Hemingway Iruñera estrainekoz etorri zenetik ehun urte beteko dira aurteko Sanferminetan. Artean ez zen ospetsua, ez zen Pulitzer sariduna, ezta Nobel sariduna ere, hogeitabost urteko kazetari gazte bat baizik ez zen. Hemingway gazteak ez du zerikusirik erakutsi diguten Hemingwayren gaineko irudi estereotipoz betearekin, ez horixe! Izan ere, Hemigwayren kontura, mito anitz eta askotarikoak daude, Iruñeko La Perla hotelaren ingurukoa, adibidez.
Nolanahi, Iñaki Sagarna eta Edorta Jimenezekin batera, Iruñeko Kondestablearen jauregian mahai-ingurua egin da euskaraz eta bertan, besteak beste, Izozmendiaren teoria azaldu zen.
Hemingway-ren teoria —eta praktika— ospetsu honen arabera, testu literarioa izozmendi baten gisakoa da, eta testuak, izozmendiaren antzera, istorioaren osotasunaren zati ttipi bat baino ez du agerian uzten, irakurleak osa dezan.
Hori horrela, begien bistan den izozmendiaren zatiak ur-azalaren azpian gertatzen ari dena iradoki behar du; ipuinaren mamia edo giltzarria, garrantzizkoena, sekula ez da zehatz eta mehatz zuzenean azaltzen. Idazleak gertaerak aurkezten ditu, baina ez du azalpen luzerik ematen, eta irakurleak interpretazio-lana egin behar du.
Kazetari gazte bat zelarik, anitzetan entzun zuen Kansas City Star egunkariko Pete Wellington zuzendariaren ahotik: "Erabili aditzak, ekintza eman behar baita, ez adjektiboak" Perpaus laburrak, errazak, argiak eta zehatzak.
Irizpide horiek abiapuntutzat hartuta, urrats handi bat eman zuen aitzina Literaturaren (letra larriz idatzita) gaur egungo kontzepziorantz; izan ere, narratiba tradizionalak problemak ebazteko eskemaren arabera funtzionatzen zuen, eta zer gertatu(ko) ote da? galderari ematen zion arrapostu. Hemingwayk, berriz, zertzeladak baizik ez ditu ematen, ipuinean zer gertatzen den irakurleari guztiz argitu beharrik gabe. Anbiguotasun horri esker, ipuina irakurtzeko aukerak biderkatu egiten dira.
Ernest Hemingwayren ipuinetako batzuk, "Muinoak elefante txuriak halako", "Hiltzaileak", eta "Cat in the Rain", gaur egungo narratibaren klasiko bihurtu dira. Istorio horiek, sinple eta xaloak izanik ere, gizakiari buruzko azterketa sakonak gordetzen dituzte bere baitan, eta irakurleak osatu, esanahia eman behar dio. Euskaraz badugu aspaldi euskaratutako altxor bat, Hemingwayren ipuingintza gozatzeko: Francis Macomber eta beste zenbait ipuin, Igela argitaletxearen eskutik.
Izozmendiaren gisako idazkera baliatu zuelarik, Ernest gazteak present izanen zuen, naski, urte batzuk lehenago Titanic itsasontzi transatlantiko erraldoiak izozmendi bat jo eta hondoratu zenekoa; Ernest Hemingwayren idazkera-estiloak ere ordura arteko literaturaren flotazio-marran arrakala ederra eta jaidura berritzailea sortu zuen, Literatura izeneko itsasontzia hondoratu gaberik ere.
Hitzaldian, Hemingwayren narratibaz landara, Hemingwayren poesiaz ere mintzatu ginen, eta kontu jakingarri anitz gehiago ere, esaterako, Ernest Hemingwayren lagun bati buruz hitz egin genuen, Eric Dorman-O'Gowan Chink izeneko lagun irlandarraz...
No comments:
Post a Comment