eta bestelako sentsazioaren oihartzuna aditzen.


Ipuin gutxi batzuk aipatzearren, horratx:


Beste bizitza  L’Altra vida

Bildumari hasiera ematen dionaren hasiera maisulantzat har daiteke: “Hil behar izan nuen maite ote ninduten jakiteko”... Hasiera horrekin, nola ez jarraitu irakurtzen?

 

Gure gerre La nostra guerra.

Gerrari buruzko ipuin bat eta idazketari buruzko testua, metaliteratuta adibide bat, eta ez bakarra liburuan, idazle-jendearentzat biziki interesgarria.

 

Ur-tanta bi bezala Com dues gotas d’aigua,

Oso laburra baina ezinbestekoa; egileak berak azaldu duen bezala bideoren batean, kamera geldoaren teknika erabiltzen du batzuetan; ipuin hau horren froga.

 

Eriondoa Convalescència.

Gauez emaztearen dei batek ekarriko du irakurlea harrituko duen istorio bat, aitaginarreba ospitalean dela eta nezeserra prestatzeari ekiten diolarik protagonistak.

 

Esperimentua L’experiment

Artur pertsonaia, bizi-esperimentu baten protagonista; beste ipuin eder bat, eskarmentu handiko irakurle bat ere harritzeko modukoa.

[...] Entrenamenduak bizi izateko moduan ere, Arturrek borroka bera antzematen du sormenaren eta inprobisazioaren artean, eta jarraikitasunaren eta koherentziaren artean. Batzuen indarrak besteen talentuaren osagarri dira, esan ohi dute adituek.[...]

 

Fikzioa Ficció

Metaliteraturaren bidetik jorratutako ipuin biribila: bilduma osoan gehien gustatu zaidana, segur aski, idazkuntzari dagozkion zatiengatik; horratx:

[...] “Klimak ere ez dio ezer eransten narrazioari. Batzuetan, pertsonaien jokaera jakin batzuk zuritzeko, istorioek eragin dramatikoko elementu klimatologikoak izaten dituzte. Euria goian behean egiten badu, esaterako, espero izatekoa da tren bat errailetik irtetea, edo itsasontzi bat hondoratzea, edo hegazkin bat, turbulentzia espiral batek irentsirik, bidaiariek jainko osagarriei otoitz egiten dieten bitartean [...]

 

Argazki bat Una fotografia.

Hildako semearen argazkiari beha, beste ipuin harrigarri bat.


Bi hitzetan laburbilduta: ipuin bilduma hau ahantzi xamar egonik ere, guztiz gomendagarria da.