2010-02-20

Benedetti-ren "Hori" ipuin hiperlaburra

Duela hilabete egin nuen gisara, Mario Benedetti-ren beste ipuin hiperlabur bat ekarri nahi dut blog honetara. Oraingoan, Hori izenekoa, Gerardo Markuletak euskaratua.

Astean hiru bider egiten zioten galdeketa presoari "hori nork irakatsia ote zuen" jakiteko asmoz. Presoak isiltasun duin batez erantzun ohi zuen eta, orduan, zegokion tenienteak pikana hurbiltzen zion barrabiletara.

Egun batean presoak honakoa erantzuteko inspirazioa izan zuen: "Marxek. Bai, orain gogoratzen naiz, Marx izan zen". Tenienteak harriturik baina arretaz, "Ondo da. Eta Marx horri, nork irakatsi zion?" galdetzen asmatu zuen. Presoak, ordurako kontzesioak egiteko zabal, honakoak gehitu zuen. "Ez nago ziur, baina uste dut Hegel izan zela".

Tenienteak, harro, irribarre egin eta presoak, lanbide-deformazioz agian, honakoa pentsatu zuen: "Ez al zen xaharra Alemaniatik mugituko!".



Eta nahi gabe bada ere, testua irakurritakoan burura etorri zaizkit aste honetan atxilotutako hori eta hori eta hori eta beste hori guztiak...


2010-02-17

Whiskia on the rocks

Lehengoan Interneten bidez izan nuen Whiskey stones izeneko produktu baten berri. Whiskia on the rocks hartzeko hitzez hitz. Whiskian izotz-pusketak botatzen badituzu, whiski urarekin edango duzu berandu baino lehen, ezta? Bada, whiski urtua gustuko ez dutenentzat, mendeko asmakuntza balitz bezala saltzen dituzte... Baina talkozko harriak dira, hori baino ez: talkozko zortzi harri horiek 20 dolarren truke. Ez zait oso merkea iruditzen...



Nik aspaldi erabiltzen ditut irudian ikus ditzakezun kubito horiek: plastikozkoak dira baina barnetik ura dute; izozkailuan izotz bihurtzen da ura eta horrekin prestatzen dut nire whiskia on the rocks. Urdinak, txuriak eta urdin argiak... eta gordetzen badituzu kutxaren barruan izozkailuan, ez diote eransten whiskiari usain edota zapore txarrik.

Ordenagailuko pantaila ispuilu bat balitz bezala ikusita, bitxia egiten ari zait ikustea neure burua honi guztiari buruz idazten. Bitxia da, zinez, blogarien mundu birtual hau -ala birtualitate erreala?-. Gure sekretu ttipiak plazaratzen ditugu lotsagabe-lotsagabe eta hasieran albiste jakin baten gaineko ikuspuntu pertsonala izan behar zena aitorpen hutsala bihurtu da, baina nire gaineko informazio pertsonala ageri-agerian utzita. Bakarrik falta zait esatea zein den nire whiski gogokoena...

Hurrupari hurrupa, bukatu da whiskia eta bukatu da idaztea, gaurkoz bederen.
That's all folks!

2010-02-11

Japoniari buruzko irakurle kluba Yamagutxiko liburutegian

Martxoaren 1ean, astelehenarekin, arratsaldeko 7,30etan, Japoniari buruzko irakurle klub bat jarriko da abian Yamagutxiko liburutegian, Iruñean.

Ekimen honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, Japoniako kultura ezagutaraztea literatura, zinea, saiakera eta abarren bidez; bestetik, Yamagutxiko liburutegian dauden Japoniari buruzko materialak plazaratzea eta berauen mailegua suspertzea.

Japoniari buruzko irakurle klub horretan bi lagun arituko dira arduradun: Ana Muñoz eta Jesús García Salguero. Ana Muñozek liburutegi horretako beste irakurle klub bat gidatzen du, eta Jesús García Salguerok, aldiz, liburutegiko komiki solasaldia.

Martxoaren 1eko bileran, Japoniari buruzko irakurle klubaren egitasmoa aurkezteaz gain, iradokizunak, norberaren inteserak eta iritziak jasoko dira. Halaber, solasaldiak hilean behin ala bi hilabetean behin eginen diren finkatuko dugu.

Irakurle klub honetan parte hartzeko plaza kopurua mugatua da. Interesik izanez gero, beraz, joan Yamagutxiko liburutegira galdetzera edota igorri posta elektroniko bat.




Duela pare bat hilabete eginiko solasaldi bateko argazkia duzu goiko hori. Haruki Murakami idazlearen liburu baten inguruan lagun batzuk bildu ginen. Haruki Murakamiren After dark eleberri arrakastatsua euskaraz ere irakurtzeko aukera duzu: Gauaren sakonean, Erein, 2009.

2010-02-10

Biba Pellot, biba festa!


Ruper Ordorikaren kanta zaharraz idatziko dudalakoan? Oker zaude, bada, irakurle hori.

Aspalditik ez dut gazteentzako liburuez blog honetan idatzi eta duela pare bat urte ateratako liburu beti buruz idaztera noa, Pellot eta Enperadorearen bahiketa liburuaz hain zuzen.

Iñaki Mendizabal Elordik idatzia, abenturazko nobela honetako protagonista Pellot lapurtarra dugu, kortsario euskalduna, Azeria. Piraten abentura klasiko baten ildoak historiaren pasarte ezagun baten ildoekin txirikordatzen da: Napoleon enperadorea Elba irlan gatibu egon zeneko garaietan Pellot-ek Napoleon askatzeko lana hartzen du, balizko sari eder baten ordainetan... Baina balizko errotak irinik ez, irakurle preziatu hori.

Gaia erakargarria da, eta oso gustura hasi nintzen irakurtzen; nobela, izatez, gustura irakurtzen den horietako bat da; Pellot-en lagunak irudikatzeko pertsonaiak arketipikoak dira, baina ziur naiz gazteek gozatuko dutela.

Halere, dudan sentsazioa da hobeki biribil zitekeela istorioa; ene irudikoz, indarra galtzen hasi zen azkeneko ataletan eta bukaeran utzi didan zaporea gozoa izan da, garraztasun puntu batekin baina; neskaren kontua ez al zen sobera prebisiblea, adibidez?

14-15 urtekoek irakurtzeko istorio gustagarria: ez dakit, irakurle, adin-tarte horretan zauden... Ez bazaude ere, irakurle estimatu hori, zergatik ez irakurri orain euskal kortsario eta piraten abentura bat?

Liburu honetaz gehiago jakin nahi izatera, alde batetik, Xabier Etxaniz Erlek duela bi urte GARAren literatur gehigarrian egindako iruzkina duzu irakurgai; bestetik, beste blogari batek egindako iruzkin kritikoa ere hementxe duzu.

Honaino heldu bazara, irakurle estimatuaz landa, maitea ere dei niezazuke, ezta?

Agur t'erdi, beraz, irakurle maitea. Astindu banderak eta hortzak estutu: erasora!

2010-02-05

Bi urte, giltzapean

Aranjuezeko espetxea “kanpotik” baizik ez dut ezagutzen. Kartzela horretan, “barruan” zegoen lagun bat ikustera joan ginen duela urte gutxi batzuk. Kanpotik, Aranjuezeko espetxeak ez du oso itxura txarra -beste batzuekin alderatuta, behintzat- berria baita, eta “moderno” xamarra da eta, gutxienez gu joan ginela, garbi zegoen harrera-lekua.

Bisitariak hartzeko gunera helduta, urdinez jantzitako funtzionario bat zegoen, kristal berezi baten atzean. Leihatilara hurbildu, eta funtzionarioak, nortasun agiriak eskatu eta gero, ea nor bisitatu behar genuen galdetu zigun, esku arteko zerrenda bati begira. Gure lagun presoaren izen-abizenak eman genizkionean, begiak zerrendatik jaso eta, bekainak goraturik, hauxe esan zigun: “Pero ese es de la ETA” Alferik hasiko gintzaizkion ETAko kide izateaz akusatuta baizik ez zegoela eta hilabete asko zeramala gure lagunak behin-behineko espetxeraldian.

Orduko hartan arazo handirik gabe egin genuen bisita kristal -nahikoa garbi- lodi bat tartean genuelarik. Bisitatik ateratzean, lehengo funtzionarioak berak nortasun agiria itzuli zigun disimulatu ezinezko erdeinuzko keinu batekin. Guk, diosal modura, gure irribarrerik zuriena eskaini genion. Irribarrea ez zigun kenduko kartzelero triste batek. Umorerik gabeko iraultza, gorringo gabeko arraultza.

Esan dezadan, bidenabarkoan, gure lagun horrek bi urte oso-osorik eman zuela giltzapean, “bigarren soldaduska” berak ironiaz dioen gisara. Epaiketara joan gabe, aske atera zen gure laguna, fiskalarekin bi urteko zigorra -ordurako beteak zituenak jada-, “adostu” eta gero. Gure laguna ez zen ETAkoa, beste asko eta asko bezala ETAko kidea izateaz akusaturik egonik ere, bere argazkia albistegi guztietan agertu bazen ere, bortizki torturatu zuten arren, eta Aranjuezeko jagoleak esandakoa gorabehera.

Lagun hori deblauki utzi zuten kale gorrian, Aranjuezeko espertxeko atarian, beste kideei agur esateko aukerarik eman gabe: “Kartzela laostia duk. Nahi zutenean hartu nindiatean eta, bi urte barruan emanda, bat-batean, a la puta calle: bertze kideei agur erraten ere ez zidatean utzi. Hori mixerablea izatea duk. Gutxienez, bazitean agur esateko aukera ematerik... ez?”. Arrengura hori du nire lagun horrek, kartzelan egon ez denak nekez uler dezakeena.

Pernando Barrena Arzak ere beste bi urte eman ditu giltzapean eta Aranjuezeko kartzelatik atera berri da lerrook idazterakoan. Duela bi urte, Santa Ageda bezperan, Pernando eraman zuten polizia nazionalek Garzón epailearen aginduz. Orain, ez dakit agur esateko aukerarik eman dioten Pernandori beste kideak agurtzeko. Aranjuezeko espetzean baino lehen, Duesokoan egon da, eta lehenago, Leongoan: dispertsioaren lilura, beraz, pairatu du berak baita bere familiak ere. Dirutza baten bermepean uzti dute behin-behineko askatasunean, baldintza gogor batzuk jarrita ere:“bilera, manifestazio, jendaurreko ekitaldi, koalizio edo alderdi politikotan” parte hartzea debekatuta. Ez dakit legezkoa den, baina argi dago ez dela zilegia. Alabaina, jadanik inozo batek baino ezin lezake espero ezer onik Espainiako Justiziatik.

Debekatu diote politikan jardutea badakitelako Pernando Barrena irmo eta sendo engaiaturik dagoela benetako aldaketa ekar dezakeen prozesu politiko demokratikoaren alde, badakitelako ez duela sekula amore emanen eta, finean, mugimendu independentistaren beldur direlako. Zorionez, alkohola edatea debekatu ez diotenez, eskailerapean gorderik dudan botila bat Bushmills whisky irlandarra emango diot.

Bederatzi urteko alabak galdetu dit ea Santa Ageda eta Inauterien kalejiran parte hartzea debekatu dioten. Absurdoaren erresuman bizi garenez, ez da galdera txarra. Nolanahi den ere, aurtengo Santa Ageda bezpera berezi-berezia izan da Berriozarren:

Santa Ageda bezpera dugu

Euskal Herriko eguna

zeren gurekin berriro dugu

gure Pernando Barrena.

Santa Ageda bezpera, Nafarroan, tximinia garbitzeko eguna omen zen antzinean eta tximinia orotan burdinazko kate kakodun bat izaten da, laratza. Nafarroa Beherean gertaera on bat ospatzeko laratzari koska bat egiten omen zitzaion: Pernando kalea dela-eta, koska bat eginen diogu gure gogoaren laratzari. Ongi etorri, Pernando, eta besarkada bero bana senide guztiei.

Dagokionari: duela bi hilabete Pernando Barrenari igorri nion postala berehala itzultzeko eskatzen dut. Honezkero, bi hilabete igaro dira eta uste dut denbora izan dutela euskarazko nire mezua itzultzeko. Era beran, dagokionari jakinarazi nahi diot postalean agertzen zen euskarazko hitz bakarrak, “goraintziak” hitzak, gaztelaniaz recuerdos esan nahi duela. Epaile txit agurgarri baten ahotik dakit Espainiako Justiziak ez duela piperrik ulertzen euskaraz, “no entiende ni papa” alegia, baina uste dut bi hilabeteko epea nahikoa dela hitz bakar hori Cervantesen hizkuntzan emateko.

Eskatutakoa kontuan hartuko ez duelakoan,